Mikel Zalbide

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search


Mikel Zalbide
Mikel Zalbide 2007-VI-2.jpg
Bizitza
Jaiotza Donostia1951ko maiatzaren 9a (67 urte)
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Heziketa Nafarroako Unibertsitatea
Hizkuntzak euskara
gaztelania
alemana
ingelesa
Jarduerak
Jarduerak hizkuntzalaria eta Soziolinguistika
Kidetza Elhuyar Fundazioa
Euskaltzaindia
Udako Euskal Unibertsitatea

Mikel Zalbide Elustondo (Donostia, 1951ko maiatzaren 9a) euskal hizkuntzalari eta soziolinguista da.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingeniaritzako goi-ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitatean. Gazte-gaztetandik euskarak bete gabe zituen alorrak hornitzeko lanean jardun du.

Terminologia eta hiztegigintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzaren corpus-plangintzan lan zabala egindakoa da.

1972an, artean ikasle zelarik, Elhuyar Kultur Elkartearen sortzaileetakoa izan zen: zientzia-tekniken alorreko lehen euskal aldizkaria sortzeaz gainera, irakaskuntzarako hainbat material prestatzen eta hitz-eraketazko azterlanak bideratzen hartu zuen parte[1].

1978an, Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Institutua (UZEI) sortu zenetik, zientzia-tekniken alorreko arduradun teknikoa izan zen. Bertan jardun zuen lanean, besteak beste, Fisika, Kimika eta Matematika hiztegiak prestatzen, eta lexiko-sorkuntza erabideen aztertzaile eta ikastaro-emaile. Halaber, maileguzko hitzen idazkeraz eta ebakeraz UZEIn eginiko sistematizazio-lanaren egile dugu.[1]

Hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Unibertsitatea eratzeko ekimenaren partaideetako bat ere izan zen, 1979tik aurrera. Autonomia aurreko Eusko Kontseilu Nagusiak eta Bilboko (gero Euskal Herriko) Unibertsitateak sorturiko Batzorde mistoaren kidea izan zen. Euskal Unibertsitaterako Planifikazio-batzordea zuen batzorde misto horrek izena, eta horren barruan unibertsitate alorreko hizkuntza-normalkuntza bideratzeko azpibatzordea sortu zen: euskal kulturarekiko unibertsitate-beharrizanen lan-taldea. Lan-talde horren arduraduna izan zen.

1981. urteaz geroztik Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean aritu da lanean, hasieratik Euskara Zerbitzuaren buru izan delarik.[2] 2014an hartu zuen erretiroa. Erantzukizun horretan, Administrazioak euskararen ikaskuntza eta ezagutza ereduak finkatzeko egitasmorik nagusienetan esku hartu du. Aipatzekoa da eragin zuzena izan duela EGA tituluaren, HE1 eta HE2 hizkuntza-eskakizunen eta IRALE programaren sorreran.

Pedagogia eta hezkuntzaren esparruan, berriz, hainbat egitasmo martxan jartzeko lan-taldeetan izan da: EIMA programa (Euskal Ikasmaterialgintza), hau da, Lehen eta Bigarren Hezkuntzarako ikasliburuak, ikus-entzunezko eskola-materialak eta softwarea sortu eta hizkuntzaren kalitatea zaintzeko; NOLEGA programa eta ULIBARRI proiektua, eskola-giroan euskararen erabilera indartzeko; Hezkuntza Administrazioa Euskalduntzeko Plana. Halaber, A, B eta D ereduen hizkuntzazko gaitasun-ondorioak ateratzea eta hobekuntza-neurriak proposatzea izan da bere eginkizunetako bat.

Euskaltzaindia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1983. urtean, euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak. Lehenago ere, 1976an bertan, Euskaltzaindiaren matematika azpibatzordeko kide izan zen[2]. Erakundearen baitan lan oparoa egin du, lexikologia eta hiztegigintzaren aldetik batik bat: Hiztegigintza batzordearen kide izana da hainbat urtez, baita Jagon Saileko kide ere. Batean zein bestean, bertako idazkari izana da zenbait urtez.

Bestalde, Euskaltzaindian bertan, LEF (Lexiko Irizpideen Finkapena) batzorde-atalaren gestio-arduradun izana da. Langintza horren ildotik garatu ziren maileguzko hitzen idazkera, Orotariko Euskal Hiztegia proiektua eta EEBS (Egungo Euskararen Bilketa Sistematikoa) egitasmoa.

2006ko apirilaren 27tik aurrera euskaltzain osoa da. Sarrera hitzaldia 2007ko ekainaren 2an irakurri zuen Donostian[3].

Gaur egun Euskararen Historia Soziala (EHS) izeneko egitasmoa darama aurrera. 2007an sortutako proiektu honek soziolinguistika historikoaren bidea lantzen du, euskarak eta euskararekin harremanetan egon diren hizkuntzek denboran izan duten bilakaera soziala aztertzen duenean[4].

Soziolinguistika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza alorrean duen esperientzia guztia bilduta, soziolinguistikaren eta hizkuntzaren soziologiaren alorrean aritu da, eta euskarak munduko beste eremu urriko hizkuntzekin batera dituen arazoen teoria eta praktika aztertu ditu. Horrek hamaika kongresu eta topaketatara eraman du, Euskal Herrian eta Europan barna. Alde horretatik, Joshua Fishman soziolinguista estatubatuarraren zenbait lan itzuli ditu eta baita berarekin elkarlanean aritu ere.

Neurri handi batean, berak ekarri ditu euskararen egoerara Fishmanek darabiltzan oinarrizko hainbat kontzeptu[5].

Hala nola, mintzaldatzea, ingelesezko language shift kontzeptuaren ordainetan, hiztun-talde baten baitan denboran zehar ematen den hizkuntza batetik beste baterako aldaketa adierazteko. Euskararen kasuan, euskal hiztun-taldeen baitan erdaratara (gaztelaniara eta frantsesera)  egiten den mintzaldatzea.  

Hizkuntza indarberritzea (HINBE), hau da mintzaldatze prozesuari buelta ematea, reversing language shift (RLS) kontzeptua adierazteko. 

Baita arnasguneen kontzeptua ere, ahuldutako hizkuntza batentzat beharrezkoak diren hiztun-eremu demografikoki kontzentratuei buruz aritzeko.

Azken urteotan, Euskararen Historia Soziala egitasmoaren baitan, euskararen nahiz beste edozein hizkuntzaren historia soziala lantzeko eredu metodologiko bat garatu eta finkatu du egitasmoko lankideekin batera.

Irakasle eta tutore da HIZNET – Hizkuntza plangintza graduondokoan[6].

Hitz egiten eta idazten dakien hizkuntzak: euskara, gaztelania, alemana eta ingelesa.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Mikel Zalbideren lanen zerrenda»

Liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Maileguzko hitzak: idazkera eta ebakera, Donostia: UZEI, 1981
  • Hitz-elkarketa 1. LEF batzordearen lanak, Bilbo: Euskaltzaindia, 1987
  • Euskal Irakaskuntza: 10 urte. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 1990
  • Hitz elkartuen osaera eta idazkera: LEF batzordearen emaitzak, Euskaltzaindiaren gomendio-arauak. Bilbo: Euskaltzaindia, 1992
  • Euskararen legeak hogeita bost urte. Eskola alorreko bilakaera: balioespen-saioa. Bilbo: Euskaltzaindia, 2010.
  • Euskararen historia soziala lantzeko eredu metodologikoa, Lionel Joly, Nikolas Gardner eta Mikel Zalbide. Bilbo: Euskaltzaindia, 2015
  • Euskararen bilakaera soziolinguistikoa (1981-2011): transmisioa eta gaitasuna, portaera linguistikoen motibo subjektiboak, eta mintzajarduna: bilakaera eta aurrera begirako erronkak: laburpena, Iñaki Martinez de Luna, Xabier Erize eta Mikel Zalbide. Andoain: Soziolinguistika Klusterra, 2016

Artikuluak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Mende hasierako euskalgintza: urratsak eta hutsuneak in II. Euskal Mundu Biltzarra. Euskara-biltzarra, Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 1988
  • Euskal Eskola, Asmo Zahar Bide Berri in Euskal Eskola Publikoaren Lehen Kongresua, Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 1, 211-271, 1990
  • Eskola-giroko hizkuntza-erabileran eragiten duten faktoreen lehen azalpen-saioa in Eskola Hiztun Bila, 17-35. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 1991
  • Educational situation of the Basque Autonomous Community in Spain, Estrasburgo: Europako Kontseilua, 1993
  • Zientzi hizkuntza irakaskuntzan: euskara teknikoaren izaeraz, iturburuaz eta egungo erabilmoduaz, Gasteiz: Eusko Ikaskuntza, 1993
  • Eskola-munduan erabiltzen den euskara: egungo egoera eta zenbait hobekuntza-bide in Euskera, 1994
  • Hitz elkartuen osaera eta idazkera : gomendio-arauak prestatzeko erabili diren irizpideak in Euskaltzaindiaren XIII. Biltzarra, Euskera, 1994
  • Maileguzko hitzen zenbait muga-arazo in Euskaltzaindiaren XIII. Biltzarra, Euskera, 1994
  • Zientzi hizkuntza irakaskuntzan: euskara teknikoaren izaeraz, iturburuaz eta egungo erabilmoduaz in Euskal ikaskuntzak hezkuntza sarean, Eusko Ikaskuntza, 281-290 1995
  • Normalización lingüística y escolaridad: un informe desde la sala de máquinas in Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria 43, 2, 355-424, 1998
  • Irakas-sistemaren hizkuntz normalkuntza: nondik norakoaren ebaluazio-saio bat in Eleria 5, 45-61, 2000
  • Ahuldutako hizkuntza indarberritzea: teoriak zer dio? in Ikastolen IX. Jardunaldi Pedagogikoak, Donostia:EHIK, 2002
  • Ikasleek egiten al dute euskaraz? in Bat: Soziolinguistika aldizkaria 42, 43-52 2002
  • Hendaia-Hondarribietako biltzarra: azalpen labur bat” in Hermes: pentsamendu eta historia aldizkaria, 4. zkia., 2002, 68-78
  • Hendai-Hondarribietako biltzarrak, XX. mendeko hizkuntz plangintzaren iturburu in Euskaltzaleen Biltzarraren mendeurrena, Bilbo: Sabino Arana Kultur Elkargoa, 2003
  • Hezkuntzaren kalitatea, elebitasunaren argitan in Ikastetxea, kalitatearen gune, 196-212, Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2004
  • Hizkuntza-normalkuntzaren oinarrizko kontzeptuak, perspektiba sozioedukatiboan in Ulibarri proiektuaren prestakuntza-jardunaldia, Gasteiz, 2004
  • Basque Acquisition planning, Nicholas Gardner eta Mikel Zalbide, in International Journal of theSociology of Language 174, 55-72 or. 2005
  • A Basque perspective on the future of lesser used languages in CAER (Education Society of the European Regions), Cardiff, 2005
  • Lardizabalen gramatika, bere gizarte-giroan in Euskera 51. 1., , 71-103 2006
  • Lardizabal eta bere gramatika, perspektiba soziolinguistikoan, Arantzazu Muñoa-rekin batera, in Francisco Ignacio Lardizabalen 1856ko Gramática Vascongada-ren 2006ko edizioa: Gipuzkoako Foru Aldundia, 2006
  • Hizkuntzen azterbideak, Iturriagaren argitan in Bat: Soziolinguistika aldizkaria 65, 111-125, 2007
  • Iparraldeko euskalgintza XIX. mendearen bigarren erdian: Zaldubi eta bere garaia in Euskera 52, 3., 877-1008 2007
  • Euskararen Legeak hogeita bost urte eskola alorreko bilakaera: balioespen-saioa in Euskera 52. 3., , 1283-1517, 2007
  • “Sprachpolitik und gesellschaftliche alphabetisierung” jakin-iturri eta bide-erakusle in Euskera, 52. 2., 789-811, 2007
  • Pedagogoa batzar nagusietan. Hizkuntzen azterbideak, Iturriagaren argitan: Euskaltzaindiko sarrera-hitzaldia in Euskera 52. 1., 61-157 2007
  • Interferentzia, hiztun garbien galera eta mintzaldaketa: Hiriart-Urrutiren garaiko zenbait korrelato in ASJU XLIII, 1003-1034, 2009
  • Hizkuntza-soziologiaren ibilia gurean in Bat: Soziolinguistika aldizkaria 77, 27-55, 2010
  • Diglosiaren purgatorioaz. Teoriatik tiraka in Bat: Soziolinguistika aldizkaria 79-80, 13-152, 2011
  • Hamar ondorio, gazi eta gozo in Bat: Soziolinguistika aldizkaria 79-80, 225-254, 2011
  • Mintzajardunaren egoera eta azken urteotako bilakaera: aurrera begirako erronkak, in Bat: Soziolinguistika aldizkaria 100, 11-190, 2016

Bestalde, Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-baseak, guztira berak sorturiko 100 lan baino gehiago erakusten ditu.[7]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpoko loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]