Berriozabaletako iturria
Berriozabaletako iturria | |
---|---|
![]() | |
Kokapena | |
Herrialdea | ![]() |
Probintzia | ![]() |
Herria | Elorrio |
Koordenatuak | 43°08′36″N 2°33′36″W / 43.1433257°N 2.5600928°W |
![]() | |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | |
Arkitektura | |
Estiloa | neoklasizismoa |
Berriozabaletako iturria Elorrion dago, Durangaldean, eta kokatzen da Berriozabaleta auzoan. Estilo neoklasikoan egindako iturria da. Herri-lan bikaina da, eta bi zerbitzu eskaintzen ditu: edateko ura eta latsarri publikoa, arropa-eta garbitzeko. Aldi berean, eremu bat sortzen du, egokia giza-harremanetarako.
Manuel Plazido Berriozabalbeitia epaile elorriarrak agindu zuen iturria egitea bere jaiotetxearen ondoan, Berriozabalbeitia baserria, elezaharrak dioenez, opari gisa bere emaztearentzat, berau inka jatorrikoa. Errealitatea, berriz, beste bat omen da. Alegia, Elorrioko legelariak progresoan sinesten zuela, eta eraikiarazi zuela Berriozabaletako iturria bere auzokideen bizi-egoera hobetzeko.[1]
Egin, Migel Barazibar arkitekto elorriarrak egin zuen, Domingo Iturrizaga hargin maisuaren diseinuarekin.[2]
1992-1993 urteetan Bizkaiko Foru Aldundiak zaharberritu egin zuen monumentu hau.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Manuel Plazido Berriozabalbeitia Berriozabaleta auzoan jaio zen, Berriozabalbeitia baserrian. Zuzenbide ikasketak amaituta, Peruko administrazioan lortu zuen plaza epaile gisa, eta han ibilbide luzea egin zuen. Hiru auzitegitan egin zuen lan nagusiki: Lima, Cusco eta Charcas. Peruk independentzia lortu ondoren, 1828an Manuel Plaziko Berriozabalbeitia metropolira itzuli zen.
1832 eta 1833 artean landa jauregi bat eraiki zuen iturrira doan bidearen ezker aldean. Geroago iturria bera eraikiarazi zuen. Halaber, Santa Katalina ermita lekuz aldatu zuen, gaur egungo kokapenera. Horra mezenas elorriarrak bere auzoaren alde egindako lanak.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iturria kokatzeko auzoaren beheko aldea aukeratu zen, ibarra. Helburua, berriz, bertako paisajea ederrestea. Auzotik bideraino galtzada labur bat dago. Galtzadaren goi aldetik ikusgarri agertzen da iturria. Galtzadak berak zutabe motzak ditu alde bietan iturriraino, bost metroko tartearekin batetik bestera. Gaur egun, zutabe horietako sei auzoko ermitaren aurreko aldean daude, eta zazpigarren batek aldareari eusten dio.
Galtzadaren amaieran harrizko terraza artifizial bat zabaltzen da, zirkuluerdi formakoa, Urkiolako mendietara begira. Monumentu honen elementurik garrantzitsuenak iturria eta latsarria dira, labaderoa. Beronen inguruan hemiziklo bat sortzen da, horma sendo batek babestua, eta bertan harrizko zazpi jarleku daude, garai batean auzotarren bilerak-eta egiteko. Bolumenak biribilak, sinpleak eta armonikoak dira, simetrian eta figura geometriko garbietan oinarrituak.
Iturri hau sortu zen gizakiek erabiltzeko. Horregatik, iturriaren sarrera bietan lau oztopo-harri daude, abereei sarrera oztopatzeko.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Berriozabaletako iturrira doan galtzada, alboetako zutabeekin
-
Berriozabaletako iturria goitik ikusita
-
Latsarria Berriozabaletako iturrian
-
Latsarria eta atzean, Anboto aldeko mendiak
-
Oztopo-harriak sarreretan, abereei sarrera oztopatzeko
-
Berriozabaletako iturria behetik ikusita
-
Iturriaren ahoa, lehoi baten irudia
-
Latsarria eta, atzean, galtzada
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ondare zibila ikusgarria da Elorrion, batez ere arkitekturari dagokionez. Behin XV. mendean leinuen arteko gerrak atzean utzita, Elorrio aldatu egin zen: apurtu egin zen hiribilduaren harresia, eta herria errebaletara zabaldu zen, jarduera ekonomikoa bizkortu egin zen eta, ondorioz, “aberats berriak” agertu. XVI, XVII eta XVIII. mendeetan Elorrioko zenbait familia Sevillara joan eta buru-belarri sartu ziren Mundu Berriko merkataritzan —burdin fabrikatuen salerosketan bereziki—, eta horrek dirua barra-barra ekarri zuen herrira, batez ere familia horien eskuetara. Eta familia horiek diruaren zati bat inbertitu zuten eraikin ikusgarriak egiteko.
Horrek markatzen du, dudarik gabe, Elorrioko arkitektura zibilaren urrezko aroa, zeinak hartzen baititu XVI, XVII eta XVIII. mendeak batez ere. Horra Elorrioko eraikin zibil nabarmenen zerrenda bat, mendeen arabera banatuta:
XV. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Kanpokaleko Atea. Elorrioren harresiak zituen sei ateetatik hauxe da geratzen diren bietarik bat.
XVI. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aldapebeitiatxikia jauregia. Errenazentista.
- Arabio jauregia. Errenazentista. Fatxadan armarri ikusgarria du, marmol zuriz egina. Hegoaldeko fatxadan loggia bikoitza dauka.
- Ibarguen-Urkizu jauregia. Errenzentista.
- Iturbe jauregia. Errenazentista.
- Larreategi jauregia. Errenazentista. Karaktere gotikoz idatziriko harria du horma ertzean, 1542koa.
- San Fausto errebaleko etxea. San Fausto errebaleko zaharrena seguruenik.
- San Fausto errebaleko jauregia. Errenazentista.
- Suso errebaleko jauregitxoa. Errenazentista.
XVII. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aldapebeitia jauregia. Barrokoa.
- Altzerreka-Mendiola jauregia. Barrokoa.
- Arespakotxaga-Andueza jauregia. Barrokoa. Txintxirri izenaz ere ezagutzen da.
- Arespakotxaga-Azkarraga jauregia. Barrokoa.
- Arespakotxaga-Mendibil jauregia. Barrokoa. Eredutzat hartu zen herriko beste jauregi batzuk egiteko.
- Arriola jauregia. Barrokoa.
- Elorrioko udaletxea. Barrokoa
- Iturri jauregia. Barrokoa.
- Lariz jauregia. Barrokoa.
- Lekerika-Otsa jauregia. Barrokoa.
- Urkizu etxea. Barrokoa.
- Urkizu-Iturbe jauregia. Barrokoa.
- Urkizu-Tola jauregia. Barrokoa. Oinplano karratua du eta lau ertzetan, pinakuluak.
- Zearsolo jauregia. Barrokoa. Casajara izenaz ere ezagutzen da. Loggia ederra dauka eta balkoietako burdinaren eta teilatu-hegaleko zuraren lanketak arreta berezia eskatzen du.
XVIII. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Esteibar-Arauna jauregia. Barrokoa.
- Otsa jauregia. Barrokoa.
- Urkizu jauregia. Barrokoa.
XIX. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Olazabal jauregia. Neoklasikoa. Modet izenarekin ere ezaguna.
XX. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Agirre Kerexeta, I. Bizkaiko herrien monografiak: Elorrio. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1992.
- Barrio Loza, J. A. (Dir) Bizkaia. Arqueología, Urbanismo y Arquitectura histórica. 3 volúmenes. Bilbao. 1989-1991.
- Barrio Loza, J. A. (Dir) Monumentos nacionales de Euskadi. Tomo III: Vizcaya. Departamento de Cultura del Gobierno Vasco. Zamudio: Elexpuru, 1985.
- Basterretxea Kerexeta, I. Hierro y palacios. Elorrio-Sevilla. Mercaderes elorrianos en Sevilla durante los siglos XVI y XVII. (2004)
- Fernández Altuna, José Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbao: Ibaizabal, 2004.
- Kerexeta, J. Linajes y casas solariegas de Elorrio. Elorrioko Udala. Bilbo, 1990.
- Leis Álava, A. I. "Arquitectura residencial culta en la villa de Elorrio". Cuadernos de Artes Plásticas y Monumentales. Ondare 24. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2005.
- VV. AA. Guía del patrimonio histórico artístico y paisajístico. Editorial Etor.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ 1970-, Uribe Urbieta, Kirmen,. Bilbao-New York-Bilbao. (Lehen argitaraldia. argitaraldia) ISBN 9788497836418. PMC 328300448. (Noiz kontsultatua: 2018-07-19).
- ↑ María., Molinuevo Zaballa,. (D.L. 2008). Elorrio. Bizkaiko Foru Aldundia, Ondare Historikoaren Zerbitzua = Diputación Foral de Bizkaia, Servicio de Patrimonio Histórico ISBN 8477524343. PMC 863180339. (Noiz kontsultatua: 2018-07-19).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Elorrioko Udalaren webgunea. https://web.archive.org/web/20180716165727/http://www.elorrio.eus/eu-ES/Orrialdeak/default.aspx
- Azaleratu zure alde erromantikoa. Elorrioko Udala. https://web.archive.org/web/20180630214117/http://www.visitelorrio.com/azaleratu-zure-alde-erromantikoa