Edukira joan

Fonema

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Fonema (antzinako grezieraz: φώνημα, [fónēma], giza ahotsa, ahotsaren soinua) hizkuntza batek dituen soinuen adierazpena da, fonologian eta hizkuntzalaritza. Hizkuntza jakin batean hitz bi bereiz ditzakeen soinu unitatea da. Hori da, hots bokaliko edo kontsonantiko baten artikulazio minimoa da. Fonemak, adierazpen mailako unitateak izanik ere, ez dira izaki fisikoak, hizketaren soinuak diren bezala; hiztunen gogoan dauden irudi akustikoak dira. Fonema hizkuntzaren esparruko adigai bat da; soinua edo hotsa, aldiz, hizketaren osagai fisikoa. Horrela, fonema bat da hizkuntza baten hotsen berri ematen duen sistema fonologiko baterako postulatutako segmentu unitate bakoitza.

Fonema bat zer den edo zer ez den erabakitzeko irizpideen artean, funtzio bereizgarri bat izatea eskatzen da: definizio hedatuenaren arabera, hizkuntza batean hitzak bereizteko aukera ematen duten hizketa hotsak dira fonemak.[1] Horrela, [g] eta [k] hotsak euskarazko fonemak dira, /e-g-i-n/ eta /e-k-i-n/ bezalako hitzek esanahi desberdina dutelako eta haien ahoskera bi soinu horien arabera bakarrik aldatzen edo bereizten delako. Nolanahi den ere, definizio horri bestelako korapilo edo, gutxienik, tolesdurak ikusten dizkiote adituek, fonemaren definizioa gorabeheratsua izan baita hizkuntzalaritzaren historian zehar.[2]

Fonemak bi kategoria handitan banatzen dira: fonema bokalikoak, bokal hotsei dagozkienak; eta fonema kontsonantikoak, kontsonante hotsei dagozkienak. Fonemak idatziz adierazteko erabiltzen diren ikurrak Nazioarteko Alfabeto Fonetikotik (NAF edo IPA, International Phonetic Alphabet) hartzen dira; barra etzan edo zehar marren artean (/ /) adierazi behar dira.

Egiturari dagokionez, fonema hizkuntzari dagokio; soinua, berriz, hizketari. Adibidez, «zikin» hitzak bost fonema ditu (/s./, /i/, /k/, /i/, /n/). Hitz horri berari dagozkio hizketan, egintza konkretuan, bost soinu edo hots, fonologiak alofono (antzinako grezieraz: ἄλλος + φωνήallos-, beste; -foné, soinua, ahotsa) deituko dituenak, eta aldatu egin daitezkeenak hitza esaten duen hiztunaren arabera. Fonema eta alofono kontzeptuen funtsezko bereizketa da lehenengoa aztarna psikiko bat dela, eredu bat, hizketan benetan egiten den bigarrenaren neutralizazioarena. Alofonoak dira hizkuntza jakin batean fonema jakin gisa ezagutzen diren fono edo soinuetako bakoitza, haien arteko aldakuntzek balio bereizgarririk izan gabe; alofono bakoitza forma akustiko jakin bati dagokio, baina hizkuntza jakin baten arauetan balio berekotzat hartzen dira, hau da, fonema bakartzat.[3]

Fonema bat zenbait tasun bereizgarritan bana daiteke kontzeptualki, nahiz benetako hizketan aldi berean gertatzen diren ezaugarri bereizgarri guztiak. Ezaugarri edo tasun horiek izan daitezke, zenbait marko teorikoren arabera, fonologiako unitate minimoak.

Terminoaren jatorria eta garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antoni Dufriche-Desgenettes frantses saltzaile, poeta eta fonetistak erabili zuen lehenengoz «phonème» hitza, 1873an, alemanezko «Sprachlaut» frantsesez emateko, «son du langage» itzulpen zuzen eta hitzez hitzekoa aski mugatua zela iritzita.[4] 1874an, Louis Havet frantses latinistak erabili zuen, 1878an, Ferdinand de Saussure estrukturalismoaren sortzaileak jaso zuen arte, Mémoire sur le système primitif des voyelles dans les langues indo-européennes lanean.[5]

Gaur egun fonema kontzeptuak duen esanahi bertsuaz Jan Baudouin de Courtenay poloniar hizkuntzalariak erabili zuen lehenengoz, 1881ean, eslaviar hizkuntzei buruzko lan batean.[6] Hotsaren alderdi morfologikoa eta «antropofonikoa» bereizteko erabili zuen, hau da, hitzak eratzeko hotsak duen zeregina (morfologikoa) bereizteko hotsen izatasun fisiko eta fisiologikotik (gizakiaren hizkuntza ekoizpen, «antropofonikoa»).

Adituen iritziz, hitza bera Ferdinand de Saussure suitzar hizkuntzalariari hartu zion, dirudienez Mikołaj Kruszewski errusiar hizkuntzalariaren aholkuari jarraituta.[7]

Hurrengo urteetan terminoari esanahi gehigarriak erantsi bazitzaizkion ere,[8] funtsean Baudouin de Courtenayren kategoria kontzeptualak erabili zituen Nikolai Trubetskoi errusiar hizkuntzalariak, fonologiaren oinarriak aldarrikatu zituenean fonetisten aurrean, Jörgen Forchhammer fonetista alemanari 1932an bidalitako gutun batean;[9] ia hitzez hitz, Lautidee («hots ideia»), Lautvorstellung («hots irudikapena») eta Lautabsicht («hots asmoa») aipatu zituen.

Estrukturalismoak fonemaren balio bereizlea nabarmendu zuenez, fonemen tasun edo ezaugarri bereizleetan sakondu zuen, azterketa fonetikoak bizi zuen garai nahasian abstrakzio batera igaro nahirik.[10] Bide horretan nabarmendu ziren, besteak beste, Ferdinad de Saussure bera, Edward Sapir eta Leonard Bloomfield.

Geroago, terminoa hizkuntzalaritza generatiboan erabili eta birdefinitu zen, bereziki Noam Chomsky eta Morris Halle amerikar hizkuntzalarien eskutik, eta gaur egungo fonologiaren garapenean ideia askoren gune izaten jarraitzen du. Nolanahi den ere, kontzeptu teoriko edo eredu gisa beste kontzeptu batzuez osatu da edo, besterik gabe, ordezkatu egin da fonologia garaikidean.[11]

Roman Jakobson, Morris Hall eta beste hizkuntzalari batzuek proposatu izan zuten tasun bereizgarriek osatzen dituztela fonemak; hala balitz, tasun horiek lirateke hizkuntzaren benetako osagai minimoak.[12] Tasunak era askotara deskriba daitezke: Roman Jakobsonek eta haren jarraitzaileek termino akustikoetan definitzen zituzten bitartean, Chomskyk eta Hallek oinarri artikulatorioa erabili zuten nagusiki, nahiz eta ezaugarri akustiko batzuk mantendu zituzten,[13] eta Peter Ladefogeden sistema artikulatorio hutsa izan zen.[14]

Fonema terminoarekiko analogiaz, hizkuntzalariek azpiko beste objektu mota batzuk proposatu izan dituzte, -ema atzizkiarekin eratutako izenen bitartez, hala nola morfema eta grafema. Halakoei, batzuetan, «unitate emiko» esaten zaie. Azken termino hori Kenneth Pikek erabili zuen lehen aldiz, emic-etic (hortik fonemiko eta fonetiko) kontzeptua orokortu aurretik, hizkuntzalaritzaz kanpoko jakintza gaietan.[15]

Fonemak ez dira entitate fisikoa duten soinuak, baizik abstrakzio mentalak edo hizketaren hotsen abstrakzio formalak. Alde horretatik begiratuta, fonema bat soinuen —teknikoki fonobaliokidetasun klase batek irudika dezake, eta hiztunek soinu jakin batekin lotzen dute, hizketaren ekoizpenean edo pertzepzioan. Esate baterako, euskaraz ez dira berdin ahoskatzen «baba» hitzaren /b/ biak, oharkabean bada ere. Lehenengoa herskari bat da; bigarrena, aldiz, hots jarraitu bat dela esan daiteke, igurzkaritzat hartu ohi dena, baina benetan ia hurbilkari bat dena euskaraz. Aditu batzuen iritziz, «baba» hitza /b/ eta /a/ fonemek osatu arren, transkripzio fonetiko zuzena [baßa] litzateke.[16] Halatsu gertatzen da beste soinu alofoniko batzuekin: «esne» [eźne] eta «oso» [ośo] hitzen /s/ txistukaria ez da berdin ahoskatzen, lehenengoa ahostuna baita, eta bigarrena —txistukari gehien-gehienak bezala— ahoskabea.[17]

Fonoa eta fonema

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soinu edo fono bat ezaugarri fonetiko eta ebakerazko batzuen bidez definitzen da. Ezaugarri horien kopurua eta identifikazioa fonetikaren zeregina da. Fonema baten gauzatze akustiko posibleetako edozein da fono bat.[18]

Fonologiak, berriz, ez du zertan termino akustikoetan argi defini daitezkeen izakiak aztertu. Errealitate mental edo abstraktu gisa, fonema batek ez ditu izan behar zehaztutako ezaugarri fonetiko guztiak. Adibidez, zenbait hizkuntzatan hasperenketa garrantzitsua da pare minimoak bereizteko. Txinera mandarineraz edo koreeraz, esate baterako, fonema batek aurrez zehaztua du hasperen ezaugarria. Euskaraz, [h] hasperenduna fonema bat da ipar-ekialdeko euskalkietan edo hizkeretan, esate baterako [har] (animalia) eta [ar] (bi sexuetako bat) bereizten baititu;[19] gainerako euskalki edo hizkeretan, aldiz, hots hori beti mutu denez ez da fonema, ez baitu hitz bereizketarik sortzen.

Fonema kopurua mugatua da hizkuntza bakoitzean, eta defini daitezkeen alofono kopurua, bereziki ezaugarri fonetiko oso sotilak zehazten baditugu, potentzialki mugagabea da, eta hiztunen testuinguru fonetikoaren edo ebakera indibidualaren arabera alda daiteke; fonetika esperimentala deritzona erabiliko da hura aztertzeko. Fonema kopurua ez da nahitaez finkoa hizkuntza jakin baten sistema fonologikoan, hizketa edo dialekto bakoitzean aldagarri izan baitaiteke. Hala gertatzen da, adibidez, gaur egungo euskaraz /h/ fonemarekin, halakoa baita ipar-ekialdeko euskalkietan, baina ez gainerako euskalki eta hizkeretan.[20]

Esan dezakegu, beraz, fonema unitate fonologiko bereizlea dela, linealki zatiezina eta abstraktua:

  • bereizlea: fonema bakoitza, sistemaren barruan, besteetatik bereizten diren tasunen bidez zedarritzen delako eta, gainera, asmo adierazgarri berezi baten eramailea delako. Adibidez, /g-a-i/ eta /k-a-i/ hitzak adieraz bereizten dira /g/ fonemaren ahostun tasuna /k/ fonemaren ahoskabe tasunaren aurkakoa delako.
  • zatiezina: ezin da unitate txikiagotan banatu. Aldiz, silaba edo talde fonikoa zatitu daiteke. Fonemaren azterketa xehe batek agerian uzten du elementu fonikoen sorta batek osatzen duela fonema, tasun bereizleak, hain zuzen,[21] eta tasun horien konbinazioak osatzen duela fonemen inbentarioa hizkuntza jakin batean. Tasun bereizleen inbentarioa ere mugatua da, eta hizkuntzaren hirugarren artikulazio moduko bat osatzen du.
  • abstraktua: fonemak ez dira soinuak, hizkuntzaren hots eredu edo mota idealak baizik. Ahoskera ulertu eta aztertzeko garaian, gogoan izan behar da hitzak osatzen dituzten hotsak ez direla soilik bereizgarri izaten, baizik, horrekin batera, gainera, ebakigarri, konbinagai eta hautemangai izan behar direla.[22]

Labur esanda, fonemak dira hizkuntza batek dituen soinu guztien adierazpena. Fonemak dira hitz egitean erabiltzen diren soinuen abstrakzio mental edo formalak.

Jakina, ez dira nahasi behar fonema eta grafema. Fonemak, espresio mailako unitateak izanik ere, ez dira entzuten, ezta ikusten ere: hiztunek dituzten irudi edo eredu akustikoak dira. Grafemak, berriz, ahozko hizketaren soinuen adierazpen idatzi bat dira, guztiz konbentzionalak: batzuetan, asko hurbil daitezke fonemara, berdinak izateraino. Hala, /a/ fonema izango litzateke eta ‹a› grafema, fonemak islatzen duen soinuaren irudikapen grafikoa.

Fonemaren definizio formala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fonoa eta fonema bereizten direnez, badago fonema bat ezaugarri fonetikoen zehaztapen osagabe gisa ulertzeko beste modu bat. Izatez, fonemak fono multzo gisa duen erlazioaren baliokidea da erlazio hori: fonema bat izango litzateke bere baliokidetasun klasea osatzen duten fono guztien elkarrekiko tasun edo ezaugarri fonetikoen multzoa.

Formalki, fonema bat baldin bada, fono anitzetan ebaki daitekeena , orduan alofono guztion pertenentzia harreman bat definitu genezake fonemarekiko, funtzioa definitzen badugu, fono edo fonema bakoitzari beharrezko tasun bereizgarriak esleitzen baitizkio. Alofono bat fonema baten ebaketa posible bat da, baldin eta fonemari esleitutako baliokidetasun klasearen barruan badago, hau da, tasun mailan honela definituta:

Alderantziz, fonema beraren alofonoetatik abiatuta, fonema definitzeko tasun bereizgarrien multzoa definitu daiteke:

Aurreko ideiak aplika ditzakegu euskararen /b, d, g/ fonema trabariak aztertzeko. Jakina denez, kontsonante trabarien artean ebaketa herskaria da arruntena,[21] baina ebaketa hurbilkaria ere egiten denez zenbait testuingurutan,[23] honela idatz dezakegu:

Horrela, tasun fonetiko bereizgarrien multzoa aztertzen badugu, hala nola [+trabari], [+herskari], [+hurbilkari], [+ezpainkari], [+hobikari], [+belarkari], [-igurzkari], [+ahostun]... honela gertatzen da:

fonema tasuna erlazioa

Sistema fonologikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezaugarri fonetikoen multzo bat finkaturik, hizkuntzaren soinuak defini daitezke, teorian ez dago mugarik tasunek ezar dezaketen bereizgarritasunaren xehetasunaz; soinuen zerrenda nahi bezain handia izan daiteke, tasun gehiago eta gehiago aintzat hartzen badira. Fonema kopurua, ordea, sistema finitu bat da, soinu asko baliokideak izango baitira fonologiaren ikuspegitik. Sistema fonologikoa pare bat da, non fonema abstraktuen inbentario bat baita, multzo osoaren ezaugarri gutxi batzuek definitua (hizkuntza naturaletan, oro har, 10 eta 30 fonema artean egoten dira, nahiz eta 100 fonema inguru dituzten hizkuntzak deskribatu diren), eta fonemen agerpen testuinguru erlatiboaren arabera tasun fonetikoak erabat definitzen dituen arau multzo bat baita. Hala, arau multzoa fonemen sekuentzia onargarrien multzoaren aplikazio gisa pentsa daiteke soinu sekuentzia onargarrien multzoan:

non baitira fonemen sekuentzia finituen multzoa eta soinu edo alofonoen sekuentzia finituen multzoa.

Nazioarteko Alfabeto Fonetikoa

Fonemen sailkapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fonemak bi kategoria handitan banatzen dira: fonema bokalikoak, bokal hotsei dagozkienak; eta fonema kontsonantikoak, kontsonante hotsei dagozkienak.

Fonema bokalikoak irekidura mailaren arabera katalogatu daitezke. Fonema kontsonantikoak, berriz, artikulazio puntuaren (ezpainak, hortzak, hortz hobiak, aho sabaia...) eta artikulazio moduaren (leherkari, igurzkari, afrikatu, sudurkari, dardarkari...) arabera sailkatzen dira. Horrez gain, fonema kontsonantikoak ahostunak —ahots korden bibrazioak sortzen du hotsa— edo ahoskabeak —soinua sortzeko ahots korden bibraziorik ez dago— izan daitezke. Adibidez, /p/ eta /b/ fonemek artikulazio puntu eta modu berberekoak izan arren, /p/ ahoskabea da eta /b/ ahostuna.

Nola adierazi

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fonemak adierazteko erabiltzen diren ikurrak sarritan Nazioarteko Alfabeto Fonetikotik (NAF edo IPA, International Phonetic Alphabet) hartzen dira. Hala ere, zenbait hizkuntzek ohiko ikurrak erabiltzen dituzte fonemak irudikatzeko. Oro har, idazkera sisteman printzipio fonetikoa —«ahoskatzen den bezala idatzi»— erabiltzen duten hizkuntzek, ohiko letrak erabiltzen dituzte fonemak adierazteko.

Nazioarteko konbentzio baten arabera, fonemak barra etzan edo zehar marren artean (/ /) adierazi behar dira. Soinu edo hotsak parentesi karratuen artean ([ ]) adierazten dira. Fonemak adierazteko modu hori Pragako zirkulu linguistikoko hizkuntzalariek ezarri zuten XX. mendean.[24]

Fonema kopuruak hizkuntzatan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza hizketaren organoek sor ditzaketen soinu ugarietatik, hizkuntza guztiek azpimultzo txiki bat soilik erabiltzen dute. Gainera, alofonia kontuan izanda, fonema desberdinen kopurua, oro har, soinu identifikagarrien kopurua baino txikiagoa da hizkuntza bakoitzean. Sistema fonologikoaren fonema kopurua aldagarria da hizkuntza batetik bestera. Hizkuntzen inbentario fonemikoari dagokionez, fonema gutxienekoak dira Bougainville uharteko rotokas hizkuntza eta piraha hizkuntza (11 fonema) eta gehienak koisan multzoko kung hizkuntzak (141 fonema).[25]

Fonemikoki ezberdinak diren bokalen kopurua urria izan daiteke, hizkuntza batzuetan bi besterik ez dira; esate baterako, Kaukasoko ipar-mendebaldeko hizkuntzetako ubijé eta Australiako arrente hizkuntzetan. Beste muturrean, bantu multzoko ngwe hizkuntzak 14 bokal ditu, eta horietako 12 luzeak edo laburrak izan daitezke. 26 bokal ahozkoak dira, gehi sei bokal sudurkari, luze eta laburrak, guztira 38 bokal. ǃxóõ hizkuntzak 31 bokal ditu, luzera aldagarriak kontuan hartu gabe. Fonema kontsonantikoei dagokienez, Kolonbiako eta Venezuelako puinave hizkuntzak eta Ginea Berriko tauade hizkuntzak 7 baino ez dituzte, eta rotokas hizkuntzak 6. Gehieneko muturrean, !xóõ hizkuntzak 77 inguru ditu[26] eta ubykh hizkuntzak 81. Ingelesak 13-21 ahots fonemaren multzo handi samarra erabiltzen du, diptongoak barne, nahiz eta bere 22-26 kontsonanteak batez bestekotik gertu dauden.

Hizkuntza batzuek, frantsesak besteak beste, ez dute tonurik ez eta azentu fonemikorik ere; kantonerak eta kra-dai hizkuntza batzuek, aldiz, bederatzi tonu dituzte, eta Niger-Kongo hizkuntzen artean bada 14 dituenik,[27] aditu batzuek hori eztabaidatzen duten arren.[28]

Sistema bokaliko oinarrizkoena bost bokalekoa da /i/, /e/, /a/, /o/, /u/. Hizkuntza guztiak kontuan harturik, kontsonante arruntenak /m/, /k/, /p/, /t/, /n/ dira.[29] Hizkuntzatan ez daude kontsonante horiek, baina gertatzen da batzuetan: adibidez, arabierak ez du /p/, hawaiiera estandarrak ez du /t/, mohawk eta tlingitek ez dute /p/ eta /m/, hupak ez du /p/ eta /k/ soilik, hizkera samoar arruntak ez du /t/ eta /n/.

Euskararen fonemak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bokalak ahoskatzeko, biriketatik datorren aire etorriak ahots kordetan dardara eragiten du, bidean aireari oztoporik jarri gabe. Bokal desberdinak eratzeko, ahots bidearen tamaina eta forma aldatu egiten da, mihia eta ezpainak mugituta.

Kontsonanteak berriz, aire etorrian oztopoak dituzten soinuak dira. Traba hauek mota askotakoak izan daitezke: ahots kordak estutzea, mihiarekin ahosabaia ukitzea, ezpainek elkar ukitzea eta abar. Kontsonanteak definitzeko, traba hori non eta nola egiten den hartzen da kontuan.

Euskarak daukan bost bokaleko sistema da sinple eta oinarrizkoena, baita zabalduena ere munduko hizkuntzetan. Ezagutzen ditugun bokal sistema gehienak oinarrizko hiru parametro hartzen dituzte kontuan eta parametro horien muturreko puntuak hauek dira: goiko / beheko, aurreko / atzeko, biribil /ez-biribil.

Euskal bokalen sailkapena

Oinarrizko bost bokalen ezaugarriak dira:

  • /i/ aitzineko bokal itxia, goikoa
  • /e/ aitzineko bokal erdi-ireki edo artekoa
  • /a/ erdiko bokal irekia, behekoa
  • /o/ atzeko bokal erdi-ireki edo artekoa
  • /u/ atzeko bokal itxia, goikoa

Bost bokal hauez gain, [y] ikurraren bidez adierazten den hots bokalikoa ere badugu: aitzineko bokal biribildu itxi edo goikoa, ortografikoki ‹ü› grafemaz adierazten dena. Hots hau ez da orokorra euskal sisteman, euskal hitzetan zubereraz soilik agertzen baita eta frantseseko maileguetan Iparraldeko hizkera guztietan.

Taula honetan, euskal hizkerek eta euskara estandarrean dauden fonema bokalikoak erakusten dira:

Euskara batuaren fonema bokalikoak
Bokalak Diptongoak
i u* ui**
e o ei/eu oi
a ai/au

* Zubereraz, [y] ahoskatzen da zenbait ingurunetan.
** Gutxitan gertatzen da, soilik ekialdeko euskalkietan.

Euskaraz, diptongoak bi bide desberdinetatik sor daitezke gutxienez:

  1. Bi bokal silaba berean ahoskatzen direlako. Adibidez: egin hitza ahoskatzean bokal arteko /g/  ahultzen da eta [ejn] ahoskatzen da.
  2. Kontsonante bat irristari bihurtzen delako, hau da, kontsonante bat kontsonanterdi edo bokalerdi bihurtzen delako. Adibidez: eguen [egwen].

Kontsonanteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontsonanteak sailkatzeko bi ezaugarri hartzen dira kontuan: artikulazio moldea (leherkari, igurzkari, afrikatu, sudurkari, dardarkari...) eta artikulazio puntua (ezpainak, hortzak, hortz hobiak, aho sabaia...) arabera sailkatzen dira. Horrez gain, fonema kontsonantikoak ahostunak —ahots korden bibrazioak sortzen du hotsa— edo ahoskabeak —soinua sortzeko ahots korden bibraziorik ez dago— izan daitezke

Artikulazio moldeari dagokionez, bi talde nagusi bereizten dira: trabariak, biriketatik datorren aireak trabaren bat topatzen duenean eta ozenak, biriketatik datorren aireak trabarik aurkitzen ez duenean. Nahiz eta bokalak izan hotsik ozenenak, kontsonante ozenak ere aurki ditzakegu.

Taula honetan, euskarazko kontsonantea sailkatuta agertzen dira, artikulazio moldearen (horizontalean, baita ere ahostuna +a den ala ahoskabea -a) eta artikulazio puntuaren (bertikalean) arabera:

Euskararen kontsonanteak
Ezpaink Ezpainah Hortzarte Horzkari Hobik api Hobik lep Sabaiaur Sabaikari Belareak Faringar Ubular
-a +a -a +a -a +a -a +a -a +a -a +a -a +a -a +a -a +a -a +a -a +a
Herskaria p b t d c ɟ k g
Herskari hasp. ph th kh
Sudurkaria m ɱ n ɲ ŋ
Dardarkari anitz r R
Ttak ɾ
Igurzkaria f θ z. s. ʐ ʃ ʒ x h
Afrikatua ts̬ ts.
Hurbilkaria β δ ʝ ɣ
Albokaria l ʎ
Irristaria j w

Hotsak IPA zeinuen bitartez adierazita daude.

Ahoan duten ahoskeraren arabera, euskara batuan idazten diren kontsonanteak honela sailkatu daitezke, Euskaltzaindiak emanak dituen arauak[30] kontuan hartuz:[31]

Euskara batuaren fonema kontsonantikoak
artikulazio moldea fonemaren ikurra

artikulazio puntua

adibidea

Herskari gorrak /p/ /t/ /c/ /k/
ezpainbikaria horzkaria sabaikaria belarra
piper ate ttipi-ttapa
Herskari ozenak /b/ /d/ /ʝ/ /g/
ezpainbikaria horzkaria sabaikaria belarra
bi da Maddi gu
Herskari sudurkariak /m/ /n/ /ɲ/
ezpainbikaria apikari-hobikaria sabaikaria
ama une soinu, andereño
Txistukari frikariak /f/ /s./ /s/ /∫/ /x/ /h/
ezpain-horzkaria bizkarkari-hobikaria apikari-hobikaria sabaikaria belarra glotala
foto zu uso xuxen joan (gip.) hori (zub.)
Txistukari afrikariak /ts./ /ts/ /t∫/
bizkarkari-hobikaria apikari-hobikaria sabaikaria
iltze atso itxi
Albokoak /l/ /λ/
bizkarkaria sabaikaria
ala llabur
Dardarkari biguna /ɾ/
bizkarkaria
aro
Dardarkari gogorra /r/
bizkarkaria
harro

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Hurch & Oñederra 1988, 213. orr. .
  2. Oñederra 2004, 80-81. orr. .
  3. (Ingelesez) Barry, W. J.. (2006-01-01). Brown, Keith ed. «Phoneme» Encyclopedia of Language & Linguistics (Second Edition) (Elsevier): 345-350. or.  doi:10.1016/b0-08-044854-2/00009-2. ISBN 978-0080448541. OCLC .1097103078 (kontsulta data: 2025-09-20).
  4. (Ingelesez) Mugdan, Joachim. (2011). «On the Origins of the Term Phoneme» Historiographia Linguistica 38 (1-2): 85-110. or.  doi:10.1075/hl.38.1-2.03mug. ISSN 0302-5160. (kontsulta data: 2025-09-22).
  5. (Frantsesez) Saussure, Ferdinand de. (1879). Mémoire sur le système primitif des voyelles dans les langues indo-européennes. Leipsick: B. G. Teubner (archive.org( ISBN 978-0511706141. OCLC .889952095.
  6. (Italieraz) Baudouin de Courtenay, Jan Niecisław. (1881). Note glottologiche intorno alle lingue slave e questioni di morfologia etnologia ario-europea. Firenze: Coi Tipi dei successori Le Monnier OCLC .1014803041.
  7. (Ingelesez) Baudouin de Courtenay, Jan Niecisław. (1972). Edward Stankiewicz ed. A Baudouin de Courtenay anthology: the beginnings of structural linguistics. Bloomington: Indiana University Press, 211-212. or. ISBN 978-0253311207. OCLC .357544.
  8. Fischer-Jørgensen & v, 8-16. orr. .
  9. (Ingelesez) Jakobson, Roman. (1985). N. S. Trubetzkoy's Letters and Notes. Berlin: De Gruyter Mouton  doi:10.1515/9783110888010. ISBN 978-3110888010. OCLC .1396931210 (kontsulta data: 2025-09-24).
  10. Oñederra, Miren Lourdes. (2018-09-15). «Hots-aldaketaren inguruan» Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" 52 (1/2): 607..  doi:10.1387/asju.20218. ISSN 2444-2992. (kontsulta data: 2025-09-24).
  11. Clark & Yallop 2004, 385-420. orr. .
  12. Jakobson & Halle 1968.
  13. Chomsky & Halle 1968.
  14. Ladefoged & Johnson 2011, 268-276. orr. .
  15. Pike 1967.
  16. Oñederra 2004, 39. orr. .
  17. Oñederra 2004, 40. orr. .
  18. (Ingelesez) «Phone» SIL Glossary of Linguistic Terms (web.archive.org) 2015-12-03 (kontsulta data: 2025-09-20).
  19. Michelena 1961, 207. orr. .
  20. Michelena 1961, 203-206. orr. .
  21. a b Oñederra 2004, 143. orr. .
  22. Oñederra 2004, 80. orr. .
  23. Oñederra 2004, 98. orr. .
  24. (Frantsesez) Fontaine, Jacqueline. (1994). «Le Cercle linguistique de Prague au carrefour des cultures» Revue germanique internationale (1): 183-192. or.  doi:10.4000/rgi.440. ISSN 1253-7837. (kontsulta data: 2025-09-25).
  25. Crystal 2010.
  26. (Ingelesez) Miller, Amanda. (2011). Marc van Oostendorp ed. «The Representation of Clicks» The Blackwell companion to phonology (Malden: Wiley-Blackwell): 434.. ISBN 978-1405184236. OCLC .669269889.
  27. (Ingelesez) Bearth, Thomas; Link, Christa. (2010-07-31). «The tone puzzle of Wobe» Studies in African Linguistics (web.archive.org) 11 (2) ISSN 0390-3533. (kontsulta data: 2025-09-29).
  28. (Ingelesez) Singler, John Victor. (1984). «On the underlying representation of contour tones in Wobe» Studies in African Linguistics (web.archive.org) 15 (1) ISSN 0390-3533. (kontsulta data: 2025-09-29).
  29. (Ingelesez) «Segments» Phoible 2.0 (kontsulta data: 2025-09-29).
  30. Euskaltzaindia. (1998-06-26). «Euskara batuaren ahoskera zaindua» 87. araua (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-10-01).
  31. Alberdi, Andres. (2014). Ahoskera. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia (web.archive.org) ISBN 978-8445733530. OCLC .907050335 (kontsulta data: 2025-10-01).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]