Urkizu etxea
Urkizu etxea | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Elorrioko hiri historikoa | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Elorrio |
Koordenatuak | 43°07′50″N 2°32′31″W / 43.13056841°N 2.54206926°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | |
Arkitektura | |
Estiloa | klasizismoa |
Ondarea | |
EJren ondarea | 53 |
Urkizu etxea Elorrion dago, Durangaldean (Bizkaia), bertako udaletxeari itsatsita, herriko plazaren ertz batean. 1620 inguruan eraiki zen, estilo klasizistan, eta urte batzuk geroago udaletxea atxiki zitzaion. Fatxada ederra dauka, zutabedun dekorazioarekin, eta Urkizu leinuaren armarria erakusten du. Ekialdeko fatxadan egurrezko begiratoki ikusgarria dauka, 1886an egindakoa.[1]
1918an Igartza familiak erosi zuen eraikina. Horregatik, zenbait tokitan Igartza jauregia ere esaten zaio gaur egun. XXI. mende hasieran, ikusita eraikina oso egoera txarrean zegoela, zaharberritu egin ziren eraikina bera eta baita begiratokia ere, originalaren arabera. Gaur egun Parra tabernak hartzen du eraikinaren bebarrua. Goiko solairuetan, berriz, etxebizitzak daude.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XVI, XVII eta XVIII. mendeetan Elorrioko zenbait familia buru-belarri sartu ziren Mundu Berriko merkataritzan, eta horrek dirua barra-barra ekarri zuen herrira, batez ere familia horien eskuetara. Eta familia horiek diruaren zati bat inbertitu zuten eraikin ikusgarriak egiteko. Urkizutarrek, esate baterako, oso boteretsuak herrian, zenbait jauregi egin zituzten, tartean hau.
Testuinguru hartan, herriko eliza eraiki zen 1459 eta 1506 artean, Bizkaiko handiena, iturri publikoak egin ziren, eta mugak markatzeko gurutzeak, oparo landuak.
1918an Igartza familiak erosi zuen eraikina. Gaur egun haien ondorengo batek kudeatzen du bebarruko negozioa.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fatxada nagusia, estilo klasizistakoa, hareharri-harlanduzkoa da. Sarreran zirkulu erdiko arku bat dago, zutabe banarekin alde bietan. Horiek lehen solairuko balkoiari eusten diote, eta hantxe, balkoi bien artean, Urkizu leinuaren armarria dago, non herensuge bi agertzen baitira, banda bati lotuta. Figura hori herriko armarri gehienetan agertzen da.
Arotzeriari dagokionez, nabarmentzekoak dira erlaitz landua eta alboko fatxadako begiratokia, 1886an egurrez egina bigarren solairuan. XXI. mende hasieran, ikusita eraikina egoera eskasean zegoela, zaharberritu egin zen, originalaren arabera. Zaharberritzeak 18 hilabete iraun zuen.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Urkizu etxea Zearsolo jauregi aldetik ikusita
-
Elorrioko udaletxea eta Urkizu etxea, elkarri atxikita
-
Urkizu leinuaren armarria, fatxada nagusian
-
Aspaldiko esakune bat fatxada nagusiko leiho baten gainean
-
Urkizu etxea atzeko albo batetik ikusita
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ondare zibila ikusgarria da Elorrion, batez ere arkitekturari dagokionez. Behin XV. mendean leinuen arteko gerrak atzean utzita, Elorrio aldatu egin zen: apurtu egin zen hiribilduaren harresia, eta herria errebaletara zabaldu zen, jarduera ekonomikoa bizkortu egin zen eta, ondorioz, “aberats berriak” agertu. XVI, XVII eta XVIII. mendeetan Elorrioko zenbait familia Sevillara joan eta buru-belarri sartu ziren Mundu Berriko merkataritzan —burdin fabrikatuen salerosketan bereziki—, eta horrek dirua barra-barra ekarri zuen herrira, batez ere familia horien eskuetara. Eta familia horiek diruaren zati bat inbertitu zuten eraikin ikusgarriak egiteko.
Horrek markatzen du, dudarik gabe, Elorrioko arkitektura zibilaren urrezko aroa, zeinak hartzen baititu XVI, XVII eta XVIII. mendeak batez ere. Horra Elorrioko eraikin zibil nabarmenen zerrenda bat, mendeen arabera banatuta:
XV. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Kanpokaleko Atea. Elorrioren harresiak zituen sei ateetatik hauxe da geratzen diren bietarik bat.
XVI. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aldapebeitiatxikia jauregia. Errenazentista.
- Arabio jauregia. Errenazentista. Fatxadan armarri ikusgarria du, marmol zuriz egina. Hegoaldeko fatxadan loggia bikoitza dauka.
- Ibarguen-Urkizu jauregia. Errenzentista.
- Iturbe jauregia. Errenazentista.
- Larreategi jauregia. Errenazentista. Karaktere gotikoz idatziriko harria du horma ertzean, 1542koa.
- San Fausto errebaleko etxea. San Fausto errebaleko zaharrena seguruenik.
- San Fausto errebaleko jauregia. Errenazentista.
- Suso errebaleko jauregitxoa. Errenazentista.
XVII. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aldapebeitia jauregia. Barrokoa.
- Altzerreka-Mendiola jauregia. Barrokoa.
- Arespakotxaga-Andueza jauregia. Barrokoa. Txintxirri izenaz ere ezagutzen da.
- Arespakotxaga-Azkarraga jauregia. Barrokoa.
- Arespakotxaga-Mendibil jauregia. Barrokoa. Eredutzat hartu zen herriko beste jauregi batzuk egiteko.
- Arriola jauregia. Barrokoa.
- Elorrioko udaletxea. Barrokoa
- Iturri jauregia. Barrokoa.
- Lariz jauregia. Barrokoa.
- Lekerika-Otsa jauregia. Barrokoa.
- Urkizu-Iturbe jauregia. Barrokoa.
- Urkizu-Tola jauregia. Barrokoa. Oinplano karratua du eta lau ertzetan, pinakuluak.
- Zearsolo jauregia. Barrokoa. Casajara izenaz ere ezagutzen da. Loggia ederra dauka eta balkoietako burdinaren eta teilatu-hegaleko zuraren lanketak arreta berezia eskatzen du.
XVIII. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Esteibar-Arauna jauregia. Barrokoa.
- Otsa jauregia. Barrokoa.
- Urkizu jauregia. Barrokoa.
XIX. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Olazabal jauregia. Neoklasikoa. Modet izenarekin ere ezaguna.
- Berriozabaletako iturria. Neoklasikoa. Manuel Plazido Berriozabalbeitia epaile elorriarrak agindu zuen iturria egitea bere auzokideen bizi-egoera hobetzeko.
XX. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Agirre Kerexeta, I. Bizkaiko herrien monografiak: Elorrio. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1992.
- Barrio Loza, J. A. (Dir) Bizkaia. Arqueología, Urbanismo y Arquitectura histórica. 3 volúmenes. Bilbao. 1989-1991.
- Barrio Loza, J. A. (Dir) Monumentos nacionales de Euskadi. Tomo III: Vizcaya. Departamento de Cultura del Gobierno Vasco. Zamudio: Elexpuru, 1985.
- Basterretxea Kerexeta, I. Hierro y palacios. Elorrio-Sevilla. Mercaderes elorrianos en Sevilla durante los siglos XVI y XVII. (2004)
- Fernández Altuna, José Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbao: Ibaizabal, 2004.
- Kerexeta, J. Linajes y casas solariegas de Elorrio. Elorrioko Udala. Bilbo, 1990.
- Leis Álava, A. I. "Arquitectura residencial culta en la villa de Elorrio". Cuadernos de Artes Plásticas y Monumentales. Ondare 24. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2005.
- VV. AA. Guía del patrimonio histórico artístico y paisajístico. Editorial Etor.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Elorrioko Udalaren webgunea.
- Azaleratu zure alde erromantikoa. Elorrioko Udala.