Edukira joan

Juan Mari Beltran

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Juan Mari Beltran

Bizitza
JaiotzaDonostia1947ko martxoaren 22a (77 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakmusikaria, musikologoa eta irakaslea
Lan nabarmenak
KidetzaArgia Dantza Taldea
Azala taldea
Txanbela (taldea)
Soinuenea
Udako Euskal Unibertsitatea

IMDB: nm7976619 Inguma: juan-mari-beltran-arginena Edit the value on Wikidata

Juan Mari Beltran Argiñena (Donostia, Gipuzkoa,1947ko martxoaren 22a) musikari, musikologo eta irakasle gipuzkoarra da.[1][2][3][4] 2024ko azaroan, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria irabazi zuen.[4]

Gazte-gaztetan, Etxarri-Aranatzen ibili zen txistulari. Ondoren, Argia dantza taldean musikari izan zen. Geroxeago, Hernaniko Musika Eskolan alboka, dultzaina, txalaparta, txanbela eta txistuaren irakasle ibili da hainbat urtez. Gutxienez 13 disko plazaratu ditu.

Euskal Musika tradizionalaren gaur egungo ikertzaile garrantzitsuenetarikoa dugu. 2002an Soinuenea Museoa (Herri Musikaren Txokoa) zabaldu zuen Oiartzunen.[4]

« Nire ibilbidearen azken geltokia da Soinuenea. Topagune bat da, bilgune bat, erakusleiho bat, artxibo bat... nire ibilbidearen erremate bat, baina aldi berean abiapuntu bat ere bada. »

Juan Mari Beltran[4]


Juan Mari Beltran 2024an.

Musikari, ikertzaile eta irakasle, hiru hitz horiek erabili behar dira Juan Mari Beltranen biografia laburtzeko. Euskal Herriko musika-tresnetan aditu entzutetsua izaki, doinu eta kantutegi tradizionala pizteko lanetan emandako urteek euskal herri-musikan gaur egun dagoen aditurik garrantzitsuena bilakatu dute. Multinstrumentista iaioa da; hamahiru disko grabatu eta hamaika musikarirekin lan egin du 44 urteko ibilbidean.[2]

Donostian jaio zen, baina jaio eta bederatzi hilabete egin zituen Donostian. Aita itsasoan lanean egoten zen, Ternuan. Juan Mari jaio zen martxoan, eta aita Eguberrietarako itzuli zen Donostiara. Orduan Etxarri Aranatz-era mugitu ziren.[1]

Etxarri Aranatzen mutiko klarinetista eta txistularia (1954-1962)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musikan Etxarrin hasi zen, zazpi urterekin bidali zuen amak herriko bandaren zuzendariarengana musika ikastera. Etxarrin, musika bandak urte asko zeramatzan, eta prestigio handia zuen. Txistulariak ere han aritzen ziren, eta Juan Mariri bertan sartzea tokatu zitzaion, 7 urte zituela. Klarinetistak behar ziren musika bandan, eta klarinetea eman zion irakasleak. Baina, era berean, esan zion herrian txistulariek laguntza behar zutela taldea indartzeko, eta txistua ere hartu zuen egun hartan. Lehenengo egunetik izan zen multinstrumentista. 11 urterekin, jada musika bandan zegoen. Etxarriko musika kioskoan jotzen zuten, eta txistulariekin erromerietan ibiltzen zen.[1]

Dantza-taldetan txistulari eta folklore-ikertzailea (1962-1985)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamabost urte zituela, Donostiara bizitzera joan zen familiarekin. Isidro Ansorenarekin jarraitu zuen ikasten, eta haren enkarguz ezkontza eta auzoetako festetan txistua jotzen hasi ziren (Grosen, Saguesen, Astigarragan, Intxaurrondon, Ategorrietan...), bera eta anaia Bixente, bi ahotsetara jotzen zuten. Diru pixka bat ere ateratzen zuten, eta, horrela, harremanetan jarri ziren beste dantza talde batzuekin. Dantza talde horiekin kanpora ateratzen hasi ziren, 17-18 urterekin, esterako, Miranda Ebrora (Burgos, Espainia) joan ziren, hiru egunetarako.[1]

Biak hasi ziren Goizaldi dantza-taldean musikari gisara. Juan Antonio Urbeltzen eraginez taldean gertatutako bilakaera hurbiletik ikusi, eta Euskal Folklorearen Laborategiko partaide aktiboa bihurtu zen Juanmari Beltran. Geroago Argia dantza-taldean ere bai. Garai hartakoak dira bere lehen landa-ikerketa eta grabazioak.[1] Zoritxarrez, gehienak galduak dira gaur egun; hala eta guztiz ere, orduan piztu zitzaion Beltrani gaurdaino itzali ez zaion herri-musikarekiko eta ikerketarekiko grina. Argia taldean ere hasi zen herri-musikako tresnak ezagutzen eta jotzen. Horretaz gain, Artze anaiekin txalaparta jotzen hasi eta 1964an eman zuten Beltran anaiek lehen txalaparta emanaldia, Elizondon (Nafarroa Garaia).

Euskal herri-musikaren izen funtsezkoak gertatu diren hainbat musikari ezagutu, tratatu eta estimatu zituen: Leon Bilbao albokaria, Maurizio Elizalde txistularia... Sekula ikerketa alde batera utzi gabe,

Musika irakaslea Hernaniko Musika-Eskolan (1985-2014)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrez, jornala enpresa batean ateratzen zuen, eta dantza taldeetan ikastaroak ematen zituen. Batzuk luzeak, besteak laburrak: Iruñean, Bilbon, Donostian... Baina, 1985etik aurrera, Hernaniko udal musika kontserbatorioan hartu zuten lau gauza irakasteko: txalaparta, txistua, alboka eta dultzaina. Hor ibili zen 29 urtez, erretirora arte.[1]

Musikari eta musikologoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980an sortu zuen Azala taldea, eta taldean jarraitu zuen 1984a arte. Artean, euskal folk musikaren haize berrien adierazle zen diskoa grabatu zuen: Azala (IZ, 1983). Taldekideekin norabide musikalaren inguruko desadostasunak zituela-eta Azala utzi eta Txanbela taldea osatu zuen 1984an. Urte hartan bertan kaleratu zuten lehen lana, Txanbela (IZ, 1984). Hurrengo urtean, bere ikertzaile-senaren lekuko eta euskal etnomusikologiaren harribitxia den Euskal Herriko soinu tresnak (IZ, 1985) diskoa eta dokumentala plazaratu zituen.

Txanbelan askoz ere modu "libreagoan" gauzatu ahal izan zuen Beltranek herri-musikaz zuen ikuspegia; berreskuraketa eta artifiziorik gabeko berrinterpretazioa. Ikuspegi horren lekuko dira taldearekin plazaratutako beste hiru diskoak: Doinurik doinu (IZ, 1987), Hirugarren koskan (IZ, 1992) eta Arin arinketan (IZ, 1997).

1998an San Telmo Museoko soinu eta hots tresnak liburua argitaratu zuen Eusko Ikaskuntzarekin.[5]

Juan Mari Beltran Izturitzeko txirularen erreplika bat jotzen.

Berrikuntza eta esperimentazioa alde batera ez dituela uzten erakutsi zuen Joxan Goikoetxearekin izandako elkarlanean. 90eko hamarkadan indarrean zegoen "musika berrien" etiketa jaso arren, txalapartaren eta teklatuen arteko elkarrizketa mamitsua da Egurraren orpotik dator... diskoa (NO-CD, 1993). Suso Saiz musikari galiziarrak ekoitzi zuen bikotearen hurrengo lana, Beti ttun-ttun (NO-CD, 1999), aurrekoaren bidetik jotzen zuena.

Bakarkako ibilbideari ekin zion Juan Mari Beltranek urte hartatik aurrera. Bi disko kaleratu ditu orduz geroztik: Arditurri (Elkar, 2002), hori ere Suso Saizek ekoitzia, eta Orhiko xoria (Elkar, 2006). Bietatik edozein gerta daiteke Beltranen ikuspegi musikalaren gailurraren erakusgarri. Multinstrumentista preziatua izanik (alboka, dultzaina, txalaparta, txistua...), hainbat musikarirekin lan egin du azken 25 urteotan. Aipagarriena, agian, 1984tik aurrera Amasako Astiasaran Anaiekin egiten duena. Horren lagin bat Amasatik Arratera (Herri Musika Zaleak, 2007) diskoan bildu dute.[2]

Titika Rekalt, Jean Mixel Bedaxagar eta Juan Mari Beltran (txanbela jotzen) Pierre Caubet omentzeko saioan 2019ko otsailaren 16an.

Musika-irakaslea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezin aipatu gabe utzi Juan Mari Beltranek euskal musika tresnak zabaltzeko hezkuntza alorrean egindako lana. 1985etik hainbat tresnaren irakasle da Hernaniko musika eskolan (dultzaina, txalaparta, alboka...), eta bera da azken hogei urtean Hernanin Euskal Herri osoko txalapartariak bildu dituen Txalaparta Festaren bultzatzaile eta antolatzaile nagusietakoa. Hain zuzen, txalapartari eskainitako liburu mardula kaleratu du, Txalaparta (Nerea-Syntorama, 2009), eta horren harira, Ttakun Ttan Ttakun ikuskizuna prestatu du Kukai dantza taldearekin.

1985etik 2000ra bitartean 14 hitzaldi edo ikastaro eman zituen Udako Euskal Unibertsitatearekin.[6]

Herri Musikaren museoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Juan Mari Beltran musikologoa Herri Musikaren Txokoan.

Herri-musikaren inguruan egindako lan guztia erakutsi eta zabaltzeko Oiartzuneko udalaren laguntzaz Arditurrin sortu zuen Herri Musikaren Txokoa. Museo eta interpretazio zentro horretan liburutegia, fonoteka eta herri-musikako hainbat tresna topa daitezke. 1996an martxan jarri eta 2002an zabaldu zen jendearentzat. Interpretazio zentroa izateaz gain, inguruan bestelako egitasmoak ere gauzatzeko plataforma bikaina da Herri Musikaren Txokoa. Herri Musika Zaleak elkartea da bertan sortutako egitasmo nagusia.

Museoak "HM Berriak" aldizkaria argitaratzen du.

  • Juan Mari (2017)
    Txanbela (IZ, 1984)
  • Doinurik doinu (IZ, 1987)
  • Hirugarren koskan (IZ, 1992)
  • "Egurraren orpotik dator..."; Joxan Goikoetxearekin batera (NO-CD, 1993)
  • Arin arinketan (IZ, 1997)
  • Beti Ttun-ttun (NO-CD, 1999)
  • Arditurri: gogoaren bidezidorretatik' (2002 - Elkar)
  • Orhiko xoria (2006 - Elkar)
  • Amasatik Arratera (2007 - Herri Musika Zaleak)
  • Txalaparta (2009 - NO-CD Rekords)[7]
  • Xirolarrua (2012 - Syntorama/Soinuenea) Fernando Jalon-ekin[8]
  • Hots-larretan (2014 - Syntorama/Soinuenea)[9]
  • Soinu-tresnak euskal herri musikan 1985-2010 (2017 - Elkar)[10]
  • Kostaldeko soinuak (2019 - NO-CD Rekords)[11]

Sariak eta errekonozimenduak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f Insausti Barandiaran, Ane. (2024-11-17). ««Guk ez ditugu hamar minutuan milaka sarrera salduko, baina herri musika bizirik dago»» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-11-17).
  2. a b c Tolosa, Andoni. «Juan Mari Beltran» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-30).
  3. Juan Luis Zabala, «Egunsentitik gauera arteko hots, erritmo eta doinuak», Berria, 2014-12-12
  4. a b c d e Lizarralde, Mikel; Iridoy Alzelai, Urko. (2024-11-05). «Juan Mari Beltran musikari eta ikerlariak jasoko du Manuel Lekuona saria» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-11-06).
  5. Mari., Beltrán, Juan. (1998). San Telmo Museoko soinu eta hots tresnak. Eusko Ikaskuntza ISBN 8489516650. PMC 41052144. (Noiz kontsultatua: 2018-12-30).
  6. «Juan Mari Beltran Argiñena :: Inguma - Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea» www.inguma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-30).
  7. «Txalaparta» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  8. «Xirolarrua» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  9. «Hots-larretan» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  10. «Soinu-tresnak euskal herri musikan 1985-2010» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  11. «Kostaldeko soinuak» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  1. "Soinutresnak euskal herri musikan" ("Egin" biblioteka, 1996).
  2. "Dultzaina Gipuzkoan. 1950.eko hamarkada arte".
  3. "Txalaparta eta beste aldaera zaharrak. Lan erritmoetatik musikara".

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]