Basoilar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tetrao urogallus» orritik birbideratua)
Basoilar
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaGalliformes
FamiliaPhasianidae
GeneroaTetrao
Espeziea Tetrao urogallus
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masaarra: 3,8 kg (helduen pisua)
emea: 1,97 kg (helduen pisua)
53 g (pisua jaiotzean)
Zabalera106 cm
Kumaldiaren tamaina7,3
Eguneko zikloaeguneko
Errute denbora25 egun
Arrautza

Basoilarra (Tetrao urogallus) tetraonidae familiako hegaztia da[1]. Bere familiako kide handiena da. Glaziazio aroko erlikia kontsideratzen da: izan ere, klima epeldu ahala, basoilarra eremu hotzerara eta mendialdera mugatuz joan baita. Horrela, beraz, Iparraldeko Europan eta Asian hedatuta dago eta Kantauriar mendikatean eta Pirinioetan oraindik ale batzuk geratzen dira.

Euskal Herrian Larra-Belagoa aldean daude azken aleak, Zuberoa, Nafarroa eta Bearnoaren muga artean[2][3].

Oro har, espeziearen egoera munduan ez baldin bada larria, Euskal Herrian eta gure inguruan basoilarrak galtzeko arrisku larrian daude.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basoilarrak sexu dimorfismo nabaria du, bai tamainari dagokionez eta baita kolorean ere.

Arra handiagoa da, 3,3 eta 6,7 kg arteko pisua du, 74-115 cm luze da eta hego zabalera 1,2 metrokoa da[4]. Kolore iluna du, gris iluna bizkarraldean eta sabelaldean eta arre iluna hegoetan. Bularraldeko lumetan, dizdira metaliko berdeak ditu. Arraza batzuek luma zuriak dituzte sabelaren atzealdean eta buztanaren azpialdean. Buztana haizegailu gisa irekitzen du. Burua ere iluna da eta begien gainaldean bekain gorriak ditu. Mokoa boli kolorekoa da eta azpian bizar itxurako lumak ditu[2].

Emeak txikiagoak dira. Arren pisuaren erdia dute, 1,5-2,5 kg, 54-64 cm luze dira eta 70 cm-ko hego zabalera dute[5]. Bizkarraldea arre kolorekoa da, luma beltzez jaspeztatua eta sabelaldea argiagoa da, horixka antzekoa.

Sexu bietako kideek orbain zuriak dituzte sorbaldetan. Hankak lumaz estalita ditzute tenperatura hotzei aurre egiteko. Hatzak laburrak eta zabalak dira eta ezkatak kanporantz orientatuak dituzte, elurretan azalera handitu eta oreka mantentzen laguntzen dietenak[6].

Txiten lumaia emeenaren antzekoa da eta luma beltzezko mototsa dute. Hiru hilabeterekin hasten dira helduen itxura hartzen.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtaroaren arabera, elikadura aldatu egiten du basoilarrak, izan ere bizi den mendialdeko baso zabaletan elikagai baliabideak aldatu egiten baitira.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martxoa eta maiatzaren hasiera artean izaten da ugalketa garaia. Arra egunsenti eta ilunabarrean toki garai batean ezartzen da eta emea erakartzeko oihuak egiten ditu. Oihu horiek uro oihuen antza zutelako jaso du urogallus izen zientifikoa. Kantu leku bakoitzean hiruzpalau ar izaten dira lehia bizian[2]. Emeak erakarrita lurrera jaisten da eta 50-100 metroko diametroko lurraldean hainbat emerekin kopulatzen du egun berean: bitartean, erakartzeko oihuak egiten segitzen du.

Emeak 5-12 arrautza erruten ditu lurreko zulo batean. Oiloen arrautzen antzekoak dira tamainaz, eta orbain marroiak dituzte. Basurdeek, zakurrek, erbinudeek eta aztoreek erraz aurkitzen dituzte eta txiten hilkortasun tasa handia izaten da bizitzako aurreneko asteetan[7].

Txitatzeak 24-26 egun irauten ditu eta jaiotzen direnean habiatik alde egin eta inguruko sastraketan ezkutatzen dira[2]. Txitek bi aste eta erdi dituztenean egiten dituzte aurreneko hegaldiak eta gau epeletan zuhaitz adarretan lo egiten hasten dira. Sei aste dituztenean beren gorputzeko tenperatura konstante mantentzeko gai dira.

Urtebete dutenean, emeak ugaltzeko gai dira; arrek, adliz, bi edo hiru urte behar dituzte heldutasunera iristeko[2].

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basoilarra (emea).

Lineok 1758an Systema naturæ liburuan[8] deskribatu zuen. Basoilarrak hamabi azpiespezie ditu:[9]

Espeziearen arrisku egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basoilarra kantu-lekuan.

Espainian 1979an basoilarraren ehiza debekatu zen eta 1986an, espezie babestu izendatu. Hala ere, urtetik urtera espeziearen ale kopurua jaisten ari da[10]. Hainbat arrazoi daude[6]:

  • Basogintza tradizionala bertan behera utzi da eta basoak sarriagoak dira: basoilarrak baso argiak behar ditu.
  • Deforestazioa.
  • Harraparien kopuruen igoera.
  • Oreinen populazio handiek sastrakak jaten dituzte basoilarraren habitata eraldatuz[3]
  • Giza jarduerak: abeltzaintza, basurdearen ehiza, senderismoa, eski jarduerak...
  • Basoetan eraikitako egiturak (hesiak, kableak...) oztopo dira: izan ere, basoilarraren hegaldiak laburrak dira eta altuera txikian egiten du hegan.

Klima aldaketak ere eragina du haren bizi zikloan. Gero eta azkarrago epeltzen duenez, Nafarroako Pirinioetan ikusi da basoilarrek gero eta goizago kantatu behar dutela eta altuera garaiagoetara igo behar dutela kantatzera: kasu batzuetan, baso mugatik gora[3]. Hala ere, kantu-leku horietan gero eta elur gutxiago dago[11]. Klima aldaketak kantu garaia aurreratu dio eta txitak gero eta lehenago jaiotzen dira, garaiz kanpo, eta horrek haien biziraupena arriskuak jartzen du[3].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. BirdLife International (2004). Tetrao urogallus. 2006. IUCN Red List of Threatened Species. IUCN 2006
  2. a b c d e Joxerra, Aihartza. (1994-02-01). «Oihan menditarretako oilar erraldoia» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-20).
  3. a b c d «Bideoa: Pirinioak: Mehatxatutako ingurunea. Natura bizia | TB | Telebista online | EITB nahieran» www.eitb.tv (Noiz kontsultatua: 2021-09-20).
  4. «BBC Nature - Capercaillie videos, news and facts» web.archive.org 2017-10-21 (Noiz kontsultatua: 2021-09-20).
  5. Dunning, John B.. (1993). CRC handbook of avian body masses. CRC Press ISBN 0-8493-4258-9. PMC 26094699. (Noiz kontsultatua: 2021-09-20).
  6. a b (Gaztelaniaz) «Tetrao urogallus, Urogallo» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2021-09-20).
  7. (Ingelesez) Odden, John; Linnell, John D. C.; Andersen, Reidar. (2006-12-01). «Diet of Eurasian lynx, Lynx lynx, in the boreal forest of southeastern Norway: the relative importance of livestock and hares at low roe deer density» European Journal of Wildlife Research 52 (4): 237–244.  doi:10.1007/s10344-006-0052-4. ISSN 1439-0574. (Noiz kontsultatua: 2021-09-20).
  8. [http://www.zoonomen.net/avtax/gall.html «World Birds Taxonomic List: Genera and species with citations.»] www.zoonomen.net (Noiz kontsultatua: 2021-09-20).
  9. (Ingelesez) Pheasants, partridges, francolins – IOC World Bird List. (Noiz kontsultatua: 2021-09-20).
  10. «Urogallo, especie en peligro de extinción | Ecologismo» archive.vn 2012-07-02 (Noiz kontsultatua: 2021-09-20).
  11. Zabala, Juan Luis. «Entretenimendua eta kontzientziazioa» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-20).