Edukira joan

Euskotar (hitza)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskotar hitza aranismo bat da, Euskadiko herritarrak edo Euskadiri dagokiona izendatzen duena, euskalduna izan ala ez, baina beti ere euskal arraza edo euskal abertzaletasunarekin erlazionatuta. Hitz elkartuetan, euskotar ordez, lehen osagai gisa eusko erabiltzen da.

Wilhelm von Humboldtek 1821.ean iradoki zuen euskaldun, Euskalerria eta euskara edo eskuararen erroa eusk edo esk zela. Hortik alemanez proposatu zuen euskal herriaren antzineko izena eusken edo esken zela, eta izen hau agian vasken eta vasconen jatorria dela[1][2]. Duvoisinek ere uasc eta eusc erroen arteko erlazioa ikusi zuen[3].

Sabin Aranak eusko hitza asmatu zuen 1886ean, aitortuz eusko zela uasko edo vaskoren jatorria[4]. Hamaika urte beranduago, euzko grafia proposatu zuen zazpi euskal herrialdeetako edozein izendatzeko, hau da, lurra esanahiarekin. Hortik euzkotar eratorri zuen euskal arraza edo abendakoa adierazteko. Gero euzko eta euzkotar sinonimo bihurtu zituen.

« Era Euzko toda la raza vaska, y por tanto, euzko era cada tribu o porción suya, euzko cada familia de esta tribu, euzko cada individuo de esta familia. »
Arana ta Goiri'taŕ Sabin

Aranak euzkotar eta euzko hitzak sortu zituen euskaldun hitzarekin ez nahasteko, eta euskararen ordez, arraza du oinarri:

« Euren sengijak euzkeldunak dira, euzko-odolaren tantae bat bez euren zanetan euki barik. »
« Aberrijaren bijotzarentzat Euzkerea eztakijan euzkotarr bakotxa da arantza bat; aberrtzalia eztan euzkeldun euzkotarr bakotxa da arantza bi. »
Arana ta Goiri'taŕ Sabin

Hala ere, Sabino Aranaren arabera, euzko hitza euzkeratik atera zuen (euzko-era). Euzko eta Euzkadi hitzak estuki loturik daude etimologikoki.

Denborarekin, euzkotar/euskotar hitzak jeltzale edo euskal abertzale esanahia hartu zuen.

Euzkotar hitza, eta batez ere euzko osagaia, 1900-1936. urteen artean zabaldu ziren euskaraz. 1919. urtean Euskaltzaindiak euskotar eta eusko grafiak hobetsi bazituen ere, jeltzale batzuk oraindik euzkotar eta euzko erabiltzen jarraitu zuten. Dena den, gaur egun hitz hauek oso erabilera mugatua dute euskaraz: XX. mendeko erakunde eta agerkari batzuen izenetan eta, batez ere, Eusko Jaurlaritza edo Euzko Alderdi Jeltzalearekin loturik agertzen dira (Euskotren, Eusko label, Eusko Alkartasuna). Euzkotar edo euzkozale bezalako hitzak euskalduna ez den abertzalea izendatzeko erabili izan dira[5].

Izen historiko batzuk beren sortze datarekin

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Eusko osagaiaren erabilera erakunde eta agerkari berrien izenetan

Euskal Moneta

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eusko osagaia eta eusko izeneko tokiko dirua homonimoak dira. Euskal Monetak 2013. urtean euroaren osagarri sorturiko tokiko diruak izen berdina badu ere, ezin dugu ziurtatu euskotar hitzarekin zerikusia duen ala ez.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Wilhem Von Humboldt. «Prüfung der Untersuchungen über die Urbewohner Hispaniens vermittelst der vaskischen Sprache». Berlin, 1821, 54-55 or.
  2. Wilhem Von Humboldt. «Los primitivos habitantes de España. Investigaciones con el auxilio de la lengua Vasca». Madrid, 1879, 69 or.
  3. Miguel de Unamuno. «¿Vasco o Basco?» Revista de Vizcaya, 1886.
  4. Sabino Arana. «Etimologías Sueltas ¿Basco o Vasco?» Revista de Vizcaya, 1886.
  5. Aizpuru Joaristi, Alaitz. (2012). «Txillardegi, euskara eta marxismoa» Hegats: literatur aldizkaria (49): 113-136..

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskara

Kanpo-estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]