Distritu (Frantzia)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Distritua[1] (frantsesez district) 1790ean frantses estatuko departamenduak banatzeko sortu zen egitura administratiboa da. 1795ean desagertu eta bere berrantolaketatik barrutiak (arrondissements) agertu ziren.

Historia

Frantziako Iraultzarekin aurretik zeuden lurralde desberdinetako banaketa administratibo eta politikoak desagertarazteari ekin zioten. Helburu hori lortzeko departamendua izan zen funtsezko egitura. Estatuaren lur eremuaren zatiketaren homogeneizazioa erdietsi nahi zuen Jean Cassinik proposatutako lurralde antolaketan departamendu bakoitza, salbuespenak salbuespen[2], gehien jota 9 distritutan zatikatu ahal zen eta distritu bakoitzak 3[3] eta 32[4] arteko kantonamendu kopurua izan zuen.

1800eko otsailaren 17an distrituak desagertu eta "barrutiek" hartu zuten bere lekua baina berrantolaketan zenbait hirik bigarren mailako egitura honetako hiriburua izateari utzi zioten. Kantonamendu kopurua ere murriztu zuten.

Euskal Herrian

Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeak Behe Pirinioak (egun Pirinio Atlantikoak) departamenduan sarrarazi zituzten, oraingo Baiona Iparraldeko kantonamenduaren lurrak izan ezik, hau da Aturriko iparraldeko ibarra. Paradoxikoki distrituen banaketa herrialdeen artekotik izugarri hurbil izan zen, oso salbuespen txikiekin; barrutien osaerarekin, ordea, gehiago apurtu zen herrialde bakoitzaren nortasuna muga administratiboei dagokienez. Hauek izan ziren Euskal Herriko lurrak jaso zituzten distrituak:

Behe Pirinioetan

Departamendua 6 distritutan banatu zuten: Paue, Oloroe, Ortheze, Maule, Donapaleu eta Uztaritze izan ziren buruak. Lautan euskal lurrak egon ziren:

Landetan

Departamenduak 4 distritu izan zituen: Mont-de-Marsan, Sent Sever, Tartàs eta Akize. Azken honetan 1857an Baionarekin batu zen Santizpiritu, orduan udalerri berezia izan zena, distrituak zituen 6 kantonamenduetako baten burua izan zen, gutxi gorabehera Senhans eskualde naturalarekin bat egiten zuena. Kantonamendu honetako udalerrien artean ez zegoen Bokale, garai hartan Tarnoseko auzoa baitzen.[6]

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak dakarren hitz hau erabiliko dugu, arrondissement hitza itzultzeko "barruti" baliatu ohi delako. Hala ere Atlas Historikoa. Euskal Herria munduan argitalpenean (Berria, 2010; ikus 153.or.) "barruti" hitza erabiltzen da.
  2. Salbuespena Vosges izan zen, Salmeko Printzerria batu zenean hamargarrena sortu zutelako.
  3. Esaterako Pont-de-Vaux distritua.
  4. Adibidez Grenoblekoa.
  5. Léo Lucuix, Esquiule. Un village basque en Béarn, Éditions du Panache Blanc, 2007; ikus 38.or.
  6. Landetako bilakaera historikoa.

Ikus, gainera

Kanpo loturak