Utsjoki

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Ohcejohka / Utsjoki

Utsjokiko armarria
Armarria
Berezko izena Ohcejoga gielda (ipar samieraz)
Utsjoen kunta (finlandieraz)
Herrialdea
Eskualdea
Azpieskualdea
 Finlandia
Lappiko eskualdea
Ipar Lappiko azpieskualdea
Alkatea Vuokko Tieva-Niittyvuopio
Sorrera 1876
Ohcejohka / Utsjoki Finlandiako mapan
Koordenatuak 69° 54′ 25″ N, 27° 01′ 25″ E / 69.90694°N,27.02361°E / 69.90694; 27.02361Koordenatuak: 69° 54′ 25″ N, 27° 01′ 25″ E / 69.90694°N,27.02361°E / 69.90694; 27.02361
Azalera
- Ur-azalera
5.372,00 km²[1]
226,02 km² (%4,2)
Biztanleria
Dentsitatea
Lehen hizkuntza
- Finlandiera
- Ipar samiera
- Besteak
1.247 (2017.08.31)[2]
0,24 bizt/km²
(2016)[2]
% 51,3 (ofiziala)
% 45,0 (ofiziala)
% 3,7
Webgune ofiziala

Ohcejohka edo Utsjoki (inariko samieraz, Uccjuuhâ; skolt samieraz, Uccjokk) Finlandiako Lappi eskualdean dagoen udalerria da. Espainiako Kantabria Erkidegoa bezain handia den udalerri honetan, 1.300 biztanle baino ez dira bizi; hala ere, Inari udalerriarekin batera, Finlandiako samitar-ehuneko altuena duen udalerria da, herritarren %70a jatorri samitarrekoa baita. Dena den, biztanleria osoaren %47aren ama hizkuntza baino ez da samiera (samitarren hiru laurdenen ama hizkuntza). Nahiz eta iparraldeko samiera hizkuntza ofiziala izan, inguruko hizkuntza indartsuek, norvegierak eta bereziki finlandierak, udalerriko dialektoan eragin handia izan dute azken urteotan [3].

Finlandia eta Europar Batasuneko iparreneko udalerria da; Norvegiarekin muga egiten duen udalerriko Nuorgam herrixka, zehazki. Sápmi lurraldean dago, samitarren berezko lurraldean, eta urtero hamaika ekitaldi ospatu ohi da kultura hau sustatzeko asmoz. Lehen aipaturiko Inari da Utsjokiren bizilangun Finlandiar bakarra, Karasjok mendebaldean, Tana iparraldean eta Nesseby ipar-ekialdean dauden udalerriak norvegiarrak baitira. Finlandiako ibai nagusi batzuk ere, hala nola, Kaamasjoki, Kevojoki, Tenojoki, Utsjoki eta Vetsijokik, udalerriko herrixka batzuen erdigune dira. Udalerriaren izenari erreparatzearekin, nahikoa da ibaien eragina biztanleriaren kulturan ikusteko, johkak eta jokik ibai esan nahi baitute iparraldeko samieraz eta finlandieraz.

Udalerriko eraikinik esanguratsuena XIX. mendeko zurezko eliza da, Utsjokiko erdigunea; izan ere, gainontzeko eraikinak zurezko etxebizitzak dira. Biztanleriaren ehuneko altuenak elur-orein zaintzan egiten du lan, eta honek, azken urteotan areagotzen ari den turismoak eta udalerri bat asebetetzeko behar diren zerbitzuek, Utsjokiren ekonomia-motoreak osatzen dute [4].

Ingurunea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Ipar Lappiko ingurunea»
Udazkeneko ilunabarra Geavvu edo Kevo aintziran (2013).

Utsjoki Lappi eskualdearen eta Finlandiaren iparraldeko muturrean dago, Ipar Lappi lurraldean, eta Norvegiarekin egiten du muga mendebaldean eta iparraldean. Bizilagunak Inari hego-ekialdean, eta Karasjok, Tana eta Nesseby norvegiar udalerriak dira; eskualdeko Rovaniemi hiriburutik, aldiz, 450 bat km iparraldera dago[5]. Utsjokik, guztira, 5.372 km²-ko azalera du eta, hain zuzen ere, azalera handiena duen herrialde osoko hamabigarren udalerria da[1]. Lurralde zabal honetan, hainbat eremu bereizten dira. Lautada zabaletan klima azpiartikoa eta taiga edo baso boreala nagusitzen dira, eta zuhaizti ohikoenak pinudiak eta urkidiak izaten dira; altuera gutxiko mendi gainetan, berriz, zuhaitzik gabeko tundra eta klima polarra dira bereizgarri nagusiak. Azkenik, aipatzekoak dira landare espezie ez-ohikoak bizi diren inguru zingiratsu eta paduratsuak.

Udalerria zirkulu polar artikoaren gainean dago, 350-500 bat km iparrera[5]; horrenbestez, gauerdiko eguzki eta gau polar fenomenoak urtero izaten dira. Alde batetik, eguzkia edo eguzkiaren argitasuna udalerriko zeruaren jabe izaten da maiatzaren bigarren astetik abuztu hasiera arte; Ohcejohka edo Utsjoki herrian, esaterako, gertakariak 71 egun irauten du (maiatzaren 18an hasi eta uztailaren 28an amaitzen da)[6]. Bestetik, gau polarraren garaia edota iluntasuna nagusitzen den garaia azaroaren 27tik urtarrilaren 17ra izaten da; guztira, 51 egun[7]. Ipar argiak, azkenik, oso ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irail eta martxo bitartean lau gautatik hirutan izaten den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki[8].

Klimari dagokionez, azpiartikoa da gailentzen dena eta, ondorioz, tenperaturak leunak izaten dira udan, baina neguak hotzak eta luzeak izan ohi dira. Dena den, neguak ez dira Lappi erdialdean bezain izozgarriak, Ozeano Artikotik iristen den haize epelak neguak leuntzen dituelako. Orokorrean, elurrak udalerriko lurzorua estaltzen du urri amaiera eta maiatza bitartean, gutxi gorabehera 175 bat egunez[9]; izotzak, bestetik, aintzira eta ibaien gaina hartzen du beste horrenbeste egunetan. Hilabete euritsuenak udakoak dira, uztaila bereziki, eta lehorrena, aldiz, maiatza. Eremu menditsuetan, bestalde, klima polarra da nagusitzen dena, eta horrekin batera, zero azpiko tenperaturak. Samiek antzinetik erabiltzen duten egutegiaren arabera, Lappiko eta udalerriko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi garai bereizten dira: Giđđadálvi (udaberri-negua), Giđđa (udaberria), Giđđageassi (udaberri-uda), Geassi (uda), Čakčageassi (udazken-uda), Čakča (udazkena), Čakčadálvi (udazken-negua) eta Dálvi (negua). Azkenik, aipatzekoa da udalerrian klima aztertzen duen gune garrantzitsua dagoela, Turkuko Unibertsitateak 1958. urtean ireki zuen Kevo Ikerketa Azpiartikoko Institutua[10].

 
2013ko Utsjokiko klima datuak[11]
Geavvu / Kevo
Klima azpiartikoa Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Guztira
Maximoa ºC 3,7 3,2 0,3 8,5 30,5 31,7 29,2 25,6 21,4 10,5 1 4,2 14,1
Batez besteko maximoa ºC -5,1 -5,3 -6,5 2,6 13,6 20,3 18,9 18,5 12,9 2,4 -2,1 -4,2 5,5
Batez bestekoa ºC -10,7 -10,4 -13,7 -2,3 8,1 13,9 14 13,1 8,7 -0,2 -6,3 -8,7 0,4
Batez besteko minimoa ºC -16,3 -16,1 -22,4 -8,9 1,4 8,2 8,6 7,4 4,1 -3,3 -11 -13,6 -5,1
Minimoa ºC -35,3 -32,6 -35,6 -24,2 -4,6 2,2 2,9 1,3 -2,6 -12,3 -20,3 -27,4 15,7
Prezipitazio-egunak 28 26 26 25 14 21 21 20 15 26 26 31 279
Fiellu ur-jauzia udan.

Ipar Lappi lurraldea ez da oso eremu menditsua; mendi gehienak Sodankylären ipar- eta hego-ekialdean daude. Dena den, Utsjokin badaude 600 metro goitiko hiru tontor: 619 metroko Kaimioaivi, samientzat sakratua den 620 m-ko Ailigas, eta Ipar Lappiko bigarren eta Finlandiako hamaikagarren goragune altuena den Guivi edo Kuivi, 640 metro neurtzen duena. Bestalde, 500 eta 600 metro arteko hainbat gailur daude udalerrian sakabanatuta; besteak beste, altuenetik baxuenera, Duottarmavnna, Njavgoaivvi, Ruohtir, Avzegasoaivi, Varddoaivi, Nuvvus-Ailigas, Geatgebassi, Orosoaivi eta Birkeoaivi[12].

Ipar argiak Njuorggán/Nuorgam herrian.

Finlandiako gainontzeko udalerriekin alderatuz gero, Utsjoki ez da aintzira handiko udalerria. Zehazki, azalera osoaren %4,2 baino ez da ur-azalera; guztira, 226,02 km²[1]. Hala ere, 1820 aintzira daude bertan, gehienak ekialdean biltzen diren aintzira txikiak[13]; besteak beste, aipatzekoak dira Veahčajávri edo Vetsijärvi, Norvegiarekin muga egiten duen Buolbmátjávri edo Pulmankijärvi, Geavojávri edo Kevojärvi, Inarirekin muga egiten duten Čárajávrrit eta Juttjávri/Jottijärvi, eta mendebaldeko Luopmošjávrrit edo Luomusjärvet multzoa, Stuorrajávri eta Nuorttahjávri aintzirek osatzen dutena. Ur eremu honen artean, bestalde, nabarmenak dira udalerria zeharkatzen duten ibaiak, batik bat, herrialdearen iparraldeko muga marrazten duten Deatnu edo Teno (250 km-ko luzera du) eta Anár edo Inari ibaia (152,9 km luzekoa). Beste ibai garrantzitsu batzuk Inaritik iristen den Gámasjohka edo Kaamasjoki, Kevoko arroila sortzen duen Geavojohka edo Kevojoki, Veahčajohka/Vetsijoki, eta udalerriak izenak zor dizkion Ohcejohka edo Utsjoki dira. Azkenik, aipatzekoa da 26 metroko altuera duen eta herrialde osoko erorketa malda altuenetakoa duen Fiellu ur-jauzia[14].

Ur eremu honetan, amuarrain arruntak eta laponiakoak, koregonoak, arrain hiruarantzak, ezkailuak, lotak, lutxoak, perkak, timaloak eta fama handiko izokinak bizi dira, urtero milaka arrantzale erakartzen dituztenak[15][16].

Udalerriko natura basatia oso zaindua da, azaleraren %90 inguru babestutako lurraldeek osatzen baitute. Guztira, natura erreserba bat eta hiru eremu basati daude Utsjokin:

  • Geavvuko edo Kevoko Natura Erreserba Hertsia: osoki Utsjokin dagoen eta 712 km²-ko eremua hartzen duen erreserba hertsia da. 1956. urtean sortu zen bertako natura berezia babesteko asmoz. Hain zuzen ere, erreserbaren barruan daude, besteak beste, 26 metroko altuera duen Fiellu ur-jauzia, 40 km-ko luzera eta 80 metroko sakonera duen Kevoko arroila, eta pasagune estutik igarotzen den Geavvu edo Kevo ibai meharra. Bisitariek debekatua dute nahierara ibiltzea natura parkean, dena den, badira markatutako bi ibilbide: 64 km-ko luzera duen eta arroila inguratzen duen Geavvu edo Kevo bidea, eta eremu menditsuan barrena doan 78 km luzeko Guivi edo Kuivi bidea. Bi bideak zailtasun handikoak diren arren, urtero milaka naturazale iristen da bertara[17].
Geavvuko edo Kevoko arroila udaran.
  • Gálddoaiviko edo Kaldoaiviko, Muotkatunturiko edo Muotkkeduottarreko, eta Paistunturiko edo Pänituoddârreko eremu basatiak: Utsjokiren bereizgarri nagusietako bat dira udalerrian dauden hiru eremu basatiak. Gune hauek natura basatia, eta samien kultura eta bizilekuak babesteko asmoz sortuak izan ziren 1991. urtean. Hertsiki natura erreserbak ez diren arren, arau eta debeku ugari mantentzen dituzte. Hala ere, natura altxor hauek ezagutarazteko helburuarekin basabide eta etxola ugari egin dira azken urteotan, abenturazale asko erakarri dituztenak[18].

Natura eremu horietan ehizatzea erabat debekatua dago; beraz, baso borealaz gain, babestutako animalia ugari ere badago. Ugaztunen artean, aipatzekoak dira altzeak, amerikar bisoiak, azeri gorri eta zuriak, erbinude arrunt eta zuriak, hartz arreak, igarabak, ipar-katamotzak, jatunak, lemingak, lepahoriak, otso arruntak, satitsu txikiak, tundrako otsoak, ur-ipurtatsak, ur-satitsu hankazuriak, eta elur-orein basati eta etxekotuak (basoko elur-oreinak)[17][18].

Bestalde, hegazti espezieei dagokienez, aniztasun handia dago. Elur-berdantzak, elur-hontzak, eper zuriak, eskandinaviako lagopodoak, kaskabeltz handiak, laponiako kaskabeltzak, okil hiruhatzak, txirri lepokodunak eta zapelatz galtzadunak dira bertako negu latzetan bizirautea lortu duten hegazti bakarrak, alegia, urte osoan zehar ikus daitezkeenak. Hala eta guztiz ere, uda pasatzera iristen diren hegazti espezieak dira nagusi; esaterako, aliota txikiak, arrano beltz eta arrantzaleak, belatz gorri, handi eta txikia motako harrapariak, basoilarrak, bernagorri ilunak, birigarro arrunt eta txikiak, luma dotoreko borrokalariak, elur-berdantzak, erroiak, hontz gabiraiak, ipar-antzandobiak, ipar-belatzak, ipar-txioak, istingor arrunt eta txikiak, kukua, kuliska gorri, pikart eta txikiak, kurlinta bekaindunak, laponiako berdantzak, larre-buztanikarak, larreoiloak, mendebal-txori mokomeheak, negu-txirtak, negu-txontak, okil beltzak, papourdinak, pinu-gailupak, siberiar eskinosoak, temminck txirriak, txio horiak, txirri hankalaburrak, ur-zozoak, urre-txirri arruntak, zingira-berdantzak, zingira-hontzak eta zozo paparzuriak. Azkenik, ur-hegazti espezieen artean, aipatzekoan dira ahate txistulariak, ahatebeltz arrunt eta hegazuriak, beltxarga oihulariak, izotz-ahateak, murgilari handi eta mottodunak, zerra ertain eta txikiak, eta antzara hankagorriztak, hankahoriak, muturzuriak eta nanoak[15][17][18].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurralde honetara iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi ziren garaian iritsi zela uste da; hain zuzen ere, lehenengo biztanle horien aztarna zaharrenak Veahčajávri edo Vetsijärvi izeneko aintziraren inguruan aurkitu dira eta adituek 9.500 urte inguru dutela ebatzi dute[19]. Veahčajávrikoak Ipar Lappiko historiaurreko arrasto zaharrenak dira. Lehen giza-talde hori iparraldetik etorritako Komsa kulturako gizakiek osatu zuten, ehiza eta fruitu-bilketatik bizi ziren, eta jatorria Ozeano Artikoko kostaldea zenez, Ipar Itsasoko Fonsa kulturako tribuekin harreman estua izango zutela uste da. Nahiz eta oraindik lurralde honen jatorrizko biztanleen, samien jatorriak ezezaguna izaten jarraitzen duen, badirudi tribu horien eta beranduago Eskandinaviara immigratu zuten eta eurekin samiera hizkuntza eraman zuten uraldar herrien nahasketaren ondorio direla[20].

XIX. mendeko egurrezko etxolak.

Erdi Arora arte egoera antzekoa izan zen. Bertako biztanleria sakabanaturik bizi ziren eta sasoiaren arabera egonlekuz aldatzen zuten hainbat sami herrik edo taldek osatzen zuten; talde horiei batasuna ematen zien lotura kultura antzekotasuna eta lurralde banaketa ziren. Euren artean eta mugaz haraindiko beste sami taldeen artean harremana etengabea izango zela pentsatzen dute adituek, elkar trukeak urteetan zehar sendotutako sarea. Dena den, talde edo herri bakoitzak bizirauteko beharrezko guztia lortzen zuen ehizaren, arrantzaren eta bilketaren bitartez; beraz, horrek guztiak kanpotarrekin kontaktua izateko beharra gutxituko zuen. Bestalde, klima hotza dela-eta, aipatzekoa da atzerriko erresumek ez zutela saiakera berezirik egin lurraldea bereganatzeko XIV. mendera arte; ondorioz, uste da bertako biztanleek jatorrizko bizimodu eta kulturari eutsi ahal izan ziotela arazo handirik gabe[19].

XIV. mendean, baina, Ipar Lappi osoa Suediar Erresumako antzinako Laponia probintzia barnean finkaturik gelditu zen. Muga zurrundu egin zen eta lurraldearen mendekotasuna bermatzeko, suediarrek zerga-sistema sendoa jarri zuten martxan; dena den, suediarren eragina ez zen XVII. mendera arte nabarmentzen hasiko. Hain zuzen, garai horretan eta kristautasunaren bultzadaz, lehen elizak eraikitzen hasi ziren Laponia iparraldean. Lurraldearen zabalera eta orografia dela-eta, hainbat eliza eraiki behar izan zituzten eskualdean erlijioa egonkortzeko; Utsjokiko lehena Mantojärvi edo Máttajávri izeneko aintziraren ertzean eraiki zuten 1701. urtean. Hala, kristautasunaren etorrerarekin batera, samiak xamanismoa alde batera uzten hasi ziren[19].

Garai hartan, gaur egungo udalerriaren eremuan bi siida edo sami talde zeuden: hego-mendebaldeko Deanu siida eta ipar-ekialdeko Ohcejohka[19][21].

Iparraldean sektore ekonomiko berria sortzeko helburuarekin, samiak elur-orein zaintzan hasteko laguntzak jasotzen hasi ziren Suediar Erresumaren eskutik[22][23]. Strömstadeko Bake Akordioak 1751ean Finlandia eta Norvegiako muga zehaztu zuen. Utsjoki eskualdea sortu zen, Kautokeino Norvegiaren parte gelditu zenean. [24].

XVIII. mendean, Finlandiaren kontrola izateko Suediar eta Errusiar Inperioen arteko guduak izan ziren Finlandia eta Europa osoan; azkenean, Finlandiako Gerran, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen, finlandiar nazionalismoaren laguntzaz. Hau jazo zenean, hainbat arazo bizi izan zituzten Utsjokin abeltzaintzatik bizi ziren herritarrek; izan ere, hotzaren eraginez, prozesu biologiko guztiak oso geldoak dira. Hildako landare zein animaliek denbora asko behar izaten dute deskonposatzeko, eta hori dela eta, mantenugai gutxi izan ohi du lurzoruak. Honenbestez, elur-oreinak neguan, Ozeano Artikoaren kostaldera, Norvegiara, eraman behar izaten zituzten samitarrek. Finlandia Inperio barneko Dukerri Handi bihurtu zenean berriz, Suedia eta Norvegiako mugak itxi egin zituzten 1889an eta 1852an, eta bertako herritarrak iparralderantz jo ezinik gelditu ziren. Mugen itxiera eta beraien bizimoduaren aldaketa ozenago salatzeko, 1876. urtean, gaur egun Utsjoki osatzen duten herrixkak udalerri bat sortzeko batu egin ziren.

Ohcejohkako edo Utsjokiko eliza.

Finlandiak, 1917ko Gerra Zibilean independentzia lortu ostean, eta prozesu hau oraindik egonkortu gabe zegoenean, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak, bere independiente estatusa mantendu nahian, Alemania naziarekin bat egin zuen SESB bere lurraldetik urruntzeko. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak, herrixketan egokitu ziren eta Ozeano Artikoaren defentsa antolatzeari ekin zioten. Hainbat guden ondoren (Neguko Gerra eta Jarraipenaren Gerra), Finlandiak, SESBekin bake-akordio bat sinatu zuen, eta horrek, alemaniarrak Finlandiar lurretatik botatzea eskatzen zuen. Honela, Finlandiak, naziak jazartzeari ekin zion. Hauek, bizilagun den Norvegiara, euren herrialde satelitera, alde egitea pentsatu zuten, baina ihes egin baino lehen, hauen atzeraldia eragozteko, finlandiarrak Utsjoki eta gainontzeko mugako udalerrietan kokatu ziren. Laponiako Gerra hasi zen. Ondorio garratzak pairatu zituen udalerriak, hala ere, alemaniarrek ez zuten herrixkarik erre Enontekiö edo Savukoski udalerrietan gertatu zen bezala [25].

Gerra osteko urteetan, Finlandiak, ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen, eta egonkortasuna lortu zuen politikoki eta sozialki. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Hala ere, hazkunde guzti hau, ez zen ona izan udalerriarentzat; izan ere, industriak ez zituen bere sustraiak errotu Lappin (Kemi, Kemijärvi eta Tornion izan ezik) eta biztanle askok ihes egin zuen Finlandiako beste hiri garatuagoetara euren bizimodua hobetu nahi bazuten. Gainera, Finlandiak Ozeano Artikoan zuen portu bakarra (Petsamo) SESBen esku gelditu zenean, merkataritzatik zituen irabaziak hutsaren hurrengo bihurtu ziren udalerriarentzat. Nahiz eta gaur egun, gero eta egitura garatuagoak heltzen diren turismoari esker, udalerria samitarren elur-orein abeltzaintzan murgilduta dago oraindik.

Samitarrak oraindik, nagusi badira ere (biztanleriaren %70a), geroz eta finlandiar gehiago iristen da udalerrira; hala ere, bi talde etniko nagusi egon arren, finlandiarrak eta samitarrak guztiz bateratuak daude egunerokoan eta kultura aberastuz, bi gizarte-taldeak inolako desberdintasunik gabe bizi dira.

Utsjokiko herriak [26]
Utsjoki-OSM.png
Kuolna
Kuoppaniva
Koikkiniva
Piesjoki
Fierranjoki
Akukoski
Nuorpiniemi
Aittijoki
Gárnjárga
Vetsikko
Mieraslompola
Korretoja
Kevo
Patoniva
Skalluvaara

Administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta beti bateraturik aurkezten diren, hainbat herrixketan dago antolatua udalerria. XIX. mendean, Errusiar Inperioak Finlandia bereganatu zuen eta Norvegiako mugak itxi egin zituztenean 1852an, elur-oreinen abeltzaintzatik bizi ziren bertako herritarrak iparralderantz jo ezinik gelditu ziren. Inarijoki eta Tenojoki ibaien mugen itxiera eta beraien bizimoduaren aldaketa ozenago salatzeko, 1876. urtean, gaur egun Utsjoki osatzen duten herrixkak batu egin ziren udalerri bat sortzeko. Herrixka nagusiak izen bereko Utsjoki herrixka, Europar Batasuneko iparreneko Nuorgam eta biztanle gehien dituen Karigasniemi herrixkak dira.

Hauek dira garrantzitsuenak:

Lehen izendapena finlandieraz, bigarrena ipar samieraz.
150 biztanle baino gehiago dauzkaten herriak beltzez.

Garraio azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inarijokiko zubia Karigasniemin (Finlandia-Norvegia muga).

Hala, Utsjokiko herrien artean ibiltzeko eta Lappiko gainontzeko udalerriekin bat egiteko garraiobide erabiliena autoa da. Utsjokitik autobide bakarra igarotzen da, Nelostie izenaz ezaguna den Valtatie 4. Autobide honek Finlandia hegoaldetik iparraldera zeharkatzen du eta, guztira, Helsinkitik Utsjokira, 1.295 km-ko luzera du (herrialde osoko autobide luzeena da). E8 eta E75 osatzen duten autobideetako bat da eta Oulu, Kemi eta Rovaniemi hirietatik, Kevotik eta Elizatetik igarotzen denez, utsjokiarren autobide erabiliena ere bada. Bestetik, bigarren mailako errepide ugari ere badaude; esate baterako, Inariko Kaamanen herritik hasi eta Karigasniemira iristen den 66 km-ko Kantatie 92, eta hego-mendebaldetik ipar-ekialdera Utsjokiko mugako herri guztiak (Karigasniemi, Outakoski, Nuvvus, Dálvadas, Elizatea, Nuorgam) bat egiten dituen Seututie 970, 148 km dituena. Norvegiara igarotzeko, azkenik, errepidezko hiru muga nagusi daude: Karigasniemitik, Nuorgametik, eta, Sami zubia igaroz, Utsjokiko Elizatetik [27].

Gertuen dagoen aireportua Ivalo aireportua da, hegoaldeko Inari udalerrian.

4E 75 Valtatie 4: Helsinki - Lahti - Jyväskylä - Oulu - Kemi - Rovaniemi - Inari - Utsjoki
92 Kantatie 92: Kaamanen (Inari) – Karigasniemi
970 Seututie 970: Karigasniemi – Utsjoki – Nuorgam

Hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lappiko hezkuntza azpiegitura nagusiak eskualdeko hiriburuan daude, Rovaniemin; haien artean, Unibertsitatea eta Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea. Dena den, utsjokiarrek derrigorrezko hezkuntza udalerrian bertan jasotzeko aukera dute. Hain zuzen, Udalak tokian tokiko irakaskuntzaren alde egiten du eta, hainbat herrik osatzen duten udalerri zabala den arren, eskaintza sarea eraginkorra da.

Guztira, Haur Hezkuntzako hiru eskola daude Utsjokin, hiruak publikoak: Utsjoki Elizateko, Karigasniemiko eta Nuorgamgo haur eskolak. Ikastetxe hauetan, sei urtera arte iristen den Haur Hezkuntza eskaintzeaz gain, Derrigorrezko Hezkuntzako lehen bi mailak ere burutzen dituzte ikasleek. Aurre-eskola izena duten bi ikasturteetan, gazteak ordutegira egokitzen eta ikasgai berriak ikusten hasten dira, besteak beste. Ondorioz, aldaketa horren handia izan ez dadin, fase hau aurreko ikastetxe berean burutu ohi dute.

Njuorggángo edo Nuorgamgo haur eskola elurpean.

Horrela, hirugarren mailatik aurrera, Utsjokiko gazteek Elizatean dagoen Samien Institutura (Utsjoen saamelaislukio edo Ohcejoga sámelogahat) jo behar izaten dute euren ikasketarekin jarraitzeko, udalerrian dagoen Derrigorrezko Hezkuntzako ikastetxe bakarra baita. Eskola bakarra izanik, gazte gehienek inguruko herrietatik bertara mugitu behar izaten dute egunero; dena den, ikastetxeak herri urrunenetako ikasleen joan-etorriak ordaintzen eta errazten ditu. Elebitasunak garrantzi handia du institutuan eta ikasketak finlandieraz edo ipar samieraz eskaintzen dira. Bertan dauden instalazioen artean nabarmentzekoak dira liburutegia, gimnasioa, kirol aretoa eta igerilekua [28].

Osasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Lappi Ospitale Barrutia»

Lappi bi ospitale barrutitan banatua dago. Alde batetik, Kemi-Tornio Ardatzak eta Ylitornio udalerriak osatzen duten Länsi-Pohja Ospitale Barrutia dago; eta, bestetik, Rovaniemi hiriburua eta eskualdeko gainontzeko udalerriak dauden Lappi Ospitale Barrutia.

Familiako edo etxeko mendikuek garrantzi handia dute eskualdeko eta herrialde osoko osasun sisteman, eta hauek udalerrian bertan dauden osasun-etxe eta eskualde-erietxetan egiten dute lan. Osasun zentro hauek ospitale txiki modukoak dira; laborategiak, kontsulta- eta ebakuntza-gelak, x izpi makinak dituzte eta zenbait mediku espezializatuk ere egiten du lan bertan. Askotan bizpahiru udalerriren artean akordioak adosten diren arren, udalerri txikienenek ere zentro hauek izaten dituzte eta, ondorioz, ospitale handiak hiri nagusienetako eskakizunak betetzeko baino ez daude. Guztira, hamabost osasun-etxe (udalerri bakoitzeko bat) eta bi erietxe daude Lappi Ospitalde Barrutian; Lappiko Ospitalea erietxe nagusia, hain zuzen ere, eskualdeko hiriburuan dago, Rovaniemin. Utsjokin, Elizateko osasun-etxe nagusiaz gain, beste eskualde-erietxe bat dago Karigasniemi herrian [29][30].

Hiri senidetuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugaz bestaldeko Tana norvegiar udalerriarekin senidetuta dago 1970. urtetik.

Udala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Utsjokiko eta Finlandiako gainontzeko udalerrietako udalbatzak eratzeko, lau urtero udal hauteskundeak antolatzen dira herrialdean. Gaur egun dagoen udalbatza 2012ko urriaren 28an ospatu ziren udal hauteskundeetan eratu zen.

Utsjokiko Udalbatza [31]
Alderdia Eserlekuak +/- Ehunekoa Utsjokiko udalbatza
-- Zentroko Alderdia 6 Red Arrow Down.svg 2 % 35,9
-- Koalizio Nazionala 4 Green Arrow Up Darker.svg 2 % 26,8
-- Suediar Alderdi Popularra 2 Green Arrow Up Darker.svg 2 % 12,1
-- Benetako Finlandiarrak 1 Green Arrow Up Darker.svg 1 % 11,2
-- Alderdi Sozial-Demokrata 1 Straight Line Steady.svg 0 % 8,0
-- Ezker Elkartasuna 1 Green Arrow Up Darker.svg 1 % 5,9

Utsjokiko Udalbatza 15 ordezkarik osatzen dute eta, Lappiko udalbatza gehienen antzera, talde politiko nagusia Zentroko Alderdia da. Nahiz eta aurreko hauteskundeetan baino emaitza kaskarragoak lortu eta bi ordezkari galdu, guztira, botoen %35,9 eta sei eserleku eskuratu zituen taldeak. Dena den, emaitza ez zen nahikoa izan gehiengo osoa eskuratzeko. Hurrengo alderdia botoen %26,8 jaso zuen Koalizio Nazionala izan zen. Alderdi liberal-kontserbadoreak aurreko emaitzak hobetu eta bi batzarkide irabazi zituen; guztira, lau ordezkari. Bestetik, hirugarren talde politikoa udalerriko sami askoren babesa jaso zuen Suediar Alderdi Popularra izan zen. Ordura arte, samien aldeko politikak egin zituen taldea Ohcejoga Sámit izenekoa izan zen, baina, desadostasunen ondorioz, Suediar Alderdiaren babesean beste hautagaitza bat aurkeztea erabaki zuten. Guztira, utsjokiarren botoen %12,1 eta bi batzarkide lortu zituen. Azkenik, bana ordezkari lortu zituzten Benetako Finlandiarrak, Alderdi Sozial-Demokrata eta Ezker Elkartasuna, hurrenez hurren, botoen %11,2, %8 eta %5,9 jaso zituztenak. Sozial-demokratek aurreko batzarreko ordezkaritza mantendu zuten, eta beste bi alderdiek, aldiz, udalbatzan sartzea lortu zuten. Hauteskundeetako parte hartzea %82,7koa izan zen.

Sami familia (1936).

Udal hauteskunde hauen ostean, eratu berria zen udalbatzak gehiengo osoz Vuokko Tieva-Niittyvuopio alkate aukeratu zuen, eta ordura arte alkatetzan izandako Antti Katekeetta ordezkatu zuen. Gobernu berriak, gainera, udalbatzaren presidentea eta Udalaren bozeramailea izendatu zuen, Ezker Elkartasunaren kide den Aulis Nordberg jauna. Hurrengo udal hauteskundeak 2015. urtean ospatuko dira [32].

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europar Batasuneko herrialdeekin eta Finlandiako udalerriekin alderatuta, Utsjokin, 15 urte baino gutxiagoko biztanleriaren ehunekoa oso baxua da, %13,8koa, eta 65 urte gehiagoko biztanleria, aldiz, %20,3koa. Erlijioari dagokionez, gehienak sinesgabeak edo luteranoak dira eta sinestunen kopuru handiena, batez ere, samitarrek osatzen dute (Laestadianismo). Biztanleriaren %56a gizonezkoak dira [33].

1.400 biztanlera iristen ez den udalerri hau, biztanle gutxien duen Lappiko udalerrietako bat da eta bere zabalerak, Finlandia osoko biztanle dentsitate txikiena duen udalerrien artean kokatzen du. 90ko hamarkadaz geroztik, urtez urte biztanleria jaisten joan da krisi ekonomikoaren ondorioz, batik bat. Izan ere, industria hitza bertan ezezaguna denez, krisiak gogor astindu zuen udalerria eta hainbat herritarrek lan bila kanpora jo behar izan zuten, Rovaniemira esaterako. Hala ere, gaur egun Finlandiako ekonomia gailurrean dagoenez, biztanleek euren elur-orein abeltzaintza-munduan jarrai dezakete inongo arazorik gabe.

Finlandiako samitar-ehuneko altuena duen udalerria da, herritarren %70a jatorri samitarrekoa baita. Dena den, samitar guztien hiru laurdenek baino ez dute hitz egiten samieraz; nahiz eta, iparraldeko samiera hizkuntza ofiziala izan, inguruko hizkuntza indartsuek eragina handia izan dute azken urteotan [34].

Biztanleriaren bilakaera [35][36]
1900 1910 1920 1970 1975 1980 1985 1990 1995 1998 2000 2002 2004 2006 2008 2010 2012 Orain
488 494 528 1.384 1.438 1.479 1.548 1.514 1.568 1.457 1.394 1.402 1.367 1.361 1.322 1.304 1.286 1.285

Utsjoki sami idazleen udalerria da. Hain zuzen, utsjokiar ezagunenak ipar samieraz idazten duten Inger-Mari Aikio-Arianaick eta Rauni Magga Lukkari olerkariak, eta Kirsti Paltto eta Jovnna-Ánde Vest idazleak dira.

Ohcejohkako edo Utsjokiko samien batzarra.

Samiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Samien Lurraldea (Finlandia)», «Sami etnia» eta «Sápmi»

Udalerria samien jatorrizko lurraldearen barnean dago, Sápmi deituriko lurraldean. Samiak, euskaldunekin batera, Europako gutxiengo indigena bakarrak dira, eta hauen jatorria ezezaguna izaten jarraitzen du egun. Kultura eta hizkuntzagatik, badirudi antzinaroko Komsa edo Gorravárri tribuen eta beranduago (Harri Aroan) Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren emaitza direla; baina, kontua ez da argi. Ziurra den bakarra da samiak Eskandinavia iparraldean historiaurretik bizi diren herria dela [37].

1973. urtean, Utsjokik, Enontekiö, Inari eta Sodankylärekin batera, Samien Lurraldea sortu zuen, samien ohiturak, hizkuntza eta lurrak babesteko asmoz. Samien Lurraldea kudeatzen duten arduradunen irizpideen arabera, Utsjoki sami etniako biztanle ehuneko altuena duen Finlandiako udalerria da, biztanleen %70 baita samia (ia 900 bat lagun); hala, Samien Parlamenturako hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea daukate [38].

Utsjokik bi hizkuntza ofizial ditu: finlandiera eta ipar samiera. Herritar gehienak elebidunak diren arren, hizkuntza nagusia lehenengoa da, administrazioaren hizkuntza nazionala baita; ipar samiera, aldiz, hizkuntza gutxitua da. Hala eta guztiz ere, utsjokiarren jatorrizko hizkuntzari erreparatuz gero, datuak parekoak dira: lehen hizkuntza finlandiera dutenak %49,9 baitira, eta ipar samiera dutenak, berriz, %47 (2012). Izan ere, azken urteotan, ipar samiera sustatzeko egindako ahalegina handia izan da, eta hezkuntza elebidunaren aldeko apostuari esker, badirudi hizkuntza mantendu eta, aurreko belaunaldietan galdu zuten samien artean behintzat, hazten ari dela. Ondorengoak dira udalerriak samiera desberdinetan jasotzen dituen izendapenak: Ohcejohka (ipar samieraz, ofiziala den bakarra), Uccjuuhâ (inariko samieraz) eta Uccjokk (skolt samieraz).

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Utsjokiko armarria

Armarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Utsjokiko armarria»

Armarria 1953. urtean sortu zuen Gustaf von Numers artistak eta bere helburua, bertan agertzen diren irudiekin, udalerriko natura adieraztea izan zen; urte bereko apirilaren 20ean, Barne Ministerioak Utsjokiko ikur ofizialtzat hartu zuen. Atzealde beltzaren aurrean, zilarrezko lau puntako izarra eta eguzkiaren garrak daude. Lau puntako izarrak iparrizarra irudikatzen du, neguko gau ilun, hotz eta luzeetan zerua argiztatzen duen argi nagusia; honek, era berean, udalerriaren kokapena adierazten du, herrialdearen iparraldean eta Zirkulu Polar Artikoaren gainean. Bestalde, eguzkiaren gar edo izpiak ipar argiak dira, iparraldeko eskualdeen bereizgarri nagusiak direnak. Horrela, esan daiteke armarriak gau polarra adierazten duela. Azkenik, aipatzekoa da Utsjokiko armarriak ere atzealde iluna duela; izan ere, kolore hitsak (grisa, beltza) Lappiko udalerriko armarrien bereizgarri nabarmenenak dira, negualdeko zerua irudikatzen dutenak [39].

Elkarte eta Erakundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ke sauna herriko museoan.

Museoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikin garrantzitsuenak XIX. mendeko zurezko eliza eta Finlandia Norvegiarekin lotzen duen Sami zubia dira.

Ipar muturreko oroitarria.
  • Sami zubia: Norvegia eta Finlandia bat egiten dituen zubi tenkatua da, 1993. urtean eraiki zena. Guztira, 316 metroko luzera eta 12 m-ko zabalera du, eta argi luzeena, aldiz, 155 m-koa da. Deatnu edo Teno ibaia zeharkatzen du, beraz, zubiaren hegoaldea Utsjoki udalerriaren barruan dago eta iparraldea, aldiz, Tana norvegiar udalerria da. Bertatik igarotzen da E75 errepidea [41].
  • Utsjokiko eliza: 1850 eta 1853 urte bitartean eraikitako harrizko eta adreiluzko eliza luteranoa da. Utsjoki herrixkan dago eta gainontzeko zurezko etxeen artean nabarmentzen den eraikin garaiena da. Egun oskarbi batean, bere ezkila-dorretik Tana udalerri norvegiarreko itsasoa ikusi zela diote utsjokitarrek.

Tenojoki eta Utsjoki bezalako ibaiek ere, zerikusi handia dute udalerriko eguneroko ohituretan; izan ere, antzinako samitarren jaki onenak ibai oparo hauetako izokinak ziren. Gaur egun ere, udalerrira hurbiltzen diren kanpotar gehienak harrapakin hauen bila datozen arrantza-zale amorratuak dira.

Sami zubia Teno ibaiaren gainean (Finlandia-Norvegia muga).

Ospakizun bereziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Langileen ehuneko gehienak zerbitzuetan egiten du lan; bai zerbitzu publikoetan, bai baso-zaintzan, bai turismoan. Gainontzekoak, samitarrak batez ere, nekazaritzan (egoera klimatikoak baldintzatuta) eta elur-orein abeltzaintzan egiten du lan gehienbat. Lappi iparraldean industria ia garatu gabe dagoenez, langabetuen kopurua ia Finlandiako udalerri guztietako altuena da, baina herriko nekazal-bizimodua dela eta, datu hauek ez dira larriak suertatzen [42].

Njuorggán edo Nuorgam herria.

Herria bisitatzen duten turistak, finlandiarrak eta norvegiarrak dira batik bat. Azkeneko hauek gehienetan, muga igarotzen dute erosketa merkeagoak egiteko aburuarekin eta udalerrian uzten duten dirua oso mesedegarria da bertako ekonomian. Nahiz eta Lappiko beste udalerri batzuk baina turista gutxiago erakarri, hauen kopurua haziz doa urtetik urtera eta berebiziko sektore bilakatu da. Normalean, Tenojoki ibaiko izokin ospetsua arrantzatzeko, naturaz gozatzeko eta udako gauerdiko eguzkia ikusteko etortzen dira [43].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Pinta-alat kunnittain (Excel) 1.1.2017 Maanmittauslaitos. 2017.07.02
  2. a b Ennakkoväkiluku sukupuolen mukaan alueittain, elokuu 2017 Tilastokeskus. 2017.10.07
  3. Finlandiako estatistika sozialak
  4. Metla
  5. a b "(Utsjoki) Located 450 km north of the Arctic Circle". Saami Village. 2018.12.10
  6. "Lapland's midnight sun sets". Yle. 2018.12.04
  7. "Polar Night Counter". Expedia. 2018.12.04
  8. "On the hunt for northern lights". visitfinland.com. 2018.12.04
  9. "No snow in Lapland could spell a festive flop". CNN Travel. 2018.12.10
  10. Lapin tutkimuslaitos Kevo. Turun Yliopisto. 2018.12.04
  11. Kevon ilmasto. tutiempo.net. 2014.01.24
  12. Kansalaisen karttapaikka. nimet, korkeudet mpy. ja KKJ-koordinaatit. 2014.02.11
  13. JärviWiki. Info. 2018.12.11
  14. Utsjoen luontotupa. luntoon.fi. 2014.02.12
  15. a b "Utsjoki Area - Natural Features of Utsjoki". nationalparks.fi. 2018.12.10
  16. "Utsjoki wilderness". Eraluvat. 2018.12.10
  17. a b c Kevo Strict Nature Reserve. nationalparks.fi. 2018.12.10
  18. a b c Kaldoaivin, Muotkatunturin ja Paistunturin erämaa-alueet. luontoon.fi. 2013.04.25
  19. a b c d "Utsjoen alueen historia". luontoon.fi. 2018.12.13
  20. "Lapin historiaa". lappi.fi. 2018.12.11
  21. Rasmussen, Siv. "Churches in Finnmark County and the Torne Region in the Early Modern Period". The Arctic University of Norway. 2018.12.13
  22. http://www.suonttavaara.se/dokument/Lapin%20historiaa.html
  23. http://www.nationalparks.fi/utsjoki/sights
  24. http://www.suonttavaara.se/dokument/Lapin%20historiaa.html
  25. Laponiako Gerra
  26. Fonecta 2013.04.13
  27. E75 Nelostie. 2010.12.29
  28. Utsjoen saamelaislukio 2013.12.30
  29. Lapin Sairaanhoitopiiri 2013.09.03
  30. Terveydenhoito Utsjoki. 2013.12.30
  31. Vaalien tulokset 2012 2012.10.28
  32. Valtuusto 2013–2016 Utsjoki. 2013.12.31
  33. Utsjokiko udala
  34. Finlandiako estatistika sozialak
  35. Tilastokeskus (Suomen tilastotiede)
  36. Suomi80 Lappi maailmansodan vuosina. 2013.12.30
  37. Gáldu The ski-going people. 2013.09.04
  38. Saamelaiset tilastotiede 2013.03.29
  39.   Suomen kunnallisvaakunat Suomen Kunnallisliitto ISBN 951-773-085-3 .
  40. InariLapland Euroopan unionin pohjoisin piste. 2014.01.03
  41. Karppinen, Lasse: SuunnitteluKortes luottaa vientiin : 40-vuotias toimisto aikoo kasvaa tänäkin vuonna. Artikkelin verkkoversio 2010.02.10
  42. Utsjokiko udala
  43. Turismoari buruzko datuak

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karasjok Tana Tana, Nesseby
Karasjok Kemiko haize-arrosa Inari
Karasjok Inari Inari


Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Utsjoki Aldatu lotura Wikidatan