Lankide:WikIgone/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Egokitzapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irratirako[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraztunen Jauna lanaren lehen egokitzapena irratirako egin zen, 1955 eta 1956 artean. BBC Radio irratiak, Erresuma Batuan, hamabi pasarte egokitu zituen, sei Eraztunaren Elkartea liburukoak eta beste sei Bi dorreak eta Erregearen Itzulera liburuetakoak. Egokitzapen horien arduraduna Terence Tiller izan zen. Alabaina, egokitzapenek liburuak ezagutarazteko balio izan zuten arren, Tolkieni ez zitzaizkion gustatu. Gainera, eztabaida sortu zuten BBC irratiko The CriticsKritikariak») programan, eta horretan parte hartu zutenek Tolkienen iritzi berekoak izan ziren.

1960ko hamarkadaren hasieran, New Yorkeko WBAI-FM irratiak Eraztunen Jaunaren egokitzapen labur eta musikatua eskaini zuen, baina idazlearen baimenik gabe. Hortaz, ezabatu egin zen.

1979an, National Public Radio irratiak beste egokitzapen bat eskaini zuen, hamaika ordu ingurukoa, hori ere Amerikako Estatu Batuetan. The Mind's Eye irrati konpainia arduratu zen Bernard Mayesek idatzitako gidoiaren produkzioaz. Izatez, Mayesek berak ahotsa jarri zien zenbait pertsonaiari, hala nola, Gandalfi edo Tom Bombadili; beste pertsonaien ahotsen atzean, berriz, honako hauek daude: Ray Reinhardt (Bilbo), James Arrington (Frodo), Lou Bliss (Sam), Pat Franklyn (Merry), Mac McCaddon (Pippin) eta Tom Luce (Aragorn).

1981ean, BBC Radio irratiak egokitzapen berria emititu zuen, Brian Sibley eta Michael Bakewellek idatzitakoa, Jane Morgan eta Penny Leicesterren zuzendaritzapean. Oraingoan, hogeita sei pasarteren gidoia prestatu zuten. Gidoiak, oro har, liburuaren istorioari jarraitzen dio, baina Sibleyk berak esan zuen bezala, "ez dago istorio honen aurkezpen dramatikora arrakastaz hurbiltzeko modurik". Bertsio horretan, Ian Holm aktoreak jarri zion ahotsa Frodori, aurrerago Peter Jackson zuzendariaren zinemarako egokitzapenetan Bilboren papera ere egin zuena. 1982an egokitzapena berriro editatu zen, pasarteak hamairura mugatuz (bakoitza ordubetekoa). Eta 2002an, Jacksonen egokitzapenek izandako arrakasta ikusita, BBCk aldaketa txiki batzuk egin eta berriz emititu zuen, kasete eta CD formatuan ere bai.

Zinemarako[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1956an, Eraztunen Jaunak dagoeneko zinemaren interesa piztu zuen. George Allen & Unwin argitaletxeak Tolkieni jakinarazi zion konpainia estatubatuar batek marrazki bizidunak egin nahi zituela eleberrian oinarrituta, eta egileak interes handia erakutsi zuen. Zenbait hilabete geroago, zinema konpainiako agente Forrest J. Ackermanek filmerako prestatutako zirriborro batzuk erakutsi zizkion Tolkieni, bai eta Erdialdeko Lurraldea kokatzeko erabil litezkeen paisaien argazkiak ere. Tolkienek begi onez ikusi zituen, izan ere, ez zuten Disneyko marrazki bizidunen estiloa kopiatzen, baizik eta Arthur Rackham ilustratzailearen lanean oinarrituta zeuden. Alabaina, Morton Grady Zimmermanen gidoiak zenbait aldaketa txertatu zituen jatorrizko istorioarekin bat ez zetozenak, esaterako, arranoak ohiko garraiobide gisa erabiltzea, 'The Prancing Pony' ostatua hotel bihurtzea edo Sarumanek bere buruaz beste egitea. Aldaketok nabarmen haserretu zuten Tolkien, eta ez zuen onartu bere lana horrela aldatzea; beraz, filma bertan behera geratu zen.

Eraztunen Jauna zinemara eramateko bigarren saiakera 1967an egin zen. Stanley Kubrick zuzendari estatubatuarrak eleberriaren bertsio bat egin nahi izan zuen The Beatles musika taldeko kideekin, alegia, haiek protagonisten paperan jarrita: Paul McCartney Frodo gisa, Ringo Starr Sam gisa, George Harrison Gandalf gisa eta John Lennon Gollum gisa. Alabaina, Tolkienek uko egin zion proposamenari.

1970eko hamarkadan, United Artists enpresak, Eraztunen Jaunaren gaineko eskubide batzuk hartuak zituenak, John Boorman zinemagilea kontratatu zuen egokitzapena irudi errealean egiteko. Film bakarra egiteko gidoia prestatu zen, zazpiehun orri ingurukoa, baina istorioa nabarmen aldatzen zuena: pertsonaia ugari ez ziren agertzen, Nazgûl deiturikoak azalik gabeko zaldietan zebiltzaten, Arwen neskatila zen eta sexu eszena bat zegoen Frodo eta Galadrielen artean. Filmaren kostua zela eta, proiektuak ez zuen aurrera egin. Hala, Ralph Bakshik, Boormanen proiektuan bat egindakoak, garai hartan Metro-Goldwyn-Mayer (MGM) konpainiako buru zen Dan Melnickekin harremanetan jarri zen, eta Boormani gidoia erostea adostu zuten; alabaina, Melnick kaleratua izan zenez, ezin izan zuten gidoia erosi. Azkenik, United Artist enpresak filma zabaltzea onartu zuen, Bakshiren zuzendaritzapean, Saul Zaentz ekoizle eta Peter S. Beagle idazle izan zituelarik. Marrazki bizidunen formatuan egin zen errotoskopioaren animazio-teknikarekin, hau da, eszenak pertsona errealekin grabatu ziren, eta gero animazio bihurtu.

1995. urtean irudi errealeko filma egiteko proiektua jarri zen martxan, Zeelanda Berriko Peter Jackson zuzendariaren eskutik. Miramax konpainia izan zen lehena proiektuarekiko interesa erakusten, baina atzera egin zuen, film bakarra egitea aurreikusten zuelako, eta Jacksonek eta bere emazte Fran Walshek idatzitako gidoiak bi film egitea eskatzen zuelako. Jacksonek, orduan, New Line Cinemari aurkeztu zion proiektua, eta, azkenean, eleberriaren egokitzapena hiru zatitan banatzea erabaki zen. Horretarako, gidoia berridatzi behar izan zen, Philippa Boyensen laguntzarekin. Filmaren errodajea 1999ko urrian hasi eta 2000ko abenduan bukatu zen, eta film bakoitzak urtebeteko postprodukzioa izan zuen.

Hala, Eraztunaren Elkartea 2001ean estreinatu zen, Bi dorreak 2002ko abenduan eta Erregearen Itzulera 2003ko abenduan. Arrakasta ikaragarria izan zuten, Tolkienen fenomenoa berpiztea lortuz, eta oro har kritika onak jaso zituzten. Gainera, hiruren artean Zinemako Arte eta Zientzien Akademiaren hamazazpi Oscar sari eskuratu zituzten (guztira, hogeita hamar dira). Hiruretatik azkena izan zen sarituena, hamaika sarirekin, alegia, Ben-Hur eta Titanic film ospetsuek bezainbeste.

2009an, Tolkienen istorioen zale batzuek berrogei minutuko film laburra egin zuten, The Hunt for Gollum izenburuduna. Bertan, Aragorn, Gandalfek eskatuta, Gollum bilatzen ari da, eleberriko amaierako zenbait elementurekin. Gidoilari eta zuzendari  Chris Boucharden hitzetan, produkzioa ondo pasatzeko helburuarekin egin zen, besterik ez. Izatez, aurrekontua ez zen hiru mila libera esterlinara heldu, eta parte hartzaile gehienek ad honorem lan egin zuten. Lana 2009ko maiatzaren 3an estreinatu zen, eta dohainik ikus daiteke Internet bidez.[1]

Beste batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1978an, Frank Sinatraren That's Life abestiaren bideoan, zuri-beltzean, 2:08 minutuan, 'Theatre Royal Drury Lane' izeneko antzokia agertzen da, eta bertan 'The Lord of the Rings' obra dago iragarrita.

1979 eta 1981 artean, Luis Bermejok eta Nicola Cutik Eraztunen Jaunaren egokitzapena plazaratu zuten komiki formatuan, hiru liburukitan, Toutain Editor argitaletxean, beste herrialde batzuetara ere heldu zena: Italia, Alemania, Holanda, Danimarka, Suedia eta Finlandiara, besteak beste.

1980an, telebistara heldu zen Erregearen Itzulera filma[2], marrazki bizidunetan egindakoa, Ralph Bakshiren filmaren jarraipena izan nahian. Jules Bassek eta Arthur Rankin Jr-ek zuzendu zuten, 1977an El hobbit filmaren produkzioaz arduratu zen lantaldearekin batera.

1990ean Recorded Books enpresak eleberriaren audioliburua argitaratu zuen. Rob Inglis aktore britainiarrak irakurritakoa zen, pertsonaia bakoitzarentzat ahots ezberdina erabili zuena, eta aktoreak berak abesten ditu eleberriko abesti guztiak. Tolkienek liburuko zenbait abesti idatzi zituen, baina gainerakoak Inglisenak eta Claudia Howard zuzendariarenak dira.[3]

Era berean, antzerkira ere egokitu da eleberria, hiru orduko musikalean. 2006an izan zen estreinaldia, Toronton, (Ontario, Kanada), baina ekoizleek ez dute hasierako inbertsioa konpentsatu (18 milioi euro). Hala ere, Londresen ere estreinatu zen [4], 2007ko ekainean[4], 2008ko uztailera arte, 492 emanaldiren ondoren. Ekoizpen hori, Torontokoa baino pixka bat laburragoa, mota horretako garestiena bilakatu da (25 milioi euro inguru), eta, hala ere, ekoizleek beste bat egiteko ideia izan zuten 2009an, alemanez, bai eta Zeelanda Berrian, Australian eta Ekialde Urrunean bira egitea ere.

  1. «The Hunt For Gollum - Independent Film» thehuntforgollum.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  2. (Ingelesez) Return of the King (1980), The - IGN. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  3. «AudioFile Interview» web.archive.org 2014-01-08 (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  4. a b (Gaztelaniaz) «El musical 'El señor de los anillos' busca una segunda oportunidad» El País 2007-05-14 ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).