Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Jean Etxepare Bidegorri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Jean Etxepare Bidegorri
Bizitza
Jaiotza Mar Chiquita1877ko urriaren  30a
Herrialdea  Euskal Herria
Heriotza Kanbo1935eko urtarrilaren  9a (57 urte)
Hezkuntza
Heziketa Bordeleko Unibertsitatea
Hizkuntzak euskara
Jarduerak
Jarduerak medikua eta idazlea
Kidetza Eskualzaleen Biltzarra
Euskaltzaindia
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkak Lehen Mundu Gerra
Literaturaren Zubitegiko fitxa 590

Jean Etxepare Bidegorri (Mar Chiquita, Argentina, 1877ko urriaren 30 - Kanbo, Lapurdi, 1935eko urtarrilaren 9), izengoitiz Medikua deitua, euskal idazlea izan zen.

Artikulugile izan zen, batez ere. Bere garaiko euskal idazleetan batere ohikoa ez zen izpiritu irekia erakutsi zuen eta horrek arazoak ekarri zizkion: Buruxkak liburuko bi artikulu (bata ezkontzaz kanpoko amodioaz eta bestea eskola laikoaz) zirela eta, argitalpena atzera bota eta bi pasarteak zentsuratu behar izan zituen. Nolanahi ere, Eskualdunen Biltzarreko buru izatera iritsi zen, eta euskara sustatzeko hainbat ekimen bultzatu zituen. Euskaltzain urgazlea ere izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gurasoak Argentinara emigratutako baxenafarrak zituen eta Etxepare han sortu zen. Sei urte zituela itzuli zen guraso eta senideekin Euskal Herrira, eta Lekornen jarri zen bizitzen. 1889an Larresoroko apaiztegian sartu zen; han Abadia, Hiriart-Urruti eta Larralde izan zituen irakasle eta euskal gaietan maisu. Ez zuen erlijiorako joerarik erakutsi, eta 1894ean Bordelen hasi zen medikuntza ikasten. Bertan autore modernoen zale egin zen, Haeckel eta Nietzscherena bereziki. 1901ean eskuratu zuen doktoretza pilotari buruzko ikerketa batekin.

Mediku eta idazle[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mediku bihurturik, Euskal Herrira itzuli zen. Lau urtez Lekornen egon ondoren, Alduden kokatu zen. Handik urte betera Hiriart-Urrutyk zuzentzen zuen Eskualduna aldizkarian hasi zen artikuluak argitaratzen. Bertan trebatu zen euskal idazle gisa, orotariko gaiak landuz: medikuntza, zientzia dibulgazioa, euskalaritza, politika eta literatura. Bere kontakizunetan euskarazko narratiba moderno baten lehen zantzuak ikus daitezke. Han argitaratutako lan batzuekin liburu bat osatu zuen (1910, Buruxkak ), nahiz eta bertan agertzen zituen amodioari buruzko eta eskola laikoen gaineko iritzi aurrerakoiengatik zabalkunde murritza izan.

Lehen Mundu Gerra bitartean, eta bere anaia Pierre apaizarekin batera, Eskualdun Laborarien Almanaka argitaratu zuen, hamar urtez. Gerra lehertu zelarik, soldadu joan behar izan zuen. Gudulekutik bidalitako artikulu sorta bat argitaratu zioten Eskualduna aldizkarian. Gerra ondoren, eta Piarres Broussainek bultzatuta, hegoaldeko zenbait jenderekin jarri zen harremanetan.

1919. urtean Euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta urte luzez izan zen Eskualdunen Biltzarreko lehendakari. Orduan hasi zen Gure Herria aldizkarirako ere idazten. Alduden egon zen luzaro sendagile eta gero Kanbora aldatu zen. 1931n argitaratu zuen bigarren liburua, Beribilez. Bidaia liburu bat da Nafarroan eta Gipuzkoan barrena.

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1902an ekin zion Eskualdunan kolaboratzeari, eta hala jarraitu zuen, honezaz gain urtero bere anaiarekin batera Eskualdun Laborarien Almanaka argitaratzen, Lehen Mundu Gerra piztu zen arte. Mobilizatua, Belgikako frontetik idatzitako kronikak ezagun egin zitzaizkion euskal irakurleari. 1921tik aurrera, izen bereko kultur elkarteak Baionan sortu zuen Gure Herria aldizkarian ere kolaboratu zuen.

Bai Eskualduna eta bai Gure Herria-n eman zituen zenbait lan liburu gisa atera zituenu. 1910ean Buruxkak eman zuen argitara, Eskualdunan ateratako hogeita sei artikuluz osaturiko liburua. Liburua Etxepareren ametsa betetzera zetorren: euskara jakintza gai legez bizitzaren arlo guztietara helaraztea. Eta hala da. Oroimenetik eskuratutako estanpa zoragarriekin batera, euskal tradizioan inoiz gutxitan erabilitako gaiak ukitzen zituen Buruxkak-ek, hala nola Frantzia barneko politika, osasun arazoak… Euskal saiakera modernoaren lehen urratsak ematera zetorren liburuak izan zuen bestelako arazorik, ordea. Bertan agertutako bi artikulu –«Nor eskola-emaile. Zer irakats» eta «Amodioa»– ez ziren ongi hartuak izan eta desagertu egin ziren Piarres Lafittek urte batzuk geroxeago prestaturiko edizioan. Arrazoia bi artikuluen edukian aurkitu behar da, eskola laikoa eta erlijiosoaren arteko auzian lehena, maitasunari buruzko zenbait iritzitan bigarrena.

Oso bestelakoa da Beribilez (1931). Lehenagotik Gure Herria-n atalka emana, Azpeitiko Loiolaraino egindako bidaia baten berri ematen digu Etxeparek bertan. Hizkuntza literarioari dagokionez, berriz, Lafittek «navarro-laburdin littérarire» izendatu eta Iparraldeko prentsan usu erabili izan zen euskara eredua zen Etxepare medikuarenean aurki dezakeguna. Estilo aldetik zorrotza, hiztegi aberatsez eta sintaxi ausartez idatzi izanak kazetaritza literaturaren esparrura hurbildu zuela esan dezakegu.

Liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxepareri buruzko lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Jean Etxepare: Buruxkak, klasikoak.armiarma.eus
  2. Jean Etxepare: Beribilez, klasikoak.armiarma.eus

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jean Etxepare Bidegorri Aldatu lotura Wikidatan