Koloreen teoria (Goethe)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Theory of Colours» orritik birbideratua)
Koloreen teoria (Goethe)
Jatorria
Egilea(k)Johann Wolfgang von Goethe
Argitaratze-data1810
IzenburuaZur Farbenlehre
Ezaugarriak
Hizkuntzaalemana

Koloreen Teoria (alemanez: Zur Farbenlehre) Johann Wolfgang von Goetheren liburu bat da, koloreen izaerari eta gizakiok hauek hautemateko dugun moduari buruz hitz egiten duena. Alemanez argitaratu zen 1810ean eta ingelesez 1840an.[1] Kolore-itzalak, errefrakzioa eta aberrazio kromatikoa bezalako fenomenoen deskribapen zehatzak biltzen ditu liburuak.

Lanak badu zerikusia Goetheren pintore fazetarekin eta batez ere arteetan izan zuen eragina (Philipp Otto Runge, J. M. W. Turner, Pre-Raphaelites, Hilma af Klint, Wassily Kandinsky). "Optikari ekarpenak" bi saiakera laburren ondorengoa da liburua.

Zenbait fisikarik Goethe-ren lana baztertu bazuten ere, filosofo eta fisikari batzuen interesekoa izan da. Besteak beste, Thomas Johann Seebeck, Arthur Schopenhauer (ikus: On Vision and Colors), Hermann von Helmholtz, Rudolf Steiner, Ludwig Wittgenstein, Werner Heisenberg, Kurt Gödel eta Mitchell Feigenbaum.

Goethe-ren liburuak koloreari buruzko katalogo bat eskaintzen du, era askotako inguruabarrak kontuan hartzen dituelarik. Isaac Newtonen oharrak kasu berezitzat hartzen ditu.[2] Newtonek ez bezala, Goetheren kezka ez zegokion hainbeste kolorearen tratamendu analitikoari, fenomenoak hautemateko moduari baizik. Filosofoek Goethek aurkeztu bezala ulertu dute espektro optikoaren (Newtonek ikusten duen bezala) eta giza kolorearen hautematearen fenomenoaren arteko bereizketa. Wittgenstein-ek luze eta zabal aztertu zuen gai hori Remarks on Color-eko Goetheren teoriari buruzko iruzkinetan.

Aurrekari historikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goetheren garaian, Isaac Newtonek bere Opticksen (1704) eginiko proposamena onartzen zen: oro har, kolorerik gabeko argia (zuria) berau osatzen duten koloreetan banatzen dela prisma baten bidez zuzentzen denean.[3]

« Gainontzekoek bezala kolore guztiak argian zeudela sinesten nuen; inork ez zidan besterik esan, eta inoiz ez nuen izan zalantza egiteko arrazoirik, ez nuen interes gehiagorik gai horretan. »
« Baina harrituta nengoen, horma zuri bati prismatik begiratzen nion bitartean, zuri geratzen zen! Eremu ilunagoetan besterik ez zuen kolore pixka bat erakusten, eta, azkenean, "sill" lehioaren inguruan kolore guztiak nabarmentzen ziren... Berehala jakin nuen hemen zerbait esanguratsua zegoela koloreari buruz, aurkeztu beharreko zerbait, eta senak esaten zidan bezala, ozenki esan nuen Newtonen irakaspenak faltsuak zirela. »
Goethe[4]
Casten eta Newtonen espektro-kolorearen deskribapenen arteko konparazioa (1740), argiaren eta iluntasunaren arteko elkarreraginari buruzko azalpenarekin. Goethek, gero, Koloreen Teorian garatu zuen.

Goetheren abiapuntua Newtonek esperimentu prismatikoan nola huts egin zuen aurkitzea izan zen. 1793rako Newtonen aurkako argudioak eman zituen "Über Newtons Hypothese der diversen Refribilität" ("Newtonen askotariko errefrangigarritasunaren hipotesiari buruz") saiakeran.[5][3] Hala ere, 1794rako, koloreen itxura fisiologikoaren garrantzia gero eta gehiago nabaritzen hasi zen Goethe.[3]

Bere lanaren atal historikoan dioenez, Louis Bertrand Castelek kritika bat argitaratu zuen Newtonen kolore prismatikoaren espektro-deskribapenari buruz 1740an. Han ikusi zuen prisma batek zatitutako kolore-sekuentzia prismaren distantziaren araberakoa zela, eta Newton kasu berezi bati begira zegoela.

"Newtonek prismatik urrun, horma batean proiektatutako kolore-espektroari behatzen zion bitartean, Goethek prismatik pixkanaka urruntzen zen txartel batean espektro iragazia ikusi zuen... Txartela urrundu ahala, proiektatutako irudia luzatu egiten zen, eta pixkanaka forma eliptikoa hartzen zuen. Irudi koloreztatuak handiagotu egin ziren, eta azkenean erdigunean bat egin zuten berdea sortzeko. Txartela urrunago mugituz irudiaren tamaina handitzen zen, azkenean Newtonek Optick-etan deskribatutako espektroa gertatu zen arte... Igorritako irudia ez zen finkoa, beraz, prismatik gero eta distantzia handiagoarekin garatua baizik. Ondorioz, Goethek Newtonek Opticsen bigarren proposamena frogatzeko modu apetatsuan aukeratu zuen distantzia". (Alex Kentsis, argiaren eta begiaren artean)

« Aurrean dugun teoria argi koloregabean oinarritzen da, eta hau kanpo baldintzez baliatzen da fenomeno koloreztatuak sortzeko; balioa ematen die baldintza horiei. Ez du bere burua kontraesaten kolorea argitik abiatzen dela esanez: kasu askotan kolorea argiak eta iluntasunaren arteko harremanak sortzen duela esaten du. »
Goethe[6]

Teoriaren hitzaurrean, Goethek polaritatearen printzipioa aplikatzen saiatu zela azaldu zuen. Obra hau, bere lehen uste sendoen proposamena, Goetheren naturaren azterketa osoaren oinarrietako bat zen.[3]

Goetheren teoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Espektroaren koloreen eraketari buruzko Goetheren teoriak ez du frogatu teoria asegabea denik, baizik eta ez dela inola ere teoria bat. Ezin da ezer aurresan harekin. Jamesen psikologian aurkitzen dugun moduko eskema alferra da. Teoriaren alde edo aurka erabaki dezakeen "experimentum crucis"ik ere ez dago. »
Ludwig Wittgenstein, Remarks on Colour, paragraphs 70

Zaila da Goetheren "teoria" aurkeztea, ez baitu teoria errealik ezartzen; honela dio: "bere asmoa erretratua egitea da, azaldu beharrean" (Azterlan Zientifikoak).[7] Ereduak eta azalpenak ezarri ordez, Goethek espezimenak jaso zituen —bera zen Jena Unibertsitateko metereologia-bildumen arduraduna.[8] Hil zenean, 17.800 mineral baino gehiago zituen bere bilduma pertsonalean, Europako handiena. Koloreei dagokionez, ikuspegi bera hartu zuen: "experimentum crucis" bakar batera (edo bere teoria frogatu edo ezeztatuko lukeen esperimentu kritikora) gauzak estutu eta isolatu ordez, ahalik eta zabaltasun handiena lortu nahi izan zuen, kolorearen funtsezko izaera agerian uzten duen erakusketa zabal baten bidez, "uhin-luzera" edo "partikula" gisa hautemandako fenomenoei buruzko azalpen eta teorietara jo gabe.

"Kolorearen teoriaren quid-a bere iturri enpirikoa da: baieztapen teorikoak ezarri ordez, Goethek argia eta kolorea esperimentu-serie antolatu batean erakustea ahalbidetu zuen". (Seamon, 1998). Goetheren arabera, "Newtonen akatsa... begien sentsazioak azaltzeko matematikan konfiantza jarri izana". (Jonah Lehrer, 2006).

Azalpenera jo gabe pertzepzioari leial eustea izan zen Goetheren metodoaren funtsa. Berak eman zuena ez zen teoria bat, kolorearen deskribapen arrazionala baizik. Goetheren aburuz, "egitate oro benetan teoria dela ulertzea da garrantzitsuena. Zeruko urdinak kolorearen oinarrizko legea ematen digu. Ez bilatu fenomenoak baino zerbait gehiago, haiek dira teoria".[9]

« Goethek bere lan bikainaren izenburuak agindutakoa eman zuen oso-osorik: Koloreen teoria baterako datuak. Datu garrantzitsuak, osoak eta esanguratsuak dira, material aberatsa kolorearen etorkizuneko teoriarako. Bertan ez du konpromisorik hartu teoria bera emateko; beraz, azaltzen duenez eta sarreraren xxxix. orrialdean onartzen duenez, ez digu eman kolorearen funtsezko izaeraren azalpen errealik, baizik eta fenomeno gisa sortzen dela esaten digu, ez zer den. Kolore fisiologikoa fenomeno bat da, osoa eta berez existitzen dena. Goethe ez da saiatzen kolore fisikoekin duen harremana, bere gai nagusia, erakusten. Gertaeren aurkezpen sistematikoa egiten du, baina motz geratzen da. »
Schopenhauer, On Vision and Colors, Introduction

Goethek bere metodoa deskribatzen du Esperimentua subjektuaren eta objektuaren arteko bitartekari gisa (1772) saiakeran.[10] Bere ikuspuntu enpirikoa azpimarratzen du. "Gizakia bera, zentzumenak ongi erabiltzen dituen neurrian, izan daitekeen aparatu fisiko zehatzena da". (Goethe, Scientific Studies)[7]

« Uste dut Goethek benetan bilatzen zuena ez zela koloreen teoria fisiologikoa, psikologikoa baizik. »
Ludwig Wittgenstein, Culture and Value, MS 112 255:26.11.1931

Argia eta iluntasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere garaikideek ez bezala, Goethek ez zuen ikusten iluntasuna argirik eza balitz bezala, honen polarra eta argiarekin elkarreraginean baizik; kolorea argiaren eta itzalaren arteko interakzio horren ondorioa izan zen. Goetheren aburuz, argia "ezagutzen dugun izaki sinpleena eta homogeneoena da. Honen aurka borrokan iluntasuna dago" (Gutuna Jacobiri).

« ... "itzala argiaren zati dela" zioten. Hala adierazitakoan, zentzugabea dirudi; baina hala da: koloreak itzala eta itzalaren emaitza dira, berez argia direla esan zutelako. »
Johann Eckermann

Ingurune ilunekin egindako esperimentuetan oinarrituta, Goethek kolorea iluntasunaren eta argiaren interakzio dinamikoaren ondorio gisa definitu zuen. Rudolf Steinerrek, Goetheren lanen editore zientifikoak, analogia hau eman zuen:

« Zientzia natural modernoak, iluntasuna erabateko ezerez gisa ikusten du. Ikuspegi horren arabera, espazio ilun batera doan argiak ez du iluntasunaren erresistentziarik gainditu beharko. Honen aurka, Goethek argia eta iluntasuna elkarrekin iman baten ipar eta hego poloak bezala portatzen direla uste zuen. Iluntasunak argiaren lanerako ahalmena ahuldu dezake. Aitzitik, argiak iluntasunaren energia mugatu dezake. Bi kasuetan kolorea sortzen da. »
Rudolf Steiner, 1897[11]

Goethek laburki adierazten du hori:

« [...] zuria, horirantz makurtzen da iluntzen denean; beltza, aldiz, argiago bihurtzen denean, urdinera makurtzen da. »

Bestela esanda: horia iluntasunak kondenatutako argia da; urdina argiak ahuldutako iluntasuna da.

Ingurune arreekin esperimentuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Ingurune arren eragina koloreen munduko azken gertaera izan zen Goetheren ustez - Urphänomenoak-. »
John Tyndall, 1880[12]

Goetheren koloreen azterketak esperimentuekin hasi ziren, eta ingurune arreen efektuak aztertu zituzten, hala nola airea, hautsa eta hezetasuna argiaren eta iluntasunaren pertzepzioan. Poetak ikusi zuen ingurune ilun batetik ikusten den argia horia, eta ingurune argiztatu batetik ikusten den iluntasuna urdin agertzen direla.

« Argirik handiena, eguzkiarena bezalakoa... koloregabea da gehienetan. Argi hori, ordea, horia iruditzen zaigu, baliabide baten bidez ikusi ezkero, pixka bat lodituta. Ingurune horren dentsitatea handitzen bada, edo haren bolumena handitzen bada, ikusiko dugu argiak pixkanaka tonalitate gorrixka bat hartzen duela, eta azkenean kolore hori sakondu egiten dela.

Bestalde, iluntasuna erdi-garden dagoen ingurune baten bitartez ikusten bada, eta ingurune hori, aldi berean, kolpatzen duen argi baten bidez argiztatzen bada, kolore urdina agertzen da: hori argiagoa bihurtzen da ingurunearen dentsitatea handitu ahala, baina ilunagoa eta sakonagoa ematen du ingurunea zenbat eta gardenagoa bihurtu ahala: erabateko gardentasunaren bidez, urdin sakonena eta more ederrena ikusiko ditugu.

»
Goethe

Ondoren, esperimentu ugarirekin jarraitzen du, eta modu sistematikoan behatzen ditu hautsaren, airearen eta hezetasunaren eragina, kolorearen pertzepzioan.

Mugetako baldintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prisma baten bidez behatzen denean, argi eta ilunaren arteko mugak prismaren ardatzarekiko duen orientazioa esanguratsua da. Zuria ertz ilun baten gainean dagoenean, argia ilunerantz zabaltzen ikusiko dugu, ertz urdin bioleta baten bidez; argi-muga baten gaineko iluntasuna, berriz, argi eremurantz zabaltzen den ertz gorri horian bihurtuko da.

Goetheren ustez, argiaren eta iluntasunaren arteko mugetan ematen den kolore agerpena funtsezkoa zen espektroa sortzeko, zeina fenomeno konposatutzat jotzen duen.

Gris-tonu desberdinak erabiliz, kondizio esperimental ezberdinak sortzean, muga-kontrastearekin ertz koloreztatuen intentsitatea handitu egiten dela ikusten da.

Argi- eta iluntasun-espektroak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolorearen fenomenoa argiaren eta iluntasunaren gertutasunaren araberakoa denez, bi modu daude espektroa sortzeko: gela ilun batean argi-sorta batekin eta gela argi batean sorta ilun batekin (itzal bat, adibidez).

Goethek prisma batetik distantzia batera proiektatutako koloreen sekuentzia erregistratu zuen bi kasuetan. Bietan, ertz horiak eta urdinak alde argitik hurbilago daudela ikusi zuen, eta ertz gorri eta moreak alde ilunetik hurbilago. Distantzia jakin batera, ertz horiek gainjarri egiten dira, eta Newtonen espektroa lortzen dugu. Ertz horiek argi-espektro batean gainjartzen direnean, berdea gertatzen da; espektro ilun batean gainjartzen direnean, magenta ateratzen da.

Argi-espektro batekin (esate baterako, argi-izpi bat inguruko iluntasunean) kolore gorriak ikusiko ditugu goiko ertzean, eta kolore urdin moreak beheko ertzean. Goetheren ustez, erdian berdea duen esprektroa, ertz urdin moreak ertz gorri-horiari gainjartzen zaizkionean soilik agertuko da. Zoritxarrez, urdinaren eta horiaren arteko nahaste optikoak zuria ematen digu. Beraz, Newtonen espektroari buruzko Goetheren azalpenak huts egin zuen.[13]

Espektro ilun batekin (argiz inguratutako itzala, adibidez), goiko ertzean urdina eta morea aurkituk ditugu eta gorria eta horia behean. Ertz horiek gainjartzen diren tokian, magenta (extraespektrala) dugu.

Olaf Müller-ek honela aurkeztu zuen auzia: "Newtonen arabera, espektro-kolore guztiak eguzki-argi zurian daude, Goetheren arabera, kontrakoa esan daiteke: espektro osagarriko kolore guztiak ilunpean daudela". [1]

Goetheren kolore-gurpila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goetheren gurpil simetrikoa, ezaugarri sinboliko elkartuekin (1809)
« Begiak kolore bat ikusten duenean berehala kitzikatzen da eta bere izaera da, berezkoa eta beharrezkoa, aldi berean beste kolore bat sortzea, jatorrizko kolorearekin eskala kromatiko osoa hartzen duena. »
Goethe, Theory of Colours

Ewald Heringen aurkariaren prozesuaren teoria aurreratuak gurpil simetriko bat proposatzen du. Honela idazten du: "Zirkulu kromatikoa... orokorrean, ordena naturalaren arabera antolatuta dago... diagrama honetan diametralki kontrajartzen diren koloreek, begian elkar gogorarazten dutelarik. Hala, bada, horiak morea eskatzen du, laranjak urdina, purpurak berdea, eta alderantziz. Horrela... tarteko gradazio guztiek ere, batak bestea gogorarazten dute; kolorerik sinpleenak konposatua eskatzen du, eta alderantziz (50. paragrafoa).

Argi-espektroek eta iluntasun-espektroek urdinaren eta horiaren nahasketarekin berdea eragiten zuten Goetherentzat eta kolorearen gurpil osatu bat egin zuen, magentari bere garrantzia emanez, adibidez. Honen aurka, "Newtonen aburuz, espektro-koloreak baino ez lirateke funtsezkoak. Goetheren ikuspegi enpirikoenak, aldiz, kolore osoko zirkulu batean magentak duen funtsezko papera onartzera eraman zuen, kolore-sistema moderno guztietan oraindik duen papera".[2]

Kolore osagarriak eta koloreen psikologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tenperamentuen larrosa (Temperamentenrose), Goethe eta Schiller-en azterketa (1798/9). Hamabi kolore giza okupazioekin edo izaeraren ezaugarriekin erlazionatu zituzten (tiranoak, heroiak, abenturazaleak, hedonistak, maitaleak, poetak, hizlari publikoak, historialariak, irakasleak, filosofoak, pedanteak, agintariak), lau temperamentutan banatuta.

Goethek ezaugarri estetikoak ere sartu zituen bere kolore-gurpilean, "kolorearen erabilera alegorikoa, sinbolikoa, mistikoa" izenburupean (Allegorischer, simbolischer, mystischer Gebrauch der Farbe), eta kolorearen psikologia moduko bat ezarri zuen. Gorria eder denarekin lotu zuen, laranja noble denarekin, horia on denarekin, berdea erabilgarri denarekin, urdina arrunt denarekin eta morea alferrikakoarekin. Sei kualitate horiek giza ezagutzaren lau kategoriari esleitu zizkion: arrazionala (Vernunft) eder denari eta nobleari (gorria eta laranja), intelektuala (Verstand) onari eta erabilgarritasunari (horia eta berdea), sentsuala (Sinnlichkeit) baliagarritasunari eta arruntari (berdea eta urdina), eta, zirkulua itxiz, irudimena (Phantasie), alferrikakoari eta ederrari (morea eta gorria).

Itzulpenari buruzko oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Magenta kolore terminoa XIX. mendearen erdialdean agertu zen, Goetheren ondoren. Hala, Goetheren magentari buruzko erreferentziak interpretazioz josita daude. Ingeles batek Alemanez Purpur deitzen zaion kolorea ulertuko du magenta gisara. Hala ere, koloreak prisma batetik irteten beatu ezkero, autorearen intentzioa ulertzeko modukoa da.

Hala ere, itzulpen literala zailagoa da. Esate baterako, Goethek "laranja" eta "bioleta" bezalako ohiko koloreen terminoak erabiliko ditu, tonu mistoak (tartekoak) izendatzeko.

alemana ingelesa Sinbolismoa
Purpur Magenta (edo morea) Schön (ederra)
Err. Gorria
Gelbrota Laranja Edel (noble)
Laranja
Gelb Horia Gut (ona)
Grün Green Nützlich (tresna)
Blau Urdina Gemein (ertaina, ohikoa)
Bioleta Bioleta Giharra (ez da beharrezkoa)
Blaurota

Ez dago argi Goetheren Rot, Purpur (berdearen osagarriari emandako izena) eta Schön (kolorearen sei sektoreetako bat) nola lotzen diren elkarrekin eta espektro ikusgaiaren punta gorriarekin. "Physical" izeneko kapituluan, interferentziari buruzko testu bat dago eta bertan ez du Rot eta Purpurren ez dira sinonimo gisa tratatzen. Gainera, Purpur eta Blaurot ezberdinak dira, Purpurrek Blaurot eta Gelbroten artean dagoen kolore bat ziendatzen baitu (476. paragrafoa), nahiz eta, seguruenik, ez dagoen Blaurot-en ondoan.[14] Artikulu honek aurreko taulako ingelesezko itzulpenak erabiltzen ditu.

Newton eta Goethe[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ernst Lehrsek honela idatzi zuen: "Hauxe da Goetheren kolorearen teoriaren eta, aldaketa guztiak gorabehera, Newtonen garaitik zientzian nagusitu de teoriaren arteko funtsezko aldea: Newtonen eta haren ondorengoen teoriek begiaren kolorea ikusteko ahalmena baztertzean oinarritu ziren, Goethek, aldiz, begiaren kolorearen esperientziari buruzko teoria sortu zuen".[15]

"Bizitzari eta berehalakotasunari uko egitea izan zen zientzia naturalaren aurrerapenaren premisa, Newtonez geroztik. Hau izan zen Goethek Newtonen optika fisikoaren aurkako borrokaren oinarria. Borroka honen garrantzia aipatzekoa da, gizon garrantzitsuenetako batek, optika newtondarraren garapenaren aurka borrokatzeko ahalegin guztiak zuzentzen baititu".(Werner Heisenberg, Goetheren urtebetetzea ospatzen den hitzaldi batean)[16]

Gai komun bati buruzko ikuspegi desberdinak medio, gaizki-ulertu ugari sortu dira Newtonen optikaren ulermenaren matematikoaren eta Goetheren ikuspegiaren enpirikoaren artean.[17]

Newtonek argi zuria banakako kolorez osatuta dagoela ulertzen duenez, eta Goethek argiaren eta iluntasunaren arteko elkarreraginetik sortzen den kolorea ikusten duenez, hainbat ondoriotara iristen dira galdera honi buruz: espektro optikoa fenomeno primario edo konposatu bat da?

Newtonen aburuz, prismak ez du kolorearen existentziarekiko inplikazioarik, kolore guztiak jadanik existitzen baitira argi zurian..Goethek erakutsi nahi izan zuen prisma faktore integrala zela kolorearen sorreran.

Newtonek argi sorta estutu zuen fenomenoa isolatzeko, baina Goethek ikusi zuen irekidura zabalago batekin ez zegoela espektrorik. Ertz gorrixka-horixkak eta ertz urdin-moreak baino ez zituen ikusi haien artean, eta espektroa ertz horiek gainjartzeko behar adina hurbiltzen ziren tokian sortu zen. Harentzat, ertz argi eta ilunen elkarreraginetik sortzen da kolorearen fenomenoa, eta horrela azal liteke espektroa.

Newtonek ertz koloreztatuak dituen zuriaren itxura azaltzen du, eta esaten du errefrakzio kantitate oso desberdina duenez, izpiak nahasi egiten direla zentrorantz zuri oso bat sortzeko; ertzak, berriz, ez dira nahasketa oso horretaz baliatzen eta osagai gorri edo urdin handiagoekin agertzen dira. Newtonen esperimentuen kontakizunerako, ikusi haren Opticks (1704).[18]

Ezberdintasunen taula[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argiaren ezaugarriak Newton (1704) Goethe (1810)
Homogeneotasuna Argi zuria koloreztatutako elementuek (heterogeneoak) osatzen dute. Argia da gauzarik sinpleena eta homogeneoena (homogeneoa).
Iluntasuna Iluntasuna argirik eza da. Iluntasuna argiaren polarra da, eta honekin elkarreragiten du.
Espektroa Koloreak beren hozgarritasunaren arabera argiztatzen dira (lehen mailako fenomenoa). Muga argien ilunetan sortzen diren ertz koloreztatuak gainjarri egiten dira espektro bat eratzeko (fenomeno konposatua).
Prism Prismak ez du kolorearen existentziarekin zerikusirik. Ingurune arre gisa, prismak zeregin bat du kolorearen sorreran.
Errefrakzioaren papera Argia errefrakzioaren, inflexioaren eta islapenaren bidez deskonposatzen da. Errefrakzioa, inflexioa eta islapena kolorea agertu gabe egon daitezke.
Analisia Argi zuria kolore guztietako espektroan banatzen da. Bi kolore garbi baino ez daude: urdina eta horia; gainerakoak hauetatik eratortzen dira. (Koloreen teoria, 3. liburukia, 201/202 atala)
Sintesia Argi zuria deskonposatu daitekeen bezala, berriro armatu daiteke. Gris-tonuetara birkonbinatutako koloreak.
Partikula edo uhina? Partikula Bat ere ez, inferentziak baitira eta ez baitira zentzumenekin behatzen.
Koloretako gurpila Asimetrikoa, 7 kolore Simetrikoa, 6 kolore

Fisika modernoak Goetheren iluntasunaren berrantolaketa baztertu du. Newtonek eta Huygensek iluntasuna argi-gabezia gisa definitu zuten. Young-ek eta Fresnel-ek erakutsi zuten Huygensen uhinaren teoriak (Argiaren Tratatuan) azal zezakeela kolorea argiaren uhin-luzeraren agerpen ikusgarria dela. Gaur egungo fisikariek izaera korpuskularra eta izurtzailea ematen diote argiari, uhinen eta partikulen arteko dualtasuna kontuan hartuta.

Historia eta eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Farbenlehreren lehen edizioa Cotta’schen Verlagsbuchhandlungen argitaratu zen, 1810eko maiatzaren 16an. 250 ale paper grisean eta 500 ale paper zurian imprimatu ziren. Hiru atal zituen: i) Goethek bere oharrak aurkezten zituen atal didaktiko bat, ii) Newtonen aurkako atal polemiko bat, eta iii) atal historiko bat.

Newtonen aurka agertu izanak, polemika gehitu zion argitarapenari..Charles Eastlakek ingelesera itzuli zuenean 1840an, Goethek Newtonen aurka egindako polemikaren edukia alde batera utzi zuen.

« Modu esanguratsuan (eta zoritxarrez), kolore-behaketa «didaktikoak» soilik agertzen dira Eastlakeren itzulpenean. Hitzaurrean, Eastlakek liburuko zati historiko eta entoptikoak kendu zituela azaltzen du, "interes zientifikorik ez zutelako", eta Goetheren polemika gaitzetsi zuen, Newtonen aurkako "objekzioen indarkeriak" irakurleei Goetheren kolore-oharrak zuzen epaitzea eragotziko zielako. »
Bruce MacEvoy

Arteetan duen eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

J. M. W. Turnerren The Fighting Temeraire, 1839

Pinturan tonalitateari buruz sortutako galderek bultzatu zuten Goethe kolorea aztertzera. "Italiara egin zuen lehen bidaian (1786–88), artistak pintura eta marrazketako elementu gehienentzat arauak ezartzeko gai zirela konturatu zen, kolorearentzat izan ezik. 1786-88 urteetan, kolorearen erabilera artistikoa gobernatzeko arauak zehaztu ote zitezkeen ikertzen hasi zen Goethe".[19]

Helburu hori zenbait artista piktoriko, batez ere Philipp Otto Runge, beren kolore-estudioetan interesatu zirenean bete zen.[3] 1840an Charles Eastlakek ingelesera itzuli ondoren,artearen munduan onartutako teoria bihurtu zen, bereziki Aurre-Raphaeliten artean. J. M. W. Turnerrek sakon aztertu zuen eta hainbat pinturen izenburuetan aipatu zuen. Wassily Kandinskyk "obra garrantzitsuenetakotzat" jo zuen.[20]

Latinoamerikako banderetan duen eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolonbiako bandera

1785eko neguan Weimarren izandako festa batean, Francisco de Miranda iraultzaile hegoamerikarrarekin elkarrizketa bat izan zuen Goethek. Mirandak Semyon Romanovich Vorontsov kondeari idatzitako gutun batean (1792), Goethek hala esan ziola kontatzen du: "Zure patua kolore primarioak desitxuratuta ez dauden leku bat sortzea da". Esan nahi zuena argitu zuen:


"Hasteko, irisak argia hiru kolore primarioetan eraldatzen duen modua azaldu zidan... gero, hala esan zidan: "Zergatik den horia beroena, nobleena eta argi distiratsutik gertuen dagoena; zergatik den urdina eszitazio- eta lasaitasun-nahasketa hori, itzalak gogora ekartzen dituena; eta zergatik den gorria horia eta urdina gorestea, sintesia, itzaletan argi distiratsua desagertzea"".

Filosofoen gaineko eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendean, Goetheren teoria On Vision and Colors liburuan hartu zuen Schopenhauer-ek, eta erretinaren ekintzaren fisiologia aritmetiko antzeko batean garatu zuen, bere idealismo adierazgarriarekin oso bat etorriz ["Mundua nire irudikapena edo ideia da"].

XX. mendean, Wittgensteinek teoria filosofiara eraman zuen eta, hil aurretik zenbait ohar eskaini zizkion gaiari. Behaketa horiek Koloreari buruzko ohar gisa jasotzen dira (Wittgenstein, 1977).

Wittgensteini interesgarria iruditu zitzaion koloreari buruzko proposamen batzuk itxuraz ez direla enpirikoak, ez eta a priorizkoak ere, tarteko zerbait baizik: fenomenologia, Goetheren arabera. Hala ere, Wittgenstein-ek hala esan zuen: "Ez dago fenomenologia bezalako gauzarik, nahiz eta arazo fenomenologikoak egon". Goetheren oharrak logikatzat edo geometriatzat hartzearekin konformatzen zen. Wittgensteinek bere adibideak hartu zituen "Farbenlehre"n aurkitzen den "Runge" gutunetik. "Zuria kolorerik argiena da", "Ezin da zuri garden bat egon", "Ezin da berde gorrixka egon", etab. Proposizio horiek Wittgensteinen ikerketan duteniizaera logikoa, fisikarekin duten erlazioa barne, eztabaidatua izan da Jonathan Westphalen Kolorea: sarrera filosofiko bat (Westphal, 1991) lanean.

Zientzialarien harrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zientzialari eta matematikari ugarik, Goethek kolorearen teorian Newtonei eginiko kritika komentatu zuten berrikuspenetan, liburuetan, liburuetako kapituluetan, orri-oineko oharretan eta gutun irekietan. Horietako asko (erdia baino zertxobait gutxiago) Goetheren aurka agertu ziren, bereziki Thomas Young, Louis Malus, Pierre Prévost eta Gustav Theodor Fechner. Natur zientzien adierazpenen herena Goetheren aldekoa zen, bereziki Thomas Johann Seebeck, Johann Salomo Christoph Schweigger eta Johann Friedrich Christian Werneburg, eta bostenak anbibalentzia adierazi zuen.

1853an, Hermann von Helmholtzek Goetheren lan zientifikoei buruz emandako hitzaldian —Goetheren lanak hautemandako fenomenoak deskribatzen dituela zioen— hala adierazi zuen: "zirkunstantzialki, naturari hertsiki leial, eta ikasteko ordena atsegin batean jartzen ditu, eta hemen, gertaeren erreinuan bezala, erakusketaren maisu handia dela frogatzen du" (Helmholtz, 1853). Azkenean, baztertu egiten du Goetheren teoria, poeta baten lana den aldetik, baina bere harridura adierazten du, auziaren egitateei buruz hain ados egon daitezkeelako, baina haren esanahiari buruzko kontraesan bortitzean. "Eta nik, batetik, ez dakit nola inork, koloreei buruz dituen iritziak edozein direla ere, ukatu dezakeenik teoria bera guztiz kontsekuentea dela, bere suposizioek, landutako egitateak modu osatu eta sinplean azaltzen dituztela. (Helmholtz, 1853)[21]

Goetheren behaketen zehaztasunak kritika asko onartzen ez dituen arren, bere ikuspegi estetikoa ez zaie egokitzen zientzia modernoan nonahi erabiltzen diren analisi analitiko eta matematikoaren eskaerei.

« Goetheren kolorearen teoriak fruitu asko eman ditu artean, fisiologian eta estetikan. Baina garaipena eta, beraz, hurrengo mendeko ikerketan eragina Newtonena izan da. »
Werner Heisenberg, 1952
« "Goethek zulo bat aurkitu zuen Newtonen armaduran, eta haren bidez gogaitzen zuen etengabe ingelesa bere lantzarekin. Newtonek konpromisoa hartu zuen kolorerik gabeko errefrakzioa ezinezkoa zela zioen doktrinarekin. Beraz, teleskopioen lenteek akatsdunak zirela esan zuen, akromatismoa eta errefrakzioa bateraezinak izanik. Dollondek inferentzia hori okerrekoa zela frogatu zuen. Hemen, beste leku batzuetan bezala, Goethe bere burua esperimentu-baldintzen maisu agertzen da. Interpretazio gaitasuna falta zaio". »
John Tyndall, 1880[22]

Eztabaida handia argia eta kolorea ikertzeko bi modu desberdinetatik dator. Goethek ez zuen interesik Newtonen kolorearen tratamendu analitikoan, baina giza kolorearen pertzepzioaren deskribapen arrazional bikaina aurkeztu zuen. Kolore-behaketen bilduma bat da, eta horixe ikusi behar dugu liburu honetan.

« Goetheren kolore-azalpen gehienak sakonki eraitsi dira, baina ez dira kritikatu haren txostenak, ikusi behar diren gertaerei buruzkoak; ez lirateke kritikatu behar. Liburu honen bidez, subjektuek sortutako koloreetan (irudien ondoren, argiaren eta iluntasunaren egokitzapena, irradiazioa, itzal koloreztatuak eta presio-fosfenoak) ez ezik, kolorearen behaketak kualitatiboki hauteman ditzakeen fenomeno fisikoetan ere (xurgapena, sakabanaketa, errefrakzioa, difrakzioa, polarizazioa eta interferentzia) froga dezake irakurleak. Goetheren azalpenen logikari jarraitzen saiatzen den eta gaur egun onartuta dauden iritziekin konparatzen saiatzen den irakurle batek, 1970eko sofistikazioaren abantailarekin ere, ikus dezake Goetheren teoria, edo haren zati bat behintzat, azkarregi baztertu dela. »
Deane B. Judd, 1970[23]

Mitchell Feigenbaum: "Goethek arrazoi zuen koloreaz!"[2]

« Feigenbaum-ek ulertzen zituen bezala, Goetheren ideiek benetako zientzia zuten beren baitan. Zailak eta enpirikoak ziren. Behin eta berriz, Goethek bere esperimentuen errepikagarritasuna nabarmendu zuen. Kolorearen pertzepzioa, Goetheren aburuz, unibertsala eta objektiboa zen. Zer ebidentzia zientifiko zegoen mundu errealean defini zitekeen gorritasun-kalitateaz, gure pertzepzioa edozein izanda ere? »
James Gleick

Egungo egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Newtonek uste zuen, prismarekin egindako esperimentuen laguntzaz, eguzki-argia askotariko argi-izpiz osatuta zegoela froga zezakeela. Goethek erakutsi zuen behaketatik teoriarako urrats hori Newtonek onartu nahi zuena baino arazotsuagoa dela. Teoriara igarotzeak fenomenoak ez dituela behartzen esatean, Goethek eraikuntza teorikoari egiten dion ekarpen libre eta sortzailea erakutsi zuen. Eta Goetheren ikuspegia oso adierazgarria da, ondo esan baitzuen Newtonen prismako esperimentuen emaitza guztiak bat datozela aukera teoriko berdin batekin... Duhemek eta Quinek azpideterminaziorako emandako argudio ospetsuak baino mende bat lehenago".[24]

"Goethek Newtoni egindako kritika ez zen arrazoiari edo zientziari egindako erasoa izan, nahiz eta askotan horrela islatu den... Kritikak zioenez, Newtonek nahasi egin zuen irudimen matematikoa zentzumenen ebidentzia huts gisa... Irudimenaren funtzio zientifikoa definitzen saiatu zen Goethe: fenomenoak zehaztasunez ekoitzi, deskribatu eta antolatu ondoren elkarrekin lotzea... Newtonek... dogma sartu zuen kolorearen zientzian, kolorea izpien funtzio batera murritz zitekeela esatean". (Dennis L. Sepper, 2009)[25]

« Hasieran Goethek Newtonen teoria fisikoa onartzen zuen. Laster utzi zuen... bere ideietara hobeto egokitzeko aldaketa aurkitu zuen. Horren ondorio onuragarri bat izan zen kolorearen pertzepzioaren alderdi fisiologikoaren garrantziaren kontzientzia garatu zuela, eta, beraz, Newtonen argiaren eta koloreen teoria sinplistegia dela frogatu ahal izan zuen; errefrangigarritasun aldakorra baino kolore gehiago dagoela. »
Michael Duck, 1988[26]

"Laster Newtonen errefrangigarritasun diferentziala baztertu zuen arren, Goethek beti baieztatu zuen mekanika newtondarra. Ez zen azterketa matematikoaren aurkako aurreiritzi poetikoa, teoria errefusatzera eraman zuten esperimentuak egitea baizik... Goethek berehala ondorioztatu zuen ezen, kolorea azaltzeko, batek, argiari buruz ez ezik, begi-funtzioari eta ikuseremuaren bidez argian dauden desberdintasun erlatiboei buruz jakin behar duela". (Sepper, 2009)[25]

Behaketen katalogo gisa, Goetheren esperimentuek giza kolorearen pertzepzioaren konplexutasunak aztertzen dituzte. Newton, argiaren portaerarako eredu matematiko bat garatzen saiatu zen; Goethe, berriz, baldintza-sorta zabal batean kolorea nola hautematen den ikertzen aritu zen. Garunak koloreak nola interpretatzen dituen ulertzeko garapenak, hala nola kolorearen konstantzia eta Edwin H. Landen retinexaren teoriak, antzekotasun harrigarriak ditu Goetheren teoriarekin.[2]

Dennis L. Sepperrek Goetheren liburuaren tratamendu moderno bat argitaratu du Goethe - Newton: Polemics and the Project for a New Science of Color (Cambridge University Press, 2003) liburuan.[19]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Goethe's Theory of Colours: Translated from the German; with Notes by Charles Lock Eastlake, R.A., F.R.S. London: John Murray. 1840. Archived from the original on 12 December 2016. Retrieved 18 October 2017 – via Internet Archive.
  2. a b c d Neil Ribe, Friedrich Steinle: Exploratory Experimentation: Goethe, Land, and Color Theory Physics Today, July 2002, retrieved July 3, 2011
  3. a b c d e Karl Robert Mandelkow: Goethes Briefe (Goethe's Letters). 2. edition.
  4. Goethe, Goethes Werke, Weimar: Hermann Böhlau, 1887–1919, II. Abtheilung: Naturwissenschaftlichte Schriften, Bd. 4, pp. 295–296
  5. Matthaei, Rupprecht. Über die Anfänge von Goethes Farbenlehre (On the beginnings of Goethe's Theory of Colours).
  6. Karl Robert Mandelkow: Goethes Briefe (Goethe's Letters). 2. edition. Vol. 2: Briefe der Jahre 1786–1805 (Letters of the years 1786–1805). Christian Wegner publishers, Hamburg 1968, p. 528. "Die Lehre dagegen, die wir mit Überzeugung aufstellen, beginnt zwar auch mit dem farblosen Lichte, sie bedient sich äußerer Bedingungen, um farbige Erscheinungen hervorzubringen; sie gesteht aber diesen Bedingungen Wert und Würde zu. Sie maßt sich nicht an, Farben aus dem Licht zu entwickeln, sie sucht vielmehr durch unzählige Fälle darzutun, dass die Farbe zugleich von dem Lichte und von dem, was sich ihm entgegenstellt, hervorgebracht werde."
  7. a b Goethe, Johann. (October 1995). Scientific Studies (Goethe: The Collected Works, Vol. 12), p.57. Princeton University Press.
  8. Hamm, E. P.. (2001). «Unpacking Goethe's Collections: The Public and the Private in Natural-Historical Collecting» The British Journal for the History of Science 34 (3): 275–300.  doi:10.1017/S0007087401004423..
  9. Quoted in translation in: Hughes, Peter. (1992). «Performing Theory: Wittgenstein and the Trouble with Shakespeare» Comparative Criticism 14: 85..
  10. Raymond, Elfie. Faces of Philosophy – Elfie Raymond. .
  11. .(published in German as Goethe's Weltanschauung) .
  12. .
  13. Arthur Zajonc.
  14. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Epoptische Farben izeneko erreferentziarako
  15. Lehrs, Ernst.
  16. Ernst Lehrs, Man or Matter, Chapter II | https://archive.org/stream/manormatter05641gut/elmom10p#page/n23/mode/2up
  17. R. H. Stephenson, Goethe's Conception of Knowledge and Science (Edinburgh: Edinburgh University Press, 1995)
  18. Opticks Or, A treatise of the Reflections, Refractions, Inflexions and Colours of Light, Also Two treatises of the Species and Magnitude of Curvilinear Figures (London, 1704) Isaac Newton's Works. .
  19. a b Sepper, Dennis L. | Goethe contra Newton: Polemics and the Project for a New Science of Color | Cambridge University Press | 2007 | ISBN 0-521-53132-2 Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name "SepperDennis" defined multiple times with different content
  20. Rowley, Alison. (September–December 2002). Kandinskii's theory of colour and Olesha's Envy. LookSmart FindArticles.
  21. Helmholtz, Hermann von. 1853.
  22. Popular Science Monthly/Volume 17/July 1880) .
  23. .
  24. Mueller, Olaf L. (2016). «Prismatic Equivalence – A New Case of Underdetermination: Goethe vs. Newton on the Prism Experiments» British Journal for the History of Philosophy 24 (2): 323–347.  doi:10.1080/09608788.2015.1132671..
  25. a b Sepper, Dennis L.. (2009). Goethe, Newton, and the Imagination of Modern Science, 2009/3 (n° 249). Revue internationale de philosophie.
  26.  doi:10.1080/00033798800200361..

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Goethe, Koloreen Teoria, trans. Charles Lock Eastlake, Cambridge, MA: MIT Press, 1982.  ISBN 0-262-57021-1
  • Bockemuhl, M., Turner. Koln: Taschen, 1991.  ISBN 3-8228-6325-4.
  • Duck, Michael J. (1988). «Newton and Goethe on colour: Physical and physiological considerations» Annals of Science 45 (5): 507–519.  doi:10.1080/00033798800200361..
  • Gleick, James, Chaos, Londres: William Heinemann, 1988. or. 165-7
  • Lehrer, Jonás, Goethe eta Color, Science Blogs: The Frontal Cortex, Abenduaren 7a. 2006.
  • XIV. kapitulua [2]
  • Matthaei, Rupprecht, Goetheren kolorearen teoria. Johann Wolfgang von Goethe. Rupprecht Matthaeik [de] moldatu eta argitaratua. Arg. Herb Aach-ek itzuli eta argitaratua. Van Nostrand Reinhold, 1971.
  • Proskauer, The Rediscovery of Color, Dornach: Steiner Books, 1986.
  • Rowe, M. W.. (July 1991). «Goethe and Wittgenstein» Philosophy 66 (257): 283–303.  doi:10.1017/S0031819100064901..
  • Ribe, Neil; Steinle, Friedrich. (2002). «Exploratory Experimentation: Goethe, Land, and Color Theory» Physics Today 55 (7): 43.  doi:10.1063/1.1506750. Bibcode2002PhT....55g..43R..
  • Ribe, Neil M. (1985). «Goethe's critique of Newton: A reconsideration» Studies in History and Philosophy of Science Part A 16 (4): 315–335.  doi:10.1016/0039-3681(85)90015-9..
  • Schopenhauer, Ikuskerari eta koloreei buruz, Probidentzia: Berg, 1994.  ISBN 0-85496-988-8
  • Sepper, Dennis L., Goethe - Newton: Polemics and the Project for a New Science of Color, Cambridge: Cambridge University Press, 2007.  ISBN 0-521-53132-2
  • Sepper, Dennis L., “Goethe, Newton, y la imagination de la ciencia moderna”, Revue internationale de philosophie, 2009/3 (249. zk.), 2009.
  • Steiner, Rudolf, Konferentzia Zientifikoko Lehen Ikastaroa, Hirugarren Konferentzia, Stuttgart, 1919ko abenduaren 25a. GA320
  • Steiner, Rudolf, “Goethe's World View”, III. kapitulua Koloreen munduko fenomenoak, 1897.
  • Barsan, Victor; Merticariu, Andrei. (2016). «Goethe's theory of colors between the ancient philosophy, middle ages occultism and modern science» Cogent Arts & Humanities 3  doi:10.1080/23311983.2016.1145569..
  • Westphal, Jonathan, "Color: una introducción filosoffica", Aristotélian Society Series, Vol. 7, Oxford, Blackwell, 1991 (2nd. ad ul.).
  • Wittgenstein, Comments on Color, Berkeley: University of California Press, 1978.  ISBN 0-520-03727-8

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]