Martxelo Otamendi Egiguren (1957koabenduaren 9a, Tolosa, Gipuzkoa) euskal kazetaria da. Euskaldunon Egunkariaren zuzendaria izan zen, 1993ko ekainaren 9tik —ia egunkari haren sorreratik— 2003ko otsailaren 20an bortxaz itxi zuten arte. Horren ondoren Berria egunkaria zuzendari izan zen bere sorreratik 2023ko ekainean erretiroa hartu zuen arte.[1][2]
2025eko ekainetik MIDAS (Minority Dailies Association) elkarteko lehendakari.[3]Europako hizkuntza edo hiztun gutxituen nahiz eremu urrikoen egunkarietako eta hedabideetako erakundea da MIDAS..[4]
Euskara irakasle eta kazetaria Euskal Telebistan (1984-1993)
Euskara-irakasle izan zen hasieran, hasierako Korriken antolaketan ere parte hartu zuela. Tolosako euskaltegiko zuzendaria ere izan zen geroago.[5]
1984an kazetaritzan hasi zen, EginenEgun on eranskinean Frankie Taipseudonimoa erabiliz. 1987tik 1989ra, Euskal Telebistan aritu zen lanean, Tolosako Udal Euskaltegian bi urteko eszedentzia eskatuta. 'Txoria dut maite' programaren ardura hartu zuen bere gain. Ondoren, 'Aste ero' asteroko saioko zuzendaria izan zen. ETBko lanak promozionatzea izan zen Otamendiren orduko lan nagusia. Jaioterriko Galtzaundi Euskara Elkartean ere buru-belarri murgildu zen. ETBn barne ekoizpena eragiteko aukera izan zuen bi urtetan, eta Boisera (AEB) jo zuen ondoren. Tolosako euskaltegira lanera itzuli zen handik, eta ETBko 'Babel' programa egin zuen urtebetez. Euskaltegia utzi, eta 'Egonean giro' magazina zuzentzeari ekin zion ETBn; 1991 urtea zen, eta urte eta erdiz bete zuen lan hura. Urte hartan udan gazteentzako 'Rockibili' saioa ere egin zuen.[6][5]
1990eko abenduaren 6an argitaratu zen Euskaldunon Egunkaria-ren 1. zenbakia. Hasiera hartan Pello Zubiria izan zen zuzendaria eta Iñaki Uria zuzendariordea. Baina 1993an Zubiria Argia aldizkarira itzuli zenean Martxelo Otamendik egunkariko zuzendaritza hartu zuen. 2003ko otsailaren 20ra arte, Guardia Zibilak kazeta itxiarazi zuen arte.[7][8]
Euskara hutsezko egunkari bakarra izango zena sortzea prozesu eredugarria eta emankorra izan zen, urte gutxi lehenago inor gutxik uste baitzuen ekonomikoki bideragarria izango zenik.[9] Baina sortzea bera bezain eredugarria izan zen egunkariaren iraupena eta hobekuntza hurrengo urteetan. Hasi zenekoan 32 orrialde baino ez zituen biltzen; Otamendik egunkaria hamar urtez zuzendu ondoren, zarratu zutenean, 60 orrialde inguru ziren, aparteko eranskinak kontuan hartu barik.[10] Gainontzeko egunkarien moduko egituraketa zuen: Iritzi saila, Euskal Herriko politika eta gizartea, Nazioartekoa, Ekonomia, Kirolak, Kultura... Guardia Zibilak egunkaria itxiarazi baino ordu batzuk lehentsuago 2003an Azpeitiako Aitonenan hitzaldi batean Otamendik azaldu zuen 9.000 erosle izatera heldu zirela, eta kopuru hori handitzeko hausnarketa egiten zirela.[11] Bi hilabete lehenago Internet-ekarpenak goraipatzeko Buber saria jaso zuen Euskaldunon Egunkariak Interneten euskara garatzeko egindako lanagatik.[12]
ETAri laguntzea leporatuta, 2003kootsailaren 20anEuskaldunon Egunkaria ─euskara hutsean argitaratzen zen egunkari bakarra─ ixteko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta Egunkaria-ko zuzendaritzako hamar kide atxilotu zituzten. Honek guztiak iskanbila sortu zuen euskal gizartean, batetik erabakiak neurrigabetzat eta eskubideen zapalketatzat jo zituztelako, eta, bestetik, hamar atxilotuetako bostek torturak eta tratu txarrak salatu zituztelako. Otamendik tortura latzak salatu zituen.[13][14]
2010ean, Auzitegi Nazionalak Otamendi akusazio haietaz guztiez absolbitu zuen Xabier Oleaga, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Joan Mari Torrealdai lankideekin batera. Epaiak Torrealdai, Otamendi, Uria, Auzmendi eta Oleaga errugabe zirela onartu zuen, akusazioen argudioak gogor kritikatuz eta ETArekiko lotura ukatuz. Baina auzi ekonomikoak aurrera segitu zuen.
Euskaldunon Egunkariaren itxieraren ondorioz, protesta, diru-bilketa eta manifestazio erraldoiak antolatu ziren. Gizartearen erantzuna hain izan zen jendetsua, non lau hilabeteko epe laburrean Berria egunkaria sortuko zen, eskaera sozial horri erantzuteko asmoz. Euskaldunon Egunkaria itxi eta lau hilabetera, 2003koekainaren 21ean, Berriaren lehenengo zenbakia kaleratu zen eta Otamendi zen zuzendaria.[28][29]
2003az geroztik, Otamendi zuzendari, hobekuntza-prozesu ugari[1] izan ditu egunkariak. Besteak beste hauek:
Hasiera-hasieratik edizio digitala ere badauka Berriak papereko edizioaz gain.
2010ean lurraldetako Hitzak jaio ziren: Gipuzkoako Hitza, Bizkaiko Hitza, Iparraldeko Hitza, Nafarroako Hitza eta Arabako Hitza. Azken horrek 2016anArabako Alea aldizkariarekin bat egin zuen eta Alea.eus proiektua jarri zuten abian.
Atal bereziak argitaratzen ditu: astearteetan "Tantoa" osagarria, asteburuan izandako kirol-informazioarekin; larunbatetan "Bizigiro" atala eta umeentzako "Mantagorri" gehigarria; eta igandeetan kulturari buruzko "Nasan".
Martxelo Otamendik Euskal Herriko asteko kronika labur bat idazten du igandero. Lehen Enbaxada bila atalean egiten zuen, eta orri berean alboan azaltzen zen Vilaweb-eko zuzendaria den Vicent Partal-ekKatalan Herriei buruz egiten duena.[31] 2020tik Nos Diarioko zuzendari Maria Obelleirorekinere idazten dute Zuzendarien Galeusca atalean. Hiru zutabe horiek Vilaweb-en eta Nos Diario-n ere argitaratzen dira, katalanez (Galeusca de directors) eta galizieraz, hurrenez hurren.[32][33][34]
Hobekuntza horien ondorioz, 2017an Berriaren paperezko edizioak 58.000 irakurle zituen eta Internet edizioak 46.000.[35]
30 urte zuzendari izan ondoren, 2023ko uztailean erretiroa hartu zuen eta BERRIA Taldearen akziodunen batzarrean jakinarazi zen Amagoia Mujika izango zela zuzendari berria.[36][1]
Munduan dagoen lanbiderik politena da kazetaritza. Oso motibagarria da, inguru eroso batean behintzat. Elkarrizketa bat egin, biltzar batera joan... finean, pribilegiozko lan bat da kazetariarena, zure ezagutza zabaltzeko eta jende interesgarri askorekin egoteko aukera ematen dizulako, izan kulturan, kirolean edo beste edozein sailetan. Lan polita eta pasiozkoa da.
2005: "Rikardo Arregi" Kazetaritza Sarietako ohorezko aipamena eskuratu zuen.[44]
2014: Tinko saria.
2018: "Rikardo Arregi" Kazetaritza Sarien 30. urtemugan sariketa berezia antolatu zuen Andoaingo Udalak, eta 30 urte horietako komunikazioaren 10 mugarri saritzea erabaki zuten. 10 horietako bat izan zen Euskaldunon Egunkaria / Berria bikotea, eta Martxelo Otamendi bateko zein besteko zuzendariak jaso zuen saria. Horrela esan zuen epaimahaiak: "Funtsezkoa da hedabide honek euskararen biziberritzeari eta informazioa euskaraz jasotzeko eskubideari egindako ekarpena. Eta erabakigarria, orobat, euskarari prentsa idatzian eta Interneten egindako lekua. 2003an bidegabeki itxi zuten arren, gaur egun Berrian bizirik dirauen mugarria da Euskaldunon Egunkaria".[45]
2023: Euskal Kazetaritzako Ibilbide Profesionalaren saria jaso zuen Bilbon, Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak emanda, Bizitza osoa «euskararen eta euskarazko kazetaritzaren» alde egiteagatik eman zioten, Egunkaria eta Berria egunkarietako zuzendari ohia, eta Espainiako prentsa idatziaren zuzendarien dekanoa izateagatik beste arrazoi batzuen artean. Sari horretako beste sarituak hauek izan ziren: Silvia Intxaurrondo, Euskal Kazetariak kategorian; Jordi Évole, Adierazpen Askatasunaren José María Portell Saria kategorian; EITBrenPrimeran plataforma, Kazetaritza Digitala saria; Iñaki Petxarroman, Ingurumen Kazetaritza atalean; Marivi Ibarrola, Fotoperiodismo sariarekin; eta Cadena SER-Radio Bilbao, 90. urteurrenean, Pertsonaia edo Erakunde Soziala kategorian.[46][47][48][49]
2025: Martxelo Otamendi. Handira jotzeko kazetaritza liburua ondu zuen Garbiñe Ubeda kazetariak.[2]