- Osasuna artikuluak hona birzuzentzen du. Ongizateari buruzko artikulua ikusteko: Osasun
Club Atlético Osasuna Iruñeko eta Nafarroa Garaiko futbol talde nagusia da. Iruñean sortu zen, Gazteluko plazan zegoen Cafe Kutz zaharrean, 1920ko azaroaren 17an,[1] Sportiva eta New Club taldeak batzean. Nolanahi ere, lehenbiziko partida 1920ko urriaren 24an jokatu zuen[2]. Osasunak 41 denboraldi egin ditu Espainiako Lehen Mailan eta 14garrena da sailkapen historikoan[3]. Bi aldiz izan da Kopako txapeldunordea, lau aldiz jokatu du UEFA txapelketan eta lau aldiz izan da Bigarren Mailako txapeldun, baina inoiz ez du maila goreneko txapelketarik irabazi.
Taldeek bat egin eta 15 urte geroago, 1935-36ko denboraldian, Osasunak Espainiako Futbol Ligako Lehen Mailan jokatu zuen lehen aldiz. Honakoa izan zen estreinako hamaikako hori: Bergara, Arana, Ruiz, Iturralde, Irastorza, Ilundain, Zarraonandia, Insausti, Catachu eta Bienzobas anaiak. Sasoi amaieran, ordea, 12 taldetik, azken postuan geratu zen Osasuna. Donibane auzoko Donibane futbol zelaian jokatutako 11 partidetatik zazpi irabazi ahal izan zituzten (Sasoi horretako Betisi sartutako 6-0ekoa da oraindik ere nafarrek Lehen Mailan lortutako gol sortarik handiena), baina etxeko beste lau partidez gain, etxetik kanpo jokatutako 11ak ere galdu zituzten Emilio Urdirozek zuzentzen zuen taldeak. Bilboko Athleticek irabazi zuen txapelketa horretan, azken postuan amaitu ziren Iruñekoak, Atletico Madrilekin batera maila galduta. Sasoi horretan ere, Julian Bergara aurrelariak oraindik ere gainditzeke dagoen marka ezarri zuen, hogeita bi partidatan hogei gol sartu baitzituen.
Espainiako Gerra Zibila zela kausa, hiru urteko etena izan zen. Oviedok hirugarren postuan amaitu zuen gerra aurretik jokatutako azken denboraldia, baina haien futbol zelaia bonbardaketen ondorioz erabat txikituta geratu zenez, Asturiaskoek uko egin zioten jokatzeari, eta 1935-36ko denboraldiko azken bi sailkatuak ziren toki hura hartzeko hautagaiak. Atletico Madrilek (Atletico Aviacion izenarekin) eta Osasunak, beraz, jokatu zuten partida horretan (1939ko azaroaren 26an), 3-1 atera zen garaile Madrilgo taldea. Gainera, gerra osteko lehen bi txapelketak irabazi zituen. Osasunak, ordea, urte luzeak igaroko zituen Lehen Mailara itzuli ezinda.
1953-54ko denboraldia izan zen bueltarena. Tomas Arnanzek zuzentzen zuen taldeak lehendabiziko sasoian galdu zuen maila, ordea. Bi urtez Bigarren Mailan aritu ondoren, Baltasar Albenizen agindupean, Lehen Mailara itzuli ziren nafarrak. Sabino Andonegi aurrelari mutrikuarraren urterik gozoenak ziren. Oraindik ere inork ez du hautsi 1953 eta 1963 bitartean Osasunak Lehen Mailan egindako zazpi denboraldietan mutrikuarrak ezarritako gol marka: Osasunarekin 57 gol Lehen Mailan.
Andonegi, aldiz, ez zen hamarkada hartan nabarmendu beharreko jokalari gorritxo bakarra izan: Albistegi, Marañon, Glaria anaiak, Egaña, Esparza, Rekalde, Marañon, Eizagirre edo Zoko ere gogoan dituzte osasunzale zaharrek. 1956tik 1959ra, seigarren, bosgarren eta zortzigarren postuetan sailkatu ziren 16 taldek osatutako Lehen Maila horretan. 1959-60koan, ostera, jaitsi ziren. 1961-62koan bueltan zeuden, eta, larri ibili arren, mailari eutsi ahal izan zioten. 1962-63koan, ordea, denbora luze baterako esan zioten agur gorritxoek Espainiako futbolaren lehiaketa nagusiari.
Donibane auzoko futbol zelaia saldu eta Sadarrerako bidea hartu zuen klubak 1967an. Garai latzak ziren zalearentzat. Lehen Mailan gozatutako garaiak urrun zeuden jada, eta Bigarren Mailaz gain, Hirugarren Maila ere dastatu behar izan zuten nafarrek.
Fermin Ezkurra 1971-72ko denboraldian iritsi zen klubeko presidentetzara. Taldea Hirugarren Mailatik Lehen Mailara zortzi urtetan igo zuen. Orotara, 22 denboraldi ibili zen Ezkurra Osasunako presidente.
1980-81eko denboraldian Lehen Mailan zen Osasuna berriz, aurreko urteko azken jardunaldian Murtzian lortutako garaipenari esker. Bikuña, Etxeberria, Martin, Irigibel (bi aldiz Bigarren Mailako golegilerik onena izandakoa), Esparza, Castañeda (Osasunarekin Lehen Mailan partida gehien jokatu duena: 350 partida 1980 eta 1991 urte bitartean), Dioni, Basauri, Lumbreras, Ripodas, Sola eta gainerakoen garaiak ziren. Lehendabiziko hiru denboraldietan sailkapenaren erdialdean geratu zen Osasuna, Pepe Alzate entrenatzailearekin.
Ivan Brzic jugoslaviarraren aginduetara jaistetik gertu izan ziren laugarren sasoian, baina 1984-85 denboraldia, seigarren postuan amaitu zuen taldeak, eta, historian lehendabiziko aldiz, Europan aritzeko aukera izan zuten. Hurrengo denboraldian, aldiz, Brzici gauzak okertu zitzaizkion, eta Pedro Mari Zabalzaren txanda iritsi zen 1986ko azaroaren 2an. 1993ko abenduaren 19a arte jarraitu zuen bere jardunean, zortzi denboraldiz jarraian.
Taldea Lehen Mailan finkatuta zegoen, eta Taxoareko harrobiak bere etekinak ematen jarraitzen zuen: Bustingorri, Ziganda, Goikoetxea, Larrainzar anaiak, Roberto, Ibañez... Atzerritarrak ere iritsi ziren: Agirre, Robinson, Sammy Lee, Urban, Kosecki eta abar. Osasuna hazten joan zen. 1987-88ko denboraldia bosgarren postuan amaitu zuen. Reala bigarrena izan zen, eta Athletic, laugarren. Biak UEFArako sailkatu ziren, baina, Osasuna, 1984-85koan baino emaitza hobea lortu arren, ez.
1990-91ko denboraldian, ordea, sasoi amaieran laugarren postuan utzi zuen taldea Pedro Mari Zabalzak. Orduan, UEFAn berriro ikusi ahal izan zuten zaleek. Gogoragarria da, aldi berean, sasoi horretan Santiago Bernabeu zelaian Real Madrilen kontra lortutako 0-4koa. Jan Urban poloniarrak hiru gol sartu zituen norgehiagoko horretan (laugarrena Iñigo Larrainzarrek), eta, 13 golekin, Ligako golegilerik onenen artean bukatu zuen txapelketa.
Bozkarioak ez zuen luze iraungo. 1993-94ko denboraldian, azken postuan amaitu zuen Liga Osasunak. Fermin Ezkurrak berak dimititu zuen, taldearen norabidea zuzendu ezinean. Pedro Mari Zabalzaren azken urtea ere bazen, Enrique Martinek bere lekuan eserita.
Zazpi denboraldi eman zituen Osasunak Bigarren Mailan, eta tartean, komeni baino entrenatzaile zein presidente asko iragan ziren. 1996-97 denboraldian Bigarren B Mailara jaisteko zorian egon zen, baina azken bost jardunaldieetan Enrique Martinen taldeak lortutako lau garaipenei esker mailari eutsi ahal izan zion.
1999-2000 denboraldian Javier Miranda presidenteak Migel Anjel Lotina entrenatzaile meñakarra ekarri zuen. Huelvako Recreativoren aurkako partida ahantziezinean, Pablo Orbaizek eta Miroslaw Treciak poloniarrak sartutako golei esker Lehen Mailara igo zen taldea. Mailari eusteko ardura ere meñakarraren esku geratu zen. Kostata, baina azken jardunaldian Anoeta estadioan partida polemikoa irabazi ostean (donostiarrei behar bezain gogotsu aritu ez izana leporatu zieten), lortu zuen. Ivan Rosado huelvarrak 14 gol egin zituen sasoi hartan, aro modernoan Osasunarekin Lehen Mailan inork lortutako markarik onena.
Miranda-Lotina bikotearen agurreko denboraldia izan zen 2001-02koa. Patxi Izko presidente berriak Javier Aguirre jokalari ohia entrenatzaile izendatu zuen. Taldea lehen mailan finkatuta, emaitzarik hoberenak lortu zituzten: 2005ean Espainiako Kopa finalerako sailkatu zen taldea. Betisen aurka galdu arren, hirugarren aldiz UEFArako txartela eskuratu zuten gorritxoek.
Balentria hura errepikatzeak zaila zirudien, baina hurrengo denboraldia are oparoagoa izan zen. Lehen Mailako liderra hiru jardunalditan eta ia Liga osoa Champions League-ko postuetan aritu zen taldea. Azken jardunaldian, Valentziari irabazita, laugarren postuan sailkatu ziren, eta Europako klub hoberen artean jokatzeko aukera eskuratu zuten. Kanporaketan aurrera egin ez arren, UEFA txapelketan historiako emaitzarik onenak lortu dituzte, finalerdietara sailkatu baitira.
Handik aurrera estuago ibili zen, sarritan azkenengo jardunaldian salbatu baizen. 2011-12 denboraldian ordea UEFAko postuetara iristeko zorian izan zen baina puntu bakarrarengatik 7. postuarekin konformatu behar izan zuen. Hurrengo urtean larriago ibili zen, baina azken aurreko partidan salbazioa lortu ondoren 16. postuan bukatu zuen.
2014ko maiatzaren 18an Osasuna futbol taldeak Sadar estadioan Betisi 2-1 irabazi arren, ezin izan zion lehen mailari eutsi; ondorioz bigarren mailara jaitsi zen.[4] Gainera, gorritxoentzako zoritxarreko egun hartan, hegoaldeko harmailetako hesiak erori eta gutxienez 68 lagun zauritu ziren.[5]
2014ko azaroan Nafarroako Parlamentuak Osasunak Nafarroako ogasunarekin zeukan 53 milioiko zorra ondarearekin ordaintzea onartu zuen.[6] Europako Batzordeak erabaki honen legezkotasunari buruz galdetu zuen.[7]. 2014ko abenduan Luis Sabalza Osasunako presidentea bilakatu zen.[8]. Denboraldi gogorraren ondoren Sabadellen azken partidan luzapenean sarturiko golari esker bigarren mailan mantentzea lortu zuen.
2015-16 denboraldia lidergoan hasi zuen baina ligaren erdialdean txakalaldia izan zuen eta azken partidan Oviedon 0-5 irabazita 6. postua lortu zuenez igoera play-offak jokatu zituen. Nastic eta Girona kanporatu ondoren Lehen mailara itzuli zen. Denboraldia ez zuen ordea ondo hasi eta 11. jardunaldian Enrique Martín Monreal entrenatzailea kanporatu behar izan zuen. Ondoren Joaquín Caparros eta Petar Vasiljevićek hartu zuten taldearen ardura baina denboraldi guztia azken postuan egin ondoren 19. amaitu eta maila galdu zuen.
2018-19 denboraldirako Jagoba Arrasate entrenatzailea fitxatu zuen eta hiru jardunaldiren faltan lehen mailara itzuli zen. 2019-20 denboraldia bikaina izan zen eta 10. postuan amaitu zuen liga. Hurrengo denboraldia oso gaizki hasi zuen baina lehen itzulia amaitu aurretik bolada ona hartu eta amaiera lasaia izan zuen, azkenean 11. eginez.
Lehen Mailan erabat egonkortuta, 2022-23 denboraldian Errege Kopako finalean sartzea lortu zuen bere historian bigarren aldiz, finalerdietan Athletic kanporatu ondoren. Itzulerako partida San Mamesen izan zen eta ikusle kopuruaren errekorra hautsi zen partida hartan. Finala Real Madrilen aurka jokatu zuen, Sevillako Cartuja olinpiar zelaian, eta 2-1 emaitzaz galdu zuen[9]: Real Madrilek berehala sartu zuen lehenbiziko gola, eta Osasunari kostatu zitzaion madrildarren nagusitasunari buelta ematea; baina gutxika-gutxika lortu zuen eta bigarren zatiko 12. minutuan Lucas Torrok berdinketaren gola egin zuen, harmailetan zeuden 23.000 osasunazaleen eromenerako; gorritxoek estu hartu zuten Real Madril, baina partidaren 70. minutuan bigarren gola sartu zuten Espainiako hiriburukoek eta Osasunak, pare bat gol aukera izan arren, ez zuen berriz ere berdinketa erdiesten asmatu.
Osasuna futbol klubaren uniformea hasiera hasieratik elastiko gorria eta galtza urdinak izan dira, taldearen armarrian agertzen diren koloreak hain zuzen ere.
2022-23 denboraldia barne:
- Denboraldiak 1. mailan: 41
- Denboraldiak 2. mailan: 37
- Denboraldiak 2. B mailan: 0
- Denboraldiak 3. mailan: 13
- Ligako posturik onena: 4.a lehen mailan (1990-91 eta 2005-06 denboraldietan)
- Txapeldunen Liga:
- Parte hartze bat 2006-07an.
- UEFA Europa League:
- Finalerdiak (1): 2007
- Final zortzienak (1): 1991
- Parte hartzeak (4): 1985-86, 1991-92, 2005-06, 2006-07
- Munduko talderik onena (2006ko abenduan)
- Lehen maila:
- Laugarrena 1990-91 eta 2005-06an.
- Bigarren maila:
- Txapelduna (4): 1953, 1956, 1961, 2019
- Hirugarren maila:
- Txapelduna (7): 1932, 1948, 1949, 1969, 1972, 1975, 1977
- Errege Kopa:
- Txapelduna (0)
- Finalista (2): 2005, 2023
- Finalerdiak (4): 1935, 1936, 1988, 2003
- Espainiako Federazioko Presidentearen Kopa (0): finalista 1940an.
- Nafarroako Lehen Mailako Txapelketa (2): 1929, 1939.
- Iruñea Hiria Trofeoa (22): 1969, 1978, 1980, 1982, 1984, 1985, 1987, 1988, 1989, 1990, 1991, 1992, 1993, 1995, 1998, 2004, 2005, 2006, 2007, 2008, 2009, 2011.
- Anberes Saria (1): 1957.
- Colombino Trofeoa (1): 2019.
- Taldearen sailkapenak ikusteko, sakatu hemen.
2022-23 denboraldia barne:
- Denboraldiak 1. mailan: 41
- Denboraldiak 2. mailan: 36
- Denboraldiak 2. B mailan: 0
- Denboraldiak 3. mailan: 13
- Ligako posturik onena: 4.a lehen mailan (1990-91 eta 2005-06 denboraldietan)
- Lehen mailan aritutako denboraldiak: 40 (2021-22 barne)
- Partidak guztira, 2021-22 amaiera arte: 1.430 partida (461 irabazi, 361 berdindu, 608 galdu). 1.617 gol sartu eta 1.986 jaso.
- Gol tarterik handiena alde: 6-0, Betisen aurka (1935-36).
- Julian Bergara 20 gol 22 partidatan (1935-36)
- Ivan Rosado 14 gol 38 partidatan (2000-01)
- Sabino Andonegi 13 gol 30 partidatan (1954-55 eta 1957-58)
- Entrenatzailerik iraunkorrenak:
- Pedro Mari Zabalza 279 partida (1987tik 1994ra)
- Javier Aguirre 142 partida (2002tik 2006ra)
- Ivan Brzic 113 partida (1983tik 1987ra)
Denboraldi ezberdinetako lehen taldeko kideak.
2022ko abuztuaren 29an eguneratua.
- Asier Legarda Ereño: "1.000 partida onenen artean" in 2007ko otsailaren 21eko Berria, 28-29 or.