Europako erliebean mendiak, ordoki edo lautadak eta horiek zeharkatzen dituzten ibaiak bereizten dira batez ere. Erliebearen ikuspegitik begiratuta, kontinenterik lauena da Europa; batez beste, 230 metro garai da. Hala, 2.000 km-ko lautada zabal bat doa Frantziako kostalde atlantikotik Ural mendietaraino, Asiako mugaraino.
Europako mendiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europako mendien artean, bi motatakoak bereiz daitezke:
- Mendiguneak: mendirik zaharrenak dira eta, horregatik, oso higatuta daude eta itxura biribildua izaten dute; gainera, ez dira oso garaiak izaten (nekez iristen dira 2000 m izatera) eta haran zabalak daude haien artean. Europako iparraldean, erdialdean eta mendebaldean daude: Britainiar uharteetako mendiak, Frantziako Erdialdeko Mendigunea, Iberiar goi-lautada eta Eskandinaviako Alpeak dira.
- Mendi gazteak: Lurraren historia geologikoan, garai berriagoetan sortutakoak dira; horregatik, higadura gutxiago jasan dute, zorrotzagoak izaten dira eta lurralde oso malkartsuetan egoten dira. Kontinente osoan banatuta daude, baina denak hegoaldean kokatuta daude: Alpeak, Apeninoak, Balkanak, Karpatoak, Kaukasoa eta Pirinioak. Mendi malkartsuak dira, eta, horregatik, komunikazioak zailak izan dira beti haietan zehar.
Europako mendirik garaienak Elbrus (Errusia, 5.642 m), Sakkara (Georgia, 5.204 m) eta Mont Blanc (Frantzia, 4.607 m) dira.
Ibaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sakontzeko, irakurri: «Txikipedia:Europako ibaiak»
|
---|
Europako ibairik garrantzitsuenak Alpeetan sortzen direnak dira:
- Rodano eta Po ibaiak Mediterraneoan itsasoratzen dira.
- Rhin ibaia Ipar itsasoraino iristen da.
- Danubio ibaia Itsaso Beltzean itsasoratzen da, Karpatoen eta Balkanen arteko pasabide estu batetik igaroz.
Karpatoetan sortzen diren garrantzitsuenak, berriz, hauek dira:
- Vistula ibaia, Itsaso Baltikoan itsasoratzen dena.
- Dniester ibaia, Itsaso Beltzeraino iristen dena.
Europako kostaldeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europak oso kostalde luzea du, 90.000 km inguru. Nagusiki, bi kostalde ditu:
- Atlantikoko kostaldeak: Kantauri itsasoarena, Ipar itsasoarena, Itsaso Baltikoarena eta Norvegiako itsasoarena.
- Mediterraneoko kostaldea: Tirreniar itsasoarena, Adriatikoarena Itsaso Jonikoarena, Egeo itsasoarena eta Itsaso Beltzarena.
Europako kostaldeen erliebea oso koskatua da, hau da, sargune eta irtengune asko dituena. Penintsula ugari ditu:
- Eskandinaviakoa, Bretainia (Frantzia), Jutlandia (Danimarka) eta Kola (Errusia) Atlantikoko kostaldean.
- Iberiar penintsula Atlantikoko kostaldearen eta Mediterraneoko kostaldearen artean.
- Italiar penintsula eta Balkanetakoa Mediterraneoko kostaldean.
- Krimeako penintsula (Ukraina) Itsaso Beltzean.
Golkorik nabarmenenak Bizkaiko golkoa (Euskal Herria) eta Botniako golkoa (Finlandia-Suedia) dira. Itsasarterik garrantzitsuenak, Bosforo (Turkia), Calais (Erresuma Batua-Frantzia), Dardaneloak (Turkia), Gibraltar (Espainia-Maroko), Messina (Italia) eta Oresund (Danimarka-Suedia), besteak beste.
Bestalde, Europak irla edo uharte ugari ditu; haien artean, honakoak dira garrantzitsu eta handienak:
- Atlantikoan: Islandia eta Britainiar uharteak (Irlanda eta Britainia Handia). Kanaria uharteak politikoki europarrak dira, baina geografiaren ikuspegitik, berriz, Afrikakoak dira.
- Mediterraneoan: Balear uharteak, Korsika, Sardinia, Sizilia, Malta eta Kreta; Zipre politikoki europarra da, baina geografikoki Asiatik hurbilago dago.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Europako geografia
- Europako itsasoak
- Europako ibaiak eta Europako hidrografia.