Benita Gorostizu Imaz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Benita Gorostizu Imaz

Bizitza
JaiotzaAltzaga1915eko otsailaren 12a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaAltzaga1981eko irailaren 1a (66 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea, nekazaria eta Etxekoandrea

Benita Gorostizu Imaz (Altzaga, Gipuzkoa, 1915eko otsailaren 12a – Ib. 1981eko irailaren 1a). Emakume baserritarra eta 12 seme-alabaren ama. Idazlea, irakurzalea eta etxekoentzat irakaslea izan zen. Hamabi urte bete gabe utzi zuen eskola eta 17rekin ezkondu zen. Borroka asko eginez aurrera egin zuen. Nahiz eta euskaraz alfabetatu gabea izan, euskaraz idazten zuen egunero. Bizi osoan ehunka orri idatzi zituen. Bere gogoetak eta kezkak izan ziren idatzien iturria. Paperera eraman zituen gai nagusiek zerikusia dute emakumeen berdintasun faltarekin, nekazaritza munduaren desagerpenarekin, herri txikien etorkizunarekin.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altzagako Sarasola baserrian jaio zen Benita Gorostizu Imaz. Justo Antonio Gorostizu Maiz izan zen aita, eta Migela Antonia Imaz Agirre, ama. Gurasoek izan zituzten zazpi senideetan zaharrena zen Benita. 15 urte betetzera zihoan ama hil zitzaionean (1930eko urtarrilaren 17an), artean anaia txikiena jaio berria zelarik. Handik urte betera hil zen aita ere, eta umezurtz, aitaren aldeko aitona-amonekin (Migel Martin Gorostizu eta Josefa Ignazia Maiz) eta adineko bi gizonezkore­kin geratu zen bizitzen, senide gazteak bere ardurako zituela.

Bere senideak hauek izan ziren: Filomena (Altzaga, 1916-7-29 - Donostia, 1990-2-20), Luzia (Altzaga, 1918-12-13 - Beasain, 1998-7-27), Fernando (Altzaga, 1921-7-25), Pedro (Altzaga, 1925-5-5), Frantzisko (Altzaga, 1928-2-14 - Donostia, 1974-4-2) eta Jose (Altzaga, 1931-11-14)

12 urte arte besterik ez zen joan ahal izan Benita eskolara baina ederki aprobetxatu zituen bertan erakutsitakoak: Kaligrafia onekoa, ez zuen ortografiako hutsik bat ere egiten eta matematiketan ere oso buruargia zen. Don Nikolas madrildarra izan zuen maisu Benitak Altzagako eskolan.

17 urterekin (1932) ezkondu zen bera baino zortzi urte zaharragoa zen Itsasondoko Iturrioz baserriko Juan Antonio Garmendia Mutiloarekin (1907-1-17/1983-10-1). 1935-1936 urteetan, gerratea hasi baino lehentxeago, senarrak etxetik alde egin behar izan zuen eta bere burua ezkutatu, bere bila etorri behar zutenei iskin eginez. Murumendi aldera ihes egin zuen, eta handik aurrera jarraitu zuen. Azkoitia inguruan egin zuen bat Antoniok Amaiur batailoiarekin. 1936ko gerratea hasia zen.

Antoniok ihes egiterako bazituzten bi seme. Jose Antonio lehen semea jaioa zen 1934ko ekainaren 3an,  baina astebetera hil zen. Benita umerik ez eta edoskitzen emateko nahiko esnea zuenez, Fraisorora jo zuen umezurztegiko haurtxo bat etxera eramateko. Luis Maria Tola Perez (1934) jaso zuten eta bere abizenak mantendu zituen arren, Garmendia-Gorostizu familiakoa izan zen hil zen arte (1989). Bigarren semea Kolestin, 1935eko urriaren 23an jaio zen. Antoniok ihes egin behar izan zuenean, 2 urteko Luis eta urtea bete gabea zuen Kolestin semetxoekin eta ahizpa gazteagoekin geratu zen Benita, Sarasola baserrian.

1940a arte ez zen senarra etxeratu; lau urte luze egin zituen etxetik kanpo eta Benitak etxeko zama guztia gainean zuela bizi behar izan zuen. Senarra bueltatu eta gero beste bederatzi seme-alaba izan zituzten. Hamabi guztira: Jose Antonio Garmendia Gorostizu (1934-6-3/1934-6-10); Luis Tola Perez (1934-3-17/1989-10-21); Kolestin Garmendia Gorostizu (1935-10-23/2018-3-28); Arantzazu Iziar Garmendia Gorostizu (1942-6-8/2023-9-5); Aitor Garmendia Gorostizu (1944-3-23); Begoña Garmendia Gorostizu, (1945-7-5); Pedro Mari Garmendia Gorostizu (1947-11-1); Gabi Garmendia Gorostizu (1949-5-25/2008-6-18); Iosu Garmendia Gorostizu (1950-9-24); Maite Garmendia Gorostizu (1953-3-18); Tomas Garmendia Gorostizu (1955-4-1) eta Mikel Garmendia Gorostizu (1960-3-6).

Antoniok latz ordaindu zuen gerran ibili izana. Berak inoiz aitortu ez bazuen ere, seme-alabek bazekiten zauritu zutela eta ospitalean ere egon zela. Halaber, bazekiten Santoñatik Basaurira eraman zutela aita eta hemen egin zuela kartzelaldi luzeena, 1938ko irailaren 29tik 1940ko uz­tailaren 11ra. Bilbotik Donostiako kartzelara (Ondarretara) eraman zuten eta 1940ko irailaren 19an utzi zuten kalean, behin betiko askatasun agiria zuela. Litekeena da 1937 arte, Santoñan kartzelatu zituzten arte, Euzko Gudarostea­rekin borrokan ibilia izana.

Aski txartuta bueltatu zen etxera kartzelatik askatu zutenean. Baserrian nola hala, baina etxetik kanpo ezin izan zuen lan egin. Mokorretako higadura larria zuen eta makuluen laguntzaz besterik ezin zen ibili. Benitak eraman behar izan zuen etxeko zama handiena, seme-alabak lagun zituela. Alaba eta seme zaharrenek aski gazterik hasi behar izan zuten lanean bai etxean bai etxetik kanpo, etxekoei laguntzeko.

66 urterekin hil zen Benita Gorosti­zu, 1981eko irailaren 1ean, bihotze­koak emanda.[1]

Benita Gorostizuren idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxekoak oheratzen zirenean eta baserriko lanak bukatuta hartzen zituen Gorostizuk papera eta boligrafoa, afalondoko harrikoa egin ostean. Altzagako Sarasola baserriko sukaldean eta “beheko koartoan” josten zituen hitzak eta esaldiak abileziaz. Gaztelaniaz baino ez zen alfabetatu, garai hartan ez baitzegoen euskaraz ikasteko aukerarik. Hala, euskaraz irakurri eta idazten zuen, bere kabuz.[2]

Urteetan jasoak izan ziren eskuizkribuak, kasualitateari esker argitaratu ahal izan dira. Testuak gordeta egon dira ia denak. 1971n Zeruko Argian artikulu bat argitaratu zuen. “Goierriko emakume batek” sinadura darama. Iritzi testu gehiago ere utzi zituen idatzita eta fikziozko bat ere bai, luzeena eta garrantzitsuena: amonaren eta bilobaren arteko solasa.[3]

Zehazki hauek dira jaso diren idazlanak:[1]

  • Fikziozko solasaldi luze bat amona eta bilobaren artekoa: Amona-bilobak kontu-kontari: hiru aldeko ikasbidea.
  • Iritzi-testuak eta bertsoa.
    • "Emakumea dela eta»" (Zeruko Argia 1971ko ekainaren 6ko 431. ale­ko 3. orrialdean.
    • "Emakumea dela eta, orain ere" (data ezezaguna).
    • "Esnea dela eta ez dela" (1950eko hamarraldiko gaia).
    • "Semearen dotea" (amaren gomendiozko gutun edo dote hitzezkoa. 1975ekoa da).
    • Iñaki Linazasoro Tolosako alkateari” (1981ean idatzi zuen Benitak, hil baino hilabete eta erdi lehenago).
    • "Barrungo minak" (data ezezaguna) (izenburua liburuaren egileek jarria).

Eskuizkribuen azterketa eta ondorioak Sukaldetik agorara. Benita Gorostizu Imaz liburuan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Benita Gorostizuren idatziak izan dituzte aztergai liburuaren bi egileek: Elixabete Perez Gaztelu filologoak eta Leyre Arrieta Alberdi historialariak. Biak ala biak, bakoitza bere esparrutik lortu dute, alde batetik, eskuizkribuak editatu (1970-1980 inguruan idatzitako testuak 2024era ekarrita) eta lexiko eta testuaren egituraketaren aldetik aztertzea, eta honekin batera testuinguru historiko eta sozialen kokatzea lana.  

1971n ez ziren emakume asko ausartuko beren idazlanak argitaratzera; are gutxiago, herri txikikoak, baserritarrak, amak izanda, eta, gainera, euskaraz, eta, gainera, emakumeen eskubideen alde.

Seme-alaben ustez, ama idatziz hobeto moldatzen zen hizketan baino. Gauez idazten zuen batez ere, baina bizi izan zen azken urteetan egunez ere idazten zuen. Eskuratu den eskuizkribu luzeena (Amona-bilobak kontu-kontari...) koaderno batean idatzi zuen. Aurkibidea ere egin zion. Oso litekeena da 1975-1980 bitartean egina izatea, hankan osasun arazoak izan zituelako, urte horietan ezin izan baitzen nahi bezala mugitu.

Euskaraz alfabetatu ez zen arren, hizkuntza abileziaz erabiltzen zuen. Euskara oso aberatsa zeukan, sinonimo asko sartzen zituen, baita bizkaierazko hitz asko ere. Letrari dagokionez oso txukun idazten zuen.[2] Elixabete Gazteluren esanetan kalitate handiko idatziak dira:[4]

“Pentsamenduaren aldetik eta balio literario aldetik ere maila handiko lana. Egunero idatzia, ehun eta  gehiago orrialde betetzen dituen fikziozko elkarrizketa bat, pertsonaia askorekin, ez bakarrik pertsonaia nagusiarekin, baizik eta beste pertsona bigarren mailakoarekin, istoriotxoak sortu. Modu aberatsean idatzia dago, lexikoaren aldetik eta balio estilistikoaren aldetik. Ikusten da sekulako kezka baduela lana ongi egiteko".

Baserriaren desagerpena eta generoaren arteko ezberdintasuna ziren bere kezka nagusiak. 1971n Zeruko Argian argitaratutako «Goierriko emakume batek» sinadura duen artikulua oso garrantzitsua dela diote egileek:

Argitaratzera ausartu zen. Emakumeen biografia egiten du mugarriz mugarri: jaiotzean horrela, komunioan bestela, mutikoak erromerian... ia-ia feminismoaren manifestu bat zen, emakumeen eskubideen alde”.

Emaku­mea emakumezko jaiotzeagatik hutsagatik zein eginkizun bizkarreratu behar zituen, etxean, gizartean zein rol jokatu behar zuen ez zuen gogoko Benitak; gizasemeen eta emaku­mezkoen desberdintasunen kontra mintzatu zen, argi eta ozen.

Industrializazioaren eraginez nekazaritza eta baserri giroa apaltzen zihoala konturatzen zen, horrek zekarren mundu oso baten desagerpen arriskuaren beldur zelarik. Hori ikusten zuen eta kezkaz bizi. Era berean, herri txikietako eskolak ere desagertzen ari zirela ikusten zuen, herri txiki horietako umeak herri handiagoetara eramaten zituztela eskolara eta horrek zekarrela haustura herri txikien eta handien artean.[3]

Ikasteari garrantzi handia ematen zion. Amona eta bilobaren arteko elkarrizketa asmatuan hori behin eta berriz agertzen da. Hiru adarreko ikasketa aitatzen du: eskolan ikasitakoa, ingurua behatzetik zetorren ikasketa eta arbasoen esperientzian oinarritutako jakintza: transmisio orala eta zaharrei entzutea. Emakumea ilunetik ateratzeko bitarteko ezinbestekotzat zeukan ikastea.

Jakin-gosea zen Benita eta kezkatzen zuen jakitea­rekiko zaletasuna hurrengoei nola helarazi. Maistra sena zuen. Etxean erakusten zien Benitak seme-alabei irakurtzen eta idazten. Gaztelaniaz irakurtzen irakasten zien. Biloba batzuei ere erakutsi zien idazten eta irakurtzen. Horrez gain etxeko girokoa zuten irratia entzutea, aitaren ekimenez batez ere: BBC, Radio Pirenaica, Radio Paris etxeko ahotsak ziren. Benita, gainera, estropada eta pi­lotazalea zen eta irrati-telebista lagun zituen bere gozamenerako. Irakurzaletasun handia zuen. Zeruko Argia hartzen zuten etxean eta Benitak goitik behera irakurtzen zuen, baita inoiz lortzen zituen liburu eta beste egunkariak ere.

Egunez ez ezik, gauez ere lan asko egin behar izan zuen Benitak. Seme-alabak oheratu, eta lanari ekiten zion gauez, izan galtzetagintzan, izan bestelakoetan. Diru-iturri bat salmentatik lortzen zuten, etxeko produktuak Ordiziako ferian salduta. Benita etxekoandrea zen, baserriko langilea, azokako saltzailea, etxeko ekono­miaren (oekonomiaren) arduraduna. Lan horiek guztiek, hala ere, ez zizkioten komunitateari begirako beste ardura batzuk mehartzen. Bere familia eta etxetik haranzko kezka azaltzen zuen, Altzagako udalean auziak argitzeko zirenean laguntza emanez edo auzoko alargun bati pentsioa kobratzea lortu zuenekoa, kasu.

Amatasunaren kezka ere hor zeukan. Benitari min handia ematen zion ama ezkongabeen egoerak. Berak zioenez, baserrietan behintzat, emakume ezkongabea haurdun geratuz gero, 10etik 9k umea nonbait utzi behar izaten zuten baserrira itzuli ahal izateko. Amak itzul zitezkeen, baina umerik gabe. Horregatik nahi zuen Luisek –seme jasoak– ama bizi ote zuen jakitea. Eta lortu zuen. Luisek 42 urterekin ezagutu zuen ama.

Beste hainbat kezka antzematen dira idatzietan, hala nola, erlijioa, naturarekiko errespetua, esnearen arazoa, familiaren garrantzia edota klase bereizketa.[1]

Erreferentziazko iturria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Benita Gorostizu Imazen artikuluaren edukia honoko liburutik sortu da: Sukaldetik Agorara. Benita Gorostizu Imaz. "Emakumeak lurralde ilunetik" irteten. (Elixabete Perez Gaztelu eta Leyre Arrieta Alberdi). Berdintzen bilduma. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Kultura eta Hizkuntza Politika Saila (2023)[1]

Aurkezpena Altzagako Etoertxe udal liburutegian egin zen 2024ko apirialaren 26ean.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d «sukaldetik agorara. benita gorostizu imaz. Elixabete Perez Gaztelu / Leyre Arrieta Alberdi. Elkar.eus» www.elkar.eus (Noiz kontsultatua: 2024-05-14).
  2. a b «Letra batzuk lurralde ilunetik» Berria 2024-03-31 (Noiz kontsultatua: 2024-05-14).
  3. a b c Laida, Goiburu(e)ko. (2024-04-23). ««Testu aberatsak dira kopuruan eta edukiaren eta formaren aldetik»» Goierriko Hitza (Noiz kontsultatua: 2024-05-14).
  4. «Bere jaioterriko agorara atera zituzten Benita Gorostizu Imazen idatziak, hauek biltzen dituen liburuaren aurkezpenean - Altzaga» gitb.eus (Noiz kontsultatua: 2024-05-14).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]