Euskal Ehiztariak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Euskal ehiztariak» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search

Euskal Ehiztariak zenbait armadak sortutako infanteria arineko taldeak izan ziren.

Frantziako chasseurs basques[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako Iraultzan, ehiztari taldeak sortu ziren Pirinioetako mugak defendatzeko. Ipar Euskal Herriko zenbait lagunek beren baitatik hartu zituzten armak eta, 1792ko azaroan, Biltzar Nazionalaren ordezkariek lau konpainiatan batu zituzten; Chasseurs Basques (euskaraz: “Euskal ehiztariak”) izena hartu zuten. 1793ko maiatzaren 7rako, 10 konpainia zeuden, 4 batailoitan antolatuak. Batailoi hauetako buruzagiak honako hauek ziren:

  • Lehenengo batailoia, Matenot, ezizenez Garaipenakoa, jenerala geroago.
  • Bigarren batailoia, Harizpe, jenerala geroago.
  • Hirugarren batailoia, Iriart komandantea
  • Laugarren batailoia, Bordarrampe komandantea.

Konbentzio Gerra (1793-1795) hasi zelarik, 1793 hasieran, Donibane Garazi inguruko mendixkak defendatu zituzten, Moncey kapitaina buru zutela. Orduko balentriarik handiena 1793ko ekainaren 1etik 6ra egin zuten, Château Pignon, Donibane Garazitik hurbil, defendatu zutenean, askoz soldadu gutxiago ziren arren (1:8ko proportzioan frantziar iturri batzuen arabera).[1] Azkenik, Ventura Caroren osteek garaipen pirrikoa erdietsi zuten, gizon asko galdu baitzituzten.

1794ko ekainean, hiru euskal batailoik infanteria arineko bosgarren brigada erdia sortu zuten, Moncey buru zutela. 1794ko urrian, Harizperen batailoiak, bosgarren brigada erdiko granadariekin batera, Infernuko zutoina (frantsesez: colonne infernale) sortu zuen Donibane Garazi inguruko mendiak babesteko. Aldudeko guduan esku hartu zuten.

1795ean Frantziak eta Espainiak Basileako Bakea izenpetu ondoren, euskal ehiztariak mugan kantonatu ziren. 1798ko irailerako, batailoi bakarra zegoen. 1800ean Libournera eraman zituzten, eta bigarren batailoia berriz eratu zen. 1800eko kanpainian batailoi biak bigarren lerroan egon ziren, armée des Grisons izeneko taldean, eta 1801eko apirilaren 21ean Bernara bidali zituzten. 1806an bi batailoiek infanteria arineko bosgarren erregimentua eratu zuten, Jenako garaipenean parte hartu zuena. 1808an, hirurehun euskal ehiztarik eratu zuten Joachim Muraten Espainiako Ohorezko Guardia. Batailoia Grande Armée-ren parte izan zen 1812ko Errusiako kanpainian; bertan sarraskituak izan ziren.[2]

Uruguaiko cazadores vascos[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uruguaiko Gerra Handiko Montevideoko setioan, euskal ehiztari erregimentu (edo batailoi) bat sortu zuen gobernu colorado-ak 1845eko apirilaren 8an. Uniforme urdinez eta txapel gorriz jantzirik, gudari gehienak Ipar Euskal Herriko etorkinak ziren, eta Juan Bautista Brie de Laustan izpurarra zuten koronela.

Unitateak bere estatu-nagusi, logistika, musika eta artilleria propioa zituen. 650 lagunek osaturik zegoen: granadari konpainia bat, tiratzaile konpainia bat eta zazpi infanteria konpainia. Blancos aurkariek beste euskal ehiztari erregimendu bat sortu zuten, Karlistadetan aritutako beteranoekin.[3]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Labouche, Henri, Histoire d'une demi-brigade (1792-1801) : le chef de brigade Harispe et les chasseurs basques. Pau, Ribaut, 1894, 165 orr.
  • Davin, Didier, Les chasseurs basques 1792-1801, Tradition magazine aldizkarian 211. zbk, 2005eko maiatza.
  • Folio, Gérard, La citadelle et la place de Saint-Jean-Pied-de-Port, de la Renaissance à l’Époque Contemporaine, 2005, ISBN 2-11-094732-2, 134-138. orr.
  • Chasseurs basques, Auñamendi Eusko Entziklopedia, euskomedia.org
  • Coppens, Bernard, Annuaire 1789-1815. Volontaires nationaux, 1789-1815.com

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   de Grimoard, Philippe Henri, Tableau historique de la guerre de la révolution de France. Tome II, 393-397. orrialdeak, books.google.es, https://books.google.es/books?id=w8vocj0hyK0C&printsec=frontcover&hl=es#v=onepage&q&f=false. Noiz kontsultatua: 2018-10-27  .
  2. (Gaztelaniaz) Chasseurs basques, Auñamendi Eusko Entziklopedia, euskomedia.org
  3. Irigoyen Arteche, Alberto, Enganchadores de inmigrantes, héroes de la patria y delincuentes, euskonews.com