Johann Wolfgang von Goethe
Johann Wolfgang (von) Goethe (Frankfurt, Alemania, 1749ko abuztuaren 28a - Weimar, Alemania, 1832ko martxoaren 22a) idazle alemaniarra izan zen, Erromantizismo eta Sturm und Drang garaikoa[1]. Azken polimata edo gizaki unibertsaletakotzat hartzen da, idazle izateaz gain eleberrigile, dramagile, olerkari, zientzialari, geologo, botanikari, anatomista, fisikari, zientzia historialari, pintore, arkitekto, diseinatzaile, ekonomista, antzerki zuzendari, filosofo humanista eta, hamar urtez, Estatuko funtzionario izan baitzen.[2]
Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hasierako urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Goethek bere bizitzako gorabeherak Poesia eta egia (1882) izeneko liburuan kontatu zituen. Frankfurt am Main hirian jaio zen. Aita, Johann Caspar Goethe, abokatu eta kontseilari inperiala zen eta ama, Katharina Elisabeth Textor, Franfurtko burgu-maisu ohi baten alaba.
Talentu aparteko adimendun gizona, eta jakin-nahi izugarriz betea, denetarikoa egin zuen. Lehenik hizkuntzak ikasi zituen, artea izan arren bere zaletasuna. Garai horretan bere lehen poemak idatzi zituen, eta geologia, kimika eta medikuntza alorrean interesatu ere.
Ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Leipzigen zuzenbidea ikasi zuen (1765), baina gaixotasun larri batek ikasketak uztera behartu zuen 1768an Frankfurtera itzultzera[3]. Katharina von Klettenberg-ek, bere amaren lagunak zaindu zuen, baita mistizismo pietistan barneratu ere. Ikasketetara itzuli zen 1770ean Estrasburgon eta hurrengo urtean amaitu. Han igarotako urte biak erabat garrantzitsuak izan ziren harentzat: Friederike Brion ezagutu eta hark emakumezko pertsonaia gehienak iradoki zizkion. Halaber, Johann Gottfried von Herder ere ezagutu zuen, Erromantizismoan eragin handia izan zuen filosofoa, alemaniar poesia popularrean barneratu zuena, Shakespeareren unibertso erakutsi eta Neoklasizismo frantsesetik baztertu.
Behin Frankfurtera itzulirik, Götz von Berlichingen (1773) tragedia idatzi zuen eta Herderrekin batera Sturm und Drang mugimenduko manifestua idatzi: Alemaniako estilo eta arteaz (1773). Lan horretan James Macpherson (Ossian) eta Shakesperaren lanak aldarrikatu zituen.
Heldutasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bere bizitza literarioan, Goethe amorru bizizko Sturm und Drangen Erromantizismoan hasi zen, baita mugimenduko obra garrantzitsuena idatzi ere: Werther (1774). Erromara egin zuen bidaia hurrengo, eta han erromantizismoaren estetika baztertzen hasi eta estilo klasiko grekolatindarraz bat etorri zen[3].
Werther nobelaren etorria 1772 inguruan izan zuen, Kestner izeneko funtzionario baten emazte Charlotte Buff izeneko emakumeaz maitemindu zenean[3]. Desamodioak eta ezagun baten suizidioak garai hartan eragin izugarria izan zuen nobela idaztera bultzatu zuten[2].
1772 eta 175 artean Clavijo (1774) eta Stella (1775) dramak idatzi zituen. 1775ean Carlos Augusto Printzipearen zerbitzuan sartu eta Weimarrera bizitzera joan zen. Printzipeak emandako lanak zirela eta, literatura ia hamar urtez baztertu zuen. Goethe legazioko kontseilari sekretu izatetik, kontseilari sekretu izatera pasa eta azkenekoz, ministro goren bezalako bat bilakatu.
Garai hartan hasi zen bere zientzia ikerkuntzekin. Optikaz interesatua, koloreei buruzko beste teoria bat landu zuen, Isaac Newtonena ez bezalako, eta baita geologia, kimika eta osteologia arloetan sakondu ere.
Weimarren izan zuen karguak aristokraziarekin eta hainbat pertsonaia garrantzitsurekin harremanak izatea ahalbidetu zion: Napoleon Bonaparte, Beethoven, Friedrich von Schiller edota Arthur Schopenhauer, esaterako.
Izatez, Goetheri esker, Weimar Alemaniako kultur gunea bilakatu zen, han bere obra famatuenak idazten hasi zen: Ifigenia en Tauris (1787), Egmont eta Fausto. 1832ko martxoaren 22an Weimarren zendu zen. Faustoren azken bertsioa hil ondoren agertu zen, 1832an.
Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Haren lanen artean, hauek nabarmenduko ditugu:
- Götz von Berlichingen (1773)
- Die Leiden des jungen Werther (1774)
- Prometheus (1774)
- Wilhelm Meister Lehrjahre ("Wilhelm Meister-en ikasketa urteak") (1795)
- Faust (1807) (Bigarren zatia 1831an amaituta)
- Die Wahlverwandtschaften (1809)
Euskaratuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hiria argitaletxeak kaleratutakoak:
- Werther (Die Leiden des jungen Werther) (2000). (Itzultzailea: Gotzon Lobera)
Igela argitaletxeak kaleratutakoak:
- Werther gaztearen arrengurak (Die Leiden des jungen Werther) (2013). (Itzultzailea: Matías Múgica)
Ibaizabal argitaletxeak kaleratutakoak:
- Hautapen-ahaidetasunak (Die Wahlverwandtschaften) (1993). (Itzultzailea: Xabier Mendiguren)
Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
![]() |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Johann Wolfgang von Goethe ![]() |
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ «Goethe, Johann Wolfgang von - Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa» www1.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
- ↑ a b «euskarari ekarriak» ekarriak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
- ↑ a b c «Goethe, Johann Wolfgang von» www.euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-05).
Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Azurmendi, J. 1999: Goethe: literatura nazional unibertsala, Jakin, 111: 63-99.