Edukira joan

Lino Akesolo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lino Akesolo
Bizitza
JaiotzaDima1911ko apirilaren 7a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaBilbo1991ko irailaren 17a (80 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakidazlea
KidetzaEuskerazaintza
Euskaltzaindia
Bostak bat (lantaldea)
Sinesmenak eta ideologia
Erlijio-ordenaKarmeldarrak

Inguma: lino-akesolo-olibares-1911-1991 Literaturaren Zubitegia: 382

Lino Akesolo Olibares (Dima, Bizkaia, 1911ko apirilaren 7a - Bilbo, Bizkaia, 1991ko irailaren 17a) euskal idazlea eta elizgizona izan zen. « Axmutil », « Basabil », « Amuxalde », « Nozebarri » edo « Andoni-Zubero » ezizenez ere sinatzen zituen bere idazlanak.

Lino Akesolo Dimako Oba auzoan jaio zen. Lehen ikasketak, euskaraz, jaioterrian bertan egin ondoren, hamar urte zituela Larreako karmeldarren ikastetxean sartu zen, Amorebietan, eta 1927an bertan apaiztu zen.

Eliz ikasketak Zornotza, Markina, Gasteiz eta Begoñan egin zituen. Donostia eta Markinako komentuetako nagusia izan zen. Bibliotekonomia ikasketak egin zituen, eta Begoñako liburutegiaren arduraduna zen.

1927an, 16 urte besterik ez zituela, Euskal-Esnalea elkartearentzat lan egin zuen, eta 1930ean, Cervantesen lan baten euskarazko itzulpenagatik sari bat lortu zuen: "El celoso extremeño" ("Agure kezkatia" euskal izenburua duena).

1936an kapellau gisa aritu zen Eusko Gudarostean, eta, beraz, 1937ko uztailetik 1940ko abuztua arte Langraiz, Dueñas eta Carmonako kartzeletatik igaro zen, hamasei urteko kondena jaso eta gero.

1948an Begoñara itzuli ahal izan zen, Teologiako irakasle gisa, eta bertan mantendu zen 1969ra arte.

1969an Donostiako Karmeldarren nagusi izendatu zuten, eta 1972an kargu bera hartu zuen Markinan, beste hiru urtez. 1975etik aurrera Begoñan egon zen, eta bertan "Retana hiztegia" egiten jardun zuen buru-belarri.

Euskaltzale saiatua izan zen: Euskerazaintzako lehen buru, euskaltzain urgazlea, Eusko Jaurlaritzaren Euskara Batzordekoa, Diccionario Retana de Autoridades de la Lengua Vasca hiztegiaren arduraduna, eta abar.

Bizkaieraz egin zuen bere lanik gehiena. Ederki ezagutzen zituen euskara eta idazle klasikoak. Haren obra zenbait: Ipiña ta Ipiña´tarren barri (1958); Euskal-esnale euskal-idazle. Yose Pablo Ulibarri (1962); Euskalherriaren adiskideak eta Euskal-hiztegia (1954) etab. Aldizkari askotan idatzi zuen: Euskal Esnalea, Karmen'go Argia, Euzko-gogoa, Karmel, Olerti, Jakin, Jesus'en Biotzaren Deia, BAP, Agur, Zer, eta abar.

Itzulpenak: Agure kezkatia (Cervantesen «El celoso extremeño»); Onbidea (Santa Teresaren «Camino de Perfección, A. Onaindiarekin batean, 1963); Salmoak (lapurteratik bizkaierara, 1963).[1]

1989ko apirilaren 4an, "Diccionario Retana de Autoridades de la Lengua Vasca" lana, bederatzi liburukietan, argitaratu zirela iragarri zuen. 16 urtez etengabe lanean aritu ondoren, Lino zen, une horretan, hasierako talde batetik bizirik irauten zen bakarra. Talde horretan besteak beste, Manuel de la Sota, Piarres Lafitte, Gabriel Manterola, Luis Ortega, Justo Mokoroa, Joxe Lasa, Damaso Intza, Jaime Kerexeta, Justo Garate eta Polikarpo Iraizoz elkarlanean aritu ziren. Hiztegi hau Resurreccion Maria Azkuek egindako lanari jarraipena emateko asmoz sortu zen. Euskal literatura iraganaren klasikoei buruzko euskarazko lexikoa eta XX. mende amaierako argitalpenak ditu.

  • Ertzean zear zabiltzen usoak, Karmel. (1989)
  • Ertzean zear zabiltzen usoak, Euskerazaintza. (1989)
  • Illen otoitzerako, Karmel. (1978)
  • Ortzean zear zabiltzen usoak, Zer. (1989)
  • Salve Mater (Agur Ama errukiz betea), Karmel. (1951)

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]