Rosenkreutz elkartea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Rosenkreutzen tenplua, (frantsesez: Le Temple de la Rose-Croix), Speculum Sophicum Rhodostauroticum lanean agertzen den grabatua. Daniel Möglingek egina 1618an.

Rosenkreutz elkartea 1378an jaiotako Christian Rosenkreuzek sortutako elkarte ezkutu bat da. XVII. mende hasieran argitaratu ziren hiru dokumentu ezberdinek erakutsi diezagukete Rosenkreuz bera izan zela lehen Rosenkreutz Ordenaren fundatzailea. Lehen dokumentuak Fama Fraternitatis Rosae Crucis du izena, 1614an Kasselen (Alemania) agertu zena. Bigarren dokumentua lehenengoaren jarraipena da, Confessio Fraternitatis izenekoa, eta azkenik, Die Hochzeit (Las bosas alquímicas de Christian Rosenkreuz) dokumentua. Kanpotik, talde mistiko, misteriotsu eta ilun moduan deskribatzen da.

Nahiz eta Rosenkreutz elkartearekin irudi eta sinbolo ugari dauden lotuta, sinbolo nagusitzat arrosa gorria hartzen da, gurutze baten erdian jarria. Kabalan eta teosofian oinarritzen zen, eta honenbestez, talde isoteriko moduan ezagutzen da gaur egun, jardun gehiena ezkutuan jorratuz bere historian zehar. Gizartean elkartasun unibertsala bultzatzea du helburu nagusia.

Dirudienez XVII. mendearen hasieran sortu zen Alemanian, eta mende hartan zein ondorengoetan asko zabaldu zen Europan zehar. Garai hartan maila desberdinak ezarri ziren elkartean sartzeko eta aurrera egiteko; bestalde, elkartearen sinbolo eta jarduera-modu esoterikoak masoneriaren moldeetarantz bideratu ziren.

Robert Fludd Tractatus apologeticus integritatem societatis de Rosae Crucis defendens (1617) liburuan elkartearen sinesmenen oinarria ezartzen ahalegindu zen. 1838. urtean E. G. Bulwer Lytton eleberrigileak elkartea antolatu zuen Ingalaterran, Alemaniako Rosenkreutz elkartearen liturgiari jarraituz. 1892. urtean agertu zen elkartea Frantzian.

Aurrekari historikoak literaturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rosa Cruz-aren Aginduari buruzko lehen erreferentzia historikoak Fama Fraternitatis obratik datoz, Kassel-en, Alemanian argitaratutakoa, 1612an. Lan esoteriko hau egile anonimo eta ezezagunekoa da, baina hala ere hainbat egilek  lan hau Johann Valentin Andreae-ri (1586-1654ri) erantsi diote. Hala ere ez dago guztiz ziurtatuta bera izan denik obra honen egilea.

Fama Fraternatis obran argitaratutakoaren arabera, Rosenkreutz elkartearen sorrera Christian Rosenkreuzi egotzi zaio, 1378an Alemanian jaiotakoari. 15 urte inguru zituela, hain zuzen, 1393an, munduko hainbat lurraldetara bidaiatzen hasi zen, besteak beste, Damcarara, Palestinara, Lur Santura, Egiptora eta Marokora. Lurralde hauetan ezkutuko zientzia jorratzen zuten irakasleekin aritu zen.

Bidaiak amaitu ondoren, 1407an Alemaniara itzuli zen berriro, eta bertan sortu zuen Rosenkreutz elkartea, gutxi gorabehera, zortzi gizonek osatu zutena. Baina 1484an, Christian Rosenkreuzen hiltzean, elkarteak amaiera eman zion bere ibilbideari eta gainera bere hilkutxa desagerturik egon zen hainbat urtetan zehar.

Baina urte batzuk geroago, hain zuzen 1604an, bere hilkutxa non zegoen aurkitu eta honenbestez, aurkikuntza honen ondorioz, Rosenkreutz elkartea berriro osatu zen.

Hala ere, nahiz eta Rosenkreutz elkartea osatzen duten kide askok aurrez aipaturiko historia hau onartu, denek ez dute berdin pentsatzen. Izan ere, badira gaur egun Christian Rosenkreutzen existentzia zalantzan ipintzen dutenak ere. Honenbestez, gaur egungo kide batzuen aburuz, Rosenkreutzen bizitza benetako gertaera historiko bat izan arren, beste askorentzat sinbolismoz betetako kondaira bat besterik ez da, eta honenbestez, Christian Rosenkreutz goitizen bat besterik ez zen izan, elkartearen benetako sortzaileen identitatea isilean mantentzeko. Bestalde, teoria batzuk diotenaren arabera, sortzaile horietako bat Francis Bacon filosofo ingelesa izan zitekeen.

Nahiz eta elkartearen oinarri eta zimentuak Fama Fraternatis obratik eratorriak izan, dena ez dator aipaturiko obratik, izan ere, sarrera aipatzen den moduan, beste bi obra garrantzitsuk ere pisu handia dute elkarte honen sorrera argitzeko. Batetik, Confessio Fraternitatis dugu, Kasselen argitaratua 1615an eta nahiz eta ziurtasunik egon ez arren zeinek idatzi zuen, obra hau ere Johann Valentin Andreare-ri egozten zaio.

Beste alde batetik Confessio Fraternatis ("Las Bodas Alquímicas de Christian Rosenkreuz") obra daukagu, eta gaur egun esaten denaren arabera, Francis Bacon bera izan zen obra honen egilea. Confessio Fraternatis obra zuzenean dago kontaktuan Fama-rekin, izan ere, bere jarraipen baten modukoa kontsideratzen da, bertako ideiak zabaldu eta zehazten baititu. Baina Die Hochzeit obrari dagokionez, aurreko biek baino askoz ere hizkuntza mistikoago eta sinbolikoagoa du.

Testu hauen argitalpenek izugarrizko oihartzuna eduki zuten Europan zehar, eta ondorioz, hainbat berridatzitako eduki eta beste hainbat eskuorri zabaltzen hasi ziren testu hauen nondik-norakoak azaldu nahian. Hala ere, eskuorri eta berridazte hauen egileek ez zuten inoiz pentsatu nolako eraginak edukiko zituzketen horrelako lanek, Europa guztira Rosenkreutz ordenaren oinarriak zabalduz.

Sincerus Renatus[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samuel Richterren izenordea izan zen, zeinak 1710an, Alemaniako Breslauen eduki guztiz alkimista zuen obra bat argitaratu zuen. Obrak La Verdadera y Completa Preparaci,on de la Piedra Filosofal, de la Hermandad de la Orden de la Rosa Cruz de Oro.

Obra honek ere Rosenkreutz ordenaren edukiak eta oinarri nagusiak azaldu ez ezik, beste hainbat gai ere azaltzen ditu. Esaterako, Urrearen Ordena erregulatu eta kontrolatzeko hirurogeita bi lege ezberdin plazaratzen ditu: Ordenaren kide berrien onarpen eta hastapenak, Nuremburgen eta Anconan egiten ziren batzar sakratuak, Imperatorraren zereginak eta baita Ordena osatzen zutenaren arteko kideen harreman eta etiketak ere.

Hala ere, Samuel Richterrek baieztatu zuen obra honen prefazioan irakurgai hau ez dela guztiz originala, izan ere, beste obra baten kopia besterik ez da. Obra originala, Richterren hitzetan, “Artearen Irakasle” delakoarena da, baina garaian inork ez zuen jakin zein zen autore anonimo hau zehazki.

Bestalde, Rosenkreutz Ordenaren inguruan aritzen diren historialari askok baieztatu zutenez, tartean, Christian Rebisse historialari famatuak, Sincerus Renatusek deskribatu zuen Urrearen Ordena hau ez zen inoiz existitu, edo ez daude froga nahikoak hauen existentzia baieztatzeko.

Beste historialari baten hitzetan, Arthur E. Waite, obra hau guztiz lotua dago garrantzia eta eragin handia izan zuren beste obra batekin, hain zuzen, Los Símbolos Secretos de los Rosacruces en los Siglos XVI y XVII-rekin. Waiten ustez, bi obrek iturri beretik edaten dute.

Rosenkrutztarren ikur sekretuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rosicrucian Rose.jpg

Artelan hau Altonan, Alemanian, argitaratu zen 1785. urtean, eta hiru urte beranduago, 1788an, bigarren edizio bat inprimatu zen. Hainbat marrazkiz dago osatua, eta kutsu esoteriko eta alkimikoz osatutako irarlanak dauzka.

Askoren ustez, Rosenkreutz Ordenaren historiaren obra esanguratsu eta garrantzitsuenetakoa da, eta bera baino garrantzia handiagoa eduki dutenak XVII. mendeko hiru manifestuak soilik izanik.

Bestalde, obra hau Ordena masoniko batek argitaratu zuen, “Rosa Cruz de Oro del Antiguo Sistema” bezala ezagutzen denak. Ordena hau “ Hiru Ezpata” Logia alemaniarreko hainbat kidek izan zen sortua. Talde honek hainbat korronte aztertzen zituen, esaterako, alkimia, la Cabala eta Rosenkreutz Ordenari atxikitzen zaizkion testu eta irakasgaiak.

Gainera, talde honek bederatzi gradutan oinarritzen ziren irakas sistema propio bat erabiltzen zuen: Juniors, Theoricus, Practicus, Philosophus, Adeptus Minor, Adeptus Major, Adeptus Exemptus, Magistri eta azkenik Magi. Hezkuntza sistema mota hau 1777an Pragan ospatu zen batzar batean izan zen proposatu eta onartua. Ondoren, hainbat Rosenkrutz organizazio modernok hezkuntza sistema berbera hautatu zuten beraien ibilbiderako.

Zanoni[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1842an Edward Bulwer-Lyttonek idatzitako nobela bat da. Nobela hau Rosenkreutz Ordenaren hastapenaren oinarrietako batzuk finkatzen saiatzen da, eta horretarako, bi pertsona ezberdinen historiak plazaratzen ditu.

Bi pertsona hauek Zanoni eta Mejnour dira, zeinak beste bi pertsonei, hots, Clarence Glyndon eta Violari, Ordenaren inguruan hitz egin eta bertara sartzeko ahaleginak egiten dituzten. Honen helburua zera da, Fama Fraternatisen agertzen zen moduan, Ordenako pertsona bakoitzak ziurtatuta eduki behar duela ordezkatuko duen ondorengo duin bat, hil ondoren Ordenak indarrik ez galtzeko. Horrela, Zanoni eta Mejnour guztiz lotuta daude XVII.mendeko fraternitatearekin.

Nobela honek garrantzia oso handia eduki zuen Ordenaren historia, garapen eta zabalpenean. Izan ere, garai honetan Rosenkreutz Ordenak jada eragina galdua zuen Europako lurralde askotan, baina nobela hau argitaratu ondoren, berriz ere Ordena eta bere jardun esoterikoen jakin nahia piztu zen, batez ere Ingalaterra eta Frantzian, non nobela itzuli eta publikatua izan zen 1858an.

Rosenkreutz talde nagusiak historia modernoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1888 urte inguruan hainbat eta hainbat talde, ordena eta senidetasun berriak sortzen hasten dira Rosenkreutz Ordena originala oinarri moduan hartuz. Ustezko Christian Rosenkreuz egilearen patuari jarraipena eman nahi diote, baita Ordena originalaren harreman historiko, filosofiko eta beste hainbat esparrutako ezaugarriak plazaratu eta oinarri moduan ipiniz.

Horietako batzuk aipatzearren, kronologikoki ordenatuta: Fraternitas Rosae Crucis (1858), Societas Rosicruciana in Anglia(1865), Orden Cbalística de la Rosa Cruz (1888), Rosae Rubeae et Aureae Crucis (1892), Orden de la Rosa-Cruz del Templo y del Grial (1890), Academia Rosacruz de Alpha et Omega (1906), La Fraternidad Rosacruz (1909), La Antigua y Mística Orden de la Rosa-Cruz (1915) eta Orden Rosacruz (1988).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]