Udaberri Dantza Taldea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Udaberri dantza taldea» orritik birbideratua)

Udaberri dantza taldea (sorreran Udaberria dantzari taldea) 1957an sortu zen Tolosan, Gipuzkoa.[1] Xalbador Garmendia eta Felix Galdona apaiz sakramentinoak izan ziren sortzaileak, Sakramentinoen eliza inguruko auzoetako haurrekin, mutilak bakarrik hasieran.[2]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bordon dantza Tolosako Santa Maria plazan.

Tolosako Korazonistetako Aritz dantza taldeko Juanjo Mendizabal eta Jose Ramon Yarza izan ziren lehen dantza irakasleak, eta Ramon Urruzola eta Juan Inazio Elosegi, lehen txistulariak. Handik urte gutxira apaizak Tolosatik joan ziren eta txistulariak arduratu ziren taldeaz, entsaio lekua Sakramentinoetatik Oargira eta gero Elosegi txapel fabrikara aldatuz. Irakasle gehiago izan zituzten gero: Goizaldi taldeko Alfonso Gandiaga eta Iñaki Gordejuela, Oinkari taldeko Elkano eta Gastesi… 1963an Korazonistetan dantzan ari ziren neskak sartu ziren taldean, bere zuzendari zen Jose Ramon Artetak taldearen ardura hartuz. 1966n haur taldea osatu zen Jose Ramon Garikano txistulariaren ardurapean. 1970ean 25 emanaldi izan zituen Udaberrik Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan zehar eta TVErako programa bat grabatu zuen. 1971ean, Lizarrako emanalditik bueltan, istripua izan zuen taldea zekarren autobusak, hainbat zauritu izanik. Urte berean Udalak lokal bat utzi zion taldeari San Joan kalean. 1976an taldea ia desagertu egin zen, jende gutxi gelditu zelako, San Joan eguneko Bordon dantza eta Aurreskua mantenduz bakarrik. 1979an taldea “berpiztu” zen gelditzen ziren dantzariekin eta Harkaitz dantza taldetik ateratako beste kide batzuekin. Lehen lana Bordon dantza berrindartzea izan zen, ikerketa baten ondoren urte horretan jantzi eta koreografia berriak aurkeztuz, gaur egun arte mantendu dena. Hurrengo urteetan beste hainbat dantza ikertu zituzten, Berastegiko San Juan dantzak eta Bedaioko Ingurutxoa, besteak beste.

Entsegu eta emanaldiez gain, haur eta helduentzako dantza ikastaroak izan dira Udaberri taldearen beste zutabeetako bat, jende askori dantza erakutsiz Tolosan eta inguruko herrietan, horietako batzuetan dantza talde berriak sortuz. Haurren kasuan, Dantzari Txiki Egunetan parte hartzen dute ikastaro horietako ikasleek.

1982an, 25. urteurrenaren harira hainbat ekitaldi antolatu zituen: mahai-ingurua, aldizkaria, jaialdi berezia, bazkaria… 40. urteurrenean, 1997an, egoitza berria inauguratu zen Igaralde kalean eta Kultur Astea antolatu zen: hitzaldiak, mahai-ingurua, emanaldi bereziak, argazki eta jantzien erakusketa, bazkaria… 2007an, 50 urte bete zituenean, egitarau zabala antolatu zuen urte osoan zehar: erakusketak, Dantzari Txiki Eguna, erromeria, belaunaldi guztien kalejira-emanaldia eta bazkaria, desfile dantzatua, bertso afaria, beste taldeen emanaldiak, kontzertua, emanaldi berezia… 2017an, 60. urteurrenean, Kulunkan bideoa osatu zen, taldeko hainbat belaunalditako kideen adierazpenekin, eta dantza ikuskizun berezia eratu zuen, gero ETBko Oholtzan programan emititu zena.

Bere historian zehar taldeak Euskal Herriko zazpi herrialdeetako dantzak ikasi eta eskaini ditu jendaurrean, batez ere Gipuzkoa eta Nafarroakoak, beste herrialde guztietako hainbat dantza ere eginez.

San Joan jaietan protagonismo berezia izan du Udaberri dantza taldeak. Bezperako suan dantza ikuskizunak eskaintzen ditu herriko abesbatzekin batera. Eta San Joan egunean Bordon dantza eta Aurreskua eskaintzeaz arduratzen da[3]. Jai hauen aurreko egunetan hainbat urtetan Euskal Herria plazan egin izan diren jaialdi berezietan ere parte hartu izan du Musika Banda, Udal Txistulari Banda, herriko abesbatzak, antzerki taldeak eta beste hainbat musikarirekin batera.

Ibi (Alacant) 2009

Inauterietan ere parte hartu izan du hainbat karroza eta konpartsa kaleratuz, horietako asko euskal dantzekin erlazionatuta. Zaldunita bezperan euskal inauterien desfilea antolatu izan du. Eta taldeko txarangak ere parte hartu izan du Inauterietan.

Taldekideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2023an, hauek dira Udaberri Dantza Taldeko kideak[4]:

  • Mirari Altuna
  • Itsaso Andueza
  • Oihana Andueza
  • Irati Aramendia
  • Xabi Artola
  • Iosu Artutxa
  • Maialen Ayerza
  • Beñat Azaldegi
  • Leire Bengoetxea
  • Idoia Besada
  • Iker Dorronsoro
  • Uxue Dorronsoro
  • Julen Duhau
  • Mario Estanga
  • Irati Estarbe
  • Olaia Etxeberria
  • Beñat Etxeberria
  • Oier Gastesi
  • Mireia Gonzalez
  • Maialen Indakoetxea
  • Iñigo Irurzun
  • Nere Jauregi
  • Irati Jauregi
  • Josu Lizarralde
  • Oinatz Martinez
  • Uxue Muñoa
  • Miren Nazabal
  • Xanti Nazabal
  • Urko Odriozola
  • Iñaki Odriozola
  • Jon Olaetxea
  • Pau Ortiz
  • Malen Otaegi
  • Iraia Otxoa
  • Irene Plazaola
  • Ibai Romero
  • Libe Urdapilleta
  • Beñat Urruzola
  • Elene Vidaurre
  • Maddi Zubeldia

Ikuskizun bereziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

40. urteurrenean Larrain dantza egin zuen belaunaldia.
  • 1969. Euskal Show
  • 1982. XXV. urteurreneko jaialdia.
  • 1992 eta 1993. Xirulikan .
  • 1997. 40. urtebetzeko jaialdia.
  • 2000. Iruditan.
  • 2007. 50. urtemuga.
  • 2010. Erromeria (Galdakaoko Andra Mari taldearekin).
  • 2017. 'Gogoan' 60. urteurreneko jaialdia.
  • 2020. Gaur txantxo naiz.

Bidaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko herri askotan bere emanaldiak eskaintzeaz gain, Espainiar estatuan eta atzerrian ere aritu izan da Udaberri dantza taldea. Espainiar estatukoen artean aipatu behar dira Jaka (1983), Salamanca (1983), Xixon (1984), Tarragona (1984), Valladolid (1989), Santiago de Compostela (2001), Lugo (2003), Katalunia (2006), Valladolid (2010), Mallorca (2023)…

Eta atzerrian izandako emanaldien artean: Holanda (1974), Bretainia (1981 eta 1982), Alemaniako Errepublika Demokratikoa (1984), Irlanda (1987), Austria-Txekoslovakia (1988),Okzitania (1991), Hungaria (1992), Suitza (1992), Belgika (1994), Italia (1995), Normandia (1996), Okzitania (1998), Belgika (2008), Hungaria (2013), Portugal (2014), Italia (2015), Estatu Batuak (2022)...

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1957-2007 Udaberri, aldizkaria.
  1. udaberri. «Udaberri Dantza Taldea — dantzan.eus» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-02).
  2. «Historia» Udaberri dantza taldea (Noiz kontsultatua: 2021-12-02).
  3. dantzancom. «Egun batez 25. Bordon dantzaria naiz» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-02).
  4. «Taldekideak» Udaberri dantza taldea (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]