George Kistiakowsky
George Bogdanovich Kistiakowsky (Kiev, Errusiar Inperioa, 1900ko azaroaren 18a – Cambridge, Massachusetts, AEB; 1982ko abenduaren 7a) (ukraineraz: Георгій Богданович Кістяківський, errusieraz: Георгий Богданович Кистяковский) Estatu Batuetako kimikaria izan zen, jatorriz ukrainiarra.
Alemanian egin zituen kimika ikasketak. 1926an Estatu Batuetara joan zen eta 1933an hango herritasuna hartu zuen. Berrogeita bat urtez aritu zen kimika eskolak ematen Harvarden eta ohorezko sari asko jaso zituen. Eisenhowerek, Estatu Batuetako lehendakariak, zientzia eta teknologia laguntzaile kargua eman zion eta Science Advisory Committee batzordeko lehendakaria izan zen 1957-63 bitarteko urteetan. Fisika eta kimika alorretan aditua izateaz gainera, lehergaiez ere asko zekien, eta Manhattan Proiektuan parte hartu zuen; berak diseinatu zuen lehen bonba atomikoaren lehergaia. Hala ere, arma nuklearren ahalmen suntsitzaileaz jabeturik, bertan behera utzi zuen zeregin hori, eta era horretako armen kontrako jarrera sutsua hartu zuen. 1967an utzi zuen Pentagonoa eta Harvardeko unibertsitatera itzuli zen eskolak ematera.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2017-03-30 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.