Prostatako minbizi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Prostatako minbizia
Sailkapena eta kanpo baliabideak
Prostate cancer with Gleason pattern 4 low mag.jpg
Prostatako adenokartzinomaren mikrografia, xehetasun mikroskopioz ikusita.
GNS-10 C61
GNS-9 185
OMIM 176807
DiseasesDB 10780
MedlinePlus 000380
eMedicine radio/574
MeSH D011471

Prostatako minbizia gizonezko guruin horretan garatzen den tumore mota da, anatomia patologikoaren arabera adenokartzinoma dena.

50 urtetik gorako pertsonengan agertu ohi da, eta gaur egun herrialde garatuetan gizonezkoengan ikusten diren minbizi mota ohikoenen artean dugu, EAEn adibidez sarrien antzemandako hirugarrena da.

Gaixotasun hau lehenengo aldiz 1853an deskribatu zuten, eta prostatako lehendabiziko ebakuntza 1904an egin zuten AEBetan.

Eragileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zehazki minbizi mota honen eragileak zeintzuk diren oraindik argi ez dagoen arren, faktore batzuk identifikatuta daude. Adina lehenengoa da, lehen esan bezala 50 urtetik gora agertzen da normalean eta diagnostikoaren momentuan batez besteko adina 70 urtekoa izaten da.

Beste eragile batzuk geneak, elikadura, bizimodua eta farmako batzuk dira.

Zeinu eta sintomak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasierako fasean askotan sintomarik ematen ez badu ere, ondoko hauek agertu daitezke: gernu egite sarria (batik bat gauez), gernuaren jario tinkoa hasteko edo mantentzeko zailtasunak, hematuria eta disuria. Halaber, funtzio sexualaren asaldurak ekar ditzake, ugaltze-aparatuarekin lotuta dagoenez.

Minbizi aurreratua gorputzeko beste atal batzuetara zabal daiteke eta bertan lotutako sintomak eragitea, ohikoena hezurretako mina, normalean ornoetan, pelbisean eta saihetsetan. Halaber bizkarrezur-muina estutuz gero hanketako ahulezia eta mina eta gernu eta eginkari inkontinentzia sortu ditzake.

Diagnosia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arestian aipatutako sintomez gain, eta bereziki hauek agertzen ez direnean, miaketa fisikoak oso paper garrantzitsua dauka prostatako minbiziaren diagnosian. Zehazki ondeste-haztapen edo ukipen delakoa teknika zaharra bezain erabilgarria da, eta prostataren tamaina eta lesio susmagarriak antzemateko oso lagungarria da. Teknika erraza da, ipurtzuloaren bidez medikuak hatz erakuslea sartzea eta prostata ukitzea besterik ez baita, baina gaixoarentzat sarritan deserosoa eta batzuetan mingarria da.

Bestela, odolean PSA (Prostate Specific Antigen) izeneko markatzailearen neurketa oso zabaldu eta erabilgarria da, eta susmo txarrak handiak izanez gero biopsia egitea proba diagnostiko nagusia izango da. Azken honen albo-ondorioak hematuria eta gernu-infekzioak izan daitezke, baina kasu ia guztietan diagnostiko zehatza eman ahal izaten du.

Azkenik, OTA edo eskanerra eta hezurretako gammagrafia teknikarik ohikoenak dira metastasiak diagnostikatzeko.

Prognosia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heriotza-tasak munduan zehar, kolore gorri ilunagoak altuenak izanda.

Gizonaren adina, osasun egoera orokorra, metastasien presentzia edo gabezia, tumorearen ezaugarri mikroskopikoak (Gleasonen eskalaren arabera 10 estadio edo maila daude larritasunari dagokionez) eta hasierako tratamenduari erantzuna eragile pronostiko garrantzitsuak dira.

Tumore ohikoa da eta beraz hilkortasun-tasa orokorra altua da, baina fase aurreratuetan egon ezean biziraupen-tasa nahikoa garaiak izan daitezke. Bestela, bizi kalitatea oro har ona izaten dira tratatutako pazienteengan, beste tumore gaiztoago batzuekin konparatuz gero, baina gernu-inkontinentzia eta disfuntzio sexualak ez dira arraroak izaten.

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirurgia (prostatektomia osoa edo partziala) tratamendu nagusia da, batzuetan inguruko gongoil linfatikoak ere kentzea eskatzen duena, tumorearen agresibitatearen arabera. Erradioterapia ere oso erabilgarria izan daiteke, eta beste aukera batzuen artean hormona-terapia, kimioterapia eta kriokirurgia ditugu.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Prostatako minbizi Aldatu lotura Wikidatan