Rodolfo Ares
Rodolfo Ares Taboada (Pena de Souto, Riós, Ourenseko probintzia, Galizia, 1954ko ekainaren 25a - Bilbo, 2023ko urtarrilaren 26) euskal politikaria izan zen. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo sailburua izan zen eta V., VI., VII., eta VIII. legegintzaldietako PSE-EEko eusko legebiltzarkidea. Ourensen (Galizia) jaio zen, eta Bilbon bizi izan zen txikitatik, hara joan baitzen bizitzera familiarekin batera.
Gazte-gazte hasi zen Bilboko gizarte-mugimenduetan parte hartzen. Alderdi Sozialistako eta UGTko kide egin zen 1977an. Otxarkoagako Elkarte Sozialistaren sorreran hartu zuen parte. Zenbait ardura izan zituen UGTn: Bizkaiko Lurralde Batzordeko kide izan zen esaterako.
Bilboko Elkarte Sozialistako antolaketa-idazkaria izan zen 1978an. Gero, 1980tik 1989ra arte, Bizkaiko Batzorde Exekutiboko hauteskunde-arduraduna, baita idazkariorde nagusia ere, 1989tik 1995era arte. 1995etik hona PSE-EEko Euskadiko Batzorde Exekutiboko arloen eta hauteskunde-ekintzen koordinakuntzan aritu da. Izan ere, postu horretarako hautatu zuten berriro 2002ko Aparteko Biltzarrean.
1983tik 1990era arte Bilboko Udaleko zinegotzia izan zen, hasieran oposizioan eta gero Hirigintza, Zirkulazio eta Garraio Saileko ordezkari eta alkateorde gisan. Haren ardurapean Plan Orokorra eta Bilbobus garraio-erreforma sustatu ziren, eta aparkalekuen politika eta Otxarkoaga eta Bilbo Zaharra auzoak birgaitzeko planak abian jarri ziren.
1991eko udal hauteskundeetan Bilboko Alkatetzarako hautagai sozialista izan zen. 1994ra arte, Hirigintza, Zirkulazio eta Garraio Saileko ordezkaria eta alkateordea izan zen. Bilbao Ría 2000 elkartea sortzea bultzatu zuen, Bilbo eta bere metropoli-area berreskuratzeko plan zabal bat aurrera ateratzeko.
1990etik 1991ra bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiko lehen diputatu nagusiordea izan zen, baita Hirigintza eta Ingurugiro Saileko foru diputatua ere.
1994ko autonomia-hauteskundeetan Eusko Legebiltzarreko kide hautatu zuten. Euskal Sozialistak legebiltzar-taldeko idazkari nagusia izan zen, baita bozeramaile-ordea ere. 2000ko martxotik 2005eko maiatzera arte, bere taldearen bozeramaile aritu zen.
2009an Patxi Lopez lehendakari bihurtu ostean, Herrizaingo sailburu izendatu zuen.
Cabacas auzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herrizaingo sailburu zela izandako gertaerarik larrienean, 2012ko apirilaren 9an Iñigo Cabacas basauriar gaztea hil zuen Ertzaintzak Bilboko Athletic Club futbol taldearen partida baten ondoren.
Rodolfo Ares sailburuak hartu zuen auzia kudeatzearen ardura nagusia. Ertzaintzaren esku hartzea justifikatu zuen eta lekukoen testigantzak gezurrak zirela adierazi[1]. 2012ko apirilaren 12an, gertakariak izan eta astebetera, autopsiak Iñigo pilotakada batez hil zela frogatu eta gero. Aresek adierazi zuen Iñigoren heriotza arduragabekeria edo istripua izan zitekeela eta, edonola ere, nabarmendu zuen gehiegikeria edo akats bakar batek ezin zuela kolokan jarri "Ertzaintzaren hutsik gabeko jarduna".
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Rodolfo Ares: "ETA da arazo nagusia, gainerakoa eztabaida daiteke" Elkarrizketa Argia astekarian (2006-01-29)
Aurrekoa Javier Balza |
Eusko Juarlaritzaren Herrizaingo Sailburua 2009-2012 |
Ondorengoa Idoia Mendia |
- 1954ko jaiotzak
- 2023ko heriotzak
- Ourense probintziako jendea
- Eusko Jaurlaritzako Sailburu ohiak
- Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideak X. legegintzaldian
- Euskal Herriko politikariak
- PSE-EEko politikariak
- Euskal galiziarrak
- Rióstarrak
- Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideak IX. legegintzaldian
- Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideak VIII. legegintzaldian
- Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideak VII. legegintzaldian
- Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideak V. legegintzaldian
- Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideak VI. legegintzaldian
- Bilbotarrak
- Mahatsorriak
- Bilboko zinegotziak
- Bilbon hildakoak