Transfeminismo

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Transfeminismoa -ikuspegi transgeneroa feminismoan edo ikuspegi feminista transgeneroen auzietan[1]-, feminismoaren korronteetariko bat da, bereziki emakume transek gidatzen duten mugimendua, eta beraien askapena emakume guztien askapenarekin bat datorrela defendatzen dute.

Mugimendu[Betiko hautsitako esteka] transfeministak erabiltzen duen logoa.

Hau ulertzeko, beharrezkoa da ulertzea sexu eta generoaren artean dagoen bereizketa eta jaiotzerakoan esleitutako sexua eta generoa bat ez etortzea posible dela aitortzea. Sexua ezaugarri biologikoen multzoa bada, generoa, gizartean betetzen diren rol eta betebeharren multzoa da. Generoak gizabanakoen gorputzak sistema sozial jakin batera moldatzen ditu, kontrolatu, beraz, generoa, opresiorako mekanismo gisa erabiltzen den tresna litzateke. Komenigarria da baita orientzazio-sexuala eta identitate sexuala bereiztea, lehenak erakartze sexualari egiten baitio erreferentzia, eta bigarrenak izateari.[2]

Mugimenduaren bultzatzaileak nagusiki emakume transak badira ere, hau irekia dago queer, gizon trans, intersexualak, transak ez diren emakumeak zein gizonak, edo bestelako subjektuengana, hauek beren askapen pertsonalerako trans emakumezkoekin aliantza izatea ezinbestekoa dela defendituz gero. Beraz, feminismoaren subjektuak zabaltzen ditu emakume zisgenerotik haratago.[3]

Mugimendu honek gorputzaren kontrolaren inguruko kontzeptuak hartu eta zabaltzen ditu (abortua, hormonak, besteak beste) eta baita genero biolentziaren ingurukoak, honek emakume zisetatik haratago, emakume zein gizon trans, gay eta lesbianengan eragina baitu.[4]

Transfeminismoa feminismoaren hirugarren oldean sartua dago. LGBT mugimenduak eta queer teoriek eragiten die, batez ere transexualen eta intersexualen ikuspegitik. Horiek ezezik, mugimendu antiarrazisten, postkolonialisten eta gizarte-mailaren, etniaren, generoaren edo sexu-orientazioaren araberako bazterkeriaren aurka borrokatzen duten mugimendu politikoen eragina ere jasotzen du.

Printzipioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugimendu honek, bi printzipio nagusi defendatzen ditu:

1) Gizabanako orok bere identitatea definitzeko eskubidea du eta gizarteak errespetatu beharra du, generoa eta honen adierazpenak ere kontuan izanik.

2) Norberak bere gorputzaren gaineko kontrola eta eskubidea du, autoritate politiko, osasun zein erlijiosoen gainetik.

Hala ere, inor ez dago genero gizarte eta kultura dinamiketatik at, eta beraz, trans emakumeek sistema binariora egokitzera behartuta ikusten dute sarritan beren burua; onartuak izateko, emakume izatearen eskema tradizional eta zurrunetara, batez ere medikuntza eta osasun munduan.

Transfeminismoak emakume guztiei zabaltzen die norbanakoaren ekintza sexista eta heteropatriarkalak berraztertzeko erronka.[3]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirugarren olatuko feminismoen baitan kokatzen dute autore askok transfeminismoa, beste zenbaitek ordea, olatu berriko korronteetan.

Lehenik eta behin, transfeminismora heldu aurretik, kontutan izan behar dugu feminismoak izan dituen Hiru Olatuak. Laburtuz, Lehen Olatua sufragistena izan zen, gizarte zibilean eskubideak aitor ziezaietenaren borroka; Bigarren Olatua Betty Friedanen The Feminine Mystique liburuan ageritakoari jarriki, gizon-emakume arteko berdintasunaren borroka da, gizartean berdintasun ekonomiko eta sozialaren borroka; eta Hirugarren Olatua Bigarren Olatuko feminismoak erantzun ez zituen auziei erantzuna ematen saiatzen da. Hirugarren Olatu hau, feminismo "Intersekzionala"ren gorakada bezala ere deitua izan da, generoa ez ezik, ekonomia, arraza, genero identitatea eta bestelako kategoriak edo ezaugarriak kontuan hartzen baititu.[5][6]

Badirudi, transfeminismoaren barnean ere olatu ezberdinak identifika genitzakeela. Transfeminismoaren Lehen Olatua Christine Jorgensenen -1926an jaioa- irudiarekin irudika genezake. Honek, Paul de Kruif-en The Male Hormone izeneko liburua erreferentziatzat hartuz pentsatu zuen hormonen erabilera izango zela bere genero auzia konpontzeko irtenbidea.[7]

Bigarren olatuak gizartera ateratzen diren transak errepresentatzen ditu, transek sufritzen zuten diskriminazioarekin bukatzeko borrokan oinarritu zen; feminismoaren Bigarren Olatuaren nahiko antzera.

Sandy Stonek 1900ko hamarkandan Janice Raymond-i emandako erantzuna transfeminismoaren aitzindaritzat hartu ohi da, behintzat zentzu filosofikoan "The Empire Strikes Back: A Posttranssexual Manifesto". Idatzi honek korronte transak barneratu zituen garaiko pentsamendu feministan. Bigarren Olatu honek arreta berezia ezarri zuen osasun edo medikuntza arloan, transen genero arazoak konpontzeko; garai honetan transek gizon-emakume binomioari gogor eutsi zioten beraien identitatea defenditzeko eta gizartean onartuak izateko.

90eko hamarkadan Kate Bornteinen teorien eskutik eta bere idatzien ondorioz, Hirugarren Olatua deritzonari hasiera eman zitzaion. Honek genero sistema binarioari aurre egiten dio eta identitate ez-binarioak aldarrikatzen ditu; identitate anitzak.[7]

Gaur egun Hirugarren Olatu horretan gaudela ematen badu ere, Bigarren Olatuko borrokak (transen normalizazioa) ez dira oraindik eman, beraz, bi olatu hauen arteko uztartzea ematen ari da.

Transfeminism.org web-orrialdea 2000 urtean sortu zen, transfeminismoaren borrokaren adeko kanpaina gisa.

Eztabaidak, feminismo erradikala eta transfeminismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Feminismo erradikala eta transfeminismoaren artean sortu da eztabaida handiena, beraz, bi korronte hauen arteko liskarrak azaltzea premiazkoa da.

Feminismo erradiakala 60ko hamarkadan jaio zen AEBn eta honen helburua, patriarkatuak sortzen dituen ezberdintasunak errotik desagerraraztea da. Hauentzat, generoa abolitzea beharrezkoa da, sexuaren ondorioz eginiko bereizketa binarioaren ondorioz esleitutako generoan baitago opresioaren sorrera. Labur esanda, generoa eraikuntza soziala da eta eraikuntza hau desberdintasunak legitimatzeko tresna bezala erabili da historikoki. Feminista erradikalentzako opresio patriarkala sexuala da, eta jaiotzetik pairatzen da, sexu-genero sistemaren ondorioz ematen da.[8]

Transfeministek ordea, identitate anitzen defentsa sustatzen dute, genero aniztasuna aldarrikatzen dute feminista erradikalen genero abolizioaren aurrean; generoak abolitu baino, auzitan jartzen du emakume-gizon sistema binarioa. Hauen ustez, gizarteak esleitutako generoarekin bat egiten duten pertsonak pribilegiatuak dira, eta gainontzekoak baztertuak. Generoa kategoria neutro bezala identifikatzen dute, eta horregatik, genero aniztasunaren defentsa sustatzen dute. Emakume izatetik haratago, sistema binariotik ateratzen diren identitate guztiak patriarkatuak zapaltzen dituela defendatzen du (transak, homosexualak, intersexualak...).[9] Generoaren ondorioz esleitutako esterotipo eta roletaz askatu beharra aldarrikatzen dute ordea, eta hemen aurrez aurre jartzen dira feminista erradikalekin, horiek uste baitute hori ezinezkoa dela generoa abolitu gabe.

Ematen den beste eztabaidetako bat opresioaren ingurukoa da, transfeministek defendatzen baitute, transak izateagatik opresio bikoitza jasaten dutela, eta feminista erradikalen ustez baieztapen hau ez da egokia, beraien bizitzako parte bat gizon gisa identifikatuak izan direlako, eta beraz, ez dute jasan emakumeek berez jasaten duten opresioa.[8]

Transfeminismoak kontzeptu berri bat asmatu du transgenerismoa kritikatzen duten feminista erradikalak izendatzeko: TERF (ingelesez: Trans Exclusionary Radical Feminist).[8]

Bi korronte hauen arteko tentsioa agerikoa dela egia bada ere, batez ere sare sozialetan ematen den eztabaida da. Eta bereziki, generoa abolitzearen eta generoa auzitan jarriz identitate anitzak eraikitzearen arteko eztabaida da.

Transfeminismoa Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian transfeminista aktibista ezagunetarikoa Josebe Iturrioz ordiziarra dugu. Gaztetatik aktibismo feministan egon ostean, Plazandreok izeneko partidu politikoan militante izana da[10] eta ondoren, Medeak[11] izeneko kolektibo lesbiano eta transfeminista sortu zuen beste kide batzuekin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «Transfeminism» Geek Feminism Wiki (Noiz kontsultatua: 2019-04-08).
  2. (Gaztelaniaz) Mendilarzu, Noelia. (2017-12-15). «¿Qué es el transfeminismo?» Escritura Feminista (Noiz kontsultatua: 2019-04-08).
  3. a b (Ingelesez) Koyama, Emi. «The Transfeminist Manifesto» (PDF) Catching A Wave (Noiz kontsultatua: 08/04/2019).
  4. (Italieraz) Redazione. (2017-10-10). «Transfemminismo: tutte le risposte alle tue domande» Pasionaria.it (Noiz kontsultatua: 2019-04-08).
  5. (Gaztelaniaz) abril, Gina on 14; Said, 2018 at 18:42. Historia del feminismo: del feminismo al transfeminismo | Laboratorio Transfeminista. (Noiz kontsultatua: 2019-04-08).
  6. Williams, Rachel Anne. (2018-06-02). «The Three Waves of Trans Feminism» Medium (Noiz kontsultatua: 2019-04-08).
  7. a b Williams, Rachel Anne. (2018-06-02). «The Three Waves of Trans Feminism» Medium (Noiz kontsultatua: 2019-04-09).
  8. a b c (Gaztelaniaz) «Por qué el enfrentamiento entre el feminismo radical y el transfeminismo nos afecta a todas» Código Nuevo 2018-11-29 (Noiz kontsultatua: 2019-04-08).
  9. (Gaztelaniaz) «Feminismo radical (Radfem) y transfeminismo (Transfem) explicado fácil. O casi» Jéssica Fillol .es 2016-04-13 (Noiz kontsultatua: 2019-04-08).
  10. «Josebe Iturrioz López» (PDF) Emakumeon jabekuntzarako eta berdintasunerako eskola (Noiz kontsultatua: 08/04/2019).
  11. (Gaztelaniaz) dice, Olivia Nieto. (2014-05-27). «Nor gara» MEDEAK (Noiz kontsultatua: 2019-04-08).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]