Ordizia

Wikipedia(e)tik

Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Ordizia

GipuzkoaGipuzkoa
Ordiziako bandera Ordiziako armarria
Izen ofiziala Ordizia
Antolaketa
Estatua
Autonomia Erkidegoa
Lurralde Historikoa
Eskualdea

Espainia
Euskal Autonomia Erkidegoa
Gipuzkoa
Goierri
Alkatea Jose Miguel Santamaria Ezeiza (EAJ)
Herritarra ordiziar
Koordenatuak 43°3′17″N 2°10′42″W / 43.05472, -2.17833 (Ordizia) Koordenatuak: 43°3′17″N 2°10′42″W / 43.05472, -2.17833 (Ordizia)

Eremua 5,65 km2
Garaiera 150 m.
Euskaldunak  %62 (2001)
Distantzia 39 km. Donostiara
Postakodea 20240
Biztanleria 9.758 bizt (2008)
Dentsitatea 1.727,08 bizt/km²
Sorrera 1256
www.ordizia.net


Ordizia Gipuzkoa erdi-hegoaldeko udalerria da, Goierri eskualdeko hiriburua. Mugakide ditu iparraldean Itsasondo eta Beasain, ekialdean Itsasondo, Arama eta Zaldibia, mendebaldean Beasain eta hegoaldean Lazkao.

Gipuzkoako biztanle dentsitaterik handienetarikoa du eta Oria ibaiak zeharkatzen du. 1000 metrora iristen ez diren mendiez inguratua dago, Murumendi (848 m), Odeta-Goeña (784 m) eta Paola (734 m).

Merkatu plaza.

Eduki-taula

[aldatu] Historia

Alfontso X.a Jakintsuak, Gaztelako erregeak, sortu omen zuen herria 1256an, herriak sortzeko plangintza orokor bati jarraituz; Segura eta Tolosa ere modu berean sortu ziren.

Hasiera batean, San Bartolome baselizaren ondoan kokaturik zegoen herria, eta "Ordizia" zuen izena. Aurreraxeago, aipaturiko errege horrek berak aldatu zion izena eta Villafranca ipini, Sevillan 1268ko ekainaren 30ean emandako eskubide berezi baten bitartez. Horrez gain, Gasteizek zituen abantailak eta Foruak ere eman zizkion, eta erregeari ordaindu beharreko zergak ez ordaintzeko baimena ere bai. Antso IV.a Ausarta izan zen Alfontsoren ondorengoa, emandako eskubide berezia berretsi eta zergak ez ordaintzeko eskubide gehiago ezarri zituena Valladoliden sinatutako beste agiri bat zela medio.

Badakigu 1397an, Getariako Batzarretan parte hartu zuela Ordiziak, hala baitio gorde den partaide zerrendarik zaharrenak.

1467an, beste lege berezi bat jaso zuen, Madrilen urtarrilaren 14an emandakoa; bertan, Henrike IV.a erregeak urteko bi mila marai eta bestelako zerga batzuk ordaintzetik libre utzi zuen herria, erregeri ematen zizkion zerbitzuen ordainetan. Inguruko herrixkek, Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Legorreta, Zaldibia, eta Lazkaoko zenbait etxek, gaizkile eta herriko jauntxoen ondorioz beren lurretan zegoen ziurtasun falta zela eta, Ordiziarekin bat egiteko eskaera egin zuten babesa lortu eta herriek zituzten abantailak eskuratzeko.

1399ko apirilaren 8an Villafrancak auzolagun bezala onartu zituen. Adiskidetasun Idatzi bat sinatu zuten guztiek, Henrike III.ak Tureganon 1402ko abuztuaren 5ean, eta Errege-erregina Katolikoek Kordoban 1492ko maiatzaren 27an berretsi zutena. Inguruko herriak auzolaguntzat hartuz, Ordiziako alkateak eskumen bereziak jaso zituen, bai auzibide arlokoak, bai zibilak eta baita kriminalak ere; herri horietan lehen zeuden alkateak auzo-alkate bihurtu ziren. Hala ere, herri horiek beren Udaletxe eta Kontseilu irekiei eutsi zieten, beren lurraldea zedarrituta, beren mendi eta jabegoak eta beren ekonomia administrazioa gorde zuten.

Batasun horrek berrehun urte baino gehiago iraun zuen, baina batasun-behar horren arrazoiak desagertu zirenean, beren udal askatasuna lortzeko irrikitan, herri-amak irainak egin zizkiola eta, banaketa eskatu zuten. Filipe III.ak eman zien ontzat eskaera, errege kutxek dirua behar zutelako eta, herrien arteko banaketen ondorioz, zerga ederrak jasotzen zituztelako. Lazkaoko etxeek, berriz, Ordiziarekin bat eginik jarraitu zuten 1648ko otsaila arte, urte horretan izan baitzuten berriz beren udala.

Villafranca bakarrik gelditzerakoan, Probintziako Batzarretan prokuradorearen gastuak oso altuak zirela eta, Beasainekin bat egin zuen, eta Villafrancako Batasuna izena ezarri. Batasuna, 1644an sinatu zen eta 1687ko maiatzaren 4an, Arama eta Zaldibia ere batasunean sartu ziren. Arrazoiak berberak izan ziren, ordezkapen gastuak beste herri batzuekin erdi bana egitea. 1710eko apirilaren 10ean Ataun sartu zen batasunean, baina Batzar Nagusiek ez zuten 1712 arte onartu. 1741ean tirabirak hasi ziren Zaldibiarekin, 1768an Aramarekin eta 1818an Ataun eta Beasainekin. Ordutik aurrera, Villafranca bakarrik egon zen. Ordizian 27 sukalde-zerga ordaintzen ziren; eta Probintziako Batzarretan, Korrejidore-Lehendakariaren ondoan hamabosgarren jarlekuan esertzen zen Ordiziako ordezkaria.

XVIII. mendean, sute ugari izan ziren. (1738, 1751 eta 1794an), baina ez ziren garrantzi handikoak izan, horietatik batek ere ez baitzuen lortu 1512ko martxoaren 18an gertatutako suteak adinako larritasuna; sute hark, erabat suntsitu zuen herria. 1859an beste sute bat izan zen eta herriaren zati bat hondatuta gelditu zen haren ondorioz.

Herria liberalen alde jarri zenez gero, Lehen Gerra Karlistan Zumalakarregik eraso egin zion, 1835ean hain zuzen ere. Maiatzaren 25etik ekainaren 3ra arte iraun zuen erasoak, orduan eman baitzuen amore herriak, irabazteko aukera gutxi zituela konturatu zenean. Bitxikeria bada ere, Don Karlos erregegaiak -Karlos VII.a izan nahi zuenak- Ordizia aukeratu zuen, zenbait urte geroago 1875ean, euskal foruak zin egiteko.

Antzina-antzinatik herria Bozue Txiki edo Villafranca izeneko Komunitateko partaide izan zen. Komunitate hori lehenengo aldiz 1027 urteko Nafarroako Antxo Handiaren agiri batean agertzen da. Aralar eta Enirioko mendien etekinen hogeita zortziren bat jasotzen zuen herriak, 1409an "Komenio eta Ajusteagatik" ezarritako diruaren zatia, hain zuzen ere. Komunitateak oraindik ere bizirik dirau eta Ordiziako alkatea da lehendakari.

1970eko apirilaren 17an aldatu zen izen ofiziala, "Villafranca de Oria" izatetik "Villafranca de Ordizia" izatera igaroz. 1982ko urtarrilaren 4an behin betiko izena jarri zitzaion: Ordizia.

[aldatu] Ordiziako armarria

1989ko urtarrilean erabaki zuen Ordiziako Udal Osoko Bilkurak herriko armarria zein zen zehazteko espedienteari ekitea, behin betirako udal erakundearen sinboloa zein izango zen erregulatzeko.

Udalerrian hainbat armarri zeudenez, horri buruzko xehetasunak emateko eta txostena egiteko agindu zitzaion aditu bati. Hari horretatik, Borja de Aginagalde, Eusko Jaurlaritzako Agiri Ondarearen arduradunak gutun bat bidali zuen Udaletxera, eta honako hau adierazi zuen: "Lurralde osoan salbuespen osoko posizioa du Ordiziak: herriko armak datatuta ditu, 1568an hain zuzen ere, monumentu izaera duen testigantzaz, gainera, hau da, parrokiako eskulturan...". Parrokiako agiritegian dauden armarriak dira, aldaretik sakristiara sartzeko ate gainean daudenak zehazki.

Eusko Ikaskuntzak ere egin zuen txostena, eta udal armarria aldatzea onartu zen (1989ko maiatzaren 2ko Osoko Bilkuran), eta honelaxe idatzi zen armarri horren itxura:

"Hondo urdin batean urrezko almenaz apainduriko urrezko gaztelu bat, lauki urre koloredun eta beltzen gainean. Ingurua, Erdi Aroko eredu espainiarra mako erpinez amaiturik".

[aldatu] Ikustekoak

Jasokundeko Andre Mariaren eliza atzealdea.
  • Jasokundeko Andre Mariare eliza: XIII. edo XIV. mendeetan sortua, egungo eliza XVI. mendekoa da eta dorrea barrokoa[1]
  • Udaletxea: 1830-1832 artean eraikia
  • Zabala Jauregia
  • Barrena Jauregia: XVII. mende hasierakoa
  • Muxika dorretxea
  • Abaria jauregia
  • Zabale baserria

[aldatu] Hizkuntza

Euskara Ordiziako biztanleen lehen hizkuntza izan zen XX. mendera arte. Ordiziari buruz datu zehatzik ez badugu ere, Gipuzkoako eta Ordiziako egoera soziolinguistikoak antzeko samarrak zirela emanda, esan daiteke XIX. mendearen erdialdean ordiziarren %96k euskaraz zekiela. Garai horretan oso gutxi izango ziren gaztelaniaz bakarrik zekiten ordiziarrak. Handik ehun urtera, hainbat faktoreren eraginez, Ordiziako euskaldunen portzentajea erdira etorrita zegoen.

Gaur egun Ordiziako biztanleen %62 dira euskaldunak, 2005ean Eustatek egindako erroldaren arabera.

[aldatu] Ordiziar ezagunak

2007ko Santanazaleen esku-dantza, Ordiziako plaza nagusian, azokapean.

[aldatu] Erreferentziak

[aldatu] Ikus, gainera

[aldatu] Kanpo loturak


Tresna pertsonalak