Mata Hari

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mata Hari
Mata Hari 13.jpg
Bizitza
Izen osoa Margaretha Geertruida Zelle
Jaiotza Leeuwarden1876ko abuztuaren 7a
Herrialdea  Herbehereetako Erresuma
Bizilekua Ekialdeko Herbeheretar Indiak
Veneziako probintzia
Haga
Madril
Prison Saint-Lazare (en) Itzuli
Talde etnikoa Herbeheretarra
Heriotza Vincennes eta Vincenneseko gaztelua1917ko urriaren 15a (41 urte)
Heriotza modua heriotza zigorra: fusilamendua
Familia
Aita Adam Zelle
Ama Antje van der Meulen
Ezkontidea(k) Rudolph MacLeod  (1895eko uztailaren 11 -  1902)
Seme-alabak
Jarduerak
Jarduerak kortesaua, espioia, exotic dancer (en) Itzuli eta dantzaria
Enplegatzailea(k) Émile Étienne Guimet (en) Itzuli
Georges Ladoux  (1916ko irailaren 2a -
Izengoitia(k) Mata Hari eta Lady MacLeod
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkak Lehen Mundu Gerra
IMDb nm1299792
Handtekening Mata Hari.jpg

Margaretha Geertruida Zelle, Mata Hari izenez ezagunagoa (Leeuwarden, Herbehereak, 1876ko abuztuaren 7a - Vincennes, Frantzia, 1917ko urriaren 15a) striptease dantzari ospetsua, kortesana eta espia herbeheretarra zen. Lehen Mundu Gerran Alemaniarrentzako espioitza egiteagatik eta traizioagatik heriotza-zigorra ezarri zioten frantsesek. Fusilamendu bidezko exekuzioa 1917ko urriaren 15an gauzatu zen Vincennesko gazteluan.

Bere izena mathahari malaysieratik dator eta eguzki esan nahi du (literalki, "eguneko begia")[1].

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mata Hari bere senarrarekin,
Rudolf MacLeod

Adam Zelle kapelagilea (1840-1910) eta Antje van der Meulen (1842-1891) ziren bere gurasoak. Hiru anai gazteago zituen, bere gurasoak dibortziatu egin ziren eta aita berriro ere ezkondu zen Susanna Catharina ten Hooverekin (1844-1913). Aurrerago, bere ama hil zenean, Margaretha bere aitabitxiarekin joan zen bizitzera.

Eskola berezi batean ikasten hasi zen, zeinetan ikasi bitartean irakasle izateko trebatzen baitzituzten. Bertan, zuzendari batek jazarri zuela dirudi, eta osabak eskolatik atera eta berarekin bizitzera eraman zuen Margaretha.

Garaiko zurrumurruek arbaso asiarrak zituela zioten arren, badirudi ez dela egia, bi gurasoak herbeheratarrak eta ezagutzen zaizkion arbasoak europarrak baitziren.

Ia 19 urte zituela Rudolf MacLeod militarrarekin ezkondu zen 1895ko uztailaren 1ean. Ez zuten elkar ezagutzen eta gutun bidezko komunikazio labur bat izan ondoren, Amsterdamen ezkondu ziren. Bikotea Javara bereala bizitzera joan zen, bertara destinatu zutelako MacLeod.

Bi seme-alaba izan zituen: Norman John, 1897ko urtarrilaren 30ean jaioa, eta Louise Jeanne, 1898ko maiatzaren 2an jaioa. Bi semeak sifilisak gaixotuak ziren (gurasoengandik jaso zuten eritasuna), 1899an Norman-John hil egin zen. Sifilisarengatik zela pentsatu zuten hasieran, baina beranduago ebatzi zenez, pozoituta hil zen. MacLeodek gaizki tratatu zuen zerbitzari bat izan zen hilketa antolatu zuena, familiaren etxera zerbitzari gisa bidali zuen emaztea eta umeak pozoindu zituen.

Familiarentzat kolpe latza izan zen. Mata Hariren senarra, horren ondorioz, edaten hasi zen, eta ez zen askotan etxetik agertzen. Esaten denez, bakardade honek Mata Hari javatar kulturarekin eta ekialdeko maitasun teknikekin lehen harremanak izatera eraman zuen, bereiziki dantza folkloriko balinesekin. Urte batzuk beranduago, luxuzko kortesana gisa ospe handia emango zioten.

Dantzari exotikoa eta kortesana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europara itzultzean Margaretha eta McLeod bereizi egin ziren, 1903an. Hasieran alabaren zaintza eskuratu zuen Margarethak, baina bere senarrak Javan izan zuen bizitza lizunari buruzko lekukotasunen ondorioz, bere alabaren zaintzari buruzko epaiketa galdu zuen. Geroago, Parisen, moda diseinatzaileen modelo bezala huts egin zuten saiakera batzuk egin zituen, bere bizitzan zehar trauma handia eragin zioten porrotak, bizitzeko baliabide ekonomikorik ez baitzuen.

Beranduago, berriz Parisera itzuli zen, kemenez betea, eta, bere amagandik jaso zituen hazpegi exotikoak baliatuz eta Javako egonaldian ikasitako ezagutzak erakutsiz pertsonaia bat sortu zuen, Mata Hari, Javako printzesa. XIX. mende amaieran puri-purian zen literatura erromantikoak ekialdeko kulturen irudi lausoa goresten zuen, eta ongi zetorkion hori Margarethari. Baldintza hauek probestuz, Javako ustezko printzesa gisa, dantzari exotiko bezala lan egin zuen, striptease ikuskizunen protagonista bihurtuz. Gezurrak eta irudimenak, bere egoera ekonomiko kaxkarra gainditzeko irtenbideak, bere emaitzak ematen hasi ziren, eta ondorio mesedegarriak ikusita, ohikoa bihurtu zen. Parisen, bere dantza ikuskizunak lehen ilaratik ikusteko borrokak eragin zituen, hainbestekoa zen haren entzutea. Kortesana ere izan zen; funtzionario militar ugarirekin, maila altuko politikariekin, eta oro har, maila altuko gizartearekin ezkutuko harremanak izan zituen.

Dantzari bezala zuen ospea gorantz eta gorantz zihoan, baina jada ez zen hain gaztea, eta bere erakargarritasun fisikoa galtzen zihoan heinean, sarriago aritu zen kortesana, sortu zuen mitoaz baliatuz, bizitza maila mantentzen jarraitu ahal izateko.

Garai hartan, bere aitarekin bizi zen bere alaba berreskuratzen saiatu zen, baina ezinezkoa izan zen. Bere giltzaria bidali zuen, zenbait orduz haurraren eskolaren aurrean zain egon ondoren esku hutsik itzuli zena. Izan eren, egun hartan, alabaren aita bere alabaren bila joan zen. Neskatxa hura Herbehereetan hil zen bihotzeko baten ondorioz, bere ama hil ondoren, bitxia bada ere, itxaropen handiak jarrita zituen Javarako bidaia bat egin baino egun batzuk lehenago.

Espioia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1917an, Gerra Handia bezala ezagutu izan zen Lehen Mundu Gerra amaitu baino 7 hilabete lehenago, Frantzian epaitu zuten, espioi bezala lan egitea leporatuz. Alemaniarentzako agente bikoitz bat izatea eta milaka soldaduren heriotza eragin izana egotzi zioten, eta froga sendorik gabe, eta egungo epaiketa batean batere fundamenturik izango ez zuten frogatu gabeko hipotesietan oinarrituz, erruduntzat jo zuten. Margaretharen sorterriko elkarte batek Justizia Ministerioari kasuaren geroago azterketa bat eskatu zion, baina eskakizun honi ez zioten kasurik egin.

Fusilatze pelotoiak exekutatu zuen 1917ko urriaren 15ean. Elezaharrak dioenez, pelotoi hartako soldaduei, begietan benda bat jarri behar izan zieten, Mata Hariren erakargarritasunak limur ez zitzan. Hala ere, bera exekutatu zutenei agur musu bat bidali ziela dioen gertaera frogatua dago, baita, pelotoia osatzen zuten 12 soldaduetatik, lauk baino ez zutela jo Mata Hari ere, tiro horietako bat bihotzean izan zelarik, Mata Hari berehala hil zuena. Horren kargura zegoen ofizialak, kasu hauetan hala adierazten baitzen, fusilatzea exekutatuaren lokian tiro eginez amaitu zuen. Berria berehala zabaldu zen mundu osoan zehar. Une dramatiko hau xeheki azaltzen duen kazetaritza narrazio bat ere badago, bere aurpegiera, erortzeko modua eta gorpua, lurrera erortzean geratu zen modua deskribatuz.

Bere gorpua, lurperatu ez zena, medikuntza ikasleentzako anatomia ikasketarako erabili zen, garai hartan exekutatuekin egiten zen bezala, baina bere burua, baltsamatua, Frantziako Kriminalen Museoan mantendu zen 1958 arte, urte horretan ziur aski miresleren batek lapurtu zuena.

Bere zigorrari buruzko polemika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Emagaldua?, Bai!, baina traidorea, sekula ez!", epaiketan zehar Mata Hariri ematen zaion esaldi bat da.

Lehen mundu gerran Herbehereen jarrera neutrala zenez, Margaretha edo Mata Harik ez zuen arazo handiegirik mugak zeharkatzeko. Askotan, gune gatazkatsuak saihesteko, itzulinguruak egiten zituen, adibidez Frantziatik Herbeheretara joateko Espainia eta Ingalaterratik pasatuz. Joan-etorri horiek arreta erakarri zuten, azkenean.

Mata Harik, bestalde, maitasun harremana zuen Vladin Maslov izeneko errusiar pilotu gazte batekin, zeinak frantziar armadarentzat egiten zuen lan. 1916an Masloven hegazkina eraitsia izan zen, eta Margarethak hura bisitatu nahi izan zuen, baina ez zioten gerra eremura hurbiltzen utzi. Diotenez, Maslov bisitatzeko baldintza moduan Frantziarentzat Alemania espiatzea ezarri zioten Margarethari. Madrilgo enbaxadore alemaniarra espiatzeko enkargua onartu zuen.

1916ko azaroan Madrilera jo zuen, baina itsasontzia ingalaterrako portu batean geratu zenean atxilotu eta Londresera eraman zuten, espioa zela susmatzen baitzuten ingelesek. Galdeketan Frantziarentzat lanean ari zela aitortu zuen Margarethak. Frantziarrek ez zuten bertsio hori onartu, beraz ez dakigu eskandaloaren beldurrez ukatu zuten edo Margarethak asmaturiko istorioa zen. 1916 bukaeran Madrilera heldu eta alemaniarrekin harremanak sortu zituen. Badirudi Margarethak frantsesen sekretuak partekatzea eskeini ziela alemaniarrei, baina kasu honetan ere ez dakigu diru truke ala alemaniarren konfidantza irabazteko asmotan egin zuen.

1917an Kalle maiorrak, Madrileko ordezkari militar alemaniarrak, mezu bat helarazi zien bere estatuko zerbitzuei, H-21 izeneko agente baten laguntza aipatuz. H-21 kodeari loturik agentearen zenbait datu zetozen, haietako zenbait hain bereziak, ezen ezinbestean Mata-Hari besterik ez zela ondoriozta baitzitekeen. Mezua frantziar zerbitzu sekretuek eskuratu zuten. Badirudi mezua kodigo zahar batez enkriptatu zutela, frantziarrek ezagutzen zutela zekiten kodigo batez, alegia. Horrek alemaniarrak Mata-Hariz ez zirela fidatzen iradokitzen du, eta frantziarrek zerbitzutik ken zezaten nahiago zutela.

Mata Hariri buruzko tesirik hedatuena, alemaniarren mugimendu militar batzuei buruzko datuak jakinarazi zituen arren, Kaiserraren ofizial batzuk Marokon gauez lehorreratzea eta Parisko prentsagatik ezagunak ziren frantziar tropen mugimenduak kasu, ez dirudi Mata Hari espioi garrantzitsu bat izan zenik. Hala ere, Frantziak Herbehereetan horretarako propio prestaturiko eskola batean espioi bezala prestatua izan zela leporatu zion. Mata Hari, garai hartan, kortesana zen, bere bizitza maila mantentzeko eta bere maitea gerran zegoen lurraldean bisitatu ahal izateko halako enkarguak onartu zituena. Pertsonaia hau aztertu dutenek, egia esan, lan hau jolas bat bezala hartu zuela diote, zuen arriskua kontutan hartu gabe.

Tranpa alemaniarraren hipotesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jarraitzaile asko dituen hipotesi bat, alemaniarrek, pertsonaia hau eurentzat jada gogaikarria zela erabaki zutenean, etsaiaren esku bere heriotza prestatu zutela da, kontraespioitza frantziarrari tranpa bat prestatuz, Mata Hari, agente alemaniar bat bezala har zezaten. Jokaldia bikaina zen: alemaniarrek, mezu konprometitu bat eta klabe batekin zifratua bidaltzean, euren etsaiek deszifratze modua zein zen bazekitela zekitenean, baina hauek, gertaera honi buruzko alemaniar gainabisuaren berri ez zutela jakinik, hala gertatu zen bezala, Parisko autoritateek, hartutako informazio guztia egia zela sinestea eragingo zuela, alemaniarrek oso fidatuta bidali zutela pentsatzeagatik, benetan, nahita bidali zuten arren.

kontutan hartu behar da Lehen Mundu Gerra honek suposatu zuen adimen gerra egoera berria. Mezu ugari bidaltzen ziren etsaiaren asmoei eta tropa mugimenduei buruz nahasteko asmoz. Klabeak lortzeko eta hauen aldaketen berri izateko borrokak ere buruhauste ugari eman zituen. Pozoitutako irrati-telegrama hau, Parisen, Eiffel Dorrean jarritako irrati antenak hartu zuen, eta Mata Hariren erruduntasun froga nagusi bezala balio izan zuen. Mezuak, H21 izen klabea zuen alemaniar agente bat aipatzen zuen, Parisera joango zena eta, banketxe batetik diru kopuru bat aterako zuena. Datak eta ekintzak, dirua sekula ordaindu ez zioten arren eta Frantziari eginiko zerbitzuengatik jasotako soldataren zati zen arren, Mata Hari Parisera itzuli izanarekin bat etorri ziren.

Petxeroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mata Hari, kartzelatuta egon zen zenbait hilabetez fusilatua izan aurretik, galdeketa ezberdinetan kontraesanak izan zituen (bere bizitza propioa asmatzera ohituta zegoen pertsona zen).

Berari buruz ikertzen aritu direnek, iritzi publikoaren aurrean petxero bezala balio izan zuen, Frantziak gerra frontean izandako porroten ondorioz, iritzi publikoaren zati bat bere aurka zegoen, halako krisi garai baten izan zuen luxuzko bizitzaren ondorioz.

Jakina da preso hartu zutenean, garbitzeko denbora emateko eskatu zuela, eta, bere harraparien aurrean biluzik agertu zela, urte batzuk lehenago, jeneral alemaniar batek oparitu zion kasko prusiar batean bonboiak eskaintzeko aitzakiarekin. Ausarkeria eta maitale etsaiekin zituen kontaktuen adierazpen honek, gerra garaian, Mata Hari, ordezkatzen zuen mitoaren jokaerarekin erakusten dute, maila altuetan zituen kontaktuek, ukiezin bihurtuko zutenaren ziurtasuna balu bezala. Gertaera hauek, beste batzuen artean, 1950eko hamarkada ondo sartu arte publikoki adierazia izan ez zen epaiketa aktan agertzen dira.

Milaka heriotzen eragilea izana leporatzea, eta horren ondorioz exekutatua izatea, garai zailetako distrakzio ekintza bezala har daiteke, frontean, desertzioagatik, ehunka gazte frantziar exekutatua izatea ohikoa zen une batean. Ehunka milaka hildako zituen guduak zeuden, non, garaileak, galdu zuenak baino hildako askoz gutxiago ez zituena. Nahiko sarri, giza sarraskiak ziren, eztanda bakoitzaren ondoren lubakiak giza gorpuz betetzen zituenak, eta, ondorioz, erruduntasun zantzu txikienaren aurrean, konponbide zorrotzak eskatzen ziren.

Bere biografoetako batek, bere garaian berak ordezkatzen zuen mito biziak, eta Parisen gerrak izan zuen ondorio dramatiko eta zuzen mugatuak, oso kontzientea ez zen joera psikologiko bat sortu zuela, egiten ari zena zein arriskutsua zen ez ohartzeko adinakoa, beti bere maitaleen laguntza izango zuela pentsatuz, horietako asko, kargu politiko garaiak.

Oinordetza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mata Hari, 1917an 41 urterekin hila, oraindik ere pertsonaia mitiko izaten jarraitzen du. Bera hil zutenetik igaro den denborak ematen duen urruntasuna gora-behera, oso urriak dira, argi eta garbi, dirudienez, benetan, luxuz beterik bizitzen jarraitzeko edozer egiteko prest zegoen emakumea baino ez zen adierazten duten bereganako hurbiltzeak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «Mata Hari | Dutch dancer and spy» Encyclopedia Britannica Noiz kontsultatua: 2021-03-14.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Anne Bragance, Mata-Hari, la poudre aux yeux, éditions Belfond, 1995 (ISBN 2-7144-3299-9)
  • Lionel Dumarcet, L'affaire Mata-Hari, éditions de Vecchi, 1999, coll. «Grands procès de l'Histoire» (ISBN 2-7328-2950-1)
  • Russel Warren Howe, Mata-Hari innocente!, éditions de l'Archipel, 2007 (ISBN 978-2-84187-577-1)
  • Fred Kupferman, Mata Hari: songes et mensonges, Bruxelles, éditions Complexe, coll. «Historiques» n° 138, 2005
  • Michel Leblanc, L'ennemi de Mata-Hari, France-Empire, 1974
  • Jean-Marc Loubier, Mata Hari la sacrifiée, éditions Acrople, 2000 (ISBN 2-7357-0192-1)
  • Carmen Verlichak, Las diosas de la Belle Époque y de los 'años locos', Editorial Atlántida, Buenos Aires, 1996 (ISBN 950-08-1599-0)

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]