Fortunato Agirre
Fortunato Agirre | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Arellano, 1893ko uztailaren 12a |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Iruñea, 1936ko irailaren 29a (43 urte) |
Heriotza modua | giza hilketa: bala zauria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Eusko Alderdi Jeltzalea |
Fortunato Agirre Lukin (Arellano, Lizarrerria, Nafarroa Garaia, 1893ko uztailaren 12a - Iruñea, Nafarroa Garaia, 1936ko irailaren 29a) politikari jeltzalea izan zen, eta Lizarrako alkate 1931tik 1936an matxinatu eskuindar kolpistek atzeman eta erail zuten arte.[1]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Osasuna futbol taldeko sortzaileetako bat, Lizarra ikastolaren bultzatzailea eta Napar Buru Batzarreko kidea izan zen, Jose Agerre haren buru zela. 1931an, Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatua izan ondoren, Lizarrako zinegotzi eta alkate hautatu zuten. Herriak maitatua, aho batez izendatu zuten alkate, hala gehiengo eskuindarrak nola gutxiengo ezkertiarrak. Alkate gisa, 1931ko Lizarrako Estatutua prestatzeko bilera antolatu zuen.
Espainiako Gerra Zibila piztu zuen altxamendua gertatu baino lehenagoko hilabeteetan, Agirrek bazuen Emilio Mola Nafarroa Garaiko Gobernadore Militarraren asmoen berri: Molak Irantzuko monasterioan armak zituen ezkutatuta eta bilerak egiten ziren Errepublikaren aurka konspirazioa antolatzeko. Agirrek jakin zuen 1936ko uztailaren 16an Molak Iratxeko monasterioan Domingo Batet jeneralarekin elkarrizketa egin zuela. Mola konspiratzaileen aldekoa ote zen jakin nahi zuen Batetek, eta asmo horiekin zer ikustekorik ez zuela zin egiteko eskatu zion Molari. Agirre telefonoz horretaz mintzatu zen Casares Quiroga Espainiako gobernuburuarekin, baina horrek ezer ez egiteko agindu zion.
Nafarroan altxamendua gertatzean, Lizarratik alde egin zuen Agurainera, leku lasaiagoa izan eta hor inork identifikatuko ez zuelakoan. Aldiz, Donibane plazan eserita zegoela, Erreketeen kamioi bat pasa eta ezagutu egin zuten. Berehala joan zitzaizkion harrapatzera, eta bozkario batean eraman zuten atzemandakoa nor zen ezagututa. 72 egunez preso izan ondoren, 1936ko irailaren 29an erail zuten, Taxoaren, garondoan bi tiro jota, eta ezkutuan lurperatu zuten. Emaztea haurdun zuen, bi alaba bikiren esperoan; aita hil eta 34 egunera jaioko ziren Mirentxu eta Mikele Agirre.
79 urte geroago, Lizarrako alkate euskaldun eta eusko abertzalea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lizarrak ez zuen berriz alkate euskaldun eta eusko abertzalerik izango 2015eraino: Koldo Leoz. Alkate agintea hartzean, Fortunato Agirre izan zuen gogoan, Fortunatoren alaba bikiak eta bilobak aurrean zituela.[2]
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Ainhoa AROZAMENA AYALA: «Fortunato Aguirre Luquin», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- ↑ Kristina BERASAIN: «Makila bihurtu da haria», Berria, 2015-06-14.