Physiologus

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bernako physiologus-a, IX. mendea
76-Fisiologo di Berna - Pantera.jpg
Jatorria
Ezaugarriak

Physiologus-a, animalien inguruan hitz egiten duen idazki bat da. Hau Erdi Aroko Bestiarioetako bat da, izaera zoologiko-sinbolikoa duena. Testuak animalien izaera sinbolikoaz hitz egiten du eta Greziar hizkuntzan idatzia izan zen lehen aldiz, baina autorea ezezaguna da. Aditu batzuek diote Alexandrian idatzia izango zela k.o. II. mendean eta beste batzuek berriz III. mendean idatzia izan zitekeela Siriako Cesarea Stratonis hirian. Testu honen kopia asko egin ziren Erdia Aroan zehar hizkuntza ezberdinetan eta Europan zehar oso zabaldua izan zen, animalien moralitatea zentzu erlijioso batean zabaltzea helburu zuelako.

Animalia ezberdinen inguruko sinbologia moralizantea lantzen du idazki honek. Animalien jokaera naturala, kristau on baten egin beharko lituzken ekintzekin alderatzen ditu. Askotan animalia batek ekintza konkretu bat egiten du eta fededunari, modu horretan portatu behar duela adierazten dio idazkiak.

Honen aurrekariak Aristotelesen Historia animalum, Herodotoren Istoriak, Plutarcoren Moralia eta Pseudo Salomon-en Physica dira besteak beste. Aditu batzuen ustez lehen aldiz latinez 386-388 urteak baino lehen itzuli zirela diote San Ambrosiok Hexaemeron idatzi aurretik eta beste batzuek diote ezin duela 431 urtearen aurretik egina izan, beraz ez dago oso argi noiz itzuli zen lehen aldiz latin hizkuntzara. Eskuizkribu hau beranduago hizkuntza askotara itzuli zen eta Europa, Asia eta Afrikan zehar zabaldu izan zen testua.[1]

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Latineraz "Physis" natura esan nahi du eta "Logos" ezagutza. Beraz, Physiologusa natura ezagutzen duen pertsona izango litzateke. Erdi Aroko mentalidadearen arabera, Jainkoak natura sortu zuen eta ondorioz natura da bere islada. Gizakiak jainkoa ezagutu nahi badu bere sorkuntza, hots, natura aztertu behar du. Erdi Aroko hainbat autoreengan ikus daiteke jarrera hau. San Bernardok, adibidez, esan zuen gehiago ikasi zuela basoetatik liburuetatik baino. Dena den, autoreek naturaz eta animaliez idazten zentzu sinboliko eta metaforiko batean ulertu behar da eta ez zentzu zientifiko zorrotzean. Basoa, adibidez, arimaren metafora gisa ulertua izan da. Dante Alghierik ere naturaren eta zehazki basoaren  balio sinboliko eta espirituala azpimarratu zituen: “bizitzaren ibilbidearen erdian baso ilun  bat aurkitzen da”.[2]

Obraren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez dago argi zein den zehazki obra honen egilea. Zenabait adituk uste dute Epiphanus izan zela egilea; beste batzuek Pedro Alexandriakoa , Basilio edo Atanasio proposatu dituzte autore bezala. Iritzi batzuk Artistoteles edo Salomoni esleitzen diote atoretza; hala izanez gero, Physiologusa obre aurre-kristaua izango litzateke. Litekeena da lehen aldiz Alejandrian idatzia izatea k.o. II eta IV.mendeen artean edo Siriako Cesarea Stratonis hirian k.o. III.mende inguruan. Testu originala greziarrez idatzita zegoen eta haren kapitulo kopurua 40 eta 48 artean ezarri da. Lehenengo edizio hori ez da gaur egun kontserbatzen; Latinera egindako itzulpenak dira hoberen ezagutzen direnak. Latinera itzulia izan zen lehen aldiz V.mendean. Geroago, Europako eta Ekialde Hurbileko beste zenbait hizkuntzetara itzuli zen.  Denborarekin kapitulo kopurua handitzen joan zen eta animalien deskribapenek aldaketak jaso zituzten.[3]

Erdi Aroko hainbat edizio kontserbatzen dira, horietako asko ilustratuak. Uste da testu originala ez zegoela ilustratuta. Egun ezagutzen den kopiarik famatuena Bernako Physiologusa da, hiri horretako Burgerbibliotheken gordetzen dena. Adituen ustez kopia hau Reimsen sortu zen 825.urtearen inguruan. Phisiologusaren latinezko itzulpenaren kopia da. Ezagutzen direnen artean ilustrazioak dituen ale goiztiarrenetako bat da.

Eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbait adituk Physiologusak Erdi Aroko kulturan izandako eragina  bibliak izandakoaren pare jarri dute. Bere arrkastaren seinale dira hizkuntz ezberdinetara egindako itzulpenak eta Europa osotik zehar aurki daitezkeen kopia anitzak. Hainbat eskuizkribuk iturri bezala erabili zuten.

Erdi Aroko ikonografiaren konfigurazioan Physiologusa erabakigarria izan zen. Animalien irudikapenak erdi aroan zehar anitzak dira Physiologusari esker;  animali bakoitzak bere karga morala zuenez, oso motibo egokiak ziren fededunak hezitzeko. Gainera, animalien irudikapenaren jarraipena bermatu zuen Erdi Aro osoan zehar. Erromatar inperioaren desagerpenarekin artista europearrek animali exotikoekin (lehoiak, panterak, elefanteak,...) kontaktua galdu zuten. Edonola ere, animali hauek errepertorio ikonografikoaren parte izaten jarraitu zuten, Physiologusaren eta ondorengo bestiarioen irudi eta deskribapenei esker.

Physiologusa bestiarioaren generoaren hazia izan zen. Lehenengo bestiarioak XII.mendean agertu ziren, Physiologusa baino askoz beranduago. Bestiario guztiek obra hau oinarri bezala hartu zuten eta horri beste iturrietatik hartutako elementuak gehitu zizkioten. Bestiarioak gauzatzeko erabili ziren iturri osagarri nagusiak Sevillako San Isidororen Etimologiak, Bernard Silvestrisen Megacosmusa eta Bartholomeus Anglicusen De propritatibus rerum izan ziren.[4]

Obraren edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edukiari dagokionez, animalia erreal, fantastiko, landare edota arroka ezberdinen deskribapena egiten da bertan. Animaliaren deskribapen fisikoari ezaugarri moral edota fantastikoren bat gehitzen zaio ondoren, pasarte edo istorio labur baten bidez askotan. Istorio edo pasarte hauek erlijio kristauaren pasarteekin egongo dira lotuak maiz, kristoren heriotzarekin, berpizkundearekin edota gaizkiaren aurkako borrokarekin lotuak hain zuzen ere. Physiologus hauek, aurretik esan bezala, autore eta iturri ezberdinak izanik, bertan aurkituko ditugun edukiak ere ezberdinak izango dira, baina animalia ezberdinak banatuko dituen atal ezberdinetan antolatuak egongo dira denak.

Naturarekiko ikuspegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Physiologusak ondo erakusten du nolakoa zen Erdi Aroko  ezagutza zientifikoa. Antzinateko zientzia kontserbatzeko interesa zegoela ikusten da. Ez da interesik erakusten, ordea, ezagutza hori naturaren behaketa zuzenarkin kotrastatzeko. Kontuan hartu behar da azterketa ororen helburua  jainkoa glorifikatzea edo ezagutzea zela eta ondorioz, gauzen izaera materialak ez zuela garrantzirik; mundu lurtarretik harato zeuden egi transzendentalak bilatzen zituzten. Transzendentala zena azaltzeko alegoriak erabiltzen ziren maiz. Kasu honetan, animaliez baliatzen da autorea alegoriak egiteko.[5]

Animalia ohikoenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehoia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehoiari hiru ezaugarri nagusi aitortzen zaizkio, istorioen bidez iragarri beharko ditugunak. Lehendabizi, lehoia bera bizi den menditik jestean bere oinatzak ezabatzen dituela, ehiztaria ikusi baitu behean. Bigarrena, lehoikumeak erdi-hilda jaiotzen direla, eta hiru egun pasa ostean, lehoi heldu batek putz egitean soilik esnatuko dela. Azkena lehoiak inoiz begiak itxita lo egiten ez duela izango da, beti erne egonik, adi, begiak irekita. Lehoiaren bertute edo ezaugarri hauek Kristorekin zuzenean harremanatuta daudela argia da, hau guztiari lehoia izaki guztien errege dela gehiturik.

Arranoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Physiologusaren esanetan, arranoa zahartzen hasten denean, hegaldia astuna bihurtzen da eta ikusmena lainotzen zaio. Orduan, honi aurre egiteko, ur puruko iturria bilatuko du lehenik eta goruntz hegan joango da bertan, zeru eguzkitsurantz, bere luma zahar guztiak errez. Begiak estaltzen zizkion begi-filma desegin eta hegan egingo du iturrirantz berriro, hiru aldiz murgilduz eta berriro gazte bihurtuz. Honela, fededuna zahartzean ur puruko iturria, hau da, jainkoarenganako fedea, bilatzera gonbidatzen gaitu, fede honen bidez arima gaztetu ahal izateko.

Pelikanoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pelikanoak bere kumeak asko maitatzen dituela dio iturriak. Kume hauek, jaiotzean, gurasoak kolpatzen hasiko dira, eta honi erantzunez, gurasoek bueltan kolpatuko dituzte kumeak, heriotza eman harte. Hiru egun pasata, kumeen ama, tristurak jota, gorputzaren albo bat ebakiko du, odol jarioaz kumeak bustiz eta bizitza bueltatuz. Istorio honekin jainkoarengako esperantza mezua helarazi nahi zaigu, naiz eta gizakiok jainkoaren aurka azaldu eta honek gu zigortu, Kristoren odolaren bidez barkamena lortuko baitugu.

Adarbakarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikusten dugunez, animalia fantastiko eta hibridoak ere azaltzen zaizkigu Physiologus-ean. Honen esanetan, adarbakarra edo unikornioa animalia txikia (ahuntzaren tamainakoa), beldurtia eta iheskorra da, ehiztarientzako harrapa ezina, eta kopetaren erdian izena ematen dion adarra izango du. Hau harrapatzeko, emakume birjin bat erabiltzen zuten amu gisa. Adarbakarra salto batez hurbilduko zaio emakumeari, eta bere magalean etzango da. Honek mantsotu harte laztanduko du, eta erregearen gaztelurantz joango da oinez, adarbakarrak jarraitzen duelarik. Istorio honek adarbakarra Kristorekin alderatuko du, adarrak salbazioa irudikatuz, Ama Birjinaren magalerantz hurbilduz, bere bizia eman baitzuen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Sebástian, Santiago. (1986). El fisiologoatribuido a San Epifanio, seguido de El bestiario toscano. Ediciones Tuero, 6-7 or. ISBN 84-86474-01-9..
  2. Peradejordi, Juli. (2000). El Fisiólogo. Ediciones Obelisco, 10-11 or..
  3. Boorstin, Daniel J.. (1983). The Discoverers. Random House ISBN 978-0-394-72625-0..
  4. «Bestiario Aragones Esculpido. Introducción. Bestiario Aragonés.» www.naturalezadearagon.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-06).
  5. Guglielmi, Nilda. (2002). El fisiólogo. Bestiario Medieval. Ediciones Eneida, 144 or. ISBN 10: 8495247720..

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • BOORSTIN, D.J.: The Discoverers, Vintage books, New York, 1983
  • GUGLIELMI, N.: El fisiólogo. Bestiario Medieval. Ediciones Eneida, 2002, Madrid. (144 or.)
  • MENDIVIL NAVARRO, J.: “¿Que es un bestiario? Bestiario Aragonés”, Naturaleza de Aragón,
  • PERADEJORDI, J.: El Fisiólogo. Ediciones obelisco, 2000, Barcelona. (10-11 or.)
  • SEBASTIAN,S.: El Fisiologo atribuido a San Epifano seguido de el Bestiario Toscano.Ediciones Tuero. 1986. Madrid. (6-7 or.)

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]