Tamerlan

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Tamerlan

Timuridoen dinastiako Emir

1370eko apirilaren 9a - 1405eko otsailaren 14a - Khalil Sultan (en) Itzuli
Bizitza
JaiotzaShahrisabz1336ko apirilaren 9a
HeriotzaOtrar (en) Itzuli1405eko otsailaren 19a (68 urte)
Hobiratze lekuaGur-e Amir
Familia
AitaTaraghai
AmaTekina Khatun
Ezkontidea(k)Saray Malik Katun (en) Itzuli
Cholpan-Mulk Aga (en) Itzuli
Uljay-Turkan aga (en) Itzuli
Dilshad aga (en) Itzuli
Seme-alabak
LeinuaTimurid dynasty (en) Itzuli
Hezkuntza
HizkuntzakTxagatai hizkuntza
persiera
Middle Mongolian (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakgudaria
Altuera1,72 metro
GraduaBaig (en) Itzuli
Mirza (en) Itzuli
Khagan
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioasunismoa

Find a Grave: 4440 Edit the value on Wikidata

Tamerlan[1] (persieraz: تيمور لنگ‎, Timür-i lang, «Timur herrena») edo Timur (persieraz: تیمور‎, Timūr, txagataiz: Temür‎ «burdina») (Kesh, Samarkandatik hurbil, Uzbekistan, c.1336 - Xymkent, Kazakhztan, 1405) XIV. mendean ekialdeko, erdialdeko eta mendebaldeko Asia menperatu zuen konkistatzaile, buruzagi militar eta politikoa izan zen, Timurtar dinastiaren sortzailea. 1405ean hil zen, Txina inbaditzeko zorian zela.

Timurtarren inperioa.

Turkiar eta mongol jatorriko noble musulman honek Eurasiaren zati handi bat konkistatu zuen bi hamarkadetan. 1382 eta 1405 artean, bere armadak Delhitik Moskurainoko lurraldeak zeharkatu eta konkistatu zituen, eta hiri asko suntsitu. Haren erasoaldien artean, aipatzekoa da Delhiko arpilaketa 1398an, eta Otomandar Inperioaren aurkako garaipena 1402an. Timurtarren Inperioa osatu zuen Asiako erdialdean (1370-1405), baita timurtarren dinastia ere, zeinek 1857 arte iraun zuen Indiako Mughal Inperioan. Hala ere, inperioaren handitasunak ez zuen fundatzailearen heriotza baino askoz gehiago iraun. Oinordekoek matxinaden aurka borrokatu behar izan zuten. Hauek izan ziren Tamerlanen lau semeak: Djahangir (1376an hila), Omar Xeikh I.a (1391an hila), Miran Xaa (1408an hila) eta Xaa Rukh. Nolanahi ere, zientziaren eta arteen garapena bultzatu zuten, eta Timurtar Pizkunde izeneko garaia eragin XV. mendean.

Timurtar mongoliar buruzagi nagusietako bat izan zen, Genghis Khanen parekoa. Haren eta haren ondorengoen garaian, munduko hiri ederrenetako bat izan zen Samarkanda, eta artea eta kultura loratu ziren Asiako erdialdeko lurretan. Indian, Persian eta Europan, ordea, musulman munduko hiri nagusietako batzuk gupida gabe suntsitu zituen mongol buruzagi ankerraren irudia zabaldu zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indiako eta Mongoliako lurraldeetatik Mediterraneo aldeko lurretara zabaldu zen haren inperioa. Transoxianan, egungo Uzbekistanen, finkatu zen barlas mongol leinuko kidea zen. Lang deitzen zioten persiar etsaiek, gudu batean hanka bat elbarritu zitzaiolako, eta izen hori zabaldu zen Europan zehar.

Mongoliar soldadu nomada batzuen buruzagi gisa hasi zen; 1364an, abentura eta gorabehera askoren ondoan, Ilias Khoja Transoxianako erregea menderatu zuen, eta 1366-1370 bitartean, Mongoliar Inperioko khan nagusi bihurtu zen, Samarkandako hirian.

1370-1380 bitartean, Turkestan aldeko khanerriak menderatu eta, Krimeako mongoliar agintarien laguntzaz errusiarrei eraso zien. 1380an sartu zen Moskun, eta lituaniarrak garaitu zituen Poltavako guduan.

1383an Persiako konkistari ekin zion: 1383-1385 bitartean Khorasan eta Persiako ekialdea konkistatu zituen, eta 1386-1394 bitartean, Farz, Irak, Azerbaijan, Armenia, Mesopotamia eta Georgia geratu ziren haren mendean. Urte haietan, Tokhtamish Krimeako mongoliar khana izan zuen arerio nagusi; 1391n menderatu zuen Tokhtamish, eta Moskuko hirian egon zen ondoren, urtebetez.

1398an, Indiari eraso zion bertako musulmanek hinduen aurrean toleranteegiak zirelakoan, eta urte bereko abenduan Delhiko hiria suntsitu zuen. 1399ko apirilean irten zuen Indiatik eta espedizio bat antolatu zuen Egiptoko mamelukoen eta Baiazid I.a otomandar sultanaren aurka. 1401ean mamelukoak menderatu zituen Sirian, eta sakaila handia agindu zuen urte berean Bagdadeko hirian, bere aurka matxinatu zitzaiolako.

1402an hartu zuen Ankara eta 1404an erretiratu zen Samarkandara, Bizantzioko enperadoreak eta Egiptoko sultanak men egin ondoren. Hiri hartara iritsi orduko hasi zen Txinako konkista prestatzen, baina gaixotu eta hil zen. Gur-e Amir mausoleoan ehortzi zuten, Samarkandako hirian. Hil ondoren, seme eta biloba nagusien artean banatu zen haren inperio handia.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindia. (2016-09-30). (PDF) 181. araua: Erdi Aroko pertsona-izenak. Iruñea, 16 or..
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tamerlan Aldatu lotura Wikidatan