Alexander Pope

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Alexander Pope
Alexander Pope idazlea

Alexander Pope (Londres, 1688ko maiatzaren 21a - Twickenham, 1744ko maiatzaren 30a) ingeles poeta eta saiakeragilea izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Merkatari dirudun batzuen etxean jaio zen. Binfielden hazi zen, Windsorreko basotik hurbil, eta haurtzaro koitadua izan zuen: txikia eta korkoxa zen, eta Potten gaitza edo hezurretako tuberkulosia zuen.

Familiatik katolikoa zenez, lehenik apaiz bat izan zuen irakasle, etxean, eta gero, bizpahiru eskola katolikotara joan zen, baina, batez ere, hezkuntza autodidakta izan zuen. Saiatua eta oso langilea, gaztetxotatik hasi zen latinez, grekoz, frantsesez eta italieraz irakurtzen, eta oso lagungarri izan zitzaion hori klasikoak ezagutzeko eta kultura zabal batez jabetzeko. Gainera, beti olerkiak idazten aritzen zen, irakurtzen zituen poeta handiak imitatu nahian. Hala, hamasei urterekin, Pastorals (Pastoralak) idatzi zuen eta lan hari esker ezagutu zuten Londresko literatura zirkuluetan. Essay on Criticism (1711, Kritikari buruzko saiakera) izan zen Popek hurrena argitaratu zuen lana, eta saiakera horren merezitako harrera onari esker sartu zen Addisonen eta Will's kafe ospetsura biltzen ziren idazleen zirkuluan.

Poperen handik aurrerako bizitza arrakasta jarraipen bat izan zen, aldian behin lankide, arerioen aurkako mokokaldi bortitzak tartekatzen baziren ere. The Rape of the Lock (1712-1714, Ile-kiribilaren lapurreta) argitaratu ondoren -aretoetako bizitzari buruzko olerki heroiko-komiko bat-, haren bizitzako obra handia izango zenari lotu zitzaion : Homero itzultzeari, alegia. 1715etik 1721era bitartean argitaratu zen Iliad (Iliada), eta 1725-26an Odyssey (Odisea).

Esan bezala, katolikoa eta kontserbadorea zen, eta oso urrundu zen Addison liberalarengandik, honen lagun pastoralgile batzuk jipoitu ondoren, eta Swift kontserbadorearen zirkuluan sartu zen. 1613-14 inguruan "Scribblerus Club" izenekoa sortu zuen Jonathan Swift, John Gay, John Arbuthnot, Thomas Parnell, eta hesteren batekin, eta kolektibo hark satirazko panfleto ugari argitaratu zituen klanaren politika eta literatur arerioen aurka. Talde hura izan zen Poperen euskarri nagusia Homero itzultzen zuen bitartean, ez baitzitzaion aurkaririk falta: argitaratzaile arerioak (Thomas Tickell izeneko baten Iliada argitaratu zuten Poperena baino bi egun geroago, nahiz eta ondotxoz kaskarragoa izan), lankide jeloskorrak (Dennis), edota kritikari zintzoegiak (Theobald, Shakespeareren argitaratzailea). Hain zuzen ere, azken hori izan zen Poperen lehen satira handiaren protagonista: The Dunciad (1728, Astakirtenada). Epopeia heroiko-komiko bat da, Theobalden aurka zuzendua. 1743an, The New Dunciad argitaratu zuen, azken hau Colley Cibberren aurka (liberala eta poeta laudatua). 1730 aldera, Popek bertsotan jarri zituen Bolingbrokeren eta Shaftesburyren irakatsiak Essay on Man (1733; Gizonari buruzko saiakera) eta Moral Essay (1734; Moralari buruzko saiakera) izeneko liburuetan. Geroago, Epistles eta Satires idatzi zituen, Horazioren modura. Twickenhamen hil zen 1744ko maiatzaren 30ean.

Ingalaterrako poeta neoklasiko handientzat hartzen den honek, areto, hiri eta gizarte bizitzaren poeta izan arren, gizartetik bazterturik eta Londrestik kanpora bizi behar izan zuen. Katolikoa zen, izan ere, eta hori zela-eta, hiriburuko bizitzatik at geratu zen, eta ezin izan zuen, esate baterako, unibertsitatean ikasi.

Pope oso eztabaidatua izan da. Batzuen ustez, elbarri hipokrita gaizto bat zen, ezten zorrotzeko "liztor" bat. Beste batzuek, aldiz, haren adiskidetasun iraunkorrak, eta oinazearen eta bizitzako oztopoen aurrean erakutsi zuen estoizismoa azpimarratzen dituzte. Haren lagun Swiftek bezala, maiteago zituen gizakiak gizadia baino, eta idatzi zituen eskutitzetan ikusten da gehiago haserretzen zuela pertsona batzuen harrokeria ergelak, gizakiaren izaerak baino.

Arretaz irakurtzen duenak sentimental bat aurkituko du harengan, Shaftesbury deistaren jarraitzaile bat. Agian katolikoa zelako, halako eszeptizismo trufari samar bat nabaritzen zaio, aldi berean tolerantea bazen ere. Erromantizismoaren ezaugarri behinenetakoa gizartearen eta finkatutako literatur formulen aurka altxatzea izan zen bezala, Pope, aldiz, neoklasizismo ingelesaren ordezkari perfektua da. Horazioren jarraitzailea zen olerkigintzan, erabat ados zegoen bere garaiko gizarte arauekin eta ideia estetikoekin, eta adostasun hori haren obra anitz eta aberats guztian islatzen da.

Poperen olerkigintza, oso intelektuala, benetako gozamen bat da arimarentzat.

Poesia orekatua eta narea da harena, eta irudimen kartsu haina diziplinatua du azpian. Artista osoa eta arduratsua, fina baina kementsua, gizalegearen eta prestutasun intelektualaren eredu da Pope. Inor ez da hura bezain kontziente izan poetaren duintasun jasoaz eta poetak gizartean eta hirian jokatzen zuen paperaz; inork ez du izan hark baino nahi handiagorik ideia argi eta gardenak arau zorrotzetara errenditzen zen forma poetikoarekin perfekzioz ezkontzeko, haina bazekien, halaber, aldaerak eta apaindurak askatasunez eta ausardiaz erabiltzen ere.

Poeta eta moralista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuen ustez lastima handia da Popek bere talentua Homero itzultzen alferrik galdu izana. Kontuan izan behar da oso ongi ordaindutako itzulpengintza zela eta bizimodua eta independentzia irabazteko hartu zuela Popek lan hura. Segur aski, historia osoan ondoen ordaindu diren itzulpenak izan dira (10.000 libera esterlina inguru), eta haiei esker erosi zuen Popek aurrean aintzira bat zuen Twickenhamgo etxe zoragarria eta inguruko lur sailak. Baina dena ez zen diru sarrera soila izan. Homero itzultzeko poeta askoren lanaz baliatu bazen ere, arreta berezia jarri zuen Popek bere lanean: dena behin eta berriro aztertzen zuen eta lan osoari bere marka propioa ezarri zion.

Homeroren itzulpenak egundoko garrantzia izan du ingelesezko literaturan: estilo-eredu bat bilakatu zen, eta lan hartan bilatu behar da, batez ere, "esaera poetikoaren" jatorria. Imitazioa modan zegoen garai hartan, XVIII. mendearen bigarren erdiko olerkariak Poperen estiloan inspiratu ziren, eta haren izen konposatuak, abstrakzioak eta erretorika irudiak zeuden-zeudenean kopiatu zituzten.

Zuzenean adierazi ez bazituen ere, haren Essay on Criticism saiakeran garbi antzematen dira autorearen posizio estetikoak.

Azterketa morala hartzen du jarduera poetikoaren xede bakartzat, arrazoiaren kontrolpean, betiere. Arrazoiak diziplinatu behar du izadia. Ideiaren adierazpenak perfektua izan behar du, zuzenketa zuzenketaren gainean egin behar bada ere.

Gaitasun intelektualei giza gaitasunak gehitu behar zaizkie: olerkari idealak ontasuna eta jakintza uztartu behar ditu. Modu horretan bakarrik izango da perfektua adierazpen poetikoa. Pope fidagaitz agertzen da askotan irudimenarekiko, baina ez du baztertzen, kontrolpean hartu baizik.

Satiretan jaregiten dio Popek, gehienbat, irudimenari. Hark idatzitako zenbait Epistola eta Satiratan ikusten da, antzinako ereduak jarraituz idatzita badaude ere, gaiak eta formak eraldatu egin direla olerkariaren alkimiari esker, guztiz moderno eta original bilakatzeraino.The Dunciaden, Popek haserre erasotzen du berak ergelkeria deitzen dion erdipurdikokeriaren aurka. Satira luze hori "Scribblerus Club"eko kideek idatzitako idazlan multzo batera Popek egindako ekarpena da. Horregatik, Gayren Eskalearen operarekin eta Swiften Gulliverrekin irakurri behar da.

Poperen erasoak, esan bezala, erdipurdiko idazleen aurka zuzenduta daude, baina haiekin batera, gizakiaz, gizarteaz eta arteaz Popek zuen ideia jasoari kalte egiten zion guztiari egin zion eraso : alderdikeriari, literatura kaskarrari, eta, batez ere, gustu txarraren, zentzugabekeriaren eta moraltasun ezaren ama den ergelkeriari. Nolanahi ere, uste izatekoa da genero sasi-epikoak eta "Scribblerus Club"ean bizi zen giroak eragin handixkoa izan bide zutela Poperengan, eta ikusten da, hainbat alditan, urrunegi eraman zuela bere egoskorkeria. Hurbilagotik begiratzen bazaio berehala ohartzen da bat Pope ez zela egiaz hain misantropoa.

Aldiz, zuzenagoa da XVIII. mendeko ingeles moralista handien sailean sartzea, Fielding eta Jonsonekin batera, esate baterako, azken hauek ere gehiago salatu baitzituzten hipokresia eta hantustekeria, giza izaeraren berezko gaiztotasuna baino.

Essay on Man guztiz argia eta bakuna da. Islatzen den pentsamendua ez da originala, ordea, eta, batzuetan, oso koherentea ere ez. Asko zor die garai hartako filosofiei: deismoari, sentimentalismoari eta latitudinarismoari.

Popek Hobbesengandik ateratako hainbat ideia arrazionalista ere sartu zituen. Gai eta teoria mosaiko horretan, Popek oso maiteak zituen zenbait ideia, eta garai hartan hain ohikoa zen baikortasuna ere antzematen dira. Poetaren ikuspegitik, Jurgi II.aren garaiko Ingalaterra bezain gizarte egoera perfektua zuen toki batean gizonak gizadi osoaren zerbitzuan jarri behar zuen osoki, eta gizakiaren joera egoistak ere onbide publikoaren mesedetan ziren.

Hizkeraren perfekzio klasikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Imitatzailea eta itzultzailea alde batera utzirik, satira idazle partzialegitzat eta moralista hutsalegitzat jota ere, irakurleak ezingo du aintzat hartu gabe utzi olerkigile handia, eta, segur aski, The Rape of the Lock poema da esandakoaren froga behinena.

Argumentua, benetako pasadizoa, hutsala da: lord batek ile-kiribil bat osten dio neska eder bihotz-gogor bati, honen haserrea pitzaraziz, haina ile-kiribila zeruko izar bihurtzen da. Gizartearen deskripzioa, interesgarria, pasartearen atze-oihal baino ez da. Olerkiaren balio nagusia Poperen artean datza. Poema heroiko-komiko honetan ingelesen bihotzetan oso maitea zen elementu magiko bat sartu zuen: silfo edo iratxoak, baina Poperen poemako izaki mitologiko horiek gehiago zor diote Shakespeareren Arieli antzinate klasikoko mitologiari baino.

Maisu handia zen Pope poetikako erremintak erabiltzen. Hala, perfekzioraino eraman zuen bi dekasilabo errimatuen teknika.

Erritmoz eta errimaz erregularra bada ere, distiko mota hau, Poperen eskuetan, guztiz zalua eta arina bilakatu zen. Popek etenak sartzen ditu, erritmo anapestikoak edo trokaikoak, bere gogoko intentzioak azpimarratzeko, bere asmakizunak balioztatzeko eta bere arimaren ezaugarriak nabarmentzeko.

Poperen bertsoak, hala, zehaztasunaren eta kontzentrazioaren mugaraino iristen dira.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1700: Ode on Solitude
  • 1709: Pastorals
  • 1711: An Essay on Criticism[1]
  • 1712: Messiah
  • 1712: The Rape of the Lock (1714an gehitua)[1]
  • 1713: Windsor Forest[1]
  • 1715–1720: Iliadaren itzulpena[1]
  • 1717: Eloisa to Abelard[1]
  • 1717: Three Hours After Marriage, beste idazleekin batera.
  • 1717: Elegy to the Memory of an Unfortunate Lady[1]
  • 1723–1725: The Works of Shakespear, in Six Volumes
  • 1725–1726: Odisearen itzulpena[1]
  • 1727: Peri Bathous, Or the Art of Sinking in Poetry
  • 1728: The Dunciad[1]
  • 1733–1734: Essay on Man[1]
  • 1735: The Prologue to the Satires

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i   Cox, Michael (2004), The Concise Oxford Chronology of English Literature, Oxford University Press, ISBN 0-19-860634-6 .
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alexander Pope Aldatu lotura Wikidatan