Kolon dorreak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Kolon dorreak
Torres de Colón, Madrid, 2017-11-01, Triplecaña 04.jpg
Hegoekialdetik ikusita.
Kokapena
kokapenmapa
Helbidea Genova kalea, 31
Kolon plaza, Chamberí
Koordenatuak 40° 25′ 33″ N, 3° 41′ 28″ W / 40.425833333333°N,3.6911111111111°W / 40.425833333333; -3.6911111111111Koordenatuak: 40° 25′ 33″ N, 3° 41′ 28″ W / 40.425833333333°N,3.6911111111111°W / 40.425833333333; -3.6911111111111
Historia eta erabilera
Irekiera1967
Jabea Mutua Madrileña Itzuli
Arkitektura
Arkitektoa Antonio Lamela Itzuli
Eraikitzailea Obrascón Huarte Lain Itzuli
Garaiera 116 m
Solairuak 23
Igogailuak 12

Kolon dorreak (gaztelaniaz Puerta de Toledo) Espainiako Madril hiriburuan dauden bi etxeorratz biki dira.

Kokalekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Chamberí barrutiko Almagro auzpan daude, Kolon plazan eta Genova kalearen 31. zenbakian.

Testuinguru historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendea arkitekturarentzako aro zail eta garrantzitsua izan zen aldi berean: alde batetik gudak asko izan ziren; bestetik, mugimendu modernoa garatu zen arkitektura estilo bezala.

70eko hamarkadako Espainia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendea zeharo garai nahasia izan zen, Espainiako tira-birek Europan emandako korronteak beranduago heltzea eragin zuten.

1939-1975 bitartean obra guztiak erregimenaren eta herrialdearen adierazle izan behar ziren, estetika klasiko baten barnean nazionalismoa bultzatuz. Arkitektura propaganda moduan erabiltzen zen, erregimenaren irudia handitzeko asmoz.

Garai honetako obra guztiek gobernuaren onespena behar zuten eta ideia berriak ez zetozen desiatutakoarekin bat. Hala ere, garaiko arkitekto eta artistei esker (Sáenz de Oíza eta Coderch, GATEPAC taldea, Sert eta Lacasa, Aizpurua, Eduardo Torroja, IETCC institutua, Aburto, de la Sota, Fisac, Vázquez Molezún, Bohigas...), apurka-apurka ideia eta teknika berritzaileak sartu ziren Espainian. Aipatu beharra dago baita ere, pixkanaka, diktaduraren azken urteetan, erregimen politikoa zabalagoa izatera pasa zela. Honek eraikuntzaren aldetik onurak ekarri zituen.

Espainiako dorreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testuinguruan, Madril, Bartzelona eta Benidormeko etxe-orratzak ditugu ikusgai.

Eraikinaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1967-1976 artean Antonio Lamela arkitektoak eta Leonardo Fernández Troyano, Javier Manterola eta Carlos Fernández Casad ingeniariek eraiki zituzten. Rumasa enpresa taldearen egoitza izan ziren, garai honetan Jerez dorreak izendatu ziren, taldearen jatorrizko Jerez de la Frontera udalerriaren omenez.

Eraikina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antonio Lamela arkitekto madrildarra buru zuen Lamela Estudioaren Kolon Dorreek 1967-1976 urte bitartean momentuko espainiar arkitekturan <fatxada arin esekien> kontzeptua finkatzea ekarri zuten.

Orubea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolon Dorreek 1.710 m2 inguruko orube irregularra hartzen dute[1] Madrilgo Kolon Enparantzak eta Castellana zumardiak bat egiten duten izkinean, hiriko bihotzean. 136 metroko garaiera eta 23 solairu bana dituzte.

Bolumenen konposizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Madrilgo Udaletxeak honakoa zioen orubeari buruz: “...La edificación debe ser una unidad arquitectonica de marcada verticalidad”. Horri erantzunez, proiektuaren arduradun zen Estudioak  bolumena bi dorretan banatzea erabaki zuen; hastapenetan aurreikusten zen etxebizitza erabilerarako egokiagoa baitzen.

Proiektuan hartutako ebazpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi fase nagusi jasan zituen eraikuntza honek:

Lehen fasea 1967-1970. urte bitartean garatu zen, bi dorreek etxebizitza erabilera hartuko zutelarik. Solairuko etxebizitza bat edo bi garatuko ziren gehienez. Lehen solairuak, sotoko lehen solairuarekin batera, bulegoak izango zituen. Gainerako sotoko solairuen erabilerak instalakuntzetara eta aparkalekuetara bideratuta agertuko ziren. Baina eraikuntza garaian, programan aldaketak eman ziren: oin tipoek etxebizitzak biltzeaz gain, 3, 4 edo 5 apartamentu biltzeko gaitasuna agertuko zuten, aparthotel erabilera hartuz. Behin nukleoa eta buruko habeak eraiki zituztela, udal arau batek obra geldiaraztea behartu zuen; ustez, eraikinak 9 metro gainditzen baitzituen ezarritako altuera muga. Altuera hori igarotzen zuen eraikinaren zatia burua zenez, dorreak eraisteko erabakia ezerezean gelditu zen.

Bigarren fasea, berriz, 1973-1976 bitartekoa da. Eraikuntza obrak hiru urtez geldituta egon ostean, Administrazioarekin akordio batera iritsi ziren, bulego erabilera onartuz. Behin betiko programa honakoa izango zen goitik behera aztertuz: bi dorreek solairu bakoitzeko bulego bat edo bi bilduko zituzten gehienez. Ondoren, lehen solairuak, tarte solairuak eta behe solairuak basamentua osatuko zuten. Horrek komertzio eta bulego erabilera hartuko zuen. Sotoko lehen solairuak ezkaratza, lokal komertzialak eta harrera-gunea bilduko zituen. Bigarrenak, aldiz, instalakuntza orokorrak. Azkenik, beste lau sotoko oinek garajeak izango zituzten, 7 erdi-mailetan antolatuta.

90.hamarkadan indarrean sartu ziren arauek larrialdietako eskaileren txertaketa behartu zuten. Eskailera berriaren eta eraikinaren makineriaren presentzia eskutatzeko, Art Déco estiloko entxufe berdeaz baliatu zen Antonio Lamela.

Eraikuntza sistema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolon Enparantzako Dorreek, berrikuntza suposatu zuten egitura prozesuari dagokionez; era tradizionala alde batera utziz, goitik behera eraiki baitziren. Hau da, lurrazpiko nukleo zatiaren eraikuntza sotoko solairuen eraikuntzarekin konbinatu zuten. Era horretan, kale mailara iritsi zirela, nukleoa altxatu zuten nahi zuten altuerara iritsi arte. Behin nukleoaren eraikuntza amaitu zutela, burua eraiki zuten, bertatik kableak esekitzeko. Zinbria mugikor baten bitartez, solairuak eraiki zituzten goitik behera, tiranteak bi solairuka gauzatuz. Azkenik, basamentuko oinak eraiki ziren. Egitura bukatutzat eman zuten momentuan, fatxadaren eraikuntzari eman zioten paso, behetik gora gauzatu zelarik.

Zintzilik dagoen egituraren antolamendua ideia basiko batetik eratorria izan da: solairuen perimetroa eraikinaren goiko aldetik esekitzen diren tiranteen euskarri modura erabiltzea. Ideia hau ohiko eraikuntza sistema darabilten eraikinen erresistentzia antolamenduarekiko kontrakoa da. Kolon Dorreen kasuan kargak banatu egiten dira: batzuk zuzenean forjatuan zehar nukleora bideratzen diren bitartean, besteek goranzko norabidea hartzen dute gero nukleotik garraiatuz zimenduetara jaisteko.

Kolon Dorreen kasuan, onuragarria izan da eraikuntza esekitzearen erabakia.  Laburki azalduta, aurrekontuaren garestitzea saihestu zuten eraikitze lanen arintasunak eta lur mugimenduen murrizketak. Gainera, nukleoaren erabileraren bitartez, eraikinari haizearen aurka lan egiten laguntzen zaio. Horrez gain, eraikinen egitura, nukleo batera murrizteak beheko garajeetan zirkulazioa erraztera lagundu zuen eta era berean, espazio diafanoak lortu ziren gainerako solairuetan, azalera erabilgarri handiagoa eskuratuz.

Lau dira Kolon Eraikina osatzen duten eraikuntza elementuak: nukleoa, burua, tiranteak eta lauzak.

Eraikuntza prozesua

Nukleoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nukleoak laukizuzen itxura du. 7 x 6’80 metroko dimentsioak izanik, 0’6 metroko lodieradun hormaz osatzen da 69’25 metroko altueran zehar. Bere barnean eraikinaren zirkulazio bertikala ematen da. Bere eraikuntza irristakorrak diren enkofratuak hormigoituz egin zen. Honen eraikuntzan zehar, plaka metaliko batzuk uzten joan ziren hormigoian, ondoren solairuen lauzekiko lotura bermatuko zutenak.

Burua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Solairuen forjatuak zintzilikatzeko balio duen gaineko plataforman bi elementu nagusitzen dira: Alde batetik, nukleoaren hormen jarraitasuna finkatzen duten lau mentsulak. 60 zentimetroko lodiera jarraia dute, eta kantua 3-5 metrokoa da nukleora edota kanpora ematen dutenaren arabera.

Bestetik, hegaleko lau habeak. Hauek mentsulan bermatzen dira eta tiranteen euskarri gisa funtzionatzen dute. Habeak 3’6 metroro aurkitzen dira eraikinaren inguruan eta 3 metroko kantu jarraia eta 50 zentimetroko lodiera dute. Horrez gain, 25 zentimetroko lodiera duen lauza bat existitzen da habeen artean, eraikinaren makineriaren instalakuntzarako balioko duena.

Tiranteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolon Dorreen tiranteek lauki itxura dute (42 x 42 cm). Beraien barnean zulo bat jarri zitzaien aurreatezatutako kableen gordeleku gisa balio zedin.

Tiranteak obratik at aurrefabrikatu ziren, 5’9 metroko luzerarekin. Altuera hau bi solairuren altueraren baliokide da. Burura lotzen den tiranteen lehen tartea da luzera ezberdina duen bakarra, 6’15 metroko luzeraz hornitzen delarik. Tiranteak beraien behin betiko kokalekuan altxatu ahal izateko, katu batez baliatu ziren.

Tirante pusken arteko loturak epoxi erretxinaren bitartez gauzatu ziren. Buruarekiko lotura egiteko, berriz, neopreno uztaiaz baliatu ziren, tiranteetan flexioak galarazteko.

Tiranteen barnean sartu ziren aurreatezatutako kableen kopurua aldakorra da, jasango dituzten kargen araberakoa izango dena. Tiranteen punturik altuenean aurkitzen dira kable kopururik handienak, altuera galtzen doazen heinean kantitatea txikitzen doalarik. Kokatutako kable kopuru minimoa 11koa den bitartean, gehienez 17 kable jarri ziren.

Oin tipoen lauzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinei dagokienez,  plastikozko kasetoien bidez arindutako 25 zentimetroko lodieradun hormigoizko lauza bat erabili zuten. Lauza jarraia da bere azalera guztian eta izkinetan eta erdigunean kokatzen diren mentsula metalikoen bitartez bermatzen da nukleoan. Aipaturiko mentsulak nukleoan utzitako txapa metalikora soldatu ziren.

Lauzen armadurak oinek dorrean duten kokapenaren araberakoak dira, hots, jasaten dituzten momentu flektoreen araberakoak. Hori dela eta, eraikinaren solairuak 7 oineko hiru multzotan banatzen dira, pakete bakoitzari armadura ezberdina esleituz.

Zinbriaren mugimenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zinbria metalikoa nukleoa inguratzen duten lau zertxaz eta perimetralak diren beste lau zertxaz osatzen da. Oineko dimentsioei dagokienez, oin tipoak baino azalera handiagoa hartzen du (21’72 x 23’74m); kantua, 2’2 metrokoa da. Habe hauen gainean bermatu zen forjatu metalikoa eta enkofratua jasango zituen oholtza. Oin tipoen hormigoitzean zinbriaren deformazioak hartuko lukeen formaren aurkakoa hartuko zuen oholtzak. Zinbriaren manipulazioa katu baten bitartez egin zen, bi solairutik behin jaitsiz. Aipaturikoa da tiranteek bi solairuko luzera izatearen arrazoia.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz)  Casado, C. Fernández; Manterola, J.; Troyano, L. Fernández (1977-09-30) «Estructura de las Torres Colón - Madrid – España» Informes de la Construcción (293): 61–94 ISSN 1988-3234 . Noiz kontsultatua: 2018-02-14 .

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kolon dorreak Aldatu lotura Wikidatan
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Espainia