Nabarrismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Nabarrismoa Nafarroa Garaiaren interesak eta nortasuna babestea beste helbururik ez duen doktrina edo mugimendu politikoa da. Bi joera gailendu dira eta, zeinek bere neurrian, identifikazio teorikoa handia du espainiar nazionalismoarekin eta euskal abertzaletasunarekin.

Nabarrismo eskuindar espainolista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroaren konkistari buruzko Víctor Praderaren idazlana (1922)

Nafarroa Garaiaren nortasuna Espainiaren barnean garatu eta Euskal Herriko beste lurraldeetatik bereizi nahi duen jarrera politikoa da.[1] Nabarrismo ezagunena edo tradizionala da hau, egun bereziki UPN eta Nafarroako Alderdi Popularra alderdien inguruan harilkatua. 2011 arte existitutako Nafarroako Demokraten Konbergentzia nabarrista zen, ñabardurak ñabardura, eta, azken hamarkadetan, Nafarroako Alderdi Sozialista hor kokatu da. Ideologiaz, neurri desberdinetan espainiar nazionalistak eta euskal abertzaletasunaren aurkari sutsuak, historikoki eskuinera oso lerratuak eta muturreko katolizismoaren aldekoak.

« Nabarrismo foruzale katolikoa espainiar nazional-katolizismoaren tokiko bertsioa da... Garcilaso, Pradera, Esparzaren nabarrismoa, frankistak, eta, demokraziaren garaian, Uranga (Ollarra), Aizpún eta Del Burgo, beti egon da Nafarroako gizarteko eskuinari eta sektore kontserbadoreari atxikia, espainiar nazionalismo eta nazional-katolizismoaren zerbitzutan »

—Juan Cruz Alli[2]


Sustraiak eta bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendeko historian, jarrera politiko honen kide nagusiak Raimundo García García "Garcilaso", Víctor Pradera, Eladio Esparza, Jesús Aizpún, eta Jaime Ignacio del Burgo izan dira. Nabarrismo espainolistak 1841eko Lege Hitzartuan bilatu nahi izan ditu bere erroak.

XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran nabarrismoaren zati handi batek identifikazio oso nabarmena zuen euskaltzaletasunarekin. Joera eskuindar erreakzionarioek eta katolikoek ontzat ematen zuten baskismoa. Are, hori izan zen Diario de Navarra egunkariak izan zuen posizioa sortu berritan (1903).[3] Nafarroako Aldundiak Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza sortzen parte hartu zuen, baita Euskalerriaren alde aldizkaria ere, eta euskal unibertsitatearen proiektuan lan egin zuen.[4] Bat zetozen joera horrekin Raimundo Garcia Garcilaso, Victor Pradera, Rafael Aizpun, Julio Ruiz de Alda, Joaquin Beuntza eta abar, guztiak ere kontserbadoreak, katolikoak eta espainiazaleak, baita Eusko Ikaskuntzako kideak ere.[5] Urte gutxiren buruan, ordea, jarrera aldatuz joan ziren, eta euskal asmo politikoekin mesfidati agertzen hasi ziren. Euskal Herria bai, baina subjektu pasibotzat hartuta.

Floren Aoizek, historialari eta ezker abertzaleko bozeramaile izandakoak, euskal lurraldeen arteko polarizazio batean aurkitu du horren arrazoia. Garapen industrial bizkorraren epelean, nekazaritzan oinarritutako nafar lurjabeek eta kazikeek errezeloz ikusten zuten Bizkaiko eliteek hartutako nagusitasuna eta lurralde horren demografia hazkundearen indarra. Bizkaian ideia berriak ere puri-purian ziren, eta nafar jauntxoek arriskugarritzat zeuzkaten berrikuntza horiek guztiak. 1917tik aurrera, beste euskal lurraldeetara baino, jauntxo horiek Madrilera joan ziren babes bila, baita euskal lurraldeen arteko edozein batasuni gogor egin ere.[6]

« Euskal lurraldeak berdinak dira denak, baina ikara eragiten dit batasunak, orduan Bizkaiarena izanen baita hegemonia. Eta, Bizkaian [euskal] nazionalistak nagusi direnez, haiei lotuta egonen ginateke denak. »

Víctor Pradera Diario de Navarran, 1919ko urtarrilaren 6a[7]


Nabarrismo honen gehiengoak Espainiako Bigarren Errepublikaren garai arte euskal abertzaletasunarekin harreman nahiko ona izan zuen, baita helburu askotan bat egin ere; izan ere, biek ere foruzaletasunean eta karlismoan zuten jatorria neurri txiki edo handiagoan. 1931n, ordea, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko Lizarrako Estatutua zela eta, tradizionalisten barruan zatiketa handi bat izan zen, eta askok Nafarroa politikoki Euskal Herriko beste lurraldeetatik aparte uztearen alde egin zuten (Iruñea, 1932).

Espainiako Gerra Zibilaren hasieran, matxinoen estatu guztiko abangoardia osatu zuten, adibidez, Ignacio Baleztenak 1936ko estatu-kolpeari atxikimendu karlista erabaki zuen Emilio Molarekin 1936ko uztailaren 12an. Karlistak eta falangistak elkarrekin lehiatu ziren Nafarroan agintea eskuratzeko, tentsio handiz batzuetan. Frankismoko karlistek, baina, ez zioten uko egiten Nafarroaren euskaltasunari. 60ko hamarkadan, Nafarroako frankismoko eliteek botere-banaketa egin zuten Nafarroako Aldundiaren inguruan, eta Nafarroako familia ezagunek posizioak hartu zituzten orduan, tartean Jaime del Burgo (Kultura Departamendua) eta Jaime Ignacio del Burgo semea (Industria Departamendua). Hurrengo hamarkadetako Nafarroako erregimenaren zutarriak ezarri zituzten orduan.[8]

1977an, Nafarroako Aldundiko hainbat buruzagik bat egin zuten UCDrekin. 1977ko hauteskundeetan, Hego Euskal Herriaren estatutua sortzearen aldeko alderdientzako bozkak kopuruz irabazle atera arren, UCDk atera zituen diputatu gehiago. 1978an, UCDko zenbait buruzagik uko egin zioten Eusko Kontseilu Nagusi sortu berrian sartzeari, ezta aukera hori irekita uzteari ere. Ate hori erabat itxi behar zelakoan, UCDk onartutako Espainiako Konstituzioko Laugarren Xedapen Iragankorrari uko egiteko sortu zen Unión del Pueblo Navarro. Nabarrismo horren sortzailea Jesús Aizpun izan zen, 'foruen berrezarpen osoa'ren aldeko iritzi sutsukoa, baita Nafarroako estatusaren ustezko izaera itundu tradizionalaren zalea ere.[oh 1] Nafarroa Garaia bereizita geratu zen gainerako lurraldeetatik, Amejoramiento edo Hobekuntzaren bitartez (LORAFNA ere deitua). Jaime Ignacio del Burgok bat egin zuen UPNrekin, baita Euskadiko Alderdi Sozialistako nafarrak (Victor Manuel Arbeloa) bide horretan haiekin bat egin ere 1982tik aurrera. Gabriel Urralburuk bide berari heldu zion, eta PSN sortu zuten PSEtik aparte.

« Nafarroa euskal populuaren [Pueblo Vasco] parte funtsezkoa da... Are gehiago: nik esango nuke Nafarroa dela, ia bera bakarrik, euskal populua. »

Jose Javier Uranga Ollarra, Diario de Navarra, 1980ko apirilaren 10a[9]

Yolanda Barcina, Iruñeko alkate 1999tik eta UPNko presidenteorde 2003tik

Garai honetan, UPNk ez zuen, hala ere, nafar euskaltasunaren kontra jo zuzenean, ezta PSNk ere, baina UCDrekin batera, Euskararen Foru Lege murrizgarria onartu zuten, eta Nafarroa Garaiaren euskaltasun osoa bakarrik lurralde horren iparraldeari onartu. Patxi Zabaletak UPNren sorreran ez du ideologia jakinik identifikatzen, "euskal nazionalismoaren kontra egotea besterik ez". Garaikoetxeak dio PSEren Nafarroako adarrak men egin ziola "botere estamentuen eta batik bat komunikabide baten presioari", eta 'traizio' egin.[10] Denboraren poderioz, alderdi horietako buruzagiek ikuspegi oso kontraesankorrak hartzen joan ziren Nafarroaren euskaltasunari buruz, hasieran inondik ere zalantzan ez jartzetik 90eko hamarkadatik aurrera erabat ukatzeraino.[11]

« Sabino Aranak asmatu zuen Euskal Herria terminoa, berehala laburtu eta Euzkadi bihurtu zen hori. »

Jesús Aizpún, 1992[12]

Juan Cruz Allí Nafarroako presidentea UPNtik atera zen (1995ean), besteak beste Nafarroan euskal gaiekiko alderdi horrek zuen jarrera baztertzailea gaitziritzita, eta CDNko buru bihurtu. Politikari horren ustez, 2000. urtearen bueltan, UPNk Euskararen Foru Legea hutsaldu egin zuen, hizkuntz lurralde mistoa erdal lurraldearekin parekatuz.[13][oh 2] 1996an, Juan Cruz Allik, PSNko Otanok eta EAko Erraztik gobernua osatu zuten. UPN kanpora geratu zen. Aldiz, egitasmoak ez zuen iraun. Diario de Navarrak PSNren Suitzako banku kontu sekretu baten existentzia azaleratu zuen, eta gobernua berehala desegin zen. Trukean, UPN-CDNren gobernua eratu zen, Miguel Sanzen buruzagitzapean, eta Yolanda Barcina Iruñeko alkatetzara heldu zen handik gutxira, biak ere Nafarroako euskaltzaleen aurkakoak.

Egungo egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal aurrezki kutxak federazio solte batean elkartuta zeuden 1924tik. Bada, Nafarroako agintari berriek uko egin zioten beste euskal kutxekin bat egiteari, CAN bere aldetik aritzeko. Iruñeko Udaleko Yolanda Barcinak eta UPNk auzoetako elkarte eta ekimenen kontra ekin zioten, tartean ere Korrika eta AEKri jarritako debekuak.[14] 2011-2015eko aldia bereziki polemikoa izan zen Nafarroan, haserrea handitu egin zen, UPN eta PSNrekin: CAN auzia, euskararen kontrako jazarpena, pribatizazioak.[15]

Nafarroako Hezkuntza Saileko arduradun berria, Jose Iribas, Barcinaren eskutik heldu zen gobernu lanetara, eta bere oinarri ideologikoen artean sartu zuen euskararen kontrako ekintza, eta berehala debekatu zituen 'Euskal Herria' izena aipatu edo Euskal Herriko mapak erakusten zituzten testu liburuak.[oh 3] Gero, kriminalizazio giro batek jarraitu zion, D ereduko irakasleak 'ETAzale' izateko susmopean jarriz, horretarako Guardia Zibilak ondutako txosten bat baliatuz, hainbat sindikatuk D ereduko irakasleen izen ona zikintzeko operaziotzat jo zutena. Bai hezkuntzan, bai giro euskaltzaleetan mobilizazioak harrotu zituen.[16]

2015eko ekainean, hamarkadatan PSNren babesaz Nafarroako gobernura heldutako nabarrismo espainiarzaleari lauko gobernu aurrerazale batek hartu zion errelebua, abertzaleen partaidetzaz eta, gehienean, euskaltzalea. UPN-PP oposiziora pasa berritan, estu hartu zuen gobernu berria, eta haren euskararen aldeko jarrera salatu. 2017ko udaberrian, Nafarroako gobernuak Euskararen Legea eraldatzeko asmoa plazaratu zuen, baita hainbat herrik legezko eremu euskaldunera sartzeko eskatu ere. UPNk, berriz, Zizur zendea eremu mistotik ez-euskaldunera sartzeko erabakia bultzatu zuen maiatz hasieran, tokiko hainbat eragileren haserrearen erdian.[17] Ia aldi berean, UPN-PPko gobernuen arauz kanpoko kudeaketa kasuak azaleratu ahala eta Nafarroako Ikurren Legea baliogabetzearen kontra, UPNk, PPk eta Ciudadanosek manifestazio bat deitu zuten Nafarroako bandera aldarrikatzeko, eskuin muturreko sektoreen atxikimenduaz.[18] Are, PSNk bat egin zuen sektariotzat jotako manifestazioarekin.[19]

Nabarrismo euskaltzalea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatutuaren aldeko elkarretaratzea Lizarran (1932)

Gutxienena edo euskaltasunaren aldekoa, euskaraz nafarzaletasuna ere deitzen zaio; abertzaletasunarekin identifikatuta egon da neurri handi batean, baina eremu politiko zabalagoa hartuz: Nafarroa Garaiaren nortasuna Euskal Herriaren baitan garatu nahi duen jarrera politikoa da. 1876an Bigarren Karlistaldia amaitzearekin batera, kezka berezia piztu zen foruen eta Nafarroaren euskal identitatearen galerarekin. Gerra-legearen debekua gaindituz, euskal lurraldeetako hainbat euskaltzalek La Paz egunkaria sortu zuten Madrilen. Bada, haren itzalean garatu zen Asociación Euskara de Navarra, Arturo Kanpion lemazainetako bat izanik, baina zuzenean politikan aritzeari muzin egin zioten, gehiago kultura arloari erreparatuz. Gamazadak (1893-1894) askoren euskal-nafar sentimenduak bateratzea lortu zuen, eta Nafarroako lehenbiziko abertzaleak agertu ziren: Estanislao Arantzadi, Daniel Irujo eta Manuel Irujo aita-semeak, etab.

1903an sortutako Diario de Navarrak, beste katoliko eta tradizionalista ia guztiek bezala, euskaltasuna eta foruak aldarrikatzen zituzten, artean. Hurrengo hamarkadan, ordea, argi geratzen hasi ziren posizio desberdinak, kontzientzia politikodun nafar euskaltzaleen eta nafar euskaltzale espainolisten arteko tirabirak. Hala ere, 1917tik aurrera, hainbat euskal proiektu landu zituzten elkarrekin Nafarroako Aldundia oinarri hartuta: Eusko Ikaskuntza, Euskal Unibertsitatearen egitasmoa, etab. Karlismoan laster nabaritu ziren, ordea, zatiketak: 1922ko Amaiurko oroigarriaren inaugurazioak hautsak harrotu zituen. Víctor Pradera eta beste tradizionalista batzuk kontra sutsuki, baina beste batzuk alde (Ignacio Baleztenak, adibidez, inaugurazioan parte hartu zuen).

20ko hamarkadan, karlista jaimistek gertutasuna agertu zuten nafar euskal abertzaletasunarekin. 1923an, La Voz de Navarra egunkari nafarzale euskaltzalea sortu zen, foruzalea eta nafartasunaren euskal identitatea defendatzen zuena. Hala ere, bere irakurle multzoa aurkitu arren, ez zien itzalik egin ahal izan kopuruz Diario de Navarra eta El Pensamiento Navarro handiagoei. Liberalen kontrako hiru egunkariek polemikak izan zituzten sarritan, nafartasunaren hainbat gaitz elkarri leporatuz:

« PAMPLONESES / Diario de Navarra ha sido el periódico más funesto de nuestro país. Desde que se publica, Navarra ha cambiado de fisionomía, perdiendo toda sensibilidad en sus cuestiones fundamentales. / Está entregado a la tendencia asimilista y castellanizante ofendiendo siempre a todo aquel que piensa en navarro (...). »

La Voz de Navarra, 1930 aldera[20]


1931ko ekainean, Euskal Herriko udalerrien bilkurak oniritzi orokorra eman zion Euskal Herriarentzako Sortarauari (Lizarrako Estatutuari), baita nafar ordezkariek ere. Haren alde kokatu zen Joaquín Beuntza, bat aipatzearren. Aldiz, berehala hasi ziren eragozpenak karlismoaren eta eskuinaren barrutik, nabarrismo espainolista deitutakotik: estatuaren proiektua zapuztuta geratu zen 1932an, Nafarroa kanpoan geratu zen. Karlista euskaltzaleak eta jaimistak uzkurtu egin ziren harrezkero, Manuel Fal Conde buruzagi karlista berriaren gerra logika gailendu ahala. Errepublikaren garaiko euskal nabarrismoan kokatzen dira ere ezkerreko hainbat pertsonaia publiko, tartean dela David Jaime Dean.

Egun, Geroa Bai, EH Bildu eta Aralar alderdiek bere alde egin dute, orain dela gutxi arte Nafarroa Bai, eta abertzaleak ez diren baina ideologia ezkertiar edo aurrerakoia duten Batzarre, Nafarroako Ezker Batua edo Ahal Dugu alderdiek maiz Nafarroaren euskalduntasun kulturalaren alde egin dute, betiere. nafar gazteleradunen eskubideekin oreka mantenduz. Nabarrismoaren adar honek XX. mendearen amaiera arte Nafarroa Garaian indar apala izan arren, denboraldi honetan jatorrizko sustraietatik edateaz gain, ezker politiko, progresismoa eta laizismorako jauzia egin du. 2015eko hauteskundeetan, nabarrismo mota honen adierazletzat jo izan den koalizio zabal batek Nafarroako Gobernuko agintea hartu zuen. Gizarte-arloko mugimendu gisa, Nabarralde elkartearen inguruan harilkatzen da, elementu historizista handikoa eta, ekainean, nafar independentzia aldarrikatzen duen Noaingo guduko martxa antolatzen du Getze-Galarren.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Hala ere, Rodolfo Martin Villa espainiar ministro frankistaren 1979ko 121/79 Errege Dekretuak uko egin zion bere aurreko beste legeren indarrik onartzeari; ikus Zabaleta, P. (2016), 305-311. or.
  2. Allik beste euskal lurraldeekiko nortasun historiko desberdin bat identifikatzen du, besteak [Gaztelako] 'probintziak' izan diren neurrian, Nafarroa ez bezala. Gainera, defendatzen du inguruko beste lurralde batzuekiko (Aragoi, Errioxa...) antzekotasunak ere badituela.
  3. Iribasek 22 testu liburu debekatu zituen. 2011tik 2015era, Nafarroako hezkuntza komunitatea ia hilero atera zen kalera.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Berriaren Liburu Estiloa
  2. Hemen aipatua: Esparza, J.M. Aoiz, F. Zabaleta, P. (2016), 12. or.
  3.   Orzaiz, Ion, Senar, Joxerra (2016) Nafarroa, orain ala inoiz ez 126. orrialdea ISBN 978-84-9027-661-7 .
  4. Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 39. or.
  5. Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 39. or.
  6. Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 40-41. or.
  7. Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 40-41. or.
  8. Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 37. or. Bezero-harremanetan eta nepotismoan oinarrituta, Senarrek eta Orzaizek adierazten dutenez.
  9. Esparza Zabalegi, Jose Mari (2012), 119. or.
  10. Diario de Navarraren erreferentzia, itxura guztien arabera; ikus Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 50-51. or.
  11. Esparza Zabalegi, Jose Mari (2012), 116-126. or.
  12. Esparza Zabalegi, Jose Mari (2012), 121. or.
  13.   Eizagirre, Ixiar (2001) «Juan Cruz Alli; "Nafarroaren identitate plurala ezin da euskaratik ez gazteleratik soilik eraiki"» Argia (Donostia) .
  14. Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 67-69. or.
  15. Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 67-69. or.
  16. Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 71-72. or.
  17.   Orzaiz, Ion (2017) ««Ez dugu eskubiderik galdu nahi; are gutxiago, UPNren kasketaldi batengatik»» Berria (Andoain) .
  18.   Irisarri, Andoni (2017) «UPN, PPN y C's utilizan la bandera de Navarra para unirse a una marcha sectaria contra el Gobierno foral» Noticias de Navarra (Iruñea) .
  19.   Irisarri, Andoni (2017) «El PSN se suma a la marcha sectaria contra el Gobierno» Noticias de Navarra (Iruñea) .
  20. Oses Larumbe, Elena (1988). La Voz de Navarra, un periódico vasquista. Príncipe de Viana (184). ISSN 0032-8472, 434. (20.) or.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

 

  • Esparza Zabalegi, Jose Mari (2012) Euskal Herria kartografian eta testigantza historikoetan Tafalla: Euskal Editorea SL ISBN 978-84-936037-9-3 .

 

  • Esparza Zabalegi, Jose Mari; Aoiz, Floren; Zabaleta, Patxi (2016) Tres tristes trileros; Arbeloa, Del Burgo y Aizpún Tafalla: Txalaparta SL ISBN 978-84-16350-64-3 .

 

Bibliografia osagarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]