Marisa Barrena

Wikipedia, Entziklopedia askea
Marisa Barrena
Marisa Barrena. Wikilaria.jpg
Bizitza
JaiotzaZornotza1951ko apirilaren 26a (70 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaMondragon Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakpsikopedagogoa, irakaslea, wikilaria eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea
Enplegatzailea(k)IRALE
HABE
Ikastolen Elkartea  (1976 -  1990)
KidetzaMintzanet
Wikiproiektu:WikiEmakumeok
Euskal Wikilarien Kultura Elkartea
Andereak Elkartea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaHASI
Euskadiko Ezkerra

Twitter: MarisaBarrena1 Inguma: marisa-barrena-larruzea Edit the value on Wikidata

Marisa Barrena Larruzea (Zornotza, Bizkaia, 1951ko apirilaren 26a) euskal maistra, psikopedagogoa eta ekintzaile euskaltzale eta feminista da. Durangoko Andereak Elkarteko kide sortzailea. Herriko Kriskitin dantza-taldean kulturartekotasuna eta parekidetasuna sustatzeko lanean dihardu; eta Euskal Wikipedian, emakumeen presentzia urria gizonen parera ekartzeko lanetan.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marisa Barrena Zornotzan jaio zen, Aldekoena baserrian, bertan maizter zirela. 8 urte zituela, Eubako Erkoles baserrira joan ziren bizitzera. 1982an, berriz, Durangora aldatu zen, familiarekin batera.[1]

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lanbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen ikasketak herri-eskolan egin zituen, eta oinarrizko batxilerrekoak, berriz, Zornotzako Karmengo Ama ikastetxean. 14 urterekin merkataritzaren alorreko ikasketak egin zituen, eta 15ekin hasi zen beharrean, administrari-lanetan, Zornotzako Ekin kooperatiba-fabrikan. 18 urterekin, borondatezko euskara-eskolak ematen ibili zen Durangoko Jesuitek utzitako geletan.[1][2]

Hamar urtez Ekinen jardun ostean, Ikastolen Elkartean hasi zen beharrean, Bizkaiko idazkari nagusiaren karguan. Ikastola publiko eta pribatuen arteko afera sortu zenean, beste bide bat hartzea erabaki zuen, eta betiko bokazioari heldu zion: magisteritza-ikasketak egin zituen. HABEko oposizioak gainditu ondoren, Bilboko euskaltegi pilotuan jardun zuen (gainerako euskaltegien eredu izateko sortu zituzten), proiektu hura bertan behera geratu zen arte. Ondoren, IRALEn ibili zen urte batzuetan, irakasleen irakasle. Hura utzita, psikopedagogia-ikasketak egin zituen, eta Durangaldeko ikasleen eta irakasleen motibazioak aztertu zituen. 2015ean erretiratu zen.[1]

Isabel Lertxundi Barañanoren biografia idatzi zuen Bidegileak sailean 2009an.[3]

Militantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frankismo garaian, haren kontrako mugimenduan jardun zuen. 1975ean Guardia Zibilak atxilotu zuen, propaganda ilegala izatea egotzita, eta hiru egunez torturatu zuten, Zornotzako kuartelean.[1]

Alderdi politikoei dagokienez, HASIko militantea izan zen lehenik, eta Euskadiko Ezkerreko gero, harik eta alderdi hura utzi zuen arte («ez dakit bota gintuzten, edo geure kabuz joan ginen»). Orduz geroztik, ez da inolako alderdi politikotako kide egin.[1][2]

2005ean, Andereak taldea sortu zuen, beste hainbat kiderekin batera. Urte hartan, Ofelia Hernández erail zuen haren bikotekideak Durangon, eta halako gertaerak salatzeko beharrak bultzatuta sortu zuten elkartea.[1]

1990eko hamarkadatik aurrera, Durangoko Kriskitin dantza-taldeari zabalkundea ematen dihardu, helburu nagusi batekin: kulturartekotasuna eta parekidetasuna lantzea. Barne-hausnarketa egiteaz gain, sentsibilizazio- eta kontzientziazio-lana egin dute herrian eta inguruetan. 2015etik aurrera, emakumeak ere hasi dira parte hartzen lehen gizonezkoenak baino ez ziren hainbat dantzetan.[1][4]

2015etik aurrera, euskara online eta doan praktikatzeko aukera ematen duen Mintzanet programan parte hartzen du.[1][5]

2019az geroztik, Wikiemakumeok proiektuan parte hartzen du, Euskarazko Wikipedian emakumeen biografiak sortzen eta euskaratzen.[6][7]

Sariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 2017an, Bidelagun Onenaren saria eman zioten, Mintzanet Egunean.[8]
  • 2020an, Euskarazko Wikipedian emakumeen presentzia handitzeko lehiaketa irabazi zuen.[9]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]