Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Euskara eta hizkuntza erromanikoak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Hizkuntza-ukipena euskararen historian etenik gabekoa eta ohikoa izan da (ukipena beti izaten da hizkuntzen artean, beti baitago hizkuntzaren bat bestearen aldamenean). Irudika daiteke hainbat hizkuntza izan direla euskararekin ukipenean erromantzeak sortu baino lehen, baina ziurrak bi dira: hizkuntza zeltak (galiera, zeltiberiera) eta latina bera, agian baita iberiera ere.

Hizkuntza zelten ondoko garai jakin batean heldu zen latina, etorri zen Inperioarekin batera, eta haren ukipenaren arrastorik bada egungo euskaran ere. Gerora, latina euskararen lurralde batzuetan eta haren inguruan egotean, hainbat hizkera garatu ziren hartatik, “erromantzeak” esaten diegunak. Horiek dira gerora euskarekin ukipenean bizi diren hizkuntzak; harekin daukaten erlazioaren arabera hiru taldetan banatu daitezke: okzitaniar, iberiar eta galiar erromantzeak.

Euskararen historian ukipenean izan diren erromantzeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromantzeak Erdi Aroan (c. XIV. mn)

Euskara eta erromantze horien arteko ukipen egoera etengabekoa izan da, gehienetan sorreratik, gainera. Egiari zor, hizkuntza-sorrerarik zehazki ez da, baizik eta aurreko egoera baten garapena; beraz, hizkuntza erromantzeak latinak geografiaren arabera izan dituen garapen ezberdinak dira, haren zatikatzearen ondorioz garatutako lekuan lekuko aldaerak. Lekuan lekuko erromantze horietatik batzuk Euskal Herrian edo inguruko lurraldeetan sortu ziren: nafar-erromantzea,  gaskoiera eta gaztelania, besteak beste. Euskararen inguruan garaturik, ukipenean izan dira euskararekin, jakina, eta hala jarraitu dute egundaino bizirik direnek. Beste batzuk, aldiz, arrazoi historikoengatik beranduago hasi dira ukipenean, frantsesa eta okzitaniera hain zuzen.

Okzitaniar erromantzeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian duten eragin ezberdinaren arabera, hiru dira aipagarri:

Okzitaniera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berez Tolosa eta Niza arteko hizkuntza izanik, horren hiztunak —“frankoak” izenarekin ezagun direnak— Nafarroako errege-erreginek deiturik etorri ziren, ekonomiaren mesedetan (c. 1076-1380).

Gaskoiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landeetako (Akitania) hizkuntza. Lapurdin (Baionan batez ere), Nafarroa Behereko mendebaldeko muturrean eta Gipuzkoako ekialdeko muturrean (Hondarribia, Irun, Pasaia, Donostia) luzaro izan ditu hiztunak, eta bera izan da lurralde hauetako ukipen hizkuntza.

Bearnesa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bearnoko (Akitania) lurraldean garatutako erromantzea (Hourquebie & Pinque 1982, apud Coyos 2012[1][2]). Nafarroa Behereko eta Zuberoako ukipen hizkuntza, ofiziala izan baitzen Nafarroako Erresuman.

Katalana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararen mugak oraingoenetik urrunago zirenean, katalanak ukipen hizkuntza behar zuen, horren berri ematen baitute bere egungo lurraldeko toponimo zenbaitek; Pirinioetako toponimiak (Coromines 1960[3]) zehazki.

Iberiar erromantzeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dudarik gabe, Erdi Aroan Penintsulako iparraldea dialekto continuum erraldoia zen (Penny ap. Echenique 2014[4]), hau da, mintzo txikiz osatutako dialekto mapa oso zatikatu bat osatzen zuen (euskara batuaren aurreko Euskal Herriaren antzera, adibidez); honegatik, orduko hizkuntza erromantzeen mugak zehaztea zaila da. Dena dela, hauek dira ezinbestean aipatu behar direnak:

Nafar erromantzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gune erromantzatuetan (Nafarroako hegoaldean batez ere) eta gorte giroan agertu zen (González Ollé 1970a-b[5][6]). Denborarekin Nafarroako erresumaren hizkuntza ofizial bihurtu zen latinaren kaltean, baina ez zuen ia literaturarik sortzeko aukerarik izan. Euskararen lekua hartzen hasi zen, baina bitartean gaztelaniak ordezkatu zuen, XV. mendearen amaieran kokatu baita haren heriotza (González Ollé 1970b[5]).

Aragoiera eta Errioxako erromantzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafar-erromantzearen ekialdera aragoiera jaio zen, eta mendebaldera Errioxako erromantzea. Zaila da esaten non hasten zen bata eta non bukatzen bestea (gorago aipatu dialekto continuumean kokatzen baitira), hirurek elkarrekin antz handia baitzuten hainbat ezaugarritan. Denborarekin gaztelaniaren presioaren azpian edo desagertu edo Euskal Herriaren mugetatik urrunago baino ez dira mintzatuko.

Gaztelania[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztelako konderrian (gutxi gorabehera, gaurko Kantabria, Burgos, Bizkaia eta Araba probintzietan) garatu bide zen eta Errekonkistarekin batera gainerako erromantzeen kaltetan zabaldu zen erromantzea da; era batean non Hegoaldeko euskal lurraldetan ukipenean dagoen erromantze bakarra bihurtu den, sarreran izendatu gainerakoak zokoraturik.

Galiar erromantzeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantsesa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako goi-erdialdean garatutako erromantzea (Oïl hizkuntzak). Erresumaren hizkuntza nazional bihurtu zen, XVIII. mendetik aurrera Europako kultur hizkuntza handienetako bat ere bada eta, horrek suposatzen duen guztiagatik, apurka-apurka Frantziako estatuaren lurralde osoa hartuz joan da administrazioaren, eskolaren, eta abarren bitartez, euskarekin ukipenean izatera heldu arte.

Euskara eta erromantzeak garairik garai[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararen historiaren garai bakoitzean jokoan sartzen ziren erromantzeak eta haiekin lotutako gertakariak doaz jarraian (Gorrochategui et al. 2018[7]):

Erdi Aroko Euskara (V-XV)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromako Inperioaren gainbehera eta desagertzearen ondoren (V. mendetik goiti) hasi ziren erromantzeak definitzen zituzten ezaugarriak agertzen.

Garai honetan euskararen mugak nahiko ezezagunak dira, baina Pirinioetan euskara egon bide zela onartua da bertan gorde toponimiagatik (Coromines 1960[3], Turull 2011[8] & Lacasta 1994[9]). Garai honetan behar du katalanaren ukipen egoerak.

Hainbat euskal herritan (Lizarra, Rocaforte, Iruñea, Gares, Zangoza) burgoak eraiki zituzten Okzitaniatik etorritako franko deituek (§ 1.1.1.); hau da, isolaturik bizi ziren, pribilegio bereziekin. Hizkuntza gorde ez ezik, idatziz ere erabili zuten (Mounole & Lakarra 2018: 369[7]).

Bestalde, Ipar euskal herriekin mugakide diren Landeetan eta Bearnon mintzatuak dira gaskoiera eta bearnesa, hurrenez hurren. Halaber, XIV. mendetik biak idazki ofizialetan erabili ziren, gaskoiera Lapurdin eta bearnesa Nafarroa Beherean (Mounole eta Lakarra 2018: 370[7]).

Hegoaldean, XIII. mendean dagoeneko gaztelania da administrazioaren hizkuntza ofiziala.

Euskara Arkaikoa (XV-XVII)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVI. mendetik irakaskuntza-sare garrantzitsu bat eratu da Hegoaldean, ikasteko baliabideak zeuzkatenentzat; elitea eratzen ari den Espainiako inperioaren itzalpean (administrazioan, ejertzitoan, komertzioan, Elizan) bizimodua lortzeko ezinbestekoa dute eskolatzeaz gainera gaztelaniaz ikastea.

Bearnesa Nafarroako erreinu txikituaren (Nafarroa Beherean) hizkuntza ofiziala izan zen XVII. mendearen hasiera arte, Henrike III.a Nafarroakoak, Nafarroa eta Frantzia beregan batu arte (1620ra arte). Frantsesa botere eta kultur hizkuntza da, baina haren indarra ez da oraindik hainbeste igartzen: ahozko elebitasuna gaskoieraz eta bearnesez gertatzen da, eta maila jasoan latinarekin (Mounole & Lakarra 2018: 369-370[7]).

Erromantzeak Aro Garaikidean

Euskara Zaharra (1600-1745)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal testuetan frantsesaren eragin betea XVII.aren azken aldean sumatu da lehenengoz. Halere, honexek gaskoiera-bearnesak ordezkatuko ditu Lapurdin  hizkuntza ofizial gisa, eta Zuberoan Villers-Cotterêt-eko ordenantzaren ondoren (1539), eta Nafarroa Beherean Batasun Ediktuaren ondotik (1588) (Mounole & Gómez 2018[7]). Etxagibelek (2015[10]) erakutsi du eliz-agiri gehienak ere frantsesez daudela lapurtera klasikoaren garaian, XVII. mendearen hasieran. Bearnesa eremu ofizialetik desagertzen hasten da garai honetan.

Gaztelera da Hegoaldean jakitate, kultura eta botere hizkuntza aspaldidanik, eta Espainiako Erresumaren hizkuntza nazional eta estandarra bilakatuko da.

Lehen Euskara Modernoa (1745-1876)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendean, gaskoiera hiltzear da Gipuzkoan. Gaztelaniak eta frantsesak oraindik ez diote latinari elizan duen lekua kendu. Halere, “[e]uskara eurekin ukipen estuan dago gero eta leku gehiagotan, egoera komunikatibo gehiagotan eta gizarte maila gehiagotan”, eta euren eragina etengabe pairatzen zuen, ahoz zein idatziz, era batean non euskaltzale eta euskalarien jarduneko hizkuntza gaztelera izango den Hegoaldean (Urgell 2018: 637[7]).

Bigarren Euskara Modernoa (1876-1968)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantsesak aurrera egiten jarraitzen zuen, gaskoi eta bearnesaren kaltetan; halako moldez non mendearen erdialdean nagusiek hizkuntza horiek jakitea ohikoa zen, baina mende amaierako jadanik ez zen arrunta ezta zaharrek jakitea ere.

Atzerakada ulertzeko argigarriak dira Caminoren hitzak:

“Alderdi geografikoetan erakutsi dugun erdararatzearen oinarrian hizkuntza erromanikoek eta euskarak aspalditik zeukaten elkarrekiko ukipena dagoela ezin uka badaiteke ere, euskal mintzairaren galbidearen sakonean politika eta gizarte arrazoiak daude: non eta ez zuten gaztelania edo frantsesa ikasten, goranahi ziren euskaldunek ezin goiti jo zuten gizartean. Frantzia eta Espainia estatuetako hizkuntza handi horietan behar bezala moldatzea, hizkuntza horiek ongi ikastea eta baliatzea gauza beharra zen gizartean nor izateko, lanbide egoki edo erosoa eskuratzeko” (2018: 674[7]).

Euskara Garaikidea (1968tik aurrera)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara batuaren garaian hizkuntza nazionalen aldaera estandarrek ukipen fenomenoak sinpletu dituzte. Hegoaldean gaztelania ukipen hizkuntza nagusi eta bakarra da, Somorrostro ibarretik Erronkaribarrera. Iparraldean, bearnesa eta gaskoia ez dira gauza egun ukipen-hizkuntza sendo izateko: frantsesaren nagusitasuna nabarmena da, aurreko mendeek iragartzen zuten eran.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Hourquebie, F. & M. Pinque (1982) Phonologie synchronique et phonétique historique du parler d’Escos (Béarn) Université René Descartes.
  2. Coyos, Jean Baptiste (PDF).
  3. a b Coromines, Joan (1960) La toponymie hispanique et la survivance du basque jusqu’au bas moyen âge (Phénomènes de Bilinguisme dans les Pyrénées Centrales): In VI. Internationaler Kongress für Nameforschung. München, 24-28 August 1958. Kongressberichte. Vol. I. Bayerischen Akademie der Wissenschaften 105-146. or..
  4. Máster en Estudios Medievales Hispánicos UAM (2014-10-23) Conferencia de María Teresa Echenique . Noiz kontsultatua: 2018-06-13.
  5. a b González Olle, F (1970) «Vascuence y romance en la historia lingüística de Navarra» BRAE (50).
  6. «El romance navarro» Revista de Filología Española 1 (53).
  7. a b c d e f g Gorrochategui, J., I. Igartua & J.A. Lakarra (2018) Euskararen historia Eusko Jaurlaritza.
  8. Turull, A. (2011) «Una caracterización de la toponimia pirenaica catalana» IKER (Bilbo) 26.
  9. Lacasta, G. (1994) «El euskera en el Alto Aragón» Cuadernos de Sección. Hizkuntza eta Literatura (12).
  10. Etxagibel, J. (2015), "Hizkuntz irizpideez XVII. mendeko Lapurdiko Eliz-agirietan, eta haietan bildutako zenbait zertzelada garaiko autoreen gainean", Monumenta Linguae Vasconum. II. Jardunaldiak, Vitoria-Gasteiz, 2015/05/13. Argitaragabea.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]