Jesús Aizpún
Jesús Aizpún Tuero[1] (Iruñea, 1928ko ekainaren 17a - 1999ko abenduaren 29a) Nafarroako abokatua eta politikaria, hainbat alderdiren sortzailea, besteak beste, UPNarena. Huarte nafar industrialari familia nabariaren negozioen abokatua izan zen 1960 eta 1970eko hamarkadan. Izan ere, arreba Maria Teresa Felipe Huarte Beaumontekin ezkondua zen. Rafael Aizpunen semea zen.
Nafarroa Garaiaren apartekotasuna nabarmendu zuen, "Euzkadi"ren ideia eta marxismoa sutsuki arbuiatu eta, batez ere, Euskal Herriko gainerako lurraldeekin erakunde berean ez elkartzea.
Ibilbide politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1974an politikan hasi zen. Horretarako hauspoa 1973ko urtarrilean ETAk egindako Felipe Huarte negozio-gizon nafar ezagunaren bahiketa izan zen, lan gatazka bat zela eta. Une horretan, Jesús Aizpúnek bitartekari lanak egin zituen hura askatzeko.[2] Diktadurako Nafarroako erregimenaren jarraipena defendatu zuen, 1841eko "Lege Hitzartua" indarrean zela argudiatuta. 1976an, Partido Demócrata Liberal de Navarra sortu zuen. Alderdi hori 1977an Unión de Centro Democrático alderdian sartu zen eta, urte horretan bertan, Espainiako gorteetan Aizpún diputatu aukeratu zuten.
1978an, ordea, alderdia utzi zuen Espainiako Konstituzioko 4. Xedapen Iragankorra zela eta, baita Konstituzioarekiko desadostasuna agertuz ere, Nafarroak haren aurreko foru erregimena zuelakoan eta hura irmo defendatuz. Hala, 1979an UPN sortu zuen eta haren buru nagusietako bat izan zen, baita ohorezko presidente ere 1997 arte. 121/1979 Errege Dekretuak, berriz, indarrik gabe utzi zuen 1841ko Foruak Eraldatzeko Lege higatuaren jarraipena,[3] baina eskuindar foruzale sutsuenek berehala egin zuten bat dekretu harekin.[oh 1] Harrezkero, 1982ko LORAFNA estatutua bihurtu zen forua Aizpunen eta besteen irudiko, 'foru hobekuntza' bat zelakoan.[4] Aizpun espainiar konstituzioa sutsuki defendatzera pasa zen.
1983an, UCDren gainbeheran, haren karguak samaldan sartu ziren UPNra, salbu eta CDSn, Suárezen alderdi berrian murgildu zirenak eta 1978an Aizpún UCDtik kanporatu zuten pertsonak: Del Burgo, Pegenaute, Monje, eta Astrain, Aizpunek betoa jarri baitzien.[5] Hala ere, bera ez zen pozik, eta berehala haren buruzagitza auzitan jarri zuten askok, baita gutxiengo bihurtu ere. UCDtiko gehienek UPN PP sortu berriarekin bateratzea bultzatu zuten, tartean Juan Cruz Allik, Miguel Sanzek eta Alfredo Jaimek. Hala egin zen 1991ko martxoan, José María Aznarrekin sinatutako akordioaren bitartez. Aizpúnek gogo txarrez eman zion eskua espainiar presidenteari eta berehala alde egin zuen. Adierazi zuenez, bateratze hori "aberrazio politiko eta juridikoa" zen, eta sinatuko zuela "batasunoek (sic) egiten duten bezala, alegia, legeak hala aginduta".[6]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Amadeo Marcok, Nafarroako aldundiko buru frankistak, hura ontzen parte hartu zuen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Abizena Aizpún idaztea euskal herritar horren aukera pertsonala da. Izan ere, Euskaltzaindiak, euskara baturako, Aizpun onartu du deitura horren grafiatzat. Ikus Euskal Onomastikaren Datutegia.
- ↑ Esparza, J.M. Aoiz, F. Zabaleta, P. (2016), 258-259. or.
- ↑ Esparza, J.M. Aoiz, F. Zabaleta, P. (2016), 284, 308. or.
- ↑ Esparza, J.M. Aoiz, F. Zabaleta, P. (2016), 280. or.
- ↑ Esparza, J.M. Aoiz, F. Zabaleta, P. (2016), 313-314. or.
- ↑ Esparza, J.M. Aoiz, F. Zabaleta, P. (2016), 316-317. or.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Esparza Zabalegi, Jose Mari; Aoiz, Floren; Zabaleta, Patxi. (2016). Tres tristes trileros; Arbeloa, Del Burgo y Aizpún. Tafalla: Txalaparta SL ISBN 978-84-16350-64-3..
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1928ko jaiotzak
- 1999ko heriotzak
- Iruindarrak
- Nafarroa Garaiko politikariak
- Espainiako Trantsizio Demokratikoa
- UPNko politikariak
- Zentro Demokratikoaren Batasuneko politikariak
- Espainiako diputatuak I. legegintzaldian
- Espainiako diputatuak II. legegintzaldian
- Espainiako diputatuak III. legegintzaldian
- Espainiako diputatuak IV. legegintzaldian
- Espainiako diputatuak V. legegintzaldian
- Iruñean hildakoak