Madagaskar plana
Madagaskar Plana Hirugarren Reicharen proposamen bat izan zen, Madagaskar uhartera europar jatorriko biztanle juduak lekualdatzeko. Franz Rademacher, Alemaniako Gobernuko Atzerri Gaietako Ministerioaren Juduen departamentuko buruak, 1940ko ekainean proposatu zuen ideia, Frantziaren Erorketa baino lehen. Proposamenak Alemaniak Madagaskarren kontrola, orduan kolonia frantsesa zena, hartzea barnebiltzen zuen frantsesen errendizio baldintzen barnean.
Poloniar juduak Madagaskarrera deportatzeko ideia Poloniako Gobernuak ikertu zuen 1937an.[1] [2] Ikerketa hori egin zutenen arabera, uharteak soilik 5.000tik 7.000ra familia kokatzeko potentziala zuen, nahiz eta estimazio batzuek kopurua soilik 500 familietan ezartzen zuten. Bigarren Mundu Gerra aurretik juduen populazioak Alemaniatik emigratzeko Nazien esfortzuek erdizka arrakastatsuak izan zirenez soilik, 1940. urtean Nazien gobernuak berpiztu zuen juduak Madagaskarrera deportatzeko ideia.
Rademacherrek 1940ko ekainaren 3an gomendatu zuen Madagaskar eskura jartzea Europako juduentzat. Adolf Hitlerren onarpenarekin, Adolf Eichmannek 1940ko abuztuaren 15ean memorandum bat argitaratu zuen lau urtez urtero milioi bat judu birkokatzeko ideiarekin. Uhartea SS poliziaren menpeko estatu polizial baten gisa gobernatuko litzateke. Judu askok uhartearen baldintza gogorrak zirela eta hilko zirenaren jakitun izanik onartu zuten plana aurrera eramatea.[3] Plana ez zen bideragarria britainiarren itsas blokeoaren ondorioz. 1940ko irailean Naziek Ingalaterrako gudua galdu zutenean atzeratu egin zen, eta 1942an behin betiko alboratu zuten, Azken Konponbidearen hasierarekin. Plan honek Azken Konponbiderako urrats psikologiko garrantzitsu bezala funtzionatu zuen.[4]
Jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX .mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, Madagaskarren planaren aitzindari izan ziren judu europarren birkokatze planak egin ziren. Paul de Lagarde, ekialdearen akademizista bat, izan zen lehena Madagaskarrera europar juduak ebakuatzea proposatzen, bere 1878ko Deutsche Schriften ("Idatzi alemaniarrak") obran.[5][6]1904-1905an mugimendu sionistako kideek britainiarren Uganda Eskema serioski eztabaidatu zuten, zeinaren arabera, errusiar juduek, martxan ziren pogromen zuzeneko arriskuan zeudenak, gaur egungo Kenyan ezarriko ziren. Ondoren Plana ezinezkotzat joz baztertu zuen Sionisten Kongresuak.[7] Lurralde-mugimenduaren jarraitzaileak sionismoaren mugimendu nagusitik zatitu ziren eta judu estatu bat, edo gutxienez eremu autonomo bat, sortzeko leku baten bila jarraitu zuten.[8] Madagaskarren juduak birkokatzeko ideia Henry Hamilton Beamish, Arnold Leese eta beste zenbait antisemita britainiarrek sustatu zuten.[9] Frantziaren lankidetzarekin, poloniar gobernuak 1937an lantalde bat bidali zuen uhartera poloniar juduak deportatzeko aukera aztertzeko.[2] Batzordearen buruak, Mieczysław Lepecki-k, uharteak 5.000 eta 7.000 familia tartean hartu litzakeela pentsatu zuen, baina taldeko juduek uste zuten soilik 500 edo familia izan ahal zirela segurtasunez kokatuak.[1]
Alemania nazian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arrazakeria eta antisemitismoa alderdi nazi zein gobernu naziaren oinarrizko printzipioak ziren.[3] Diskriminazio eta juduen aurkako eraso bortitzak 1933an hasi ziren, boterea hartu eta berehala.[10] Indarkeria eta presio ekonomikoa erabili zituzten naziek, juduek herrialdea “borondatez” utz zezaten.[3] 1939. urterako, Alemaniako 437.000 juduetatik 250.000 inguruk Ameriketako Estatu Batuetara, Argentinara, Erresuma Batura, Palestinara eta beste herrialde batzuetara emigratu zuten.[3][11]
Nazien lidertzak geratzen ziren judu alemaniarrak itsasoaren bestaldera deportatzeko ideia landu zuten. Barruko eta produkziorik gabeko lurrak helmuga egokiak zirela pentsatu zuten, era honetan deportatuek haien kokaleku berrian loratzea saihestuko zutelakoan.[12] 1940ko maiatzean Hitlerri emandako memorandumean, Ekialdeko Biztanleria Kanpotarraren Tratamenduari dagokionez izenburua zuena, Reichsführer Heinrich Himmlerrek judu guztiak Afrikara edo beste kolonia batzuetara eginiko inmigrazio masiboaren bitartez judu hitza desagertuko zenaren esperoa adierazten zuen.[13]
Plangintzaren hasiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1938an hasi ziren plana eztabaidatzen hainbat ideologo nazi, hala nola, Julius Streicher, Hermann Göring, Alfred Rosenberg eta Joachim von Ribbentrop.[14] Garai hartan Alemaniako jurisdikziopean zeuden juduen ehuneko hamarra poloniarrak ziren. Józef Lipskik, Poloniako enbaxadorea Alemanian, bere herrialdeak haiek berriro hartzeko asmorik ez zuela adierazi zuen, eta poloniar gobernuak poloniar pasaportedunak itzultzeko ez zuela baimenik emango dekretatu zuen, baldintza zehatzetan izan ezik.[15] Ribbentropek Georges Bonnet frantziar atzerriko ministroarekin gaiaz lehen aldiz hitz egin zuen urte horretako abenduan. Bonnetek Frantziaren alemaniar judu gehiago hartzeko gogo eza adierazi zuen haien iritsiera ekiditeko neurriak hartu zitezkeen galdetu zuen. Frantziak berak 10.000 judu inguru deportatzea aztertzen ari zen eta Madagaskar helmuga egokia izan litekeen ala ez begiratzen ari zen.[15] Madagaskarrera alemaniar deportazioak antolatzea 1940. urtean hasi zen formalki.[15] Franz Rademacherrek, Alemaniako Gobernuko Atzerri Gaietako Ministerioaren Juduen departamentuko buru izendatuak, ekainaren 3an bere nagusi Martin Luther diplomatikoari juduen patuari buruzko memorandumari bidali zion.[1] Rademacherrek esan zuen: "Hau da irtenbide egokia: judu guztiak Europatik kanpo".[13] Palestina helmugatzat hartu zuen laburki, baina desegokitzat jo zuen, ez zuelako egoki ikusten Ekialde Hurbilean estatu judu sendo bat sortzea. Halaber, Palestina britainiarren kontrolpean zegoen garai hartan.[13] Rademacherrek Madagaskarreko kolonia frantsesa europar juduen helmuga gisa erabili ahal izatea proposatu zuen, frantziar errendizioaren baldintzetako bat bezala. Izan ere, 1940ko maiatzaren 10ean inbaditu zuten alemaniarrek.[1] Errefuxiatu juduak, Rademacherrek adierazi zuenez, bahitu gisa erabili ahal izango lirateke "etorkizunean beren Amerikako arraza-lagunen portaera ona" bermatzeko.[13] Abteilung Deutschlandeko III. Kontseiluak garatu zuen plana.[15]
Luther-ek Ribbentrop Atzerri ministroarekin atera zuen gaia, antzeko eskema garatzen ari baitzen aldi berean. Ekainaren 18rako, Hitlerrek eta Ribbentropek dagoeneko hitz egin zuten Benito Mussolini italiarrarekin planaren inguruan, Frantziako porrotaren ondoren lortu ahal zen aukera gisa.[13][14] Plana ezagutu ondoren, SS-Obergruppenführer Reinhard Heydrichek, Reicharen Segurtasuneko Bulego Nagusiko (RSHA) buruzagiak, aurrerantzean Ribbentropek planari uko egingo ziola azpimarratu zuen, berak zuzenean kudeatzeko. Heydrich Göringek izendatu zuenez 1939ko urtarrilean Alemaniak okupatutako lurretatik juduen ebakuazioa gainbegiratzeko, juduen gaia haren menpe zegoen.[14] Adolf Eichmann, RSHAko IV-B4 azpi-saileko arduraduna zen, zeina juduen gaiez eta ebakuazioaz arduratzen zen. Laster bilakatu zen planaren parte. Abuztuaren 15ean, Reichssicherheitshauptamt: Madagaskar Projekt (Reicharen Segurtasuneko Bulego Nagusia: Madagaskar Plana) izeneko memorandum bat argitaratu zuen, lau urtez urtero milioi bat juduek deportatzea barnebiltzen zuena eta juduak Europan geratzeko ideia alde batera utzita. RSHAk programaren alderdi guztiak kontrolatuko zituela azpimarratu zuen.[1] Rademacherrek kolonia kontrol alemaniarraren pean baina auto-gobernatuko zen administrazio judu batekin egotea proposatzen zuen arren[16], Eichmannek argi utzi zuen SS poliziak uhartearen bizitzako alderdi guztiak ikuskatu eta kontrolatuko zituela, polizia estatu gisa gobernatuko zutelarik.[12]
Nazi bulego gehienek; Atzerriko Bulegoak, Segurtasun Poliziak eta Gobernu Nagusiak barne, plan honetan jarri zituzten itxaropenak emigrazioaren bidez "arazo judua konpontzeko" azken aukera gisa.[15] Bereziki, Hans Frankek, gobernu orokorraren gobernaria (Poloniako zati okupatuan), Madagaskarren deportazio behartua begi onez ikusten zuen, Poloniarako deportazioen ordez. Uztailaren 10etik aurrera Poloniara deportazioak bertan behera utzi ziren eta Varsoviako ghettoaren eraikuntza gelditu egin zen, alferrikakoa zela iritziz.[14]
Plangintzaren jarraipena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Rademacherrek Europako banku bat sortzea zuen helburu, azkenik judu europarren ondasun guztiak likidatuko zituena plana ordaintzeko. Banku horrek Madagaskarren eta munduko gainerako herrialdeen arteko bitartekari lanak egongo lituzke, juduek ez zutelako inolaz ere baimenik izango kanpotarrekin harreman ekonomikoak egiteko. Göringen Lau Urteko Planaren bulegoak planaren ekonomia ikuskatuko zuen.[1]
Horrez gain, Rademacherrek beste gobernu-organo batzuen zereginak aurreikusi zituen. Ribbentropen Atzerri Arazoetarako Ministerioak frantsesekin negoziatuko zuen Madagaskar Alemaniaren eskuetara nola pasa. Europako juduen gaia lantzeko beste tratatu batzuk ere diseinatuko lituzke. Bere Informazio Sailak, Joseph Goebbelsekin eta bere Argitalpen eta Propaganda Publikoko Ministerioarekin batera, informazioaren fluxua kontrolatuko luke etxean eta atzerrian. Viktor Brackek, Führeraren Kantzelaritzaren arduradun nagusiak, garraioa gainbegiratuko luke. SS poliziak Europako juduak kanporatzea hartuko luke bere gain du eta uhartea polizia-estatu gisa gobernatuko luke.[1] Naziek espero zuten Itsas Lehoi Operazioarekin Erresuma Batua inbaditu ostean, Madagaskarrera juduak garraiatzeko merkantzia flotari britainiarra erabiliko zutela.[1] Deportatuetako asko bidaiaren baldintza gogorretan zein SSaren eskuetan hiltzea espero zen.[13]
Plana bertan behera uztea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Royal Air Force Ingalaterrako guduan garaitzeko porrotaren ostean, Britainia Handia inbaditzeko proposamena 1940ko irailaren 17an mugagabeki atzeratu zen. Honek Alemaniak britainiar merkantzia itsasontziak ebakuazioetan ezingo zituela erabili esan nahi zuen, eta Madagaskar planaren planifikazioa gelditu egin zen.[1] 1940ko abuztuaren amaieran, Rademacher-ek Ribbentrop-i eskatu zion bere ministerioan bilera bat antolatzeko, plana garatzeko adituen talde bat prestatzen hasteko. Ribbentropek ez zuen inoiz erantzun. Era berean, Eichmannen memoranduma Heydrichen eskuetan ahuldu zen, ez baitzuen inoiz onartu.[1] Varsovian eta Poloniako beste hiri batzuetan ghettoak ezartzen berriz hasi ziren 1940ko abuztuan.[3] Hitlerrek 1942ko otsaila arte jarraitu zuen plana aipatzen. Hortik aurrera plana betiko geratu zen bertan behera.[3] Britainiar Inperioaren indarrek Vichyko Gobernuari irla kendu zioten Madagaskarreko guduan, 1942ko azaroan, eta kontrola Frantzia Askera pasatu zen.
1940ko hamarkadaren amaieran, Hitlerrek Himmlerri Europako juduen desagerpenerako plan berria idazteko eskatu zion, eta Himmlerrek Heydrichi pasa zion zeregina. Bere zirriborroak juduak Sobietar Batasunera deportatzea proposatzen zuen, Poloniatik pasata.[13] Ondorengo Generalplan Ost-ek (Ekialderako Plan Orokorra), Konrad Meyer irakasleak eta beste batzuek prestatua, okupatutako Ekialdeko Europa eta Sobietar Batasunaren biztanleria osoa Siberiara deportatzea proposatzen zuen, esklabotza lanetarako edo sobietarrak garaitu ostean hiltzeko. Ardatzeko indarrek Moskuko guduan jasandako porrotaren ostean eta Estatu Batuak gerran 1941eko abenduan sartu ondoren, Hitlerrek erabaki zuen Europako juduak berehala suntsitu egin behar zirela eta ez gerraren ostean, ez baitzen gerraren amaiera antzematen.[17] Populazio masa handiak borroka gune batera garraiatzea ezinezkoa zenez, Heydrichek juduak sarraski-esparruetan hiltzea erabaki zuen. Gune hauek Polonia bezalako eremu okupatuetan ezarri zituzten.[3] Holokaustoaren ondorioz hildako juduen kopurua 5.5 eta 6 milioi tartekoa dela kalkulatzen da.[18]
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f g h i j R., Browning, Christopher. (2004). The origins of the Final Solution : the evolution of Nazi Jewish policy, September 1939-March 1942. University of Nebraska Press ISBN 0803213271..
- ↑ a b 1944-, Nicosia, Francis R.,. (2008). Zionism and anti-semitism in Nazi Germany. Cambridge University Press ISBN 9780521883924..
- ↑ a b c d e f g Peter,, Longerich,. (2010). Holocaust : the Nazi persecution and murder of the Jews. Oxford University Press ISBN 9780192804365..
- ↑ R., Browning, Christopher. (1992). The path to genocide : essays on launching the final solution. Cambridge University Press ISBN 9780521558785..
- ↑ a b Anders., Gerdmar,. (2009). Roots of theological anti-Semitism : German biblical interpretation and the Jews, from Herder and Semler to Kittel and Bultmann. Brill ISBN 9004168516..
- ↑ Encyclopedia of the Jewish diaspora : origins, experiences, and culture. ABC-CLIO 2009 ISBN 9781851098736..
- ↑ 1948-, Telushkin, Joseph,. Jewish literacy : the most important things to know about the Jewish religion, its people, and its history. ISBN 9780688085063..
- ↑ David., Cesarani,. (1994). The Jewish chronicle and Anglo-Jewry, 1841-1991. Cambridge University Press ISBN 9780521434348..
- ↑ R., Browning, Christopher. (2004). The origins of the Final Solution : the evolution of Nazi Jewish policy, September 1939-March 1942. University of Nebraska Press ISBN 0803213271..
- ↑ 1904-1993., Shirer, William L. (William Lawrence),. (1960). The rise and fall of the Third Reich; a history of Nazi Germany.. Simon and Schuster ISBN 9780671624200..
- ↑ J., Evans, Richard. (2005). The Third Reich in power, 1933-1939. Penguin Press ISBN 9780143037903..
- ↑ a b Ian., Kershaw,. (2008). Hitler : a biography. (1st American ed., [New ed.]. argitaraldia) W.W. Norton & Co ISBN 9780393067576..
- ↑ a b c d e f g Peter., Longerich,. (2012). Heinrich Himmler. Oxford University Press ISBN 9780199592326..
- ↑ a b c d Ian., Kershaw,. (2000). Hitler, 1936-45 : nemesis. (1st American ed. argitaraldia) W.W. Norton ISBN 9780393049947..
- ↑ a b c d e 1926-2007., Hilberg, Raul,. (2003). The destruction of the European Jews. (3rd ed. argitaraldia) Yale University Press ISBN 0300095929..
- ↑ (Ingelesez) The Madagascar Plan. (Noiz kontsultatua: 2018-01-20).
- ↑ Peter., Longerich,. (2000). The Wannsee conference in the development of the 'final solution'. Holocaust Educational Trust ISBN 095161665X..
- ↑ (Ingelesez) J., Evans, Richard. The Third Reich at war. (First American edition. argitaraldia) ISBN 9780143116714..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Madagaskar planaren bideo azalpena, Magnus Brechtken historialari alemanak egina Youtuben.