Mimar Sinan
Mimar Sinan | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Ağırnas (en) , 1490 |
Heriotza | Konstantinopla, 1588ko uztailaren 17a (97/98 urte) |
Hobiratze lekua | Konstantinopla |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Fatma Nur (en) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | Otomandar turkiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | arkitektoa, ingeniari zibila, zientzialaria eta hirigilea |
Lantokia(k) | Istanbul Edirne Kairo Alepo Vixegrad eta Istanbul |
Lan nabarmenak | |
Khoca Mimar Sinan Ağa (otomandar turkieraz: معمار سينان; egungo turkieraz: Mimar Sinan, miːˈmaːɾ siˈnan ahoskatua, euskaraz: «Sinan arkitektoa»; Ağırnas, c 1490 - Konstantinopla, 1578ko uztailaren 17a)[1][2] Otomandar Inperioko arkitekto eta ingeniari nagusia zen; Suleiman I.a, Selim II.a eta Murad III.a sultanentzako lan egin zuen, eta hirurehun eraikuntza baino gehiago egin zituen.
Ingeniari militar ikasketak egin ondoren, mailaz igo zen, lehenik ofizial eta geroago jenizaroen komandante izateraino eta, azkenean, ağa, ohorezko titulua jaso zuen[3]. Arkitektura gaiak jenizaroekin kanpainan zela ikasi zituen, mota guztietako gotorlekuak eraikitzen aditu bihurtuz, bideak, zubiak eta akueduktuak ere eraiki zituen[4]. Berrogeita hamar urte inguru zituela, erregeren arkitekto nagusi izendatu zuten, armadan ikasitako artezia teknikoak «eraikin erlijioso ederrak eraikitzeko» asmoarekin[4]. Lan horretan, ia berrogeita hamar urtez aritu zen.
Bere maisulana Edirne hiriko Selimen meskita da, nahiz eta ezagunena Istanbulen dagoen Süleymaniye meskita izan. Gobernuko sail handi baten buru izan zen, eta hainbat laguntzaileei irakatsi zien. Hauetako batzuek ere ospea lortu zuten, hala nola Sedefhar Mehmet Ağa-k, Sultan Ahmed meskita (Meskita Urdina) eta Mostar-eko zubia (Mostar) eraiki baitzuten. Halaber, Taj Mahal diseinatzen lagundu zuten Mogol Inperioan. Garai hartako eta ondorengo arkitekto musulmanetan izan zuen kalitatea eta eragina kristau esparruan aipatutakoekin konparagarria da. Sinan arkitektura otomandar klasikoko arkitekto nagusitzat jotzen da, eta Michelangelorekin alderatu izan da, Mendebaldean, garaikidea[5][6]. Michelangelo eta San Petri basilikaren planoak ezagunak ziren Istanbulen, gobernuak Leonardo da Vinci eta bera gonbidatu baitzituen, 1502an eta 1505ean, hurrenez hurren, Urrezko Adarra zeharkatzeko zubi bat eraikitzeko[7].
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jakina da Sinan familia kristaukoa zela, armeniarra[8][9], albaniarra edo greziarra, baina gero islamera bihurtu zen, eta sultanaren zerbitzura hezi zen jenizaro gisa. Jenizaroa eliteko gorputz militarra zen, eta kideak Turkiako Inperio erraldoiko hainbat eskualdetako kristauen semeak ziren. Dirudienez Kapadozian (Turkiako erdialdeko eskualdean) jaio zen, baina ez da argi, jenizaroen artxiboak XIX. mendean galdu baitziren, sute baten ondorioz.
Armadan hasi zen bere gaitasun matematikoak erakusten, «zemberkcibasi» (katapulten ofizial burua, garai hartan artilleria zena) maila lortuz. Kargu horrek ingeniaritza militarraren alor guztien eskuduntzak hartzen zituen barne: gotorlekuen, zubien, akueduktuen, ontziolen, harresien eta hirien ateen eraikuntza, inperioaren luze-zabalean.
Otomandar Inperioa gogor hedatzen ari zen, eta Sinanek kanpaina militar ugaritan parte hartu zuen, eta arkitektura estilo ezberdinekin harremanetan jartzeko aukera eman zion. Horrela, Europako gotikoa ezagutu ahal izango zuen (1521ean, Belgraden hartzea; 1526an, Mohácseko gudua hungariarren aurka; 1529an, Alemaniaren aurkako kanpaina), erromanikoa eta arte klasiko greko-erromatarra (Rodas, 1522; Korfu, Apulia eta Moldavia 1537[10]) eta Ekialdeko artea (Persia, 1534), kontuan izanik gainera, txikitatik ezagutzen zuen bizantziar artea.
50 urte inguru izango zituen Suleiman I.ak bere arkitekto nagusi izendatu zuenean. Orduan, dagoeneko gizon heldua zela, bere karrera arkitektoniko harrigarria hasi zuen. Sinani zor zaizkio Istanbulgo eraikuntza turkiar nagusiak, tartean Mihirimah meskita, Sehzade meskita eta Süleymaniye meskita ikusgarriak, azken hori «Solimanen meskita» izenez ezagutzen dena. Bere lanik ezagunenetako bat da Vixegrad-eko (Bosnia-Herzegovina) Mehmed Paxa Sokolovitx zubia da, UNESCOk Gizateriaren Ondare gisa sailkatua.
Sinanekin, turkiarrek berezko arte, originala eta oso aurreratua dute, mundu islamiar osoan eragin handia izango duena. Sinani, bere bizitza luzean, eraikuntza lan itzela egozten zaio, ziurrenik historiako arkitektorik emankorrena izanik. Egozten zaizkio: 81 meskita, 50 otoiztegi, 62 eskola, 19 mausoleo, 32 jauregi-multzo, 24 ospitale, 17 postetxe, 6 merkatu, 33 komun publiko, 7 akueduktu, 8 zubi eta identifikatu gabeko 338 eraikin diseinatzea.
Sinanen ibilbidearen garapen eta heltze etapak hiru obra nagusik irudika ditzakete. Lehenengo biak Istanbulen daude: Üehzade meskita, berak ikastaldi garaiko obra deitzen duena, eta Solimanen meskita, kalifikazio-etapako lana dena. Edirneko Selimiye meskita bere etapa nagusiaren emaitza da[11]
« | …herrialde kristauetan garrantzia duten arkitektoak, izan ere, musulmanak baino askoz ere garrantzitsuago sentitzen dira, orain arte musulmanek ez baitute Santa Sofiako kupularen pareko ezer egin. Ahalguztidunaren laguntzari eta sultanaren faboreari esker lortu dut Selim sultanaren meskitarentzat Santa Sofia baino lau zira (haga) diametroan eta sei metro altueran gainditzen duen kupula bat eraikitzea… | » |
Mimar Sinan. Autobiografia |
Hilobia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berak diseinatutako «türbe» batean dago lurperatuta, Solimanen meskitaren hormen ondoan dagoen hilerrian, iparralderantz, bere omenez Mimar Sinan Caddesi izeneko kale baten beste aldean. Bere mezenas nagusien hilobietatik gertu lurperatu zuten: Suleiman I.a sultana eta bere emazte Roxelana.
Ondarea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Merkurio planetako krater batek, Istanbulgo Mimar Sinan Arte Ederren Unibertsitateak[12] eta Istanbulgo eta Ankarako Mimar Sinan Arte Ederren Institutuak bere izena daramate.
1982tik 1995era bitartean, Turkiako 10.000 lirako diru-paper zaharretan haren bularraldea agertzen zen.
Obra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingeniari militar gisa izandako prestakuntzak arkitekturari buruzko bere planteamendua enpirikoa eta ez teorikoa izatea eragin zuen, baina Pizkundeko Mendebaldeko arkitekto handiei buruz gauza bera esan daiteke, Brunelleschi eta Michelangelo kasu.
Sinanen ibilbidearen garapena eta heldu garaiaren aroa hiru obra garrantzitsurekin ilustra daitezke. Lehenengo biak Istanbulekoak dira: Sehzade meskita, berak ikasketa garaiko obra gisa definitzen duena, eta Soliman meskita, kalifikazio garaiko obrarik garrantzitsuena dena. Edirneko Selimiye meskita maisu-etaparen emaitza da. Sehzade meskita Sinanek eraikitako meskita handietako lehena da. Mihrimah Sultanaren Meskita (Üsküdar Quayko meskita izenez ere ezaguna) urte berean amaitu zen, eta diseinu originala du, hiru kupula erdik eusten duten kupula nagusi batekin. Solimanen meskitako gunea 70 urte zituela amaitu zuen. Istanbuleko muino batean, Urrezko Adarraren aurrean dago, eta Suleiman I.a izenarekin eraikitako eraikina garai hartako monumentu sinbolikoetako bat da. Kupularen diametroa Sinanek lortutako mailaren adibiderik nabarmenena da, Sinanek 80 urte zituenean osatu zuen Selimiye meskitaren 31 metroak gainditzen baititu. Selimiyen erakutsitako diseinuarekin, arkitekturarekin, baldosen dekorazioarekin eta harrian egindako lanarekin iritsi zen Mimar Sinan bere gailur artistikora.
Mausoleoena izan zen Sinanek diseinu paregabeak egin zituen beste arkitektura-arlo bat. Sehzade Mehmeden mausoleoa kanpoaldeko dekorazioengatik eta kupularengatik nabarmentzen da. Rustem Passaren mausoleoa oso egitura erakargarria du, estilo klasikoarekin. Suleiman I.aren mausoleoa esperimentu interesgarria da, gorputz oktogonala eta kupula laua baitu. Selim II.aren mausoleoak plano karratua du, eta mausoleo arkitektura turkiarraren adibiderik onenetakoa da. Sinanen beraren mausoleoa, Solimanen gunearen ipar-ekialdean dagoena, aldiz, egitura oso sinplekoa da.
Eraiki zituen zubiei, Sinanek maisuki uztartu zien artea eta funtzionaltasuna. Egin zuen handiena Büyükçekmeceko zubia da, ia 635 metro luze dena. Beste adibide garrantzitsu batzuk: Ailivri zubia, Svilengradeko Zubi Zaharra Maritsan, Lüleburgaz zubia (Sokullu Mehmet Paxa) Lüleburgaz ibaiaren gainean, Sinanlitate zubia Ergene ibaiaren gainean eta Drina zubia, Ivo Andritx jugoslaviar idazlearen eleberri ospetsuari izena eman ziona.
Sinanek, Istanbuleko ur-hornidura sistema mantendu eta hobetu zuen bitartean, akueduktuak eraiki zituen hiri barruko hainbat lekutan. Alibey ibaiaren gainean dagoen Mağlova arkuak, 257 metro luze eta 35 metro altu duenak, bi arku maila ditu, eta tipologia horren adibiderik onenetarikoa da.
Sinanen ibilbidearen hasieran, arkitektura otomandarra pragmatikoa zen, batez ere. Eraikinak aurrekoen errepikapenak ziren, eta oinarrizko eredutan oinarritzen ziren. Gehiago ziren adabaki multzo bat, ikusmolde bakar batean baino. Arkitekto batek eraikin berri baten zirriborroa egin zezakeen, eta edozein laguntzailek edo langilek bazekien zer egin, ideia originalak saihesten zirelako. Gainera, arkitektoek gehiegizko segurtasun-tartea erabiltzen zuten beren diseinuetarako, eta horrek materiala eta lana xahutzea zekarren berekin. Sinanek poliki-poliki aldatzen joan zen. Ezarritako praktika arkitektonikoak eraldatu zituen, tradizioak zabalduz eta eraldatuz, berrikuntzak gehituz eta perfekziora hurbiltzen saiatuz.
Lehengo urteak (1550. urtearen erdialdera arte) ikasketa aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urte haietan, arkitektura otomandarraren forma tradizionalari jarraitu zion; baina, poliki-poliki, beste aukera batzuk aztertzen hasi zen, bere ibilbide militarrean Europan eta Ekialde Hurbilean konkistatutako hirietako monumentu arkitektonikoak aztertzeko aukera izan baitzuen.
Monumentu garrantzitsu bat eraikitzeko lehen saiakera Alepon (Siria) izan zen, Hüsrev Paxako meskita eta madrasa bikoitza. 1536tik 1537rako neguan eraiki zuten, bi kanpaina militarren artean, bere komandanteburu eta Alepoko gobernadorearentzat. Presaka eraiki zen, gauzatze landugabean eta hasierako dekorazioan ikus daitekeenez.
Arkitekto erreal gisa egin zuen lehen agindu garrantzitsua izan zen gune apal bat eraikitzea Hürrem sultanarentzat] (Roxelana), sultanaren emaztearentzat. Bere aurrekoek marraztutako planoei jarraitu behar zien. Sinanek espazioaren banaketari eutsi zion inolako berrikuntzarik gabe. Hala ere, ordurako, Alepoko meskita baino askoz aurreratuagoa zegoen, eta nolabaiteko dotorezia erakusten du. Ordutik, baina, hainbat zaharberritze izan ditu.
1541ean, Hayreddin Bizargorria almirante handiaren mausoleoa (türbe) eraikitzen hasi zen. Istanbuleko Europa aldean dago, Beşiktaş-eko kostan, bere flota biltzen ohi zen lekuan. Bitxia bada ere, almirantea ez dago hor lurperatuta, Iskele meskitaren ondoko bere mausoleoan baizik. Harrezkero, mausoleoa nahiko utzia dago.
Suleiman I.aren alaba bakarrak eta Rüstem Paxa bisir handiaren emazteak, Mihrimah sultanak, Üsküdarren meskita bat egitea enkargatu zion Sinani, madrasarekin (eskola), «imaret»arekin (karitateko jantokia) eta «sibyan mekteb»arekin (eskola koranikoa). Imareta desagertuta dago. Meskita honek Sinanen estiloaren ezaugarri nagusiak erakusten ditu: soto zabala, goi-buelta batekin, minarete lirainak, kupula bakarreko baldakina, hiru exedratan amaitzen diren hiru kupula erdirekin eta arkupe bikoitz oso zabal batekin. Eraikuntza 1548an amaitu zen. Ez zen arkitektura otomandarrean egiten zen lehen arkupe bikoitza, baina landa meskitetan eta batez ere bisir meskitetan joera bat sortu zuen.
Soliman Bikaina sultana Balkanetako beste kanpaina batetik itzuli zenean, Mehmet Ehzade tronurako oinordekoa hila zela jakin zuen, hogeita bi urterekin. 1543ko azaroan, Sinan, Iskele meskita eraikitzen hasi eta gutxira, sultanak Sinani meskita handi berri bat erantsitako gune batekin eraiki zezan agindu zion, bere seme kutunaren oroimenez. Sehzade meskita hori aurrekoak baino handiagoa eta anbiziotsuagoa izango litzateke. Arkitektura historialarien ustez, meskita hori izan zen haren lehen maisulana. Erdiko kupula handi baten kontzeptuarekin obsesionatuta, Sinanek meskiten planoak izan zituen gogoan, hala nola Diyarbakir-eko Fatih Paxa edo Hasköy-ko Piri Paxa. Seguraski, biak bisitatuak izango zituen Persiako kanpainan. Sinanek meskita bat eraiki zuen erdiko kupula batekin, oraingoan lau kupulaerdi berdinekin. Gainegitura hori lau pilastra ildaskatuz eutsita dago, oso handiak baina estilotsuak, oktogonalak, eta lau pilastra alboko horma bakoitzari itsatsirik. Izkinetan, teilatuaren mailatik gora, egonkortzeko balio duten lau dorretxo. Kontzeptu koherente hori, batuketa-planoekin alderatuta, arkitektura otomandar tradizionalaren oso bestelakoa da. Aurrerago. Sedefkar Mehmet Ağak pilastra ildaskatuen kontzeptua kopiatuko zuen Sultan Ahmedeko meskitan, arinagoen irudia emateko. Sinanek, ordea, gerora egin zituen meskitetan, atzera bota zuen irtenbide hori.
1550eko hamarkadaren erdialdetik 1570era bitarteko aldia: kalifikazio aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1550 inguruan, Suleiman Bikaina sultana boterearen gorenean zegoen. Semearentzat meskita bat eraiki ondoren, bere meskita inperiala eraikitzeko unea zela pentsatu zuen, beste guztiak baino handiagoa izango zen etorkizunerako monumentu bat, Urrezko Adarra menperatzen zuen leku leun batean. Dirua ez zen arazo, Europan eta Ekialde Ertainean izandako kanpainetan egindako arpilatzeei esker altxor bat pilatu baitzuen. Sinani, bere errege arkitektoari, meskita bat eraikitzeko agindua eman zion, Süleymaniye izenekoa, lau kolegio, karitatezko jangela bat, ospitale bat, asilo bat, bainu etxeak, karabana posta bat eta bidaiarientzako aterpetxe bat (tabhane) edukiko zituen gune (külliye) batez inguratua. Sinanek, orain, departamentu itzela zuzentzen zuen laguntzaile kopuru handiarekin, eta zazpi urtean amaitu zuen lan eskerga hori. Süleymaniye baino lehen, ez zen meskitarik eraiki teilatu erdi kubikoez. Teilatu erdi kubikoaren diseinurako ideia Santa Sofiatik atera zuen. Lan horri esker, Sinan betiko nabarmendu zen aurrekoen anonimotasunaren gainetik. Sinanek Leone Battista Alberti pizkundeko arkitektoaren (Vitruvio erromatar arkitekto eta ingeniariaren De architectura ikasia zuena) ideiak ezagutuko zituen ziur aski, berak ere eliza idealaren eraikuntza bilatzen baitzuen, arkitekturaren barnean harmonia islatuko zuena geometriaren perfekzioagatik. Baina, Mendebaldeko bere baliokideek ez bezala, Sinanek interes handiagoa zuen sinplifikazioan aberastasunean baino. Kupula bakar baten azpian bolumen maximoa lortzen saiatu zen. Kupula, izan ere, zirkuluan oinarrituta dago, irudi geometriko perfektua, zeinak, modu abstraktuan, Jainko perfektua irudikatzen duen. Sinanek erlazio geometriko sotilak erabili zituen, bere eraikinen arrazoiak eta proportzioak kalkulatzerakoan biko anizkoitz erabiliz. Hala ere, ondorengo aldi batean, hiruko zatiketak edo bitik hirurako arrazoiak ere erabili zituen kupulen zabalera eta proportzioetan, hala nola Kadirga-ko Sokullu Mehmet Paxa meskitan.
Süleymaniye meskitaren eraikuntzan kontzentratuta zegoen bitartean, Sinanek (edo, hobeto esanda, bere mendekoek, bere gainbegiratupean) planoak marraztu eta argibide zehatzak eman zituen beste eraikin askotarako. Baina zalantzazkoa da probintzietako enkarguen eraikuntzak gainbegiratuko zituenik.
Sinanek, 1551n, meskita bat eta hilobi-monumentu bat (türbe) eraiki zituen Ibrahim Paxa bisir handiarentzat, Silivrikapin (Istanbul).
Hurrengo Bisir Handia, Rüstem Paxak, enkargu gehiago egin zizkion Sinani. 1550ean, Sinanek Istanbulgo Galata barrutian ostatu (han) handi bat eraiki zuen; Hamar bat urte geroago, beste bat egin zuen Edirnen, eta, 1544 eta 1561 artean, Taṣ Han-a Erzurumen. Karabanentzako posta etxe bat diseinatu zuen Ereglin, eta madrasa oktogonal bat Istanbulen.
1553 eta 1555 artean, Sinanek Sinan Paxa meskita eraiki zuen Beşiktaşen (Istanbul), Sinan Paxa almirante handiarentzat, zeina Edirneko Üç Üerefeli meskitaren bertsio txikia den. Horrek erakusten du beste arkitekto batzuen lana ere sakon aztertu zuela, eraikin horien mantentze-lanen arduraduna baitzen. Forma zaharra kopiatu zuen; haien eraikuntza-ahuleziak hausnartu, eta bere soluzioarekin konpontzen saiatu zen. 1554an, Sinanek Sinan Paxaren meskitaren forma erabili zuen berriro Istanbulgo hurrengo bisir handiaren, Kara Ahmed Paxaren, meskita eraikitzeko, bere lehen meskita hexagonala. Forma hexagonal hori aplikatuz, Sinanek alboko kupulak kupulaerditara murriztu zitzakeen, eta izkinetan 45 graduko angeluan jarri. Argi dago Sinani forma hori gustatu behar zitzaiola, aurrerago errepikatu baitzuen Kadingako Sokollu Mehmed Paxa eta Űskűdar-eko Atink Valido meskitan.
1556an, Sinanek Haseki Hüsrrem bainuetxea eraiki zuen, Santa Sofiaren ondoan zeuden Zeuxippus bainu zaharrak ordezkatuz. Eraiki ziren bainu politenetakoak izan ziren.
1559an Cafer Ağa madrasa eraiki zuen Santa Sofiako aurreko patioaren azpian. Urte berean, meskita txiki bat eraikitzen hasi zen Iskender Paxarentzat, Kanlıka-n, Bosforo ondoan. Sinanen bulegoak urtetan jaso zuen enkargu txiki eta ohikoenetako bat izan zen.
1561ean, Rüstem Paxa hil ondoren, Sinan Rüstem Paxa meskita eraikitzen hasi zen, Mihrimah sultana alargunak gainbegiratutako memoriala bezala. Süleymaniyeren behe aldean dago. Oraingoan, erdiko forma oktogonala da, San Sergio eta San Baco monasterioko elizaren ereduari jarraituz, izkinetan bi kupulaerdi txiki dituela. Urte berean, Sinanek Rüstem Paxaren aldeko hileta-monumentu bat (türbe) eraiki zuen Şehzade meskitako lorategian, Iznik-eko baldosa onenekin apaindutakoa. Mihrimah sultanak, izan ere, senarra hil ondoren bere aberastasuna bikoiztu zuen, eta, orain, meskita bat nahi zuen berarentzat. Sinanek Mihrimah Camii eraiki zion Edirnekapı-n (Edirneko atea), Istanbuleko zazpi mendietatik garaienean. Meskita ganga-plataforma baten gainean eraiki zuen, kokapena mendi baten goialdean nabarmenduz. 1562 eta 1565 artean eraiki zen. Sinanek handitasuna eman nahi zion, eta bere diseinurik irudimentsuenetako bat egin zuen, euskarri-sistema berriak erabiliz eta alboko espazioak leihoentzako eremua erabilgarriak handitzeko. 37 metro garai eta 20 metro zabal zuen kupula bat eraiki zuen erdian, petxinez eutsia, oinarri karratu baten gainean, alboetan bi galeria zituela, bakoitzak hiru kupulekin. Lauki honetako izkina bakoitzean zutabe erraldoi bat dago, egundoko arkuekin lotua, eta horietako bakoitzak 15 leiho handi eta lau zirkular ditu, barrualdea argiz betetzen dutenak. Eraikin iraultzaile horren estiloa, egitura otomandarrak ahalbidetzen duen gotikotik hurbilen zegoena zen.
1560 eta 1566 artean, Sinanek meskita bat eraiki zuen Istanbulen Zal Mahmut Paxarentzat, Ayvansaraytik harago dagoen mendi bateko eremu batean. Ziurra da Sinanek planoak egin zituela eta eraikuntza ikuskatu zuela, baina eremu txikien eraikuntza, hala, gaitasun gutxiko laguntzaileen esku utzi zuen, Sinan eta bere laguntzailerik onenak bere maisulana hastear zeudelako, Edirneko Selimiye meskita. Kanpoaldera, meskita oso gora altxatzen da, ekialdeko hormara ematen duten lau leiho lerroekin. Horrek, meskitari, jauregi edo apartamentu bloke baten itxura ematen dio. Barrualdean, hiru galeria zabal daude, eta barrualdeak txikiagoaren itxura hartzen du. Egituraren pisuari esker, kupulak altuagoa dirudi. Galeria horiek Selimiye meskitako galerien atariko proba dirudite.
1570etik heriotzara arteko aldia: maisu aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere bizitzako azken etapan, Sinan barrualde bateratu eta dotore estilotsuak sortzen saiatu zen. Hori lortzeko, beharrezkoak ez ziren espazio osagarri guztiak kendu zituen, erdiko kupularen sostengu pilastretatik abiatuta. Istanbulgo Sokollu Mehmet Paularen meskitan (1571-1572) eta Edirneko Selimiye meskitan ikus daiteke hori. Bere azken aldiko beste eraikin batzuetan, Sinanek arkitektura otomandar klasikoarentzat berriak ziren tratamendu espazial eta muralekin esperimentatu zuen.
1570ean, Selim II.ak Masjid al-Haram meskita berritzeko agindu zion, eta berritze lanak ziren estalki lauaren ordez kupulak jartzea, barruko aldean kaligrafiaz apainduak, euskarri-zutabe berriak jartzea, gaur egungo meskitaren lehen ezaugarri arkitektoniko gisa ezagutzen direnak, eraikinean, gaur egun, kontserbatzen diren zatirik zaharrenak.
Berak, bere autobiografian, Tezkiretü’l Bünyanen, esaten duenez, Edirneko Selimiye meskita zuen bere maisulantzat. Arkitektura otomandar tradizionalaren mugetatik askatuz, meskita horrek Sinanen obraren eta arkitektura otomandar klasiko guztiaren goia markatzen du. Eraiki ari zela, arkitektoen esana zuen buruan: «Ezin da Santa Sofiakoa baino kupula handiagorik egin, eta, are gutxiago, musulmanek»; hori izan zen haren motibazio nagusia. Osatu zenean, munduko kupula handiena zela aldarrikatu zuen Sinanek, Santa Sofia atzean utzita. Izan ere, kupularen altuera lurraren mailatik beherago zegoen, eta diametroa ozta-ozta zen handiagoa (metro erdi) mila urte lehenago egindako Santa Sofiakoa baino. Hala ere, behe-oinarritik neurtuta, Selimiyeren kupula altuagoa da. Sinanek 80 urte baino gehiago zituen eraikina amaitu zenean. Azkenean, meskita horretan lortu zuen bere helburua: kupula azpiko barru optimoa erabat batua sortzea, hots, barrua menperatzen duen espazioaren garaipen bat. Oraingoan, kupula oktogonal bat erabili zuen erdian (31,28 m zabal eta 42 m altu), marmolezko eta granitozko zortzi pilastra elefantinez eutsia. Euskarri horiek kapitelik gabekoak dira, baina tronpak edo kontsolak dituzte goialdean, eta horrek arkuak pilastretatik oso-osorik hazten direlako itxura ematen du. Alboko galeriak urruti jarrita, hiru dimentsioko efektua handitzea lortu zuen. Hormetako leiho ugariek argiz betetzen dute barrualdea. Kontrahorma-lana egiten duten erdi kupulek kupularen azpiko karratuaren lau erpinetan daude jarrita. Pisua eta barne-tentsioak ezkutuan geratzen dira, eta efektu aireztatu eta dotorea sortzen dute, erdiko kupula baten azpian gutxitan ikusten dena. Otoitz-aretoko erpinetako lau minareteak (83 metrokoak) mundu musulmaneko altuenak dira, dagoeneko hiria gainbegiratzen duen meskita honen forma bertikala nabarmenduz.
Halaber, Damaskoko Taqiyya al-Sulaimaniyya meskita eta karabanen posta etxea ere diseinatu zuen, zeina, oraindik ere, hiriko monumentu aipagarrienetakotzat jotzen den, baita Sofiako (Bulgaria) Banya Bashi meskita ere, hirian, gaur egun, zerbitzuan dagoen meskita bakarra dena.
Drina ibaia zeharkatzen duen Mehmed Paxa Sokolovitx zubia ere eraiki zuen, Višegraden, Bosnia-Herzegovinaren ekialdean, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu duena[13].
Ondorioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arkitekto ibilbidea hasi zuenean, Sinanek dagoeneko ezarritako arkitektura tradizional bat aurkitu zuen. Ingeniari militar gisa jasotako prestakuntzak arkitektura ikuspuntu enpiriko batetik ikustera eraman zuen, ikuspuntu teorikotik baino gehiago. Kupula bakarreko eta zenbait egituren diseinu eta ingeniaritzarekin esperimentatzen hasi zen. Bere meskita eta egitura diseinuei, beste garbitasun geometriko, arrazionaltasun eta osotasun espazial bat ematen saiatzen da. Horretan guztian, bere sormena eta espazio argi eta bateratua sortzeko nahia erakusten du. Kupuletan bariazio batzuk garatzen hasten da, forma desberdinez inguratuz: kupulaerdirekin, pilastrekin, paretekin eta galeria joko ezberdinekin. Arkuak eta kupulak kurbatuak dira, baina, bere diseinutan, ez ditu elementu kurbatuak erabiltzen, kupularen zirkulua sistema angeluzuzen, hexagonal edo oktogonal bihurtuz. Harmonia arrazional bat lortzen saiatzen da kupula bakar batean zuzenean amaitzen diren kupulaerdien kanpoko konposizio piramidala eta barruko espazioa, non erdiko kupula horrek espazioa bertikalki integratzen duen osotasun bateratu batean. Bere jakinduria espazio horren antolaketan eta diseinuak sortutako tentsioen ebazpenean du eragina. Berritzailea da dekorazioaren eta motiboen erabileran, forma arkitektonikoekin osotasun batean konbinatuz. Erdigunea nabarmentzen du erdiko kupularen azpian kokatuz eta argiz betez leiho ugariei esker. Meskitak, modu eraginkorrean, guneetan (külliye) batu zituen, komunitatearen beharren zerbitzura, leku intelektual eta komunitario gisa, eta fededunen behar sozialak eta osasun arazoak konpontzeko.
Sinan hil zenean, arkitektura otomandar klasikoa bere gorenera iritsia zen. Ondorengoetako inork ez zuen Selimiye meskitaren diseinua hobetzeko, ezta gehiago garatzeko talentu nahikorik. Haren ikasleek, modelo zaharragoetara jo zuten, adibidez, Şehzade meskitara. Berrikuntza itzaltzen joan zen, eta gainbehera hasi zen.
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1588an hil zen, eta berak diseinatutako türbe (hilobi) batean dago lurperatuta, Süleymaniye meskitaren hormen ondoan dagoen hilerrian, iparralderantz, bere omenez Mimar Sinan Caddesi izendatutako kale bateko beste aldean. Bere mezenas nagusien (Suleiman I.a eta Haseki Hürrem haren emaztea) hilobien ondoan lurperatu zuten.
Sinanen izena daramate:
- Merkurio planetaren krater batek
- Turkiako unibertsitate publiko batek, Mimar Sinan Arte Ederren Unibertsitatea, Istanbul.
Sinanen irudia Turkiako 1982-1995 bitarteko 10.000 lirako diru-paperen atzealdean agertzen da[14].
Eraikuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arkitekto inperial gisa 50 urte igaro zituen eta 476 eraikuntza egin edo ikuskatu zituen (horietako 196 oraindik zutik diraute), bere lanen zerrenda ofizialaren arabera, Tazkirat-al-Abniya delakoa. Ziur aski ez zituen eraikin horiek guztiak marraztu, baina haren sailak egindakoetan uste on osoa zuen eta ardura hartu zuen.
Eraikuntza motak:
- 94 meskita handi (camii),
- 57 ikastetxe,
- 52 meskita txiki (mescit),
- 48 bainuetxe (hamam).
- 35 jauregi (saray),
- 22 mausoleo (türbe),
- 20 karabansarai (kervansaray, han),
- 17 herri sukalde (imaret),
- 8 zubi,
- 8 aletegi edo biltegi
- 7 eskola (medrese),
- 6 akueduktu,
- 3 ospitale (darüşşifa)
Lan nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Selimen meskita (1575, Edirne)
- Süleymaniye meskita eta eraikin multzoa (Istanbul)
- Azapkapi Sokullu meskita (Istanbul)
- Caferağa madrasa
- Kılıç Ali Paşa multzoa
- Molla Çelebi meskita
- Haseki bainuak
- Piyale Paşa meskita
- Şehzade meskita
- Mihrimah Sultan meskita (Edirnekapı)
- Mehmed Paxa Sokolovitx zubia (Višegrad, Bosnia-Herzegovina)
- Nisanci Mehmed Paşa meskita
- Rüstem Paşa meskita
- Zal Mahmud Paşa meskita
- Kadirga Sokullu meskita
- Koursoum meskita (Trikala, Grezia)
- Al-Takiya Al-Suleimaniya (Damasko, Siria)
- Yavuz Sultan Selim Madras
- Mimar Sinan zubia (Büyükçekmece)
- Jasokundearen eliza Paşa (Haskovo, Bulgaria)
- Tekkiye meskita
- Khusruwiyah meskita
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Saoud (2007), 2 or.
- ↑ Wilkins (1993), 826 or.
- ↑ Goodwin (2001), 87 or.
- ↑ a b Kinross (1977), 214–215 or.
- ↑ De Osa, Veronica.
- ↑ Saoud (2007), 7 or.
- ↑ Giorgio Vasari, The Lives of Painters, Sculptors and Architects, llibre IV, pàgina 122; ed. Gaunt, London and New York, 1963.
- ↑ Zaryan, Sinan, Armenian Soviet Encyclopedia, p. 385.
- ↑ Kouymjian, Dickran. "Armenia from the Fall of the Cilician Kingdom (1375) to the Forced Emigration under Shah Abbas (1604)" in The Armenian People From Ancient to Modern Times, Volume II: Foreign Dominion to Statehood: The Fifteenth Century to the Twentieth Century. Richard G. Hovannisian (ed.). New York: St. Martin's Press, 1997, p. 13. ISBN 0-312-10168-6.
- ↑ Tracing Sinan (en Cultural heritage activities and institutes network)
- ↑ Txantiloi:Cita web
- ↑ Txantiloi:Cita web
- ↑ (Ingelesez) Centre, UNESCO World Heritage. «Mehmed Paša Sokolović Bridge in Višegrad» UNESCO World Heritage Centre (Noiz kontsultatua: 2024-09-30).
- ↑ Central Bank of the Republic of Turkey Arxivat 2009-06-15 a Wayback Machine.. Museu del bitllet: 7. Grup d'emissió - Deu mil lires turques - I. Sèrie Arxivat 2009-07-29 a Wayback Machine., II. Sèrie Arxivat 2009-07-29 a Wayback Machine., III. Sèrie Arxivat 2009-07-29 a Wayback Machine. & IV. Sèrie Arxivat 2009-07-29 a Wayback Machine.. – Obtingut el 20 d'abril de 2009.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Turner, J. Grove Dictionary of Art, Oxford University Press, USA; New Ed edition (1996); ISBN 0-19-517068-7
- Guler, Ara; Burelli, Augusto Romano; Freely, John (1992). Sinan: Architect of Suleyman the Magnificent and the Ottoman Golden Age. WW Norton&Co. Inc. ISBN 0-500-34120-6 (Ingelesez)
- Çelebi, Sai Mustafa (2004). Book Of Buildings : Tezkiretü'l Bünyan Ve Tezkiretü'l-Ebniye (Memoirs Of Sinan The Architect). Koç Kültür Sanat Tanıtım ISBN 975-296-017-0 (Ingelesez)
- Aptullah Kuran, Ara Güler (Illustrator), Mustafa Niksarli (Illustrator): Mimar Sinan, Istanbul 1986. ISBN 3-89122-007-3 (Turkieraz)
- Aptullah Kuran, Sinan: The grand old master of Ottoman architecture, Ada Press Publishers, 1987. ISBN 0-941469-00-X (Ingelesez)
- Gülru Necipoglu, The Age of Sinan, 2005
- J.M. Rogers. Sinan 2005. I.B. Tauris ISBN 1-84511-096-X.
- Egli Ernst, Sinan, der Baumeister osmanischer Glanzzeit, Erlenbach-Zürich, Verlag für Architektur, 1954; ISBN 1-904772-26-9 (Alemanez)
- Van Vynckt, Randall J.. International Dictionary of Architects and Architecture. Detroit, Londres, Washington: St. James Press. ISBN 1-55862-089-3