Egipto Garaia
Egipto Garaia[1], Egiptoko hegoaldeko zatiaren izena da, Kairotik gertu dagoen Menfisetik lehen urjauzira arte, Asuanen. Izen arabiarra, Sa'id Misr da (صعيد مصر), eta faraoien garaian schmau deitua izan zen, "garagarraren lurra". Niloren deltak, berriz, Egipto Beherea izena du.
Egiptoko aro aurredinastikoan, bi erresuma independente agertu ziren: Egipto Garaia eta Egipto Beherea. Egipto Garaiko Menes edo Narmer faraoiak batu zituen bere agindupean, Egiptoko aro dinastikoari hasiera emanez.
Egipto Garaiak, inguru ezin hobea zuen: Niloren uholdeei esker oso emankorra zen lautada bat hartzen zuen, eta janari soberakinak ekoizten zituen. Handik hurbil, basamortuko meatzeetara eta Sinaiko mendietarantz, metal eta harribitxiak lortzeko espedizioak antolatzen ziren oasiak zeuden.
Aberastasun hau dela medio herrialdea merkataritza ibilbideen bidegurutze bihurtu zen: batetik, lurrez Nubiatik hegoaldean eta Itsaso Gorritik ekialdean, Wadi Hammamat izeneko ibilbidea zegoen. Abidosen Palestinatik etorritako ardo anforen aurkikuntzek bermatzen dute orduko merkataritza. Jakina, Nilotik deltarako ibai ibilbidea ere bazegoen. Gobernariek aberastasun hau euren hilobietan islatu zuten, besteak beste.
Egipto Garaiko lehen gobernariek euren mendekoak eurentzako funtsezkoa zen zerbaitez konbentzitu ahal izan zituzten, alegia, hala ibaiaren goraldien nola Egipto Beherearekin zuten batasunaren arduradunak zirela. Bi gertakariok oso gogoan iraunarazteko, ezinbesteko ikur bilakatu ziren: tronua, koroa bikoitza eta zetruak. Horrezaz gain, jainkoekin identifikatzen ziren: jada garai aurredinastikoetan erregea, Horusekin "homologatua" zegoen, eta hau faraoi bakoitzean berraragitzen zen. Egipto osoan gurtzen zen Horus.
Egipto Garaiko jainko gorena Seth zen, eta haren ikurra koroa zuria (Hedyet), Nekhbet putre jainkosa eta loto lore zuria; beste ikur garrantzizko bat ihia izan zen, Egipto Behereko sarri erlearekin batera irudikatua, faraoiaren izena zuen kartutxoaren aurrekari gisa.
Koroa zuria, I. dinastiaren hasieran, Egipto Behereko koroa gorriarekin elkartu zen, Koroa bikoitza sorturik, faraoien ikur nagusia Egipto Garai eta Behereko errege bezala.
Tebaida
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estrabonek Egipto K. a. 25ean bisitatu zuen. Garai hartan Egipto 37 nomotan banatuta zegoen, 10 Egipto Beherean (Niloren Delta), 17 Egipto Ertainean eta beste 10 Egipto Garaian: Tebaida delakoa. Plinio Zaharra I. mendeko idazlearen arabera, nomoen kopurua 37 eta 47 bitartean aldatu zen.
Egipto Garaiko hiririk garrantzitsuenak, Armant edo Hermontistik lehen urjauziraino, honako hauek dira:
- Armant (Hermontis)
- Tod
- Gebelein
- Krokodilopolis
- Esna
- El Kab
- El Kula
- Hierakonpolis
- Edfu
- Gebel el-Silsila
- Kom Ombo
- Elefantina
- Asuan
- File uhartea
- Biga uhartea.
Erreferentzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]