Mary Sophia Allen

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mary Sophia Allen

Bizitza
JaiotzaCardiff1878ko martxoaren 12a
Herrialdea Erresuma Batua
HeriotzaCroydon (en) Itzuli1964ko abenduaren 16a (86 urte)
Hezkuntza
HeziketaPrincess Helena College (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta sufragettea
Jasotako sariak
KidetzaEmakumeen Batasun Sozial eta Politikoa
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaBritish Union of Fascists (en) Itzuli

Mary Sophia Allen (Cardiff, Erresuma Batua, 1878ko martxoaren 12a - Croydon, Erresuma Batua, 1964ko abenduaren 16a) lehenik ekintzaile feminista izan zen, sufragista, eta, gero, faxista britainiarra.

Sufragista izan ondoren, Women's Police Service (WPS) emakume boluntarioen elkarteko buruzagietako bat bihurtu zen, polizia britainiarraren indar laguntzaile bihurtu nahi baitzuen, alperrik. 1922an, Komunen Ganberarako hauteskundeetara aurkeztu zen, baina ez zuten hautatu.

WPSrekin, (Women's Auxiliary Service WAS bihurtua), 1926ko greba orokorrari amaiera emateko konpromisoa hartu zuen. Gero, faxismorantz egin zuen, eta eskuin muturreko buruzagi eta antikomunista askorekin topo egin zuen Europa osoan, British Union of Fascists-ekin bat egin aurretik publikoki, 1939an.

Erretiroan, animalien eskubideen aldeko borrokan jardun zuen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorria eta gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mary Sophia Allen Cardiffeko familia aberats batean jaio zen, 1878an. Thomas Isaac Allen Great Western Railway-ko superintendente nagusiaren hamar seme-alabetako bat zen. Hasieran, etxean eskolatu zuten, eta, gero, Princess Helena Collegen ikasi zuen. Hogeita hamar urte zituela utzi zuen familiaren etxea, 1908an, aitarekin desadostasuna izan ondoren emakumeen boto-eskubideari buruz (aita hil zenean itzuli zen etxera, 1911ko abenduan).[1]

Sufragista-jarduerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1909an, Emmeline Pankhurstek zuzendutako Women's Social and Political Union (WSPU) delakoarekin bat egin zuen, emakumeen boto-eskubidea lortzeko xedea zuena.[2] WSPUren tokiko sekzioa zuzendu zuen Ingalaterrako hego-mendebaldean eta, gero, Eskozian, Edinburgon. Hiru aldiz kartzelaratu zuten 1909an, gizonezkoen klubetako leihoak hausteagatik. Bi aldiz hasi zuen gose-greba, eta, bigarren aldian, bortxaz elikatu zuten. Horregatik, WSPUren gose-grebaren domina jaso zuen, bere ausardia aitortzeko.

Kartzelan zegoela, beste presoekin lanean aritu zen alkandorak josten. Ezkutuan, emakumeen boto-eskubidea aldarrikatzeko mezuak brodatu zituzten arroparen alderdi batzuetan.

WPSren hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerraren hasieran, sufragisten jarduna bertan behera gelditu zen. Beste erakunde batzuk bezala, WSPU gerra-ahaleginaren alde zegoen. Mary All, 1914an, Nina Boylek zuzentzen zuen emakume boluntarioen zerbitzu batean sartu zen, poliziei laguntzeko. Boylek dimititu egin zuen, Mary Allenekin desadostasunak izateagatik.[2] 1915ean, Margaret Damer Dawsonek berrantolatu zuen zerbitzua, eta Women's Police Service (WPS) izena ezarri. Mary Allen bigarren zuzendari bilakatu zen. WPSk uniformeak sortu zituen kideentzat, eta trebakuntza-eskolak ireki zituen Londresen eta Bristolen. WPSko kideak batez ere emakumeez eta haurrez arduratzen ziren. "Biziotik" "eta sexu-esklabotasunetik salbatzen saiatzen ziren. Mary Allen Granthamen eta Kingston upon Hulleninstalatu zen, armadako kuarteletatik hurbil bizi ziren emakumeen morala gainbegiratzeko. Ondoren, munizio-fabriketako segurtasun-agenteekin bat egin zuen, emakume askok eta askok lan egiten baitzuen han. Gatazkaren amaieran, soldaduen uniformeak neskengan eragiten zuen erakarpenaren ("khaki fever") aurka engaiatu zen.[3] Britainiar Inperioko Ordenak (OBE) ohoratu zuen, gerran izan zuen engaiamendua sarituz.

Mary Sophia Allen (eskuinean) eta Margaret Damer Dawson, Lehen Mundu Gerran.

Aldi hartan, itxura eta uniforme militarra bere egin zituen.

1915ean, Margaret Damer Dawsonek testamentua idatzi zuen Mary Allen eginez bere oinordeko bakar. 1920an hil zenean, Mary Allenek hartu zuen WPSren zuzendaritza.[4][2] Hala ere, agintariek WPS desegin zuten, ez baitzuten erabilgarritasunik ikusten gerra amaituta. Metropoliko poliziak emakumezkoen bere dibisioa sortu zuen, WPSko kideei agente gisa ibiltzea leporatuta. Mary Allen 1921ean atxilotu zuten polizia metropolitarraren uniformea eramateagatik. Azkenik, bere jarduerak, ezkerreko militanteei buruzko asmatutako espedienteak bezalaxe, kaltegabetzat jo ziren. Beraz, horrela janzten jarraitu ahal izan zuen.[5] WPSk izena aldatu zuen Women's Auxiliary Service hartzeko (WAS).

Jarduera politikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1922ko azaroan, Mary Allen Westminster St George's barrutian aurkeztu zen hauteskunde legegileetan, Alderdi Liberaleko hautagai gisa: ez zuten hautatu.[2] 1926ko greba orokorrean, hornidurei eusteko antolaketan sartu zen, eta WPS grebari amaiera emateko helburua zuten taldeekin bat egitera behartu zuen.[5] Pixkanaka, ideia liberaletatik urrundu zen.[2]

Nazioarteko polizia-kongresuetara joan zen Austriara eta Alemaniara Halaber, Herbehereak, Hungaria, Txekoslovakia, Turkia eta Brasil bisitatu zituen, emakume polizialen prestakuntzari buruzko aholkuak emateko. 1936an, Egiptora joan zen oporretara, eta bere uniformea janzten jarraitu zuen. Joaten zen lekura joaten zela, solaskide gehienek britainiar polizien burutzatzat hartzen zuten, misio ofizial baten arduraduna balitz bezala.[2]

Erresuma Batuko Barne Bulegoa bere jarduerak jarraitzen hasi zen 1927an. Deserosoa bilakatu zen gobernuarentzat, bai atzerrian agintari britainiarren ordezkaritzat hartzen zelako, bai Ingalaterran polizia ofizialtzat hartzen zelako. 1927-1934 aldiko artxiboek erakusten dutenez, “bizioarekin” eta prostituzioarekin zerikusia izan zezaketela susmatzen zuen pertsonei buruzko dosierrak gordetzen zituen. Halaber, ekintzaile faxista zela uste izan zen, eta hainbat artikulu argitaratu ziren Ingalaterrako egunkarietan, eta salaketak aurkeztu zituzten Barne Bulegoan.

Atzerrian, Mary Allen zenbait buruzagi faxistarekin elkartu zen; besteak beste, Eoin O'Duffyrekin Irlandan, Francorekin Espainian, Mussolinirekin Italian eta Hitlerrekin eta Göringekin Alemanian. Oswald Mosleyren Faxisten Batasun Britainiarrarekin (BUF) zuen lotura ez zen ofizial bihurtu 1939 arte, baina askoz lehenago konpromisoa hartua zuen alderdi horri lotutako jarduera militanteetan. Emakumearen Erreserba sortu zuen 1933an.

1934an, Adolf Hitlerrekin bildu zen Berlinen, eta emakume poliziez jardun zuten. Führer-ak liluratuta zeukan, eta bere mirespena adierazi zion.[2] 1939an, BUFekin ofizialki bat egin ondoren, artikulu asko idatzi zituen bere egunkarietarako, eta faxista zela adierazi zuen argi eta garbi. Erreinuaren Defentsarako Legearen arabera (1914), Alemaniarekin izan zituen ustezko harremanei buruzko etendura-agindua eman zen haren aurka [ref. beharra] Bere bizilekua arakatu zuten, eta kartzelaratzea aurreikusi, baina, azkenean, ez zen hala gertatu. Alemaniara bidaiatzeaz eta espioi nazia izateaz susmagarri izan zen, baina inoiz ez zen halakorik frogatu [erref. beharra]

Bigarren Mundu Gerra piztu ondoren, Mary Allen Emakume Boluntarioen Zerbitzuarekin (WVS) elkartu zen, eta BUFren “bakearen aldeko” bileren ohiko hizlari bihurtu zen. Daily Herald, Daily Mirror eta News Chronicle kazetetan artikulu suminduak argitaratu ziren bere engaiamendu naziak eraginda eta WVStik kentzeko eskatuz.[6] Komunen Ganberan, diputatu laboristak galdetu zuen ea Mary Allenen sinpatia faxistek ez ote zuten WVS arriskuan jartzen.[7] Bere jarduerak aztertu eta bere nortasuna eta elkartekideak aztertu ondoren, Gobernuak uko egin zion Defence Regulation 18B Legearen arabera kartzelaratzeari (nazien aldeko izateaz susmagarri zirenak kartzelaratzea ahalbidetzen zuen lege horrek). Azken txostena mespretxagarria izan zen berarekiko, eta honela deskribatu zuen: «pertsona xelebre bat..., uniforme barregarri bat jantzita dabilena».[8] Azkenik, Kornuallesko etxetik bost miliako (8 km inguru) erradioan bizitzera behartu zuten.[9]

Argitalpen-jarduerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru autobiografia idatzi zituen: The Pioneer Policewoman (1925), A Woman at the Cross Roads (1934) eta Lady in Blue (1936). Woman at the Cross Roads liburuan bere bizitzaren eta filosofiaren alderdiak azaldu zituen, baina bere pribatutasunari buruz diskretua izaten jarraitu zuen. Hitlerrekin topo egin zuenean idatzi zuen liburu hau, eta haren iritzi politikoak argi eta garbi azaldu zituen bertan: tituluak adierazten duenez, bere existentziaren “bidegurutzean” zegoen, eta faxismoak munduko arazoak konpon zitzakeela uste zuen. Egunkarietarako eta aldizkarietarako hainbat artikulu idatzi zituen; The Policewomen's Review sortu zuen, 1927tik 1937ra argitaratua, eta ekarpen garrantzitsua egin zion [erref. beharra]

Gerraostea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Oswald Mosleyrekin eta beste faxista batzuekin militatzen segitu zuen, Norah Elamekin, esaterako, zeina hurbileko lagun bihurtu baitzen. Bera bezala, Norah Elam sufragista izan zen, WSPko kidea eta gero animalien eskubideen aktibista. Anti-bibisekzionistak, bi emakumeak London and Probintzial Anti-Vivisection Society elkarteko kide ziren.

Mary Allenek beti landu izan zuen erlijioarekiko interes handia, baina eliza partikular batekoa izan gabe. Bizitzaren amaieran, 1953an, katolizismora bihurtu zen. Croydongo erizaintza-etxe batean hil zen, 1964an, 86 urte zituela.

Bere biografo Nina Boyd-ek, iradokitzen du C.S. Lewisen That Hideous Strength eleberrian“Fairy” Hardcastle pertsonaia, sufragista ohia, erakunde tiraniko aurrerakoi bateko segurtasun-zuzendari bihurtu zena, Mary Allenen oinarritzen da.[10]

Argitalpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Allen, Mary S. (1925) The Pioneer Policewoman, Londres: Chatto & Windus
  • Allen, Mary S. eta Heyneman, Julie H. (1934) A Woman at the Cross Roads, Londres: Unicorn Press
  • Allen, Mary S. (1936) Lady in Blue, Londres: Stanley Paul

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Mary Sophia Allen, 1878–1964. Hastings Press.
  2. a b c d e f g Myriam Boussahba-Bravard, « Les suffragettes de l’époque édouardienne et l’idéologie d’extrême droite dans l’entre-deux-guerres », in Philippe Vervaecke, À droite de la droite : Droites radicales en France et en Grande-Bretagne au Txantiloi:S-, Presses universitaires du Septentrion, 2012.
  3. Woolacoot, Angela. (Apr 1994). «'Khaki Fever' and its Control» Journal of Contemporary History (SAGE) 29 (2): 328.  doi:10.1177/002200949402900206..
  4. Hastings Press biography states that Allen became Commandant when Dawson retired in 1919 ; it also states that Dawson died in 1921.
  5. a b Martin Pugh, « Hurrah For the Blackshirts! », Fascists and Fascism in Britain Between the War, Pimlico, 2006, p. 102.
  6. Pugh, "Hurrah For the Blackshirts!", p. 297
  7. WOMEN'S AUXILIARY SERVICE (MISS MARY ALLEN) - House of Commons debate, 27 June 1940 (Hansard, volume 362, cc583-4). .
  8. Pugh, "Hurrah For the Blackshirts!", p. 305.
  9. Pugh, "Hurrah For the Blackshirts!", p. 306.
  10. Boyd, Nina (2013), From Suffragette to Fascist: The Many Lives of Mary Sophia Allen, Stroud: The History Press.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • National Archives, PRO HO144/21933
  • Boyd, Nina (2013), From Suffragette to Fascist: The Many Lives of Mary Sophia Allen, Stroud: The History Press
  • Myriam Boussahba-Bravard, « Les suffragettes de l’époque édouardienne et l’idéologie d’extrême droite dans l’entre-deux-guerres », in Philippe Vervaecke, À droite de la droite : Droites radicales en France et en Grande-Bretagne au XXe siècle, Presses universitaires du Septentrion, 2012.
  • (en) Vera Di Campli San Vito, « Allen, Mary Sophia (1878–1964) », dans Oxford Dictionary of National Biography, Oxford University Press, màj 2008 (lire en ligne)

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]