Bermudako Hirukia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Bermudako hirukia, edo Deabruaren hirukia 1,1 milioi km² duen triangelu forma duen leku geografikoa da, Ozeano Atlantikoan, Bermuda uhartedia, Puerto Rico eta Fort Lauderdale (Florida) artean kokatzen delarik.

Benetako datu estatistikoek hango desagerpen kopurua ez badu nabarmentzen ere, XX. mende erdialdean, zenbait idazlek gune horrek zuen arriskuaz idatzi zuen eta arrakasta handia izan zuten. Baina Amerikako Estatu Batuetako Kostazainen arabera toki horretan ez daude beste leku batzuetan baino itsasontzi eta hegazkinen desagerpen gehiago.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bermudan kolmio.jpg
Triangles1.jpg
Tbf-19-5.png
Ft28animation.gif

Belaontzien garaian, hau etengabeko pasabidea zen hango haizeari eta golkoko itsas-korronteei probetxu atera nahian. Gero, lurrun makinek eta barne konbustioko motordun ontziek Ipar Atlantikoa zeharkatzen jarraitu zuten, Bermudako hiruki ospetsuaren erditik nabigatuz. Golkoko korrontea oso eguraldi ezegonkorra du eta urakan ugariko gunea da. Trafiko ugaria eta eguraldi txarraren konbinazioak posiblea egiten du itsasontziak ekaitzetan barneratzea eta galtzea aztarnarik utzi gabe, bereziki teknologia handirik ez zegoenean.Maiz gertatu zen hori XX. mendean.

Ez da fenomeno hau behatu den leku bakarra:

  • Dragoiaren hirukia, Japoniatik gertu dagoen Deabruaren itsasoan. Irratirik gabeko arrantzaleen txalupa ugari galdu ohi da han.
  • AEB eta Kanadaren arteko Ontario aintziraren ekialdean dagoen Marysburgheko muturra. Han ondoratze kopuru ikaragarria eman da.

Bermuda hirukiko lehen aipuak 1951n egin ziren, Associated Presseko kazetari zen E. V. W. Jones-ek Bahaman galdutako ontzi galduei buruz idatzi zuenean. Ontzi eta hegazkinen desagerpen misteriotsuak aipatu zituen eta Deabruaren hirukia izena jarri zion.

1952an, George X. Sandek ere itsasoko desagertze misteriotsuak azaleratu zituen Destino aldizkarian.

1964an, Vincent Gaddisek (1913-1997) Bermuda hirukia terminoa erabili zuen Argosy aldizkarian. Hurrengo urtean, Invisible Horizons: True Mysteries of the Sea liburua argitaratu zuen.Liburu honen kapituluetariko bat Bermudako hirukia zen. Kontakizun honen sustatzaile nagusi bera kontsideratu ohi dute.

Hala ere, bultzada nagusia Charles Berlitzek (1914-2003) emango zion 10 urte geroago. 1974an idatzi zuen Bermudako hirukia bestsellerra, Gaddisen testuaren zati handi bat kopiatuz eta desagerpenak bilduz -hori bai, manipulatu eta faltsutuz-. Hau da Berlitzek eskainitako gertaeren kronologia:

  • 1840: HMS Rosalie ontzia Kubatik Habanara zioan eta eskifairik gabe aurkitu zuten.
  • 1872: Mary Celeste Azoreak eta Iberiar penintsula artean galdu zen; Bermudatik 5.000 km-ra gertatu zen eta hirukia 1.500 km-takoa kalkulatu ohi da normalean.
  • 1902 (urriko 4 edo 21): Freya buke alemaniarra Kubako Manzanillotik atera zen Txilerantz eta noraezean aurkitu zuten "handik gutxira". Egia esan, Hegoameriketatik bueltan ibilita zegoen eta Mexiko mendebaldean aurkitu zuten hilabete batzuen ondoren.
  • 1909: Joshua Slocumen kanadiarraren The Spray ontzia.
  • 1917: SS Timandra Buenos Airestik Virginiako Norfolkera zioan. 21 pertsonaz osatutako eskifaia, ikatza eta bere irratiak ez zuen inongo arrastorik eman.
  • 1918: 308 gizon barruan, urakan batek USS Cyclops (AC-4) hondoratu zuen.
  • 1921: Carroll A. Deering hondoratu zen Hatteras lurmuturrean, Bermuda uharteditik 1050 km-ra mendebalderantz eta 800 bat km ipar-mendebalderantz.
  • 1925: Raifuku Maru Bermuda uharteditik 1063 km-ra iparralderantz hondoratzen ikusi zuten.
  • 1925: SS Cotopaxi zamaontzi estatubatuarra hondoratu zen; itsasoa lasai zegoela adierazi omen zuen eta ez zuen laguntzarik eskatu. Egia esan, ontziaren kapitain Meyersek barkua eskoratzen ari zela abisatu zuen baina ura sartzen ari zitzaien, jada.
  • 1926: urakan batek SS Suduffco hondoratu zuen.
  • 1938: HMS Angloaustralian hondoratu zen Azoreetan. Hirukitik 4.000 km-ra zegoen.
  • 1942: Surcouf itsaspeko frantsesa eta Thompson Lykes zamaontzi estatubatuarrak talka egin zuten Panamako kanalean. Hirukitik 1800 km-ra.
  • 1945: Marina estatubatuarraren 5 hegazkin TBM Avenger desagertu ziren.
  • 1948: SS Samkey hondoratu zen. Berlitzen arabera, 1943an gertatu zen, baina hori inaugurazioaren data zen.
  • 1948: 31 pertsona berarekin zeramatzan Tudor IV Star Tiger aireontzia desagertu zen.
  • 1948: 28 bidaiari eta tripulazioa zeramatzan DC-3 NC16002 hegazkina desagertu zen.
  • 1949: bigarren Tudor IV, Star Ariel desagertu zen.
  • 1950: estatubatuar armadaren Globemaster abioia desagertu zen.
  • 1950: SS Sandra zamaontzi estatubatuarra hondoratu zen, St. Augustinetik (Florida) pasatu ondoren Venezuelarantz zihoanean.
  • 1952: 33 pertsona zeramatzan British York hegazkina desagertu zen.
  • 1954: 42 bidaiari zeramatzan Lockheed Constellation hegazkina desagertu zen
  • 1956: Martin P5M, estatubatuar itsas armadaren hegazkina desagertu zen bere 10 bidaiariekin.
  • 1962: estatubatuar armadaren KB-50 Tanker hegazkina desagertu zen.
  • 1963: Marine Sulphur Queen hondoratu zen.
  • 1967: YC-122 hegazkin militarra desagertu zen.
  • 1967: Witchcraft gurutzontzia hondoratu zen Miamitik milia batera; laguntza eskatu zuen, baina 19 minutura ur azpian zegoen, jada.
  • 1970: Milton Latrides zamaontzi frantsesa hondoratu zen Nueva Orleansetik Lurmutur Hirira zihoanean.
  • 1972 (Berlitzen hitzetan 1973an): 2 zamaontzi alemaniar hondoratu ziren ekaitz baten erdian: 32ko eskifaia zeraman 20.000 tonako Anita eta Norse Variant, biak ikatzez beteak.
  • 1976: urakan batek SS Sylvia L. Ossa hondoratu zuen Bermuda mendebaldean. Egia esan, hirukitik kanpo geratzen zen.
  • 1978: SS Hawarden Bridge aurkitu zuten Mendebaldeko Indietan. Abandonatuta zegoen eta gaizkileen lana ote den susmoa dago. Hilabete batzuk lehenago marihuana zeramala geratu zuen kostaldeko guardiak.
  • 1980: SS Poet hondoratu zen urakan batean, Egiptorantz zihoanean.
  • 1995: Jamanic K kargaontzia hondoratu zen (1943an eraikitakoa zen).
  • 1997: alemaniar kirol-ontzi bat, yate bat, hondoratu zen.
  • 1999: Genesis kargaontzia hondoratu zen San Vicente portutik atera eta gero; arazoak zituela abisatu zuen, baina ez zuten sekula aurkitu.

Askok sinetsi dute Bermudako hirukian gertatutako desagerpen hauek arrazoi misteriotsu bat zutela. Gaur arte, 50 bat ontzi eta 20 bat hegazkin desagertu dira arrastorik utzi gabe ozeano Atlantikoko paraje hartan. Egia esan, desagerpen gehienek azalpen samurra dute, baina gai eztabaidatsu izaten jarraitzen du.

Bermudako hirukian gertatu diren desagerpenak urtero pasatzen diren itsasontzi eta hegazkinekin konparatuz istripuak portzentaje txikia du. Lloryd, Londresko itsas aseguratzaileak zehazten du hirukia ez dela Ozeanoko beste edozein toki baino arriskutsuagoa eta bere itsasontziak handik pasatzen direnean ez ditu tarifa ezberdinik kobratzen.

19. hegaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gertakizun ezagunenetakoa eta ospetsuenetako da. 1945eko abenduaren 5ean, AEBetako itsas armadaren 5 TBM Avenger hegazkin bonbaketariz osatutako eskuadroia galdu zen entrenatzen ari zen bitartean.

Charles Berlitzen kontadizoari erreparatzen badiogu, zerbait arraroa ikusten ari zirela esan eta gero, hegazkinak desagertu egin ziren. Baina Berlitz ez dabil beti zuzen; bere esanetan, TBM Avengeren hondakinak ur gainean iraungo zuten luzez, itsasoa lasai eta zerua garbia baitzegoen. Baina ez zen zirkinik ere topatu eta bila joan zitzaien hegazkina ere galdu egin zen. Itsas armadaren informeak ez zuen gertakizuna argitu eta arrazoi ezezagunak izan zirela esan zuen.

Berlitzen istorioak zuzenak ez ziren datu batzuk zituen. Arratsalde eguzkitsu bat irudikatzen du, baina azken irrati transmisioan ekaitza hasita zegoela garbi dago. Bestalde, liderra zen Charles Carroll Taylor tenienteak bazituen hegaldi orduak, baina esperientzia gutxi zuen horretan, bere esanetara zeuden ikasleak baino gutxiago gainera. Taylorrek buruzagi patxadatsua zirudien, baina irrati transmisioek erakusten zutena azalduraz beteriko Taylor bat zen, erabaki sendorik gabekoa eta erabat galdua. Gainera, Avenger batentzat oso zaila izango zen ur gainean jaistea.

Hondakinak aurkitu ez izanak misterioa indartu zuen. History Channelen dokumental batean, Charles Taylor tenientearen buru-nahasketa hartzen du erruaren ardatz. Florida Keysen hegomendebaldean zeudelakoan, eskuinerantz egin zuen bat-batean lurra aurkitzeko asmoz. Agian, hori izan zen hegazkinen hondarrak ez aurkitzearen arrazoia.

1991ean bost Avengerren gorpuzkiak aurkitu ziren Floridako kostetan, baina serieko zenbakiak ikusi zituztenean konturatu ziren ez zirela 19. hegaldiarenak.

Korronte gogorrak eta uren sakontasuna azaldu ahal dute gorpuzkirik ez aurkitzea.

Star Tiger eta Star Ariel[aldatu | aldatu iturburu kodea]

British South American Airways Corporationen hegazkin batzuen desagerpenaren kasuak ere arrakasta handia izan zuen zenbait prentsa eta argitalpenetan.

1948ko urtarrilaren 31ko egunsentian gertatu omen zen. 29 bidaiari eta B. W. McMillan kapitainaren agindupean zegoen tripulazioa Star Tigerren irten zen Santa Maríatik (Azoreak); erregaiaz hornitzea geratu zen han Londrestik (Ingalaterra) Habanarako (Kuba) bidean. Bermuda inguruan, McMillanek ohiko kontaktua izan zuen eta nabigazioa kalibratu eta dena ondo zihoala baieztatu nahi izan zuen.

Komunikazioa eten zenean, erreskaterako prestatu ziren, baina hegazkina ezin aurkitu ibili ziren. Zer egin ote zuen Star Tigerrek azken 2 orduetan? Hipotesi bat baino gehiago bota zuten, baina bat bestearen atzetik atzera bota zituzten.

1949ko urtarrilaren 17an, Star Ariel ere galdu egin zen Bermuda inguruan; 17 bidaiari eta tripulazioaren arrastorik ez zen aurkitu. Gaur egun, misterioa izaten jarraitzen du.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bermudako Hirukia Aldatu lotura Wikidatan