Pier Paul Berzaitz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pier Paul Berzaitz
Pier Paul Berzaitz, 2008an.
Pier Paul Berzaitz, 2008an.
Datuak
JaioterriaMuskildi, Zuberoa
Jaiotza data1952
Musika motaFolk

Pier Paul Berzaitz, (Muskildi, Zuberoa, 1952) euskal abeslaria eta musikaria da. Gaur egun Pauen (Frantzia) bizi da, baina beti izan da Zuberoari estuki lotua, pastoralak ere egin baititu. Guk taldearen sortzaile ere izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baratze bat kantu entzutetsuaren[1] egile eta Zuberoaren kantaria da Pier Paul Berzaitz (Muskildi, 1952). Baina baita Guk taldeko partaide izandakoa ere, Joanes Borda, Eneko Labegerie eta Beñat Sarasolarekin. Diskogintzatik harago, hainbat pastoral idatzi eta zuzendu ditu (Harizpe, Atharratze jauregian, Madalena de Jaureguiberry eta Ramuntxo, Bereterretx, Ni Petti Buhamea, Jean Pitrau[2]), antzezlanak sortu ditu (Elkanoren semeak, Euskal izpiritua) eta berriki Orreaga, Amaiur 2012 Haien ametsa gurea da eta Maite K estreinatu ditu, dantza, antzerkia, musika eta bestelako osagaiak batzen dituen ikusgarriak. Bere azken diskoan, Xabier Lete poetak Egunsentiaren esku izoztuak liburuan idatzitako olerkiak musikatu ditu.[3]

Azken urteak Pauen irakasle eman baditu ere, Zuberoaren abeslaria izan da, bertako tradizio eta jendeei lotuta baitago haren kantutegia. "Muskildin edota Urdiñarben euskalduna izatea gauza naturala zen, Maulen ez. Ez bakarrik eskuararen aldetik, hiriko gauza ere bazen, baserriko izaitea izugarria zen. Hartara, errebeldia amini bat sortu zen eskualdunon baitan. Zenbaitek errebeldia hori baliatu zuten eskuararen kontra joaiteko. Belaunaldi zenbait Parisera joan zen Euskal Herria fini zelakoan. Funtzionario eta jendarme sartuz hainbat. Beste batzuk, berriz, eskual kantuari eta kulturari ekin genion. Sofrikario hori daramagu nolazpait".

Berzaitz 70eko hamarkadan hasi zen kantuan, Guk taldean, Joanes Borda, Beñat Sarasola, Panpi Lacarrieu eta Beñat Davantekin. "Behinola, Damaskorako bidean, argia ikusi nuen Beñat Sarasola eta Guk taldeko bertze lagunekin topatzean; suerte handia izan zen enetzat. Eskual kantua, kultura eta hizkuntzari lotua bizi naiz, eta ez dut duda egin sozietate horretan zela ene eginbidea"[4]. Guk taldearen kantu askoren doinuez arduratu zen Berzaitz. Taldearen hitzak Sarasolak egin ohi zituen gehienetan. Taldearen aurkezpen ofiziala 1974an izan zen, Aita, seme, laborari ikuskizunarekin. Geroago, pare bat single argitaratu zituen, eta 1977an lehen diskoa heldu zen, Laborari,langile eta nagusi... (Elkar).

1979an taldea utzi zuen Berzaitzek, eta Parisera joan zen banketxe batean lan egitera. 1987an kaleratu zuen bakarkako lehen lana, Han eta hor (Elkar), Frantziako (Daniel eta Remi Brel anaiak) eta Euskal Herriko (Alain Perpetue, Beñat Davant) musikariekin. Orduz geroztik, presarik gabe, merkatuaren legeetatik aldenduta argitaratu izan ditu lanak. Hamahiru urte geroago kaleratu zuen Baratze bat (Elkar, 2000), Berzaitz entzule talde zabalago batentzat ezagun egin zuen diskoa, batez ere diskoari izenburua ematen dion kantuari esker. Berzaitzen aurreko lanen aldean, ekoizpen handiko lana izan zen. Karlos Gimenez arduratu zen moldaketez eta musikari talde bikaina aukeratzeaz: Pascal Gaigne, Xabier Zeberio, Javi Area, Pello Ramirez, Txema Garces...

Aspalditik kontzertuetan ematen zituen kantuetatik sorta bat grabatu zuen hurrengo diskoan: Lili baten kantorea (Elkar, 2005). Itxaro Bordaren olerkien gainean Berzaitzek sortutako doinuak, Etxahun-Irurirenak (Matalazen hiltzea), herri kantuak (Bereterretchen kantorea) eta Xabier Lete (Xalbadorren heriotzean) eta Imanol Lartzabalen (Barne kanta) bertsio bana bildu zituen zuberotarrak, berriz ere Karlos Gimenezen gidaritzapean egindako diskoan.

Bere hurrengo lan diskografikoa Arnaud D'Oihenart (1592-1667)-Poèmes de jeunesse (Elkar, 2008) izan zen. Poeta zuberotarraren gaztaroko olerkiak musikatu zituen, soinuan hari-instrumentuei protagonismo berezia emanez Baionako Joël Mehra gitar jolearen zuzendaritza artistikoari esker. Karlos Gimenez izango zen berriro musika moldaketaz arduratu zena Hemen (Elkar, 2011) diskoan. Itxaro Bordaren zenbait poema musikatu, Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak moldatu eta gaskoiz (bearneraz) abesturiko kantu bat (Vath d’Aspa) grabatu zituen Berzaitzek lan horretan.

2011. urtean eta Xabier Leteren heriotzaren ostean hainbat ekimen kolektibo jarri ziren martxan hauetan oso modu aktiboan parte hartu zuelarik. Xabier Leteren Oroiminez eta gehien bat SDB - Sortuko dira Besteak izenekin Euskal Herri osoan berrogei bat kontzertuko jira bat egin zuten hainbat kantari eta idazlek.

Ez zen horretan bakarrik gelditu kantari zuberotarrak Oiartzungo poetarekin izan zuen begirunea eta 2013. urtean Egunsentiaren Kantak proiektua jarri zuen martxan. Hasiera batean zuzeneko emanaldia Erramun Martikorena, Magali Zubillaga eta Estitxu Pinatxo kantariekin batera eta gero 2015. urtean Aztarna argitaletxearekin disko bat grabatuaz. Guzti hau Joxan Goikoetxea musikari eta ekoizlearen zuzendaritzapean, Berzaitzen diskogintzan atal berri bat irekiaz. Xabier Lete musikari eta poetaren nahia izan zen Pier Paul Berzaitzek musika jartzea haren azken liburuko poemei, bien arteko harreman sakonaz baliaturik, Egunsentiaren Esku Izoztuak musikatzeko aukerarik ez baitzuen izan Xabierrek berak, bizitzako azken urteetako nekeak eta etsipenak abaildurik. Leialtasunak eragina da, beraz, lan hau: bidea elkarrekin jorratuz, ibiltari xuberotarrak doinu gozo eta indartsuez babestu nahirik bere lagun eskuzabal eta argitsua.[5] Hiri maiteak, Nere aita zenari eskaintza, Imanol Larzabal lagunari agurra, Eternitatea eta Esku hutsik hiltzen gara doinuekin batera Berzaitzek klasiko batzuk ere grabatu zituen lan honetan: Gerezien denbora (Le temps des cerises), Denborareki (Avec le temps), Euskal Herri maitea (Nemesio Etxaniz) edo Guk taldearen garaiko Geroa esperantzaz beterik eta Eki Eder.

2017. urtean azken disko horretako moldaketa sinfonikoak aurkeztu zituen Baiona-Euskal kostaldeko Eskualdeko Orkestrarekin (ORBCB - Orchestre régional Bayonne-Côte basque) batera eman zituen 2 kontzertuetan. Joxan Goikoetxearen moldaketak Joël Mehra musikariaren orkestrazioez aberastu ziren Akitania-Hegoaldeko Eszena Nazionala (Scène nationale du Sud-Aquitain) eta Euskal kultur Erakundearen ekimenari esker.

Pier Paul Berzaitz eta bere musika taldea, Lugaritzen, 2008an.

Berzaitzen sorkuntza lana ezin da, halere, bere diskografiara mugatu. Hain zuzen, musikak adina garrantzi hartu du pastoralak haren azken hogei urteotako obran. Zazpi pastoral idatzi eta zuzendu ditu: Harizpe (1991), Atharratze jauregian (1997), Madalena de Jaureguiberry (2000), Ramuntxo (2003), Bereterretx (2005), Ni, Petti Buhamea (2014) eta Jean Pitrau (2016). Horrez gain, Elkanoren semeak (1998) eta Euskaldunen Izpiritua (1999) antzezlanetan musika-komediaren generora hurbildu zen. 2008an Orreaga estreinatu zuen Baionan, dantza, musika, antzerkia eta bestelako osagaiak batzen dituen ikusgarria. Or Konpon elkartearen 30. urtemugaren kariaz antolatutako ikuskizunean, parte hartu zuten Beñat Axiari kantariak, Aezkoa gizon-abesbatzak, Theatre du Versanteko antzezleek eta 50 dantzarik, besteak beste. Halaber, Ze bolada!-Jean Errecarten so begiz (2009) ikuskizun musikala sortu zuen, Beritza konpainiak ekoitzi eta Jean-Dominique Espilek zuzendua.

Geroztik Amaiur 2012 Haien ametsa gurea da (2012)[6] eta Maite K (2016)[7] idatzi eta estreinatu zituen.

Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Presondegietan zuengatik (Guk taldearekin) SG
  • Eskualduna naiz eta (Guk taldearekin) EP
  • Laborari,langile eta nagusi (Guk taldearekin) (Elkar, 1977)
  • Han eta hor (Elkar, 1987)
  • Baratze bat (Elkar, 2000)
  • Lili baten kantorea (Elkar, 2005)
  • Arnaud Oihenart (1592-1667), poemes de jeunesse (Elkar, 2008)
  • Hemen (Elkar, 2011)
  • Egunsentiaren kantak (Aztarna, 2015)
  • Pier Paul Berzaitz & L'Orchestre Symphonique du Pays Basque (Elkar, 2019)[8]
  • Uharte bat (Elkar, 2022)[9]

Pastoralak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzezlanak eta Ikuskizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Elkanoren semeak (1998)
  • Euskaldunen Izpiritua (1999)
  • Orreaga (2008)
  • Ze bolada!-Jean Errecarten so begiz (2009)
  • Amaiur 2012 Haien ametsa gurea da (2012)
  • SDB - Sortuko dira besteak (2012-2014)
  • Maite K (2016)
  • Ezpaletenak (2016)[10]

Kolaborazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Hamahiru (t)alde (IZ, 1997)
  • Zatoz, Izpiritua! Euskal elizaren tradizio berritua (Elkar, 2006)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. [1] l Baratze bat abestia YouTuben.
  2. [2] l Dantzan.eus. Pier-Paul Berzaitz Jean Pitrau pastoralaren idazlea.
  3. [3] l Berria.eus. Kultura. Egunsentiaren Kantak. Artikuloa. 2016.02.11. Ekhi Erremundegi Beloki.
  4. [4] l Argia.eus. Elkarrizketa. Miel Anjel Elustondo. 2010.03.14.
  5. «AZTARNA. Musica del Pais Vasco.» www.aztarna.com (Noiz kontsultatua: 2019-06-24).
  6. [5] l Kazeta.info. Amaiur eta Berzaitz, ametsetik libertatera. Joseba Aurkenerena. 2012.07.26.
  7. [6] l Aztarna.com. Maite K ikuskizunaren web orrialdea.
  8. «Pier Paul Berzaitz & L\'Orchestre Symphonique du Pays Basque» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  9. «Uharte bat» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-30).
  10. [7] l Berriak.eus. Ezpaletenak. Artikuloa. 2016.12.22. Naiara Elola.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]