Zerrenda:Egunkaria auziaren kronologia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hau da Egunkaria auziko kronologia[1]ː Orrialde nagusiaː Euskaldunon Egunkariaren itxiera

2003. URTEA

  • Otsailak 21. Egunkariako langileek Egunero egunkaria atera zuten. Lehen egunean 70.000 ale saldu zituen Egunerok, eta BERRIA atera artean iraun zuen (2003ko ekainaren 21ean sortu zen BERRIA; une hartan ia hamasei mila akziodun zituen).
  • Otsailak 25. Guardia Zibilaren esku bost egun inkomunikatuta egin ostean, Torrealdai, Uria, Oleaga, Auzmendi eta Alegria baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu zuen epaileak. Aldiz, Otamendi, Gomila, Lazkano eta Goia aske utzi zituen, bermea ordainduta. Zubiriari 72 orduz luzatu zion inkomunikazioa epaileak.
  • Urriak 20. Eneko Etxeberria Egunkariaren enpresako abokatua atxilotu eta inkomunikatzeko agindu zuen Del Olmok, Auzitegi Nazionalean bertan.
  • Urriak 21. Arrizabalaga, Diez, Etxeberria eta Hernandez bermerik ordaindu gabe libre geratu ziren. Sorozabal, Sors, Azkune, Larrarte eta Legarra, berriz, hamabina mila euro ordainduta. Denak inkomunikatuta eduki zituzten.

2004. URTEA

  • Abuztuak 2. Iñaki Uria izan zen Egunkaria auzia zela-eta aske geratzen azkena. 2004ko abuztuaren 2an atera zen, 450.000 euroko bermea ordaindu ondoren.
  • Urriak 15. Martin Ugalde Egunkariaren sortzaileetakoaren kontu korronteak desblokatu zituen Auzitegi Nazionalak, hura hil eta 11 egunera.
  • Azaroak 4. Auzipetze autoa kaleratu zuen Del Olmok: Torrealdai, Uria, Auzmendi, Otamendi, Zubiria, Oleaga eta Alegria auzipetu zituen instrukzio epaileak. Joxemi Zumalabe Egunkariaren sortzaileetakoa ere bai, hura hilik egon arren.
  • Abenduak 25. Auzipetzeak berretsi zituen epaileak, Joxemi Zumalaberena salbu. Defentsa abokatuek dei helegiteak aurkeztu zituzten zigor aretoan.

2005. URTEA

  • Urriak 19. Espainiako 61 diputatuk eta senatarik (EAJ, EA, Nafarroa Bai, CC, IU-IV-ICV, ERC, CiU, BNG, CHA taldeetakoak) Egunkaria-ren aurkako kasua artxibatzeko eskatu zuten, ebazpen baten bidez.
  • Azaroak 18. Egunkaria auzia ixteko eskatu zuten Eusko Legebiltzarrean EAJk, EAk, EBk, EABk eta Aralarrek.

2006. URTEA

  • Urtarrilak 26. Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko 2. Salak auzipetuen abokatuek jarritako helegiteak aztertu zituen.
  • Abenduak 15. Egunkariai ixteko arrazoirik eta deliturik ez zegoela aitortu, eta auzia ixteko eskatu zuen Miguel Angel Carballo Espaniako Auzitegi Nazionaleko fiskalak.

2007. URTEA

  • Martxoak 29. Egunkaria-ko hiru langile ohi inputatu eta deklaratzera deituta, auzi ekonomikoa berpiztu zuen Del Olmok.
  • Maiatzak 10. Egunkaria auzia (kazetaren itxierari buruzkoa) epaitzea erabaki zuen Auzitegi Nazionalak.
  • Ekainak 14. Fiskalak ez zuen akusaziorik aurkeztu kalifikazio idatzian.
  • Azaroak 28. Del Olmok auzi ekonomikoan epaiketa egitea erabaki zuen, prozedura laburtuaren bidez.
  • 2008. URTEA
  • Urtarrilak 24. Salak erabaki zuen auzi ekonomikoaren epaiketa Auzitegi Nazionalean egitea.
  • Otsailak 20. Egunkariaren itxieraren bosgarren urteurrena bete zen. Hainbat lagunek eta eragilek elkarretaratzea egin zuten urteurren hartan ere Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde Kultur Parkean. Eusko Jaurlaritzak berriro eskatu zuen auzia artxibatzeko.

2009. URTEA

  • Apirilak 15. Egunkariako auzi ekonomikoan hainbat eginbide berriro egiteko eskatu zuen Auzitegiak.
  • Maiatzak 13. Auzi ekonomikoko hiru inputaturi lehen aldiz deklarazioa hartu ondoren (Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendiri), auziarekin aurrera egitea erabaki zuen Eloy Velasco epaileak.
  • Ekainak 23. Kazetaren itxierari buruzko azkeneko auzi saioa egin zuten Auzitegi Nazionalean, 2. Salako epaimahaiaren aurrean (Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandez epaileek osatua). Carballo fiskalak auzia behin betiko ixteko eskaera egin zuen. Iñigo Iruin eta Jose Mari Elosua Egunkariako defentsa abokatuek ere bai. AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek epaiketa egiteko eskatu zuten.
  • Uztailak 30. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko 2. Salako epaimahaia Egunkaria auzia epaitzearen alde agertu zen, eta epaiketa egin egingo zen, hortaz. Pello Zubiria eta Xabier Alegria auzitik kanpo utzi zituen: aurrenaren kasuan iraungitutzat jo zuelako kasua eta bigarrenaren kasuan ETAko kide gisa lehen epaitu zutelako (18/98 auzian). Bost auzipetu geratu ziren, beraz: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga.
  • Uztailak 31. "Sekulan abandonatu ez gaituen euskal gizarteari bere laguntza, arnasa eta babesaren beharrean jarraitzen dugula esan behar diogu, hemendik epaiketara begira bereziki", adierazi zuten bost auzipetuek Andoainen egindako agerraldian. "Euskara sustatu izanaren errudun, euskal kultura sutsuki sustatu izanaren errudun, euskal komunikabidegintzan gartsuki jardun izanaren errudun... bai. Baina euskara sustatzeak, euskal kultura sustatzeak, euskal komunikabidegintzan jarduteak ez gaitu ETAkoak bihurtzen, tesi polizialak eta akusazio popularrak baieztatzen duen moduan".
  • Azaroak 26. Espainiako Auzitegi Nazionalak jakinarazi zuen abenduaren 15ean hasiko zela epaiketa.
  • Abenduak 15. Egunkariaren kontrako epaiketaren hasiera, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuek deklaratu zuten. Miguel Angel Carballo fiskalak ez zien ezer galdetu -bere garaian auzia ixteko eskatu zuen-, eta auzipetuek ziurtatu zuten Egunkariak ez zuela loturarik izan ETArekin. Babes handia jaso zuten Madrilen ere, Euskal Herriko eragile asko joan baitzen.
  • Abenduak 16. Epaiketaren bigarren saioa. Guardia zibilek deklaratu zuten; hiruk. Guardia Zibilak itxi zuen Egunkaria, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. Epaiketako bigarren egunean, fiskalak guardia zibilei ere ez zien ezer galdetu, eta horiek ez zuten frogarik aurkeztu.
  • Abenduak 19. Manifestazio erraldoia egin zen Bilbon, Egunkaria-ren epaiketaren aurka eta auzipetuen alde. Milaka eta milaka lagun batu ziren. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleagak orduan ere babes zabala eta askotarikoa jaso zuten. "Bildu beharra dauka herri honek", esan zuen Torrealdaik, auzipetuen izenean. "Ez dugu nahi gure aurkako zigorraren bitartez euskalgintzaren aurkako zigorrari bidea etorkizunean ireki diezaioten".

2010. URTEA

  • Urtarrilak 12. Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis, Jose Mari Dorronsoro eta Carmen Gisasola euskal presoek azpimarratu zuten ETAk ez zuela Egunkariaren sorreran parte hartu. Guardia zibilek adierazi zuten auziko atxiloketa garaia "normal" joan zela, eta ez zuten kazetaren eta ETAren ustezko loturaz orduan ere frogarik aurkeztu. Presoek eta guardia zibilek lekuko gisa deklaratu zuten, akusazioek eskatuta.
  • Urtarrilak 25. Egunkariaren independentzia eta pluraltasuna defenditu zuten defentsaren hiru lekukok: Iñaki Zabaleta Egunkaria Sortzen taldeko partaideak, Imanol Murua Uria kazetako langile ohi eta Egunkaria Sortzeneko kideak, eta Jose Luis Zinkunegi jesuiten buruak. Fernando Berridi defentsaren lekuko eta ABCko zuzendari orokorrak ere hitz egin zuen; El Diario Vascoko gerentea zela inprenta arloan izan zuen Egunkariarekin harremana "normala" izan zela zioen. Txomin Aizpurua ETAko kide ohi eta preso izandakoak adierazi zuen ez duela Egunkariaren sorrera garaiko txostenik ezagutzen -akusazioaren lekuko gisa deklaratu zuen-. Bi guardia zibilek ere deklaratu zuten, eta ez zuten frogarik aurkeztu.
  • Urtarrilak 27. Bukatutzat eman zituzten Egunkariaren aurkako epaiketako auzipetuen, bi aldeetako lekukoen eta perituen deklarazioak, eta Miguel Angel Carballo Espainiako fiskalak jakinarazi zuen ez zuela Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuen aurkako zigorrik eskatu. Auzibidean kasua artxibatzeko eskaera egin zuen fiskalak, deliturik ikusten ez zuela argudiatuta. Defentsak ere orduan ez zuen zigorrik eskatu. Aldiz, Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek bai; lehengo eskaerei eutsi zieten -12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak-. Egun hartako saioan bertan, defentsaren lekukoek berretsi zuten Egunkariak eta auzipetuek ez zutela ETArekin harremanik. Auzipetuei atzemandako agirien itzulpenetan akats ugari zeudela zioten defentsaren perituek. Guardia zibilen perituek ere deklaratu zuten eta, esaterako, esan zuten faltsua zela Egunkariaren akziodunen datu basea edota ETAk erabaki zuela Martxelo Otamendi zuzendari izendatzea.
  • Otsailak 1. Orduan bukatu zen Egunkariaren aurkako epaiketa, parteek Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiaren aurrean ondorioak irakurrita eta bost auzipetuek azken hitza esanda, eta epaiaren zain geratu ziren. Fiskalak eta defentsak auzipetuen absoluzioa eskatu zuten, haien aurkako frogarik ez zegoela iritzita. Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek, aldiz, 12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak egin zituzten auzipetuentzako. "Argi geratu da letra gizonak garela, ez arma gizonak", esan zuen Joan Mari Torrealdai auzipetuak bukaeran.
  • Apirilak 12. Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zituen Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Egunkariako itxiera kasuko bost auzipetuak, euren kontrako frogarik ez dagoela ebatzita. Absolbitu egin zuen, beraz, Egunkaria. Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandezek osatu zuten epaimahaia, eta aho batez hartu zuten erabakia. Sententziaren arabera, auzipetuek ez zuten deliturik egin eta ez zuten ETArekin loturarik eduki, itxiera neurria Espainiako Konstituzioaren babesik gabea izan zen, hedabideak demokrazian oinarrizko tresna dira eta itxierarekin adierazpen askatasuna urratu zen, Egunkariak ez zuen "terrorismoa" goresten, akusazioak frogarik gabekoak, ahulak eta oinarririk gabeak izan dira, eta atxilotuen inkomunikazio garaian ez zen kontrol judizialik egon -torturak eta tratu txarrak jaso izana salatu zuten-.
  • Apirilak 25. Itxiera kasuko bost auzipetuen eta Euskaldunon Egunkarian parte hartu zuten guztien izenean eskerrak emateko ekitaldia izan zen Bilbon, Euskalduna jauregian, musikari, dantzari eta bertsolariak lagun hartuta. Joan Mari Torrealdai auzipetuak gogoratu zuen auzi ekonomikoa zabalik dagoela eta hor ere absoluzioa behar dela. Kazetako langile ohien eta Egunkariaren aldeko batzordeetako ordezkariek ere hitz egin zuten (Euskal Herri, Espainia eta Herrialde Katalanetakoek). Ehunka herritarrez gain, euskal gizarteko ordezkaritza zabala izan zen eskertza ekitaldian.
  • Maiatzak 4. Egunkariaren itxiera kasuko absoluzio epaia behin betikoa eta irmoa bihurtu zen, AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek ez zutelako haren aurkako helegiterik jarri Espainiako Auzitegi Gorenean —bi elkarteok apirilaren 29an iragarri zuten ez zutela helegiterik aurkeztuko—. Apirilaren 12an jakinarazi zuen sententzia Auzitegi Nazionalak.
  • Maiatzak 5. Jose Maria Vazquez Honrubia Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor aretoko epaileak jakinarazi zuen Auzitegi Nazionalak ez zuela Egunkariako auzi ekonomikoaren aurkako epaiketa egingo, eta auzia Donostiako epaitegira igorriko zutela. Euskarazko kazetaren itxiera kasuko absoluzio epaiaren ondorioz, Vazquez Honrubiak ebatzi zuen auzian "delitu terroristaren" zantzurik ez dagoela, eta auzi ekonomikoan legokeen delitu bakarra ustezko iruzur fiskala litzatekeela —'ohiko delitua'—. Hori epaitzea ez denez Auzitegi Nazionalaren eskunduntza, auzia Gipuzkoara pasatzeko agindua eman zuen —Egunkaria-ren egoitza Gipuzkoan zegoen, Andoainen—. Gaia Auzitegi Nazionalean zenean, zortzi auzipetu zeuden auzi ekonomikoan, eta Dignidad y Justiciak 13 eta 26 urte arteko espetxe zigorrak eskatu zituen haientzat, baita 235 milioi euroko isuna ere.

2011. URTEA

  • Martxoak 1. Dignidad y Justicia elkartea Euskaldunon Egunkariaren auzi ekonomikotik kanpo utzi zuen Donostiako zigor arloko 3. epaitegiko epaileak eta, ondorioz, elkarteak ezingo zuen herri akusazio gisa aritu. Epailearen arrazoia: Dignidad y Justiciak ez du auzian esku-hartzeko zilegitasunik, elkartearen estatutuen arabera "terrorismoarekin" lotutako delituen kasuan bakarrik aritzeko helburua duelako, eta Egunkariako auzi ekonomikoan ez dago "terrorismoarekin" inolako loturarik. Elkarteak apelazio helegitea sartu zuen.
  • Abenduak 26. Donostiako Auzitegiak Euskaldunon Egunkariaren aurkako auzi ekonomikotik behin betiko kanpo utzi zuen Dignidad y Justicia eta, ondorioz, elkarte horrek ezin izan zuen herri akusazio gisa aritu. Auzitegiko 3. salako magistratuek zioten Dignidad y Justiciak "zilegitasunik" ez duela auzian parte hartzeko, bere estatutuen arabera "terrorismoarekin" lotutako delituen kasuan soilik aritzeko helburua duelako eta Egunkariako auzi ekonomikoak ez zuelako horrekin zerikusirik, kazetako itxierako absoluzio epaiak zioen bezala.

2012. URTEA

  • Urriak 16. Europako Giza Eskubideeen Auzitegiak Espainia kondenatu zuen, Martxelo Otamendi Egunkariako zuzendari ohiaren tortura salaketak ez zituelako behar bezala ikertu. 24.000 euroko ordainsaria ordaindu beharko dio Otamendiri.

2013. URTEA

  • Irailak 26. Foru Aldundiaren Urrezko Bereizgarriak saria jaso zuten Egunkariako langileek —Egin eta Egin irratiko langileek ere bai—. Albistea.

2014. URTEA

  • Apirilak 7. Auzi ekonomikoaren aurretiazko saioa. Artxibatzeko eskatu zuen defentsak. Zigor eskaerei eutsi zien Fiskaltzak.
  • Maiatzak 23. Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Epaitegiko epaileak auzi ekonomikoa artxibatzea erabaki zuela jakinarazi zuen auto batean (ekainaren 4an jakin zen albistea), ustezko delituak preskribituta daudela iritzita (diru laguntza publikoen iruzurra eta diru kontuen faltsutzea). Fiskaltzak Gipuzkoako Lurralde Auzitegian erreforma helegitea edo apelazioa aurkezteko aukera zuen.
  • Ekainak 4. Epaileak auzi ekonomikoa artxibatzea erabaki zuela jakinarazi zuen, ustezko delituak preskribituta daudela iritzita (diru laguntza publikoen iruzurra eta diru kontuen faltsutzea). Fiskaltzak Gipuzkoako Lurralde Auzitegian erreforma helegitea edo apelazioa aurkezteko aukera zuen.
  • Ekainak 11. Gipuzkoako Fiskaltzak auzi ekonomikoan apelazio helegitea aurkeztu zuen Gipuzkoako Lurralde Auzitegian (ekainaren 17an jakin zen), ustezko delituak preskribituta ez zeudela jota. Defentsak inpugnazioa aurkeztu zuen egun batzuetara.
  • Ekainak 17. Gipuzkoako Fiskaltzak auzi ekonomikoan apelazio helegitea aurkeztu zuen Gipuzkoako Lurralde Auzitegian ekainaren 11n (ekainaren 17an jakin zen), ustezko delituak preskribituta ez daudela jota. Defentsak inpugnazioa aurkeztu zuen egun batzuetara. Albistea
  • Ekainak 19. Auzipetuek auzi ekonomikoko fiskaltzaren jarrera salatu zuten, eta "bultzada politikoa eta atzerabidea" zeudela ohartarazi. Auzipetuen idatzia
  • Irailak 19. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko 3. sekzioak auzi ekonomikoan Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Epaitegiko epaileak emandako artxibo sententzia, fiskaltzaren helegitea eta defentsaren inpugnazioa aztertu zituen.
  • Urriak 14. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko 3. sekzioak itxi egin zuen Egunkariako auzi ekonomikoa, Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Epaitegiko epailearen erabakia berretsita. Orduan bukatu zen, beraz, Egunkaria auzia —aurrez, 2010ean, Espainiako Auzitegi Nazionalak itxiera kasuko epaiketan absoluzioa eman zuen—.
  • Urriak 17. Egunkaria auzian auzipetu eta inputatu izan zirenek eskertza ekitaldia egin zuten Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean, auzia bukatu zela eta. Eskerrak eman zizkieten defentsa abokatuei, Euskal Herriko gizarteari eta Kataluniakoari, 11 urtean emandako babesagatik. Halaber, gertatutako erasoa ez ahazteko eskatu zuten, eta "memoria aktiboa" izateko aurrerantzean. Gogoratu zuten Espainiako Estatuaren aldetik ez zutela kalteordainik eta barkamen eskaerarik jaso.

2015. URTEA

  • Abenduak 6. Egunkaria-ren 25. urteurrena bete zen, eta euskarazko kazeta sortzeko prozesuari buruzko dokumentala aurkeztu zuten, Durangoko Azokan: Gaur ateak irekiko ditu. Zuzendaria, Eriz Zapirain. Ondoren, ekitaldi bat egin zuten, baita 25 urte hauetan proiektuko langile eta kontseilukide izandakoen bazkari bat ere. Gogoratzeko eta ospatzeko eguna izan zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]