Mihri Müşfik Hanım

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mihri Müşfik Hanım

Bizitza
JaiotzaIstanbul1886ko otsailaren 26a
Herrialdea Turkia
 Otomandar Inperioa
 Ameriketako Estatu Batuak
Lehen hizkuntzaturkiera
HeriotzaNew York, 1954 (67/68 urte)
Familia
Familia
LeinuaAnchabadze (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakturkiera
Jarduerak
Jarduerakmargolaria
Genero artistikoaerretratua

Mihri Müşfik Hanım, otomandar turkieraz: مهری مشفیق خانم, sortzez Mihri Rasim Achba (Istanbul, 1886ko otsailaren 26a - New York, 1954) printzesa eta pintore abjasoa izan zen, eta Trukiako lehen eta izen handiko pintoreetako bat bihurtu zen. Bere erretratuengatik nabarmendu zen bereziki, Mustafa Kemal Atatürk eta Benedikto XV. Aita Santua pertsonaia ezagunak erretratatu zituen, besteak beste.

Lehen urteak eta hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mihri Müşfik Hanım 1886ko otsailaren 26an jaio zen, Rasim Pasha etxean, Kadıköyko Baklatarlası auzoan, Istanbulen. Abjasiako Achba printze-familiako kidea zen.[1] Aita Ahmed Rasim Pasha printze eta medikua zen, anatomian aditua eta Medikuntzako Eskola Militarreko irakasle nabarmena.[1] Instituzio horretako lehendakaria ere izan zen. Bere gustu finak eta musika, pintura eta literaturarekiko interesa oso garrantzitsuak izan ziren alabaren prestakuntza artistikoan. Mediku gisa zuen ospeaz gain, musikarekiko interesagatik eta bilera sozialetan saz jotzeagatik ere ezaguna zen. Bere ama Fatma Neședil Hanım zen, abjasia hura ere. Bere ahizpa gazteena, Enise Hanım, Hale Asaf margolariaren ama izan zen, otomandar gizarteko azken urteotako emakumezko artista ezaguna. [2]

Mihri Hanım mendebaldeko ohiko hezkuntza jaso zuen. Literaturaz, musikaz eta pinturaz interesatu zen. Fausto Zonaro artista orientalista italiar batek eman zizkion bere lehen pintura-ikasgai pribatuak, Istanbulgo Beşiktaş-Akaretler (es) auzoan zuen estudioan. Istanbul bisitatzen zuen akrobata-konpainia bateko zuzendari italiarrarekin maitemindu zen, eta, ondoren, Erromara eta Parisa abiatu zen, zirkulu artistikoetan sartzeko asmoz, noski. Denboraldi batez, Montparnasseko apartamentu batean bizi eta lan egin zuen. Han, erretratuak pintatuz eta gela bat ikasleei azpierrentan emanez lortzen zuen dirua. Maizterretako bat Müşfik Selami Bey izan zen, Sorbonako Unibertsitateko politika-ikaslea, eta harekin ezkondu zen geroago.[3][1] Müşfik Bursako pertsonaia ezaguna Selami Beyren semea zen, eta politika, historia eta literatura interesatzen zitzaizkion. Harremana bazutela jakin arren, ez dakigu noiz ezkondu zen. [4]

Ibilbide profesionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibilbidearen hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parisen, Mihrik Cavid Bey ezagutu zuen, Ogasuneko ministro otomandarra, Balkanetako gerren ondoren Frantziako gobernuarekin akordio bat hitzartzeko zegoena hirian. Cavid Beyk Hezkuntza Ministroari Mihriri gomendatuz telegramak bidali zizkion, eta, ondorioz, arte-irakasle izendatu zuten Istanbuleko Neskentzako Irakasleen Prestakuntza Eskolan, 1913an. Neskentzako Arte Ederren Eskola (İnas Sanâyi-i Nefîse Mektebi) 1914an ezarri zenean, han kontratatu zuten arte ederren zuzendari eta irakasle izateko, Salih Zeki Bey matematikaria izendatu ondoren. [5][1]

Edebiyat-ı Cedide[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mihrik Edebiyat-ı Cedide (literatura berria) mugimenduko poeten artean ere bazituen lagunak, batez ere mugimenduko liderretako bat: Tevfik Fikret. Edebiyat-ı Cedide izan bazen eragin artistiko frantsesaren alderdi literarioa, esan daiteke Mihri Hanım haren ifrentzua zela pinturan. Leku berezia zuen korronte hartako artisten artean, otomandar intelektual berantiarren artean. Aşiyan auzoko Tevfik Fikreten etxea haren estudio bihurtu zen denboraldi batez. [6]

XIX. mendeko literatura frantsesa menderatu zuten errealismoak, parnasianismoak eta sinbolismoak eragina izan zuten Edebiyat-ı Cedide mugimenduko poetengan. Servet-i Fünun-eko kide Cenâb Şehâbeddînek nabarmendu zuen haren ikuskera nagusietako bat: naturarekiko harreman berezia. Batetik, "emozioak eta ametsak murgiltzen diren leku batekin" lotzen zuen, baita artistaren arimaren ispilu gisa ere. Eragin horrez gain, badirudi Edebiyat-ı Cedide poesiaren kolorearen sinbolismoak eragina izan duela Mihri Hanımen lanean. Maî ve Siyah (Urdina eta beltza), Halid Ziya Uşaklıgilen eleberri ospetsuak Edebiyat-ı Cedide mugimenduaren malenkonia islatzen du, Mihri Hanımen erretratuek bezalaxe. [7]

Akusazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mihri Hanımek Hüseyin Cahit Yalçın kazetariari eta une hartan kondenatuta zegoen Ogasun ministro ohi Cavid Beyri egindako bisitak kritikak eragin zituen haren portaeraz. Horri erantzunez, 1919an, Mihrik eta bere ikasleek Tanin egunkaria bisitatu zuten, eta akusazioak salatu. İttihat ve Terraki Cemiyeti (Batasun eta Aurrerapen Batzordea; CUP) erakundearekin zituen harreman estuak zirela eta, azkenean, Mihri Hanımek Istanbuletik alde egin zuen, orduan potentzia aliatuek okupatuta, eta, 1919an, Italiara jo zuen. Handik Istanbulera itzuli eta urtebetera, Neskentzako Arte Ederren Eskolan hasi zen irakasten. [7]

Italiara bisita eta dibortzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1922 amaieran, Italiara joan zen berriro, eta, han, Müşfik Beyrekin ezkondu zen, 1923an.[1] Gabriele D'Annunzio poeta italiarrarekin harremana izan zuen, eta, haren bidez, Aita Santuaren erretratua margotzeko eta kapera bateko freskoak zaharberritzeko aukera izan zuen. Mihri Hanım Gabriele D'Annunzio bere lagun Renato Brozziren bidez ezagutu zuen, eta, Brozziren bitartez, berarekin korrespondentzia izan zuen. Noizean behin, Mihri Hanım bera zen lagun haien arteko korrespondentziaren gaia; 1926ko otsailaren 4an, Annunziok Brozzi-ri idatzi zion: "Non dago dama turkiarra? Ez dut bere berririk. Ikusten baduzu, besarkatu nire partez, baina besarkada horrek agha haremarena izan behar du". 1926ko abuztuaren 26an idatzitako beste gutun batean, berriro ere "dama turkiarra" gogoratzen zuen: "Non dago Mihri odaliska? Zer ari da egiten?" Itxuraz, Mihri Hanım profesional gisa saiatu arren, pintore italiar horiek iragazki orientalista baten bidez ikusten jarraitu zuten. [8]

Bere ibilbideko azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mihri Hanım Turkiara itzuli zen Errepublika sortu eta gutxira. Han, Atatürken erretratua margotu zuen, eta Ankarako Çankayako Presidentetza Egoitzan aurkeztu zuen. [9]

Gero, Mihri Hanımek Erromara, Parisera eta Estatu Batuetara (New York, Boston, Washington Hiria eta Chicago) bidaiatu zuen. 1928ko azaroaren 25eko The New York Times egunkarian argitaratutako albiste batean adierazi zen Mihri Hanımen lanen bilduma bat George Maziroff Gallery-n egongo zela ikusgai azaroaren 26tik abenduaren 15era bitartean.[9]

1938 eta 1939 bitartean, Long Islaneko (New York) Erakusketa Unibertsalean parte hartu zuen, protokolo-anfitrioi gisa. Garai hartan, Rezzan Yelmanen erretratua egin zuen, New Yorken bizi zen Ahmet Emin Yalman kazetariaren emaztearena. Txostenen arabera, Bigarren Mundu Gerran New Yorken argitaratutako zenbait aldizkariren azaleko irudiak ere sortu zituen. [9]

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken urteetan indigentzian bizi izan zen, eta 1954an hil zen. Hart Island-eko (New York) buztingilearen eremuan lurperatu zuten. [9]

Aintzatespenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2017ko otsailaren 26an, Google Doodlek haren 131. urtebetetzea ospatu zuen.[10]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Bardakçı, Murat. (2 de marzo de 2015). Mihri Rasim'in saklı hayatı. .
  2. Köksal & Falierou 2013, 157 orr. .
  3. Köksal & Falierou 2013, 157, 159 orr. .
  4. Köksal & Falierou 2013, 159 n. 16 orr. .
  5. Köksal & Falierou 2013, 159 orr. .
  6. Köksal & Falierou 2013, 164 orr. .
  7. a b Köksal & Falierou 2013, 166 orr. .
  8. Köksal & Falierou 2013, 166-167 orr. .
  9. a b c d Köksal & Falierou 2013, 167 orr. .
  10. Mihri Müşfik Hanım's 131st Birthday. 26 de febrero de 2017.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Köksal, Duygu; Falierou, Anastasia (2013). A Social History of Late Ottoman Women: New Perspectives (en inglés). BRILL. ISBN 978-9-004-25525-8

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]