Harkaitz-txori

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Harkaitz-txori
Iraute egoera
Sailkapen zientifikoa e
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Aves
Ordena: Passeriformes
Familia: Tichodromadidae
Generoa: Tichodroma
Illiger, 1811
Espeziea: Tichodroma muraria
Linnaeus, 1766
Hedapen mapa

Harkaitz-txoria (Tichodroma muraria) Tichodromadidae familiako hegazti paseriformea da, Eurasiako eskualde menditsuetan bizi dena[2].

Europako hegaztirik ederrenetarikoa da harkaitz-txoria, ingurune malkar eta harritsuetan aurki daitekeen txori berezia. Bere moko oker luzearekin, eta batez ere, hegoko luma gorriekin beste edozein hegaztirekin ezin nahas daitekeen espeziea da. Eurasia erdialde eta mendebaldeko mendiguneetan bizi da, eta Euskal Herrian leku oso gutxitan ezagutzen dira hegazti honen populazioak, batez ere Pirinioetan.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina txikiko hegaztia da, 30-35 cm bitarteko hego-zabaleraduna eta 25 gramo pisatzera iritsi daitekeena. Bizkarralde grisa du, ibili ohi den ingurunearen (labar kalkareoak) antzeko koloreduna, eta paparraldea ilunagoa izan ohi da udan. Mokoa ere beltza da, luzea eta beherantz apur bat okertua. Buztaneko lumak ere beltzak dira. Animalia honen ezaugarririk deigarriena hegoetako luma gorriak dira, eta ezaugarri hori dela eta, ezin da beste hegazti espezieekin nahastu. Hegoen ertzetan orban zuriak ere izaten ditu. Hanka handiak ditu, atzapar eta erpe luzedunak, arroketara eustea ahalbidetzen dizkionak.

Emearen eta arraren itxura antzekoa da, baina udan arraren koloreak markatuagoak izan ohi dira, kontraste handiagokoak.

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harkaitz-txoriak bi azpiespezie ditu:

  • Tichodroma muraria muraria
  • Tichodroma muraria nipalensis, ekialdeko Turkmenistanen bizi dena.

Kantua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegazti isilak dira, eta ez dira euren kantuengatik identifikatu ohi. Emeek lurraldea babesteko kanta dezakete, eta arrek ugal sasoian kantatzen dute.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paleartikoko mendigune nagusietan aurki daiteke, Europako Mendietatik hasi eta Himalaiaraino; tartean Pirinioak, Alpeak, Balkanetako mendiak, Karpatoak, Kaukaso eta Irango mendiak okupatuz.

Pirinioetako mendebaldeko muga Erronkari haranean du, Larra-Belagua inguruko harkaiztietan. Neguan, ordea, banaketa zabaldu egiten da, eta Euskal Herriko hainbat mendigune gehiagotan ere ikusi ahal izaten dira.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estai alpetar eta azpialpetarreko harkaizti kalkareoak dira espezie honen bizilekua txitatze-garaian, udaberri amaieran eta udan. Egutera nahiago izaten dute, tenperatura egokiagoak eta elikagai-eskuragarritasun handiagoa eskaintzen baitute[3]. Neguan, aldiz, altuera baxuagotara dauden harkaiztiak erabiltzen dituzte bizileku gisa, arroilak edo itsas bazterreko labarrak zenbait kasutan. Eraikin zaharretan ere aurki daiteke neguan[4].

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Moko luzearen laguntzaz, arroketako arrakala eta zirrikituetako intsektuez (euliak, tximeletak, sitsak eta kakalardoak) eta armiarmez elikatzen da nagusiki. Landare-haziak ere jaten dituzte[5][6].

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Habia amildegietako kobazulo txikietan edo arrakala handietan egin ohi dute. Emeak 4 edo 5 arrautza jarri ohi ditu maiatza eta uztaila bitartean (Hume 2009), eta 2 cm inguruko tamaina izaten dute orban ilun eta kolore zuriko arrautzok. 3 aste inguruz inkubatzen ditu emeak, eta arra izaten da bazka lortzeaz arduratzen dena. Txitoak altrizialak dira; hots, garapen laburrarekin jaiotzen direnez, itsu eta lumarik gabe irteten dira arrautzatik. Txitoek hilabete inguru behar izaten dute lumak garatzeko.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txitotze-garaian, udan, 2000 eta 3000 metro bitarteko altueran aurki daitezke Pirinioetan, amildegi eta harkaizti bertikalen inguruan, batik bat. Talde txikietan elkartu ohi dira. Urte osoa, ordea, ez dute altuera horietan igarotzen. Sasoikako altuera-migrazioak egiten dituzte, eta negua altuera baxuagoetan igarotzen dute. Kantauriar mendietako populazioetako aleak itsas mailaraino jaisten dira, esaterako.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako populazioa 14.000- 28.000 bikote artea dela estimatzen da (EBCC 2000), eta IUCN erakundearen arabera espezie honen kontserbazio-egoera ez da kezkatzekoa.

Espezie honen txitotzegune gehienak babestutako natura-guneetan daude, eta ondorioz, nahiko ondo kontserbatutako guneetan bizi dira. Kontuan izan behar da, ordea, espezie espezialista dela, eta naturalki dentsitate baxuak izaten dituenez, beste animalia batzuk baino zaurgarriagoa dela inguruneko aldaketen aurrean.

Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan Interes Bereziko espezieen artean kokaturik dago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. The IUCN red list of endangered species
  2.   Svensson, Lars; Peter J. Grant (1999), Collins Bird Guide, Londres: HarperCollins, 324–5. orrialdea .
  3.   Saniga M (1993), «Seasonal distribution, altitudinal and horizontal migration of the wallcreeper (Tichodroma muraria) in the Malá Fatra Mountais, Slovak Carpathians», Folia Zoologica 4 (3): 237-246 .
  4.   Hume R (2004), Guía de Campo de la Aves de España y de Europa, Bartzelona: Ediciones Omega .
  5.   Cramp S, Perrins CM (1993), The Birds of the Western Paleartic, 7, Oxford: Oxford University Press .
  6.   Hernandez A, Salgado JM, Alegre J (1993), «Datos sobre la dieta del Treparriscos Tichodroma muraria en la Cordillera Cantábrica», Butll. GCA (10): 51-53 .
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Harkaitz-txori Aldatu lotura Wikidatan
Wikispezieetan informazioa gehiago aurki dezakezu: Tichodroma_muraria