Alemaniar Ginea Berria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Alemaniar Ginea Berria
Deutsch-Neuguinea
1884 – 1918
Alemaniako kolonia
Alemaniar Ginea Berriko bandera

Alemaniar Ginea Berriko armarria

Germaniar Ginea Berriko lurrak
Geografia
HiriburuakHerbertshöhe (Kokopo)
Simpsonhafen (Rabaul, 1910tik aurrera)
Ekonomia
DiruaGoldmark
Kultura
Hizkuntza(k)Alemana eta jatorrizko hizkuntzak
Historia
Kolonizazioa1884ko azaroaren 3a
Versaillesko Ituna1918ko ekainaren 28a
Aurrekoa
Espainiar Ekialdeko Indiak
Ondorengoak
Hegoaldeko Ozeano Bareko Agintea
Britainiar Salomon Uharteak
Zeelanda Berria
Ginea Berriko Lurraldea

Alemaniar Ginea Berria (alemanez Deutsch-Neuguinea) Alemaniar Inperioaren protektoratua izan zen 1884tik 1914ra. Ginea Berria uhartearen ipar-ekialdea (alemanez: Kaiser-Wilhelmsland) eta gertuko zenbait uharte talde hartzen zituen.

Lurraldeak

Alemaniar Ginea Berriaren lurralde nagusia Kaiser-Wilhelmsland zen, Ginea Berriaren ipar-ekialdeko zatia, gaur egun Papua Ginea Berriaren zati. Kaiser-Wilhelmslandetik mendebaldera dauden Bismarck uhartediko uharteak ere protektoratuaren barnean zeuden.

Bestalde, Alemaniak Ozeano Barean zituen lurralde gehienak, Alemaniar Ginea Berriaren zati ziren: Salomon uhartediko Buka, Bougainville eta zenbait uharte txiki, Karolinak, Palau, Marianak (Guam izan ezik), Marshall uharteak eta Nauru. Orotara, Alemaniar Ginea Berriak 249.500 kilometro koadroko eremua hartzen zuen.

Lurraldea Urteak Eremua Gaur egungo herrialdea
Kaiser-Wilhelmsland 1884–1919 181.650 km²[1] Papua Ginea Berria
Bismarck uhartedia 1899–1919 49.700 km² Papua Ginea Berria
Buka 1899–1919 492 km²[2] Papua Ginea Berria
Bougainville 1899–1919 9.318 km² Papua Ginea Berria
Palau 1899–1919 466 km² Palau
Karolinak 1899–1919 2.150 km²[3] Mikronesiako Estatu Federatuak
Palau
Nauru 1899–1919 21 km²[4] Nauru
Marianak 1899–1919 461 km² Ipar Marianak
Marshall uharteak 1899–1919 181 km²[4] Marshall Uharteak
Alemaniar Samoa 1900–1919 2.842 km² Samoa

Historia

1828an Herbehereek Ginea Berriaren mendebaldeko erdia, 141º meridianotik mendebaldera, beretu zuten; baina, 1880ko hamarkada arte, Europako herrialde bakar batek ere ez zituen ekialdeko lurrak bereganatu. 1883an, Queensland britainiar kolonia (Australia), jabetu zen Ginea Berriaren hego-ekialdeaz, britainiar gobernuaren nahien aurka. Horrek Alemaniaren arreta piztu zuen uhartearen hego-ekialdearen gainean, eta 1884ko azaroaren 3an alemaniar bandera jaso zuen Kaiser-Wilhelmslanden, Bismarck uhartedian eta Salomon uharte alemaniarretan. 1885eko urriaren 15ean, Marshall uharteak beretu zituen[5].

1899ko apirilaren 1ean, Alemaniako gobernuak hartu zuen lurralde hauen jabetza, eta lurraldea protektoratu bihurtu zen. Urte bereko uztailaren 30ean Espainiarekin sinatutako hitzarmen baten bitartez, Ozeano Bareko zenbait uhartediren kontrola erdietsi zuen Alemaniak, eta protektoratuari batu zizkion[5].

1914ko irailean, Lehen Mundu Gerra piztu bezain laster, australiar tropek Kaiser-Wilhelmsland eta inguruko uharteak bereganatu zituzten, Karl von Klewitz-ek eta Robert von Blumenthalek zuzendutako erresistentzia labur baten ondoren. Aldi berean, Japoniak Ozeano Bareko gainontzeko uharteak hartu zituen[5].

Gerra ostean, 1919ko Versaillesko Itunaren ondorioz, Alemaniak bere kolonia guztiak galdu zituen, Alemaniar Ginea Berria barne. Hau, Ginea Berriko Lurraldea izena harturik, Nazioen Ligaren mende eta Australiaren administraziopean egon zen, 1949an Papuako Lurraldearekin elkartu zen arte.

Erreferentziak

  1. Mercier, Vincent. Prins Diamant: het tragische verval van een wereldimperium. books.google.es (Noiz kontsultatua: 2016-10-19).
  2. Buka Island. britannica.com (Noiz kontsultatua: 2016-10-19).
  3. The Pacific War Online Encyclopedia. pwencycl.kgbudge.com (Noiz kontsultatua: 2016-10-19).
  4. a b Rank Order – Area. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2016-10-19).
  5. a b c Deutsch-Neuguinea. deutsche-schutzgebiete.de (Noiz kontsultatua: 2016-10-19).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alemaniar Ginea Berria Aldatu lotura Wikidatan