Chinua Achebe
Albert Chinụalụmọgụ "Chinua" Achebe (Ogidi, Onitshako eskualdea, Nigeria, 1930eko azaroaren 16a) nigeriar eleberrigile eta poeta da.
[aldatu] Biografia
Bizimodu modernoak Afrikako kultura tradizionalean izan duen eraginari buruzko gogoeta egiten du bere nobeletan. Ingelesez idatzi du beti, eta igbo herriaren bizimodua eta gizartea deskribatu ditu, britainiarren lege kolonialekiko eta mendebaldeko kulturaren zapalkuntzarekiko etengabeko borrokan.
Bere lehen nobela, Things Fall Apart (1958, "Gainbehera dator dena"), 50 hizkuntza baino gehiagotara itzulia izan da (tartean, euskarara), eta idazle afrikar itzuliena bihurtu da honela. Afrikar literaturako libururik salduenetakoa den honekin (zortzi milioi ale baino gehiago), ospe handia lortu zuen nazioartean. The Arrow of God (1964, "Jainkoaren gezia") eta A Man of the People (1966, "Herriko gizona") nobeletan ere, usadiozko kulturaren eta igboen hizkuntzaren arazoak darabiltza, sentimentalkeriarik gabe eta ironiaz. Girls at War (1972, "Neskak borrokan") liburuak historia laburrak biltzen ditu. Anthills of the Savannah (1987, "Sabanako inurritegiak") da bere azken nobela. Poesia ere idatzi izan du, esate baterako, Christmas in Biafra (1973, "Eguberriak Biafran"), eta baita saiakerak ere, Morning Yet on Creation Day (1975, "Munduaren sortze-eguneko goiza zen oraindik") kasu.
1971. urtetik aurrera, Afrikako literatura-aldizkari garrantzitsuenetakoa den Okike aldizkariaren argitaratze-lanetan ibili da.
2007an, Man Booker International Prize saria eman zioten.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.