Marcelino Bilbao

Wikipedia, Entziklopedia askea
Marcelino Bilbao
Bizitza
Jaiotza Bilbo1920ko urtarrilaren 16a
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza Poitiers2014ko urtarrilaren 25a (94 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak gaztelania
Jarduerak
Jarduerak gudaria
Zerbitzu militarra
Adar militarra Isaac Puente Batailoia
Gradua teniente
Parte hartutako gatazkak Espainiako Gerra Zibila

Marcelino Bilbao Bilbao (Alonsotegi, 1920ko urtarrilaren 16a - Châtellerault, 2014ko urtarrilaren 25a) CNTren Isaac Puente batailoiko tenientea izan zen (Euzko Gudarostearen 11º batailoia), Errepublikako Herri Armadako ofizial eta, Frantzian erbesteratu ondoren, Mauthausen eta Ebensee kontzentrazio esparru nazietara deportatua (1940-1945), bertatik bizirik irtetea lortu zuelarik.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Umezurtza jaiotzez, hamabi urte zituelarik utzi zuen eskola. Barakaldoko Kastrexana auzoan zegoen "La Primitiva" meategian hasi zen lanean eta handik "Rica" izeneko lantegira pasa zen.

Espainiako gerra zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Bigarren Errepublika garaian Juventudes Socialistas Unificadaseko (JSU) kide izan bazen ere[1], Espainiako Gerra Zibila hastean Isaac Puente batailoian sartu zen,[2][3] Euzko Gudarostearen 11º batailoia eta Euzkadiko CNTren 3º.

Batailoi honekin Ipar fronteko borrokaldi garrantzitsuenetan parte hartu zuen: 1936ko azaroan Legutioko guduan borrokatu zen. 1937ko otsail eta martxoan Isaac Puente batailoia Oviedoko setiora bidali zuten[4], Euskal Brigada Espedizionarioen 1º Brigadan integratuta, erasoaldian laguntzera. Molak Gipuzkoatik erasoa jo ondoren, Gipuzkoako frontearen atzeraldian Gernikako Bonbardaketaren lekuko izan zen[5] eta Sollubeko guduan ere parte hartu zuen. Bilbo galtzean Santanderrera pasa zen eta handik Asturiasera, Mazucoko guduan parte hartu zuelarik. Gudu honetan, batailoi osoari Askatasunaren domina eman zitzaion, Espainiako Bigarren Errepublikaren dominarik gorenena.

1937ko urri amaieran, Ipar frontea erori zenean, Avilesen ontziratu zen Bordelera ihes eginez eta handik Kataluniara eraman zuten trenez. Ordurako Errepublikaren Herri Armadan teniente gradua zeukan. Jarraian, Defensa Especial Contra Aeronavesera (aire defentsaz arduratzen zen adar militarra) bidali zuten, 63º Maxim Metrailadore Konpainiaren ardura jaso zuelarik[6].

Bere zuzendaritzapean, konpainia Teruelgo guduan borrokatu zen 1938ko otsailean, bertan Valentín González (El Campesino) ezagutu zuelarik. Teruelgo erasoaldiak porrot egin ondoren konpainiak atzera egin zuen, Lleidara iritsi arte. Hiri honetan Enrique Listerrekin bildu zen Marcelino. 1938ko udan Ebroko guduan parte hartu zuen, Valorearen domina jasoz, eta ondoren 528º Oerlikon bateriara bidali zuten. 1939ko otsailaren 9an La Jonqueratik muga zeharkatu zuen.

Frantzian erbestealdia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gurseko presoak, 1939 inguruan.

Frantziara iritsitakoan, Saint-Cyprien, Argelès-sur-Mer eta Gurs-eko kontzentrazio esparruetan egon zen[7], azken esparru honetan José María Agirre Salaberria ezagutu zuelarik, beranduago bere koinatua izango zena.

1939ko urrian Gursetik Septfondsera eraman zuten. Han Compagnies de Travailleurs Étrangers (CTE) delakoetan izen eman zuen, 26ºan sartu eta Maginot lerrora bidali zutelarik lan egitera.[8] [9] 1940ko ekainean naziek Épinalen preso hartu[10] eta Estrasburgoko Stalag V D esparrura eraman zuten[11].

Alemaniara deportatu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ezkerretik eskuinera Ernst Kaltenbrunner, Franz Ziereis, Heinrich Himmler eta, beltzez, August Eigruber Mauthausengo harrobira egindako bisita batean.

Urte hartako abenduaren 13an Mauthausena eraman zuten, bertan 4628 zenbakiaz preso sartu zutelarik. [12] Hiru urte pasa eman zituen bertako harrobian lan eginez, hiltzeko zorian behin baino gehiagotan egon zelarik[13].

Hainbat izugarrikeria bizi izan zituen Marcelinok Mauthausenen: Aribert Heim doktoreak egindako esperimentu toxikologiko batean parte hartzera behartu zuten, esperimentua hasi zuten 30 presoetatik 7 baino ez zirelarik bizirik atera[14] [15]. Ernst-Günther Schenck SS medikuak egindako elikadura-esperimentuak ere aipatzen zituen Marcelinok[16]. Baita Mauthausengo gas genberatik hilotzak atera behar izan zituela[17]. Edota tortura jasan ezinaren ondorioz, judutarrek bere buruaz beste nola egiten zuten Mauthausengo harrobian[18].

Heinrich Himmler, Ernst Kaltenbrunner edo August Eigruber bezalako hierarka naziek Mauthausengo harrobira egin ohi zituzten bisiten lekuko izan zen Marcelino[19]. Zuen lanpostua zela eta, Hans Spatzenegger SS-Hauptscharführera gertutik ezagutu zuen Marcelinok, harrobian egin ziren milaka hilketen arduraduna[20].

Azkenik, 1943ko apirilak 10ean, Mauthausen behin betiko utzi eta Ebenseeko kontzentrazio esparrura eraman zuten Marcelino[21]. Han, lortutako esperientziari esker eta espainiar errepublikazaleen antolaketa klandestinoari esker, sukaldean lan postu bat lortu zuen[22].

Ordurako begi bistakoan zen naziak gerra galtzen ari zirela eta, zelaiaren askapena iristen zenerako, presoek erresistentzia aparatu bat eratzea erabaki zuten. Marcelinok erresistentzia erakunde honetan parte hartu zuen[23]. Azkenean, zelaia 1945eko maiatzaren 5ean askatu zen.

Ebenseetik bizirik ateratakoak, askatu eta gutxira

Askatasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Austrian zehar azken ibilbide bat egin ondoren, beste kide batzuekin batera, Parisera iristea lortu zuen. Parisen Frantziako Gobernuak frantziar hiritartasuna onartu zion.

Châtelleraulten (Frantzia) bizi izan zen, 2014an hil zen arte.

Marcelinoren testigantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1940ko abenduaren 13an sartu zuten Mauthaunsengo esparruan. 20 urte zituen.

« (...) Biluztera, dutxa bat hartzera, burutik oinetaraino bizarra kentzera eta desinfekziotik pasatzera behartu eta gero, marradun uniformeak, alkandora eta galtzontziloak banatu zizkiguten. Janzki horietako batzuek iragazkiak baino zulo gehiago zituzten, fusilatutako presoek jantzita eraman zituztelako.

Interpreteak oso ondo hitz egiten zuen gaztelaziaz. Hau esan zigun: "Hiltzeko zaudete hemen. Erretzea aurkitzen ditugunak hil egingo ditugu; ozenegi hitz egin edo zarata ateratzen dutenei hogeitabost makilakada ematen dizkiegu; atzerritarrek ezin diete aurre egin alemaniarrei, bestela heriotza-zigorra ezartzen zaie". Hitz gutxitan, eskubide bat baino ez genuen: gu hiltzen uzteko eskubidea.

»

—La Segunda Guerra Mundial y los vascos. 72.or. José Miguel Romaña Arteaga. Ediciones Mensajero.


Omenaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2006ko ekainaren 18an, La Huella izenez ezaguna den eskulturan (Artxanda mendian) parte hartu zuen, ondoren CNTren omenaldi ofiziala jaso zuelarik Bilbon, euskal milizia konfederaletako beste kide batzuekin batera.

Iturriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1969an Manuel Razola eta Mariano Constantek koordinatu zuten Triángulo azul: los republicanos españoles en Mauthausen liburuan bere testigantza plazaratu zen. 2002an, Euskal Telebistak (ETB) Esclavos vascos del III Reich berrargitaratu zuen (1994an argitaratu zen lehenengoz dokumental hau). 2004an Pau Vergara zuzendariaren Más allá de la alambrada: la memoria del horror dokumentalean parte hartu zuen. 2005eko urriaren 30ean El Mundo egunkarian Aribert Heim doktorearekin izandako bizipenak kontatu zituen. 2014an Montserrat Llor kazetariak bere testigantza jaso zuen Vivos en el averno nazi liburuan eta urte bat beranduago Carlos Hernández de Miguelek Los últimos españoles de Mauthausen” liburuan ere jaso zituen Marcelinoren bizipenak.

Azkenik, 2020an Etxahun Galparsoro historialari eta Marcelino Bilboren ilobak, Bilbao en Mauthausen: memorias de supervivencia de un deportado vasco liburua argitaratu zuen, Marcelino Bilbaok 1940-1945 urte bitartean Mauthausen eta Ebenseeko zelaietan bizi izan zituenak jasotzen diren liburua.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Galparsoro, Etxahun. (2020). Bilbao en Mauthausen. Crítica, 29 or. ISBN 9788491991786.
  2. Galparsoro, Etxahun. (2020). Bilbao en Mauthausen: memorias de supervivencia de un deportado vasco. Crítica, 30 or. ISBN 9788491991786.
  3. CNT Gipuzkoaren webgunea
  4. Llor, Montserrat. (2014). Vivos en el averno nazi. Crítica, 87 or. ISBN 9788498926576.
  5. Llor, Montserrat. (2014). Vivos en el averno nazi. Crítica, 87 or. ISBN 9788498926576.
  6. Galparsoro, Etxahun. (2020). Bilbao en Mauthausen: memorias de supervivencia de un deportado vasco. Crítica, 30 or. ISBN 9788491991786.
  7. Galparsoro, Etxahun. (2020). Bilbao en Mauthausen: memorias de supervivencia de un deportado vasco. Crítica, 31 or. ISBN 9788491991786.
  8. Galparsoro, Etxahun. (2020). Bilbao en Mauthausen: memorias de supervivencia de un deporado vasco. Crítica, 33 or. ISBN 9788491991786.
  9. anarcoefemerides.balearweb.net
  10. Romaña, José Miguel. (1988). La Segunda Guerra Mundial y los vascos. Mensajero, 66 or. ISBN 9788427115293.
  11. Galparsoro, Etxahun. (2020). Bilbao en Mauthausen: memorias de supervivencia de un deportado vasco. Crítica, 38-43 or. ISBN 9788491991786.
  12. www.ceibm.org
  13. Galparsoro, Etxahun. (2020). Bilbao en Mauthausen: memorias de supervivencia de un deportado vasco. Crítica, 17-19 or. ISBN 9788491991786.
  14. Hernández de Miguel, Carlos. (2015). Los últimos españoles de Mauthausen. Ediciones B, 178-179 or. ISBN 9788466655880.
  15. El Mundo: A la caza del ultimo nazi
  16. Galparsoro, Etxahun. (2020). Bilbao en Mauthausen: memorias de supervivencia de un deportado vasco. Crítica, 215 or. ISBN 9788491991786.
  17. Galparsoro, Etxahun. (2020). Bilbao en Mauthausen: memorias de supervivencia de un deportado vasco. Crítica, 159-162 or. ISBN 9788491991786.
  18. Galparsoro, Etxahun. (2020). Bilbao en Mauthausen: memorias de supervivencia de un deporado vasco. Crítica, 109-113 or. ISBN 9788491991786.
  19. Galparsoro, Etxahun. (2020). Bilbao en Mauthausen: memorias de supervivencia de un deportado vasco. Crítica, 193-195 or. ISBN 9788491991786.
  20. Galparsoro, Etxahun. (2020). Bilbao en Mauthausen: memorias de supervivencia de un deportado vasco. Crítica, 206-210 or. ISBN 9788491991786.
  21. Llor, Montserrat. (2014). Vivos en el averno nazi. Crítica, 96 or. ISBN 9788498926576.
  22. Galparsoro, Etxahun. (2020). Bilbao en Mauthausen: memorias de supervivencia de un deportado vasco. Crítica, 263-273 or. ISBN 9788491991786.
  23. Felipe, Martínez Robles. (1999). Des Brigades Internationales au camp de Mauthausen. Association Rememot, 71 or..

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Galparsoro, Etxahun 2020: Bilbao en Mauthausen: memorias de supervivencia de un deportado vasco, Bartzelona, Crítica. ISBN 978-84-9199-178-6
  • Razola, Manuel 1969: Triangle Bleu: Les Républicains espagnols à Mauthausen, Paris, Gallimard. ISBN 978-2070269266.
  • Romaña Arteaga, José Miguel 1988: La Segunda Guerra Mundial y los vascos, Bilbao, Mensajero. ISBN 9788427115293.
  • Hernández de Miguel, Carlos 2015: Los últimos españoles de Mauthausen, Bartzelona, Ediciones B. ISBN 9788466655880.
  • Llor, Montserrat 2014: Vivos en el averno nazi, Bartzelona, Crítica. ISBN 9788498926576.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]