Xenpelar

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Juan Frantzisko Petrirena» orritik birbideratua)

Xenpelar
Juan Frantzisko Petriarena Rekondo Xenpelar, Antonio Valverde Ayalde (1915-1970) margolariaren lana
Bizitza
JaiotzaErrenteria1835eko urtarrilaren 13a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaErrenteria1869ko abenduaren 8a (34 urte)
Heriotza modua: Baztanga
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakbertsolaria, ehulea eta idazlea
Lan nabarmenak
Izengoitia(k)Xenpelar

Literaturaren Zubitegia: 431

Juan Frantzisko Petriarena Rekondo, Xenpelar (Errenteria, Gipuzkoa, 1835eko urtarrilaren 13a - 1869ko abenduaren 8a) bertsolaria eta idazlea izan zen. Xenpelar jotzen da XIX. mendeko bertsolaritzaren gailurtzat.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errenteriako Senperelarre baserrian jaio zen, Oiartzungo mugan. Handik jarri zioten goitizena (Senperelarre> Xenpelarre> Xenpelar). Aitona Juan Kruz, Nafarroa Garaiko Sunbillan jaioa zen; aita Jose Benardo Petriarena Bergara, berriz, herrialde bereko Arantzan; laster, ordea, Oiartzuna joan ziren bizi izatera. Dirudienez, biak ala biak ijito kastakoak ziren.[1]

Espainiako Independentzia Gerra (1808-1814) eta gero, udalek zorrei aurre egiteko lursail asko saldu behar izan zituzten, artean Errenteriak Senperelarre izenekoa. Xenpelarren aitona Juan Kruzek lur sail hori erosi zuen 1814ko abenduan, eta sei urte beranduago haren seme Jose Bernardok Udalari baimena eskatu eta bertan etxea eraiki zuen. Gero hara joan zen bizitzera Oiartzungo Errotazar baserritik emaztearekin. Aita Jose Bernardok bederatzi seme-alaba izan zituen guztira: Josefa Inazia Iragorri lehenengo emaztearekin hiru, eta Maria Rita Berrondo bigarrenarekin, berriz, beste sei. Azkeneko hauetan laugarrena izan zen Xenpelar, Lehen Gerra Karlistaren hirugarren urtean jaioa. Senperelarre edo Xenpelarre baserria karlisten eremuan zegoen une hartan, Oiartzun guztia bezalaxe; Errenteria, aldiz, liberalen esku zegoen. Horren ondorioz eta batez ere haien etxea hango elizatik gertuago zegoelako Errenteriakotik baino, beste senide guztiak bezalaxe Oiartzunen bataiatu zuten.[1]

Horren familia zabala ongi hazteko Senperelarre baserria eskas samarra zenez, zazpi urte baino ez zituela morroi joan zen izeba Maria Batista Petriarena eta osaba Manuel Frantzisko Isastiren Oiartzungo Egurrola baserrira, hangoa baitzuen aitabitxia ere: Frantzisko Inazio Isasti.[1] 1857an bere jatorrizko baserrira itzuli zen, Senpelarrera, Errenteriako ehun fabrika handi batean lan egitera.

1859an Maria Joxepa Retegirekin ezkondu zen. Juan Jose anaia lehendik ere Maria Joxeparen ahizpa batekin ezkonduta zegoenez, horrek bi anaia bi ahizparekin elkartu zirela esan nahi du.[1] Errenteriako kalean bizi izan ziren, eta hiru alaba eduki zituzten. Azkeneko alaba izan eta hiru urte beranduago, emaztea baztangak harrapatu eta 1869ko urriaren 25ean hil zen. Xenpelar bera ere kutsatu eta hilabete eta erdi geroago hil zen, abenduaren 8an,[1] 34 urte zituela. Arreba Maria Luisa haurdun zegoela, Joxepa Antoni lau urteko alabatxoa senarrarekin utzi eta anaia eta ilobatxoak zaintzera joan zen azken hilabetean. Xenpelar hil zen egun berean jaio zen Daniela, Maria Luisaren alabatxoa. Egun gutxi egin zituzten bizirik ama-alabek: Daniela abenduaren 17an hil zen, eta Maria Luisa 18an; biak baztangaz. Gaitzerdi, Xenpelarren hiru alabatxoak ez ziren hil. Hiru hilabeteko epean baztangak 29 lagun eraman zituen Errenterian. Arreba Maria Luisa (Maria Luisa Petriarena Rekondo Xenpelar) eta horren alaba Joxepa Antoni ere (Joxepa Antoni Aranberri Petriarena Xenpelar), biak ziren bertsolariak.[2][3][4]

Bertsolaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bat-bateko bertsolaritzan 12 urterekin hasi zen. Olloki, Larraburu, Ardotx, Patxi Bakallo, Panderitarrak izan zituen bertso lagun. Bat-bateko bertso apur batzuk gorde badira ere, Iparragirrerekin eta Musarrorekin izandako bertso eztabaidak, esaterako, bertso jarriak dira Xenpelarren bertso sail ezagunenak.

Gainera, hainbat bertso-paper ere idatzi zuen. Haietako asko, tamalez, 1936ko Gerran galdu ziren. Hogeita hamar bat bertso paper gorde dira gaur egun arte. Sail horietarik gogoangarrienak: Pasaiako plazatik dator notiziya, Frantsesaren ideak, Andre txarren bentajak, Betroiarenak, Ezkondu eta ezkongai, Azken juiziokoak, Iya guriak egin du.

1931n Macazaga inprimeriak Xenpelarren bertsuak izeneko liburuxka argitaratu zuen. Jautarkolek, 1958an, Xenpelar bertsolaria bizitza ta bertsoak izenekoa, Antonio Zavalak 1969an Xenpelar bertsolaria liburua (Auspoa) haren bertso guztiekin,[5] eta, azkenik, 1993an Xenpelar eta bere ingurua liburuan (Sendoa) bertsio osatuago bat eskaini zen.[6]

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Villabonan duen Dokumentazio Zentroari Xenpelar izena jarri zion, bertsolariaren omenez. Zentroaren bitartez, webgune zabala eskaintzen du bertsolaritzako hainbat daturekin eta alorreko liburuak argitaratu dituː bertso-bildumak, bertso-eskoletarako metodologia, bertso-doinuen katalogoa, bertsoak osatzeko laguntza informatikoa,[7] eta abar.

Bertso ezagunenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xenpelarren omenezko eskultura Errenterian

Errenteriako Foruen Plazan burdinazko zuhaitz bat jarri zuten Xenpelarren omenez. Bertso aukeratu batzuk agertzen dira fruitu moduan; besteak beste hauek:

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Xenpelar eta bere ingurua (1993, Sendoa)

Bilduma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Xenpelar bertsolaria. Bizitza ta bertsoak (1958, Itxaropena)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e PERURENA, Patziku: "Senperelarrekoaz" (33-34 orriak). In: Etorrerakoak. Tafalla: Txalaparta, 1998. 33. orria.
  2. PEREZ, Elixabete. (2011). Juan Frantzisko Petriarena Xenpelar 1835-1869. Bidegileak bilduma,. Eusko Jaurlaritza, 9 or..
  3. Zavala, Antonio. (1993). «Xenpelar eta bere ingurua / Antonio Zavala (bizitzaren egille eta bertsoen biltzaille)» eimakatalogoa.eus: 37-41. (Noiz kontsultatua: 2023-11-18).
  4. Xenpelar Dokumentazio Zentroa – Bertsozale Elkartea. «Juan Frantzisko Petriarena "Xenpelar" - Biografiak - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-23).
  5. Antonio Zavala: Xenpelar bertsolaria, Auspoa Liburutegia, Tolosa, 1969.
  6. Xenpelar eta bere ingurua. Sendoa D.L. 1993 ISBN 8485846834. PMC 434094216. (Noiz kontsultatua: 2018-07-27).
  7. Bertsozale Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa. «Bertso-eskola digitala - Arbela» www.bertso-eskolak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-24).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Xenpelar