Ipar Lappiko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
XX. mende hasierako sami familia (1936).

Ipar Lappiko historia edo Ipar Laponiako historia (finlandieraz, Pohjois-Lapin historia; ipar samieraz, Davvi-Lappi historjá) Finlandiako Lappi eskualdean dagoen Ipar Lappi azpieskualdearen historia da.

Historiaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualde honetara iritsi zen lehen gizarte antolatua Izotz Aroaren ondoren heldu zela uste da, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarra urtzen hasi zen garaian. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoaren kostaldean ezarri zirenez batik bat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estua izan zutela pentsatzen da. Hipotesi hau baieztatzen duten hainbat aztarna aurkitu dira Ipar Lappi osoan zehar; denetan zaharrena, Utsjokiko Vetsijärvi aintziraren ertzean aurkitu diren giza-arrastoak dira, adituek 9.500 urte inguruko adina dutela defendatzen baitute. Lehenbiziko gizaki hauek ehiztari-biltzaileak ziren, orein, izokin, foka eta fruituez elikatzen zirenak, eta guztiz nomadak zirela pentsatzen da; horrela, ehizakiaren atzetik ibiltzen zirenez, sasoiaren arabera bizilekuz aldatuko zuten etengabe. Rahajärvi eta Inari aintziretan aurkitu diren aztarnek ere hipotesi honen alde egiten dute, finlandiar arkeologo eta historialariek 8.000 urteko adina dutela uste dutelako. Nahiz eta oraindik lurralde honen berezko biztanleen -samien- jatorria ezezaguna izaten jarraitzen duen, badirudi tribu hauen eta beranduago (Harri Aroan) Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren emaitza direla. Hasiera batean, hauen lurraldea Ozeano Artikoan hasi eta Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialdean bukatzen zen, eta muturreko egoera klimatikoei aurre egiteko baliabideak garatu zituzten. Inariko aintziren inguruan eta Kitinen ibaiaren arroan garai honetako bizi-aztarnak aurkitu dira, hauen artean, ehiza- eta arrantza-tresnak, 30 bat egonleku, harribitxi apaingarriak eta Säräisniemi taldekotzat jo diren zeramika puskak [1][2][3].

XIX. mendeko egurrezko etxolak Utsjokin.

Erdi Aroan bizimoduak antzeko jarraitu zuen Ipar Lappi eta Sápmi iparraldean. Biztanleria sakabanaturik bizi ziren eta sasoiaren arabera egonlekuz aldatzen zuten hainbat sami herri edo taldek osatzen zuten (siida); talde horiei batasuna ematen zien lotura kultura antzekotasuna eta lurralde banaketa ziren. Euren artean eta mugaz haraindiko beste sami taldeen artean harremana etengabea izango zela pentsatzen dute adituek, elkar trukeak urteetan zehar sendotutako sarea. Dena den, talde edo herri bakoitzak bizirauteko beharrezko guztia lortzen zuen ehizaren, arrantzaren eta bilketaren bitartez; beraz, horrek guztiak kanpotarrekin kontaktua izateko beharra gutxituko zuen. Zehazki, sei sami komunitate edo siida nagusi zeuden Ipar Lappin: Norvegiako zenbait lurralde ere hartzen zituzten Ohcejohka eta Deanu edo Juovssa siidak Utsjokin; Njávdán eta Anár komunitateak Inarin, eta Soađegilli eta Soabbat Sodankylän. Bestalde, klima hotza dela-eta, aipatzekoa da atzerriko erresumek ez zutela saiakera berezirik egin lurraldea bereganatzeko XIV. mendera arte; ondorioz, uste da bertako biztanleek jatorrizko bizimodu eta kulturari eutsi ahal izan ziotela arazo handirik gabe [4][5].

Suediar Erresuma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hain zuzen, XIV. mendearen hasieran hasi ziren zehazten Eskandinavia iparraldeko mugak. Ipar-ekialdeko merkataritza bideak oso garrantzitsuak ziren Norvegiar eta Suediar erresumentzat, eta Novgorodeko Errepublikaren erasoek ezbaian jartzen zuten hauen segurtasuna. Horrela, eskualdea bereganatzeko hainbat liskar izan zen erresuma hauen eta novgorodarren artean; baina, 1323. eta 1326. urteetan, iparraldeko mugak zehaztu ziren. Ipar Lappi suediarren kontrolpean gelditu zen, eta lurraldearen mendekotasuna bermatzeko, suediarrek zerga-sistema sendoa jarri zuten martxan. Dena den, herrialdeen arteko muga ez zen horren finkoa gertatu eta eskualdea Novgorodeko Errepublikaren ondorengoa izan zen Errusiar Tsarerriaren eta Suediar Erresumaren eskuen artean ibili zen hainbat mendez. XVI. mendean, azkenean, Laponia probintziaren mugak egonkortu egin ziren behin betiko eta eskualdea antzinako probintziaren esku gelditu zen [6].

Sodankyläko eliza zaharra (XX. mende hasiera).

Garai hartan, samien gizartea dagoeneko hainbat azpitaldetan banatua zegoela uste da. Alde batetik, Finlandia eta Sápmi iparraldean nagusi ziren ipar samiak zeuden, elur-orein zaintzari lotutako bizimodua zutenak. Hizkuntza berezia ere bazuten, gaur egun hiztun kopuru handiena duen samiera dena, ipar samiera. Ipar sami herriak, hala nola, Ohcejohka, Juovssa, Njávdán eta Soabbat siidetan bizi ziren. Bestetik, inari samiak zeuden, Inari aintziraren inguruan bizi zirenak eta ekialdeko samiekin harreman estua zutenak. Hauek ere hizkuntza berezia zuten, inariko samiera edo inariera, eta aintzira erraldoiari erabat lotutako bizimodua zeramaten. Azkenik, kemi samiak zueden, besteak beste, Ipar Lappiko Soađegilli siidan bizi zirenak. Kemiarrak Kitinen, Luiro eta Kemi ibaien arroetan egokitu ziren, eta berezitasun nabarmenenak hizkuntza -XX. menderako desagertua zen, baina lekukotasunak utzi dituen kemiera edo kemiko samiera- eta aparteko bizimodua -ibaiko arrantza, nagusiki- ziren [7].

Ipar Lappiko jatorrizko biztanle samiek zeramaten oharkabeko bizimodua XVI. eta XVII. mendeen artean amaitu zen, suediarren eragina nabarmentzen hasi zen garaian, alegia. Kristautasunaren bultzadaz, lehen elizak eraikitzen hasi ziren Laponian. Lurraldearen zabalera eta orografia dela-eta, hainbat eliza eraiki behar izan zituzten eskualdean erlijioa egonkortzeko; lehenak Inariko Pielpajärviko baseliza, 1646. urtean eraiki zena (1760. urtean berreraiki behar izan zen), eta Sodankyläko eliza zaharra, 1689. urtean eraiki zena eta zutik dirauen Lappiko egurrezko eraikin zaharrena dena, izan ziren. Kristautasunaren etorrerarekin batera, samiek xamanismoa alde batera utzi eta iristen hasi ziren finn kolonoen sinesmena bereganatu zuten; hau da, kristautzea bat-batekoa izan zen. Xamanismoa eta ohitura zaharrak mantendu zituzten samiek sorgin-ehiza latza jasan behar izan zuten eta asko erreak izan ziren. Samien tradizio eta sinesmen ugari galdu ziren XVII. mendean; besteak beste, joik aurre-kristauen ohitura (livđe). Baina, honekin batera, suediarren agintea ere indartu zen. Suediar Inperioak iparraldean sektore ekonomiko berria sortzeko helburuarekin, elur-orein zaintza sustatzeko diru-laguntzak ematen hasi zen samiei eta hegoaldetik zetozen kolonoei. Beraz, erlijioa ez ezik, jatorrizko sodankylärrek, behintzat, bizimodu nomada galdu eta egonleku finkoak eraikitzen hasi ziren garaia izan zen. Utsjokiko eta Inariko samien bizimodu ibiltaria, aldiz, ez zen XIX. mendera arte desagertuko [8].

Egurzainak Kitinen ibaiaren ertzean (XX. mende hasiera).

Errusiar Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVII. mende bukaeran Izotz Aro Txikia iritsi zen eta herritarrek hildako asko eragin zituen gosete garai luzea pairatu zuten. Dena den, egonkortasun handiko urteak izan ziren, eta Errusiar Tsarerriaren eta Suediar Erresumaren iparraldeko muga lasaitu egin zen. XVIII. mendean baina, Finlandiaren kontrola izateko guduak hasi ziren berriro ere; Finlandiako Gerran, azkenik, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen finn nazionalismoaren laguntzaz, eta Finlandia Inperioko Dukerri Handi bihurtu zen 1809. urtean. XIX. mendearen hasiera izan zen, hain zuzen ere, Inari, Sodankylä eta eskualdearen hazkuntza areagotu zen garaia. Kemi hiriaren inguruan eratu zen industria Ekialdeko Lappiko basoak ustiatzen hasi zen, eta Kemi ibaia Laponiako garraiobide nagusi bihurtu zen. Baliabide naturalen erauzketak eta urre sukarrak ere herritar asko erakarri zituzten hegoaldetik, eta finlandiarren kopuruak azkar egin zuen gora. Kolonoen kokatzea bultzatzeko, gainera, eskualdea zerga-sistematik salbuetsia gelditu zen hainbat urtez. Horrela, basogintza industriaren bitartez, lehenengo azpiegiturak eraikitzen hasi ziren azpieskualdean eta inari samiak ere lehenbiziko bizileku egonkorrak eraikitzen hasi ziren XVIII. mendearen erdialdean [6].

Baina, hegoaldeko finlandiarrekin batera, beste kultura desberdineko samiak ere iristen hasi ziren. Hegoaldetik, Rovaniemi eta Kemijärvi ingurutik, kemi samiak iritsi ziren Inarira, kolonoek bereganatutako euren jatorrizko lurrak atzean utzita. Kemi samiek inariarrekin kultura eta hizkuntza antzekotasun handia zutenez, bat egitea erraza izan zen; dena den, Sodankylä eta hego Lappiko jatorrizko sami azpitalde honen azken urteak izan ziren, kemiarrak kemiko samieraren azken hiztunarekin batera desagertu baitziren XIX. mendean. Bestetik, iparraldetik, Kautokeino ingurutik, elur-orein zaintzan ziharduten hainbat ipar sami familia egokitu zen Inarin eta Sompion. Talde honekin harremana aberasgarria izan bazen ere, euren jatorrizko hizkuntza eta bizimoduari eutsi zioten [8].

Dena den, egoera ere asko aldatu zen Utsjokiko eta Inariko samientzat, batik bat, 1852. urtean Norvegiako muga itxi zenean. Izan ere, hotzaren eraginez, prozesu biologiko guztiak oso geldoak dira; hildako landare zein animaliek denbora asko behar izaten dute deskonposatzeko, eta hori dela eta, mantenugai gutxi izan ohi du lurzoruak. Honenbestez, elur-oreinak udan Ozeano Artikoaren kostaldeko larrera eraman behar izaten zituzten elikatzeko. Baina, muga itxi zenean, bizimodu nomada aldatuz joan eta bizileku egonkorrak finkatzen hasi ziren [1].

Errusia, Finlandia eta Norvegiaren arteko muga markatzen duen harri-mukurua.

Ipar Lappi osatzen duten hiru udalerriak XIX. mendearen bukaeran sortu ziren. Lehenak Inari eta Utsjoki izan ziren, 1876. urtean, eta azkena, aldiz, Sodankylä 1893an. Hala, XVII. mendetik parrokia bakoitzaren mugak nahiko zehaztuak zeuden arren, herritarrek orduan baino ez zuten jaso udalerri eskubidea.

Independentzia eta Bigarren Mundu Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mende hasieran, Iraultza ondoren Errusian zebilen giro nahasiari probetxu atera nahian, finlandiarrek independentzia aldarrikatu zuten 1917an. Independentzia kontuan finlandiar gehienak ados zeuden arren, bi alderdi nagusien botere nahiak herrialdea Gerra Zibilera bultzatu zuen. Azkenean, Armada Zuriak gerra irabazi zuen eta administrazio berriak Ouluko probintzia zatitu, Lappiko probintzia berria sortu, eta Rovaniemi begiko hiri bihurtu zuen (Sobiet Batasunaren laguntza zuen Armada Gorriaren alde egin zuten Oulu, Tornio eta Kemi hirien kalterako). Izendapen horrek eragin handia izan zuen Ipar Lappin, eskualdea Rovaniemi eta herrialdeak eskuratu berri zuen Ozeano Artikoko lurraldearen erdibidean baitzegoen. XX. mendearen hastapenetan ireki ziren, besteak beste, Rovaniemi-Sodankylä errepidea, lehen eskola eta farmaziak, Behatoki Geofisikoa, telefono linea, Sompio eta Unariko meatzeak, eta 1918. urtean, Ivalo herrian geltoki zuen Petsamoko trenbidea; hala, Rovaniemi eta kostaldearen arteko lotura eginez, Petsamoko nikel-meatzeak ustiatzen hasi ziren. Ivalo hazten hasi eta Inari udalerriaren herrigune nagusi bihurtu zen. Irekiera hau, dena den, ez zen horren onuragarria izan herritarrentzat, 1919ko abenduan espainiar gripea iritsi baitzen azpieskualdera eta, besteak beste, pare bat hilabetean Inariren garaiko biztanleria osoaren %10 hil baitzuen; guztira, 190 inariar. 1920rako, dagoeneko finn jatorriko herritarrak samiak baino gehiago ziren Inarin; zehazki, inariar finnak 930 ziren eta samiak, aldiz, 806 baino ez. Utsjokin, bestetik, samiak gehiengo izaten jarraitzen zuten: 459 eta 35 [9][8].

Sodankylär errefuxiatuak II. Mundu Gerran (1944).

Ipar Lappiren eta eskualdearen urre-aro honetan, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Hirugarren Reicharekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak Lappin egokitu ziren eta herrialdearen defentsa antolatzeari ekin zioten. Finlandia astindu zuten Neguko Gerra eta Jarraipenaren Gerraren ondoren, herrialdeak SESBekin Moskuko armistizioa izeneko bake-akordioa sinatu behar izan zuen; akordio hau gauzatzeko, finlandiarrek sobietarren baldintza nagusia onartu behar izan zuten, alegia, alemaniarrak finlandiar lurraldetik botatzea. Laponiako Gerra hasi zen 1944ko urriaren 1ean eta Ipar Lappiko biztanleak Suediara eta hego Finlandiara eraman zituzten.

Ivalo herria, Laponiako Gerra ondoren (1944).

Lappin zeuden 200.000 soldadu alemaniarrek, bestalde, bizilagun den Norvegiara, Reicharen herrialde satelitera alde egitea pentsatu zuten, baina, ihes egin baino lehen, Lothar Rendulic ofizialak probintzia osoa suntsitzeko agindua eman zuen. Finlandiar soldaduak Kemi eta Tornio ingurura joan ziren alemaniarrak bertako portu estrategikoetatik urruntzen saiatzeko eta, bitartean, nazien XVII. batailoiak gotorleku sendoena zuten hiriaren jabe egin ziren, Rovaniemiren jabe, hain zuzen ere. Urriaren 9an, alemaniar soldaduak hiriko azpiegitura, instalazio eta finlandiar administrazioaren eraikin nagusiak suntsitzen hasiak ziren. Laponian zegoen bigarren batailoi alemaniarrak -XXXII. batailoiak-, aldiz, iparralderantz egin zuen; Sodankylä-Ivalo-Utsjoki bidetik Norvegiara heltzea zuten helburu. Ihesean, ez zuten gainontzeko batailoiek aurkitutako erresistentziarik jasan eta arazorik gabe iritsi ziren mugaraino. Hori bai, bidean, topatutako herri guztiak suntsitzeaz arduratu ziren; hauen artean, Sodankylä eta Ivalo 1944ko azaroaren 5ean. Hala ere, herritarrak babesean zeudenez, hildakorik ez zen izan eta onik itzuli ahal izan ziren azpieskualdera; gerra garaipenak, era berean, berreraikitze lanak arindu zituen [10][11].

Gerraren ezkutuko albo-kalteak errefuxiatuak izan ziren. Neguko Gerra eta Jarraipenaren Gerra amaitu zirenean, 1939. eta 1941. urteetan, Finlandiak Ozeano Artikoan zituen lurraldeak galdu egin zituen: Ribatxi penintsula lehenik; ondoren, Petsamo udalerria. Ondorioz, bertako herritarrek bizilekuz aldatu behar izan zuten. Gehienak skolt samiak ziren, hizkuntza -skolt samiera- eta ohituragatik gainontzeko samiengandik bereizten direnak; horrela, Suonikylän bizi ziren samiak Näätämö eta Sevettijärvi herrietan geratu ziren; Paatsjoki ibaiaren inguruan bizi zirenak, aldiz, Keväjärvira joan ziren; eta Petsamokoak, azkenik, Nellim herrian amaitu zuten. Mugimendu fluxu honek erabat aldatu zuen Inari udalerriaren banaketa etnikoa eta eskualdearen jatorrizko biztanleak ziren inariko samiek euren lurrak banatu behar izan zituzten [12].

Historia garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hala eta guztiz ere, Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu (Parisko Itunaren ondorioz, Inarik Jäniskoski–Niskakoski lurraldea galdu zuen) eta, 40 urtean, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuenetakoa bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Hala ere, hazkunde guztia ez zen horren oparoa izan Ipar Lappiko udalerri guztientzat. Izan ere, industriak bere sustraiak Sodankylän baino ez zituen errotu. Hala, basogintza industriak eta meatzeek garrantzi handia izaten jarraitu zuten; baina, iraultza handiena urtegien eraikitzea izan zen. Hain zuzen, 1960ko hamarkadan eraiki ziren iparraldeko Sompio eremuan dauden Lokan tekojärvi eta Porttipahdan tekojärvi urtegiak. Kitinen eta Luiroren urak bilduz, ibaien emaria kontrolatu zen, eta hauen arroan hainbat zentral hidroelektriko eraiki ziren, eskualdea argindarrez hornitzen dutenak. Dena den, guztira, 600 herritar lekualdatu behar izan ziren, gaur egun urtegiek hartzen duten eremuetan hainbat herri bitzeuden; haien artean, Lokka, Mutenia eta Vuotso [13].

Inarin, aldiz, jatorrizko samiek lehen sektoreko ekonomiatik bizirauten jarraitu zuten 1950eko hamarkadara arte. Hain zuzen ere, hamarkada horretan arrantza industria iritsi zen Inari aintzirara. Hegoaldetik etorritako finlandiar arrantzaleek lakua hustu egin zuten urte gutxian eta gehiegizko arrantzak inariko samien natura baliabide aberatsenarekin amaitu zuen. 1970eko hamarkadatik aurrera, aldiz, aintzira eta natura basatia babesteko ekintzak jarri ziren abian. Arrantza industriak udalerriaren motore ekonomiko nagusi izateari utzi zion, eta turismo berdearen aldeko apostua egin zuen Inariko Udalak. Horrela, parke nazionalak eta eremu basatiak sustatzen hasi ziren eta negu-kirolak praktikatzeko aproposak diren muinoen artean dagoen Saariselkä herriak ere bultzada handia izan zuen.

Gauerdiko eguzkia Inari aintziran. Goizeko 01:38ean Sovintovaaratik (2013ko ekainaren 1a).

Utsjokin, bestetik, azken urteotan turismoak diru-sarreretan duen garrantzia hazi den arren, utsjokiarrek abeltzaintzatik bizirauten jarraitzen dute [6].

Bi talde etniko nagusi dauden arren, finnak eta samiak guztiz bateratuak daude egunerokoan eta kultura aberastuz, bi gizarte-taldeak inolako desberdintasunik gabe bizi dira XXI. mendean. Samien ohiturak, hizkuntza eta lurrak babesten dituen Samien Lurraldea sortu zuten Inarik, Sodankyläk eta Utsjokik, Enontekiö udalerriarein batera, 1973. urtean, eta Samien Parlamentua, hain zuzen ere, Inarin eraikia izan zen 1996ean [14].

Azken urteotan hainbat istilu izan da babestutako eremuen kontura. 2005. urtean, esaterako, sami abeltzainek eta Greenpeace erakundeak bat egin zuten Metsähallitus enpresaren aurka egiteko. Metsähallitusek pinu basoen %40a babestea erabaki bazuen ere, babestutako eremu hau emankorrak ez ziren eta sartzen zailak ziren basoek osatzen zutela salatu zuten talde ekologistak eta samiek. Hain zuzen ere, sami abeltzainek euren aspaldiko kultura mantentzeko eta neguan elur-oreinak elikatu ahal izateko ezinbestekoak dituzte azpieskualdeko pinudiak eta zuhaitzen azalak; eta neurri horren ondorioz, eskura zeuden eta aspalditik samien egonleku izandako basoak babesgabe gelditzen ziren. Erabakiak Inariko pinu basoak herrialdeko papergintza enpresa nagusien esku gelditzeko erraztasuna ematen zuela salatu zuten aldarrikatzaileek. Azkenean, hainbat urteren ostean, Finlandiako Gobernua, Metsähallitus, Greenpeace eta samiak akordio batera iritsi ziren eta babestutako eremua %40tik %80ra zabaltzea adostu zuten 2010ean. Negoziazioan parte hartu zuten alderdi guztiak ados agertu baziren ere, Inariko Udalak urtero udalerriko naturaren gainean eskumena zabaltzeko aldarria egiten jarraitzen du [15].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b luontton.fi Utsjoen esihistoriaa. 2014.02.28 Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name "Bibliografia7" defined multiple times with different content
  2. Inarin esihistoria 2011.06.24
  3. Sompio Sodankylän esihistoria. 2013.11.02
  4. Ojanlatva, Eija. «Historia Anarâš», Siida. Viitattu 2010.08.04
  5. Saamelaiset eilen ja tänään Lapinkyläjärjestelmästä. 2014.02.28
  6. a b c Lehtola, Teuvo (1998). «Inarin historia 1500-luvulta jälleenrakennusaikaan». S.22.
  7. Gáldu The ski-going people. 2013.09.04
  8. a b c Sodankylän historia[Betiko hautsitako esteka] Lokan allas. 2013.11.03 Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name "Bibliografia33" defined multiple times with different content
  9. Lapin historia[Betiko hautsitako esteka] Saamelaiset ja poronhoito. 2013.05.02
  10. Helsingin Sanomat Lapin sota. 2012.02.26
  11. Lapin sota 2012.02.26
  12. Lehtola, Veli-Pekka (1997). «Saamelaiset - historia, yhteiskunta, taide». Gummerus: Jyväskylkä. ISBN 951-97541-2-1.
  13. Sodankylän historia[Betiko hautsitako esteka] Lapinkylät ja uudisasutus. 2013.11.03
  14. Samediggi Sami Parliament of Finland. 2013.08.21
  15. Greenpeace 80,000 Hectares of Finnish Forest Protected in Landmark deal. 2013.04.10

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]